Larunbat batzuetan lan egitea proposatu du VWek hirugarren autoa…
Iruñeko VW beste hiru lantegirekin ari da lehian auto berri bat egiteko: Martorellekin (Katalunia), Bratislavarekin (Eslovakia) eta Txekiar Errepublikan Skodak dituenetako batekin. Modeloaren izenik ez du jakinarazi enpresak, baina bai noranahikoaren eta auto arruntaren arteko ibilgailu bat izango dela (CUV edo Crossover Utility Vehicle), eta Poloren plataforma erabiliko duela.
Landabenek bi modelo egiten ditu orain: Polo, 1984az geroztik, eta T-Roc, iaztik. Hirugarren modelo bat lortzea oso garrantzitsua dela ziurtatu du zuzendaritzak: «Beste alternatiba bat izango luke [Landabenek], eta, hortaz, ekoizpen egonkorragoa, eta segurtasun gehiago enpleguan eta geure etorkizunean». Gainera, auto berri horrek noizbait bertsio elektriko bat izan dezakeenez, «auto elektrikorako zubia» izango litzateke. Oraingoz, Alemanian bildu du VWek ekoizpen elektriko guztia.
Zuzendaritzak sindikatuei egin dien proposamenak sei atal ditu. Lehenengo hirurak 2019ko ekoizpen programa betetzeari lotuta daude, eta lan hitzarmenean aipatzen den lanaren antolaketa malguari dagozkio. Horien artean dago langileek larunbat batzuetan beren borondatez lan egitea, eta eguneko atsedenaldien ordua aldatu ahal izatea. Gainera, lan txanda bat uztailetik abuztura eraman nahi du zuzendaritzak.
Beste neurriak lehiakortasuna handitzeko proposatu ditu VWeko zuzendaritzak. Egunean 1.438 auto egitea da helburua, orain baino 30 gehiago, eta, horretarako, «beharrezkoa balitz», lan txanden eta atsedenaldien aldaketa negoziatu beharko lukete bi aldeek.
2016an, T-Cross modeloa lortze aldera, lanaldia luzatzea eta langile sartu berriei gutxiago ordaintzea onartu zuten langileek. Beste baldintzetako bat izan zen lan hitzarmen luze bat egitea, eta hori ere lortu zuen. Otsailean, sei urterako lan ituna sinatu zuten zuzendaritzak eta langile batzordean gehiengoa duten sindikatuek —UGTk, CCOOk eta CCPk—. Itunetik kanpo geratu ziren ELA, LAB eta CGT. Hauteskunde sindikaletan, langileek ildo hori babestu zuten, bi ordezkari gehiago eman zizkietelako sinatzaileei eta bi gutxiago kritikoei.
Zordun handien zorra %5 apaldu da, Arabari eta Gipuzkoari…
Arabako eta Gipuzkoako datuengatik apaldu da kopuru orokor hori. Araban, 37 izen daude orain zordun handien zerrendan, bost zergapeko irten eta beste izen berririk ez baita sartu. Zordun handiek Araban pilatutako zorra aurreko ekitaldian baino 3,6 milioi txikiagoa izan da.
Gipuzkoan, zordun handiak 66 dira, hiru gutxiago. Hiru izen sartu dira zerrendan, 4,4 milioi euroren zorrarekin, eta sei irten, 14,5 milioi euro zor zituztenak. Guztiek pilatutako zorra 2017koa baino 54,1 milioi txikiagoa da, 237,9 milioi eurokoa. Izan ere, pisu handiko zordun zenbaitek zorrak murriztu dituzte.
Hain zuzen, Gipuzkoako Ogasunari diru gehien zor diotenak Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz anaiak dira oraindik ere. Dena den, bakoitzak 49,6 milioi euroko zorra zuen lehen, eta 31,5 milioi eurokoa dute orain: alegia, anaia bakoitzak hemezortzi milioi euro pagatu dizkio Ogasunari, eta puska ederra kendu diote milioi batetik gorako zordunek pilatutako zorraren zenbatekoari. Osinalde anaien bi zor horien iturburuan ogasunak atzemandako iruzur fiskala dago. Baita Gipuzkoako hirugarren zordun handienaren kasuan ere: LH Commodities & Investments. Hark oraindik ere 23 milioi euro pagatu behar dizkio Gipuzkoako Aldundiari.
Bilbao Basket
Bizkaian, berriz, handitu egin da zordun handien zerrenda, sei izen gehiago baitaude orain —sei zergadun atera dira zerrendatik, eta hamabi sartu—. Eta handitu egin da haiek pilatutako zorraren zenbatekoa ere, 453 milioi eurorena baitzen lehen, eta 466 milioi eurorena orain. Bizkaiko zordun handien zerrendan agertutako izen berrien artean, aipatzekoa da Bilbao Basket saskibaloi taldea: 3,4 milioi euroko zorra du.
Zordunetan lehena Jabyer Fernandez enpresaburuaren Iurbernorrek jarraitzen du izaten, 52,2 milioi zor baitizkio Bizkaiko Ogasunari. Jabe beraren beste bi enpresen zorrak ere jasotzen ditu Bizkaiko zerrendak: Residere (lau milioi) eta Fonorte (hiru milioi).
Higiezinen burbuilarekin hondoa jotako enpresa gehiago ere agertzen dira zor handienen sailkapeneko lehen postuetan: Andres Iraculisen Urco Urbasa (11,1 milioi) eta Lendiz (4,8 milioi), Araban; eta Moldis Echarro (hogei milioi), Abaroa (16,7 milioi) eta Baensa (11,2 milioi), Bizkaian. Kiebra jo eta deseginda daude konpainia horietako batzuk, eta zorra berreskuratzea zaila izango dute ogasunek.
Industria alorreko zordunen likidazioetatik agian errazago izango da zatiren bat berreskuratzea. Hori gertatu da, adibidez, Fagor Etxetresnekin, zorra erdira murriztu baitu: aurreko ekitaldian hamasei milioi euro zor zituen, eta haien erdiak pagatu dizkio Gipuzkoako Ogasunari. 8,1 milioi zor ditu orain. Ez da horrelakorik gertatu, ordea, Edesarekin, oraindik hamar milioi zor baitizkio Bizkaiko Ogasunari.
Hiru ogasunek plazaratutako zerrendetan milioi bat eurotik gorako zordunak agertzen dira, baina ez borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak.
Loiuko aireportuko langileek grebara joko dute datorren astelehenean

Loiuko aireportuko langileek greba egingo dute 2019ko uztailaren 1ean. Guztira, 24 orduko 14 lanuzte deitu dituzte uztailean, abuztuan eta irailean.
Bere kideen artean SPRIko arduradun bat daukan 20 adituko…
268 zergapekok 823 milioi euroko zorra dute EAEn

2019ko berankorren zerrenda EAEn: 268 zergapekok 823 milioi euroko zorra dute. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaia berankor gehien izan dituen lurraldea da.
«Nik ez dut deus egin»
Mellaseri babesa emateko bere aldeko kanpaina abiatu du LAB sindikatuak Abdenabi libre eta gurekin. Huerta de Peralta: borroka ez da delitua izenpean. Atzo aurkeztu zuten kanpaina Iruñeko Justizia Jauregi parean. Kanpainarekin batera, Mellaseren aldeko manifestua ere ezagutarazi zuten. Manifestua dagoeneko 60 elkarte eta 500 norbanakok baino gehiagok sinatu dute.
«Abdenabik gurekin lan egiten eta bizitzen jarraitzea nahi dugu», esan zuen Iruñea Harrera Hiria plataformako kide Begoña Huartek. «Kanpainarekin Abdenabiren aurkako kargu guztiak kentzea nahi dugu: migratzea, antolatzea eta borrokatzea ezin dira delitu izan». Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako enpresa batzordeko lehendakari eta LABeko delegatuak salatu zuen enpresarekin hitzarmen duina lortu ondoren etorri direla isunak eta zigorrak. Auzipetuaren egoeraz ere mintzatu zen Yagoubi: «Abdenabik dio ez duela ezer egin. Gaizki dago ez duelako ezer egin, eta zigortu nahi dutelako». Mellasek berak ere hartu zuen hitza agerraldiaren ondotik: «Foruzaingoak salatu nau, baina, zin egiten dut nik ez dudala deus egin». Jasotako elkartasuna eskertu zuen.
Ostalaritza duina aldarri
Bilboko Udalak ostalaritza sektoreko hiru langileri 6.750 euroko isuna jarri izana salatu du Eragin Bilboko gazte prekarioen asanbladak. Ostalaritzako ituna azaltzen zuten afixak jartzeagatik jarri dizkie isunak udalak. Gogor salatu ditu isun horiek plataformak: «Zigor hau astakeria hutsa da, eta muga guztiak gainditzen ditu». Bilboko udalari «isun bidegabe» horiek bertan behera uzteko exijitu diote, eta azpimarratu ez dela kasualitatea udalak ostalaritzako langileak jo puntuan jartzea: «Ongi baino hobeto dakite beraien postaleko hiri hau ezin dela mantendu gure bizitzak prekarizatzen ez badira».
PPk atea ireki dio DSBEaren erreformari
Iritziz aldatu du PPk, eta uste du garai egokia dela orain gizarte laguntzen inguruko araua moldatu eta «enplegagarritasuna helburu duen babes sistema justu bat» adosteko. Laura Garridok aitortu du ez duela gustuko proposamena; ez da «nahikoa» haren irudikoz. «Ez doa norabide egokian». Legearen erreformari ateak ireki dizkio, hala ere, eta iaz oztopatu zuena ahalbidetu du orain. Zuzenketen bidez testua aldatzen saiatuko direla adierazi du Garridok. Iñigo Urkulluri ohartarazi dio, halaber, aukeratu dezala norekin adostu nahi dituen aldaketak, ez baitute zerikusirik EH Bilduk eta popularrek defendatzen duten gizarte ereduek: «Denak ez du balio».
Oso kritiko azaldu dira oposizioko gainerako bi alderdiak. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du ulertezina dela gaiaren inguruko akordioak erdiestea gizarte laguntzen kontrako jarrera izan duten alderdiekin, eta diskurtso «xenofoboetara» hurbiltzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri. «Oso arriskutsua da eskuin xenofoboarekin, elektoralismoz gaiaren erabilpen ankerra egin duenarekin, bidea egitea».
Erreformaren edukia negoziatu eta adosteko borondate falta egotzi dio Kortajarenak Eusko Jaurlaritzari. Ohartarazi du, halaber, etxebizitza bakoitzean errenta bakarra jasotzeko aukerak kanpoan utz ditzakeela herritar asko, eta fokua kontrolean jarri izana kritikatu du.
Elkarrekin Podemosentzat ere testuak ez du ezertarako balio: «Hau soilik hobetu daiteke zakarrontzira botata eta berria idatzita». Tinixara Guanchek azpimarratu du indarrean dagoena baino «okerragoa» dela proposamen berria, eta eskubideak murrizten dituela salatu du. Izan ere, ordaina jasotzen dutenei sistema biometrikoen bitartez identifikatzeko aukera jasotzen du testuak, hatz marken sistema aipatu gabe, hori bai. Guanchek uste du onuradunak «kriminalizatu» egiten dituela horrek.
Eztabaida amaitu ondoren hitz egin dute Euskal Herriko eskubide sozialen gutunaren ordezkariek ere. Testuak aurrera egin izana txarretsi dute. «Herri Ekinaldi Legegilea eztabaidatzen egon beharko genuke», adierazi du Jabier Saenz bozeramaileak. Iazko urrian 51.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, baina ez ziren aintzat hartuak izan. EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu zuten.
Ekarpenak jasotzeko prest
EAJk eta PSE-EEk ukatu egin dute PPri «txeke zuririk» eskaini diotenik, eta «akordio zabala» lortzen saiatu direla berretsi dute. Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak azpimarratu du arau berria «ona eta aurrerakoia» dela. Adierazi du arauaren moldaketak gizartearen kohesioan eragingo duela, eta krisiaren ondorioak leuntzen lagunduko duela. Horrez gain, iritzi dio laguntzaren kudeaketan sortu diren «disfuntzioak» zuzentzeko ere balioko duela. Gainerako alderdiei «ausartak» izateko eskatu die, eta adostasunak bilatzeko. Testua hobetzeko ekarpenak jasotzeko prest azaldu da, «demagogia alde batera utzita».
Proposamenak gaur egungo baldintza nagusiei eusten die, baina aldaketa garrantzitsuak ditu errentaren zenbatekoaren kalkuluan. Egun, Espainiako lanbidearteko gutxieneko soldataren arabera kalkulatzen dute, baina testu berriak jasotzen duenez, oinarrizko gastuen adierazle baten bitartez egingo litzateke aurrerantzean. Adierazle hori 455 euro litzateke, eta horri osagarri ekonomikoak gehituko zaizkie. Hala, norbanakoak gehienez 659 euro kobratuko lituzke. Pentsiodunen errenta ere aparte kudeatuko da: orain baino 52 euro gehiago jasoko du bakoitzak, eta 62 euro gehiago beste batekin bizi bada.
Errenta jasotzeko gutxieneko adina 23 urte izango da, arau berriak jasotzen duenez, baina onuradunek Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako udalerri batean gutxienez hiru urte erroldatuta egon beharko dute. Horrez gain, onuradunei laguntza modu mailakatuan kentzeko tresna bat ere jasotzen du testuak; ez du horretarako irizpiderik zehazten, ordea.
Eusko Legebiltzarrak zaildu egin du merkataritza gune berriak eraikitzea
EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egin zuten lege proposamena, baina, azkenean, aho batez onartu dute. Hasieran, EAJ eta PSE-EE aurka zeuden, baina tramitazioan zehar jarrera aldatu dute, uste baitute legeak segurtasun juridikoa baduela.
Izan ere, 2015ean, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen merkataritza gune handiei trabak jartzeko Eusko Jaurlaritzak landutako lurralde plan sektoriala, Europako arauen aurkakoa zela ebatzi zuelako. Gorenaren irizpideak kontuan hartzen zituen lege proiektu bat lantzen ari zen Jaurlaritza, baina oposizioak aurrea hartu zion.
Europako araudia bete ahal izateko, legeak dio «interes orokorra babestea» dela merkataritza jarduerari mugak jartzeko arrazoia. Babestu beharrekoa, kasu honetan, hirietako aldiriak, ingurumena, kontsumitzaileak eta ondare historiko-artistikoa direla dio legeak.
Hiriguneetan, traba gutxi
Uztailean jarriko da indarrean, eta, handik aurrera, merkataritza guneek muga zorrotzagoak izango dituzte. 30.000 biztanletik gorako hirietako periferian, gehienez 2.500 metro koadroko saltoki berriak eraiki ahal izango dituzte —supermerkatu arrunt baten neurria—. Gehienez 1.800 metro koadrokoak izango dira 10.000 eta 30.000 biztanle arteko herrien aldirietan, eta 700 metrokoak herri txikietan.
Hiriguneetan edo herriguneetan gune handiak egiteko, berriz, legeak ez du jartzen traba handirik, eta, muga, izatekotan, espazio falta izango da.
Legeak modu bakar batean eragingo die orain irekita dauden merkataritza guneei: gehienez %10 handitu ahal izango dute beren eremua. Legeak ez du atzera eraginik, eta, hortaz, ez ditu geratuko orain obretan dauden handitzeak eta erreformak.
Bozketa aurreko eztabaidan, Unai Grajales EAJko legebiltzarkideak ziurtatu zuen legea «aurrerako urrats bat» dela, baina hankamotz geratu dela, «ez duelako definitzen» zer egin daitekeen merkatari txikiei laguntzeko. «Lagunduko du espazio gehiago ez okupatzen, baina beldur naiz ez duela lagunduko berreskuratu beharra dagoen espazioak berreskuratzen». Gainera, Grajalesek adierazi zuen legeak ez dituela aldatuko «saltzeko eta erosteko modu berriak». Gero eta gehiago, Internet bidezko erosketak egiten dira.
Legearen bultzatzaileetako bat izanik, onartu izana txalotu zuen Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak. Edonola ere, onartu zuen«espektatibak apaldu» behar izan dituztela. Esaterako, hiriguneetako merkataritza guneak murrizterik ez dute izan, Europako arauek ez baitiete horretarako aukerarik ematen.
Elkarrekin Podemosen izenean, Edurne Garciak ziurtatu zuen «ahal zen legerik onena» egin dutela, eta merkataritza txikia babestuko duela.
AHTa Gasteizera iristeko epea betetzen ari ez dela esan…

Abiadura handiko trena Gasteizera eramateko epeak “ez dira betetzen ari”, salatu du Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak. 2019ko ekainak 27.