Beruna hegaletan
Europa barruko hegaldietan bidaiari gehien garraiatzen dituen aire konpainia da Ryanair, baita errentagarriena ere. Baina azken urteetan ez du gatazkei ihes egiterik izan. Iaz, lehen aldiz, Ryanairreko herrialde askotako langileek greba koordinatu bat egin zuten. Helburua zen Irlandako konpainiak bete zezala herrialde bakoitzeko lan legedia, eta ez baliatzea baldintza murritzeneko barrutiak bere langileei ahalik eta gutxien ordaintzeko.
Herrialde batzuetan Ryanairrek amore eman behar izan zuen, baina beste batzuetan ez. Azken horien artean dago Erresuma Batua, Ryanairren negozio eremu nagusia. Protesten ondoren, konpainiak onartu zuen bere langileak sindikatuetan antola zitezela. Ez du, ordea, haiekin traturik itxi, eta Balpa pilotuen sindikatuak grebara deitu bere kideak, lan itun baten alde. Irlandan ere lanuzte batera deitu zuten, soldata igoerak eskatzeko.
Ryanairrek auzitegietara eraman zituen bi grebak. Irlandan, epaitegiek arrazoi eman zioten, baina ez, ordea, Erresuma Batuan. Atzo izan zuten lehen greba eguna, eta konpainiak ziurtatu zuen eragin txikia izan zuela, grebalariak gutxi izan zirelako eta pilotuak aurkitu zituelako hegaldi guztietarako. Gaur izango dute bigarrena, eta irailaren 2an eta 4an jarrai lezake protestak.
Baliteke hiru egoitza ixtea
Irailerako greba batera deitzeko atarian dago Espainiako pilotuen sindikatu nagusia ere, Sepla; Ryanairreko hamar pilotutatik bederatzik babesa eman diote halako protesta bat egiteko. «Ulertzen dugu greba dela geratzen zaigun bide bakarrenetako bat; Ryanair oso konpainia gogorra da negoziatzeko. Legeak beren kasa egiteko eskubidea dutela uste dute», ziurtatu dio Francisco Gomez pilotuen ordezkariak Europa Press agentziari. Egingo balute, kabinetako langileen grebarekin bat egingo lukete, hamar egunez lana uzteko asmoa iragarri baitute; irailaren 1ean eta 2an izango dituzte lehen greba egunak.
Kasu horretan, grebaren bitartez eragotzi nahi dute Ryanairrek bostehun langile kaleratzea. Izan ere, Irlandako konpainiak iragarri du itxi egingo dituela Kanariar Uharteetan dituen bi baseak (Tenerife Sur eta Las Palmas), eta agian berdin egingo duela Gironakoarekin (Katalunia). Guztira, bostehun pilotu eta kabinako laurehun langile bota nahi ditu Europa osoan.
Michael O’Leary Ryanairreko buruaren arabera, kaleratzeen bidez hainbat arazori egin nahi diete aurre: batetik, brexit gogorra gertatuko balitz, arazoak izan litzake Erresuma Batuko eta EB arteko hegaldietan; bestetik, hegazkin eskasia izan lezake, eskatutako Boeing 737 MAX hegazkinak ez zaizkiolako iristen ari, hegan egiteko debekua baitute iaz eta aurten izandako istripuak direla eta.
Ryanairrek ziurtatu du Tenerifeko egoitza ixteak ez duela eraginik izango Forondatik hara doan hegaldian, baina sindikatuek ez dute iritzi bera.


