Euskaltelek Zegonari aginte makila emango dio gaurko batzarrean
Izenek beteko dute Euskaltelen akziodunen batzarra, baina izana prestatzeko, denak baitaude luze gabe espero diren zenbait aldaketa sakonen zain. Jose Miguel Garciak berak berretsi zuen atzo Radio Euskadin: «Izendapena baino garrantzitsuagoa da aho batez onartu den bide orria». Eta bide orri horretan murrizketak azaltzen dira: «egitura soiltzea», Zegonaren hiztegian. «Hazkunde egonkorra» nahi du Garciak, eta horrek «berregituratze bat» eskatzen du.
Garciak Jazztel suspertzea lortu zuen, Frantziako Orangeren eskaeraz, eta berme horrekin iritsi da Euskaltelera. Bermeaz gain, helburu bat dakar euskal konpainiara: errentagarriagoa egitea, burtsan gora egin dezan, eta Zegonari salmenta bat egiteko aukera erraztea, inbertsio funtsen ohiko zereginean, irabazien bila betiere. Garciak zorrotza dela erakutsi du iritsi bezain laster: zuzendaritzako hogei kide kaleratu ditu, horietako batzuk Euskaltelen urte mordoa aritu eta gero. Gidariak dio hiru konpainia aurkitu dituela Euskaltelen: Telecable, R eta Euskaltel bera; «egitura soildu egin behar zen».
Lantaldean ere kezka
Sindikatuak adi-adi daude Zegonak jarritako gidariaren jardunari, kezka handi bat baitute: zuzendaritzan egindako kaleratzeak luze gabe lantaldera iritsiko ote diren susmoa dute. Hain zuzen, Garciak kaleratze horien inguruan hitz egin zuen atzo: «Egitura soil batera egokitzen ari gara, beharrezkoa baita eredu berrietara egokitzea. Irteera batzuk ikusi ditugu, eta guretzat beti dira mingarriak, kide batzuk garrantzitsuak izan baitira guretzat azken hogei urte hauetan; baina garbi dago lortu egin behar dugula gure helburua betetzeko behar dugun egitura hori, hazkunde errentagarria edukitzeko eta lehiakorrak izateko».
Kutxabankek eta Corporacion Albak ere babestu dute zuzendariaren plana; laster kaleratuko da, eta gaurko batzarrean bertan haren inguruko arrastoak utz ditzake. Edonola ere, Euskaltel errentagarriago egitera iritsi da Garcia, akzioa garestitzera, eta aurreikus daiteke lehen xede horrek beste arrazoiak azpiratuko dituela.
Euskaltel Euskal Herritik kanpora ateratzeko arriskua ere hizpide izan zuen Garciak irratian, eta lasaitasuna helarazi zuen auzi horretan. Ez da arazo bat konpainiaren egoitza Euskal Herrian egotea, «ezta hurrik eman ere». Egoitzak Derion (Bizkaia) jarraituko duela esan zuen, horretarako konpromisoa duela. «Abantaila handia da hemen egotea».
Atzo, konpainiak 30 milioi euroko dibidendua eman zien bere akziodunei, 2018ko emaitzei loturik. Urte horri dagokion ordainketa osoa 55 milioi eurokoa izan da.


