Iberdrola auzitara eraman dute amiantoagatik
Langileak enpresa handiagoentzako aritzen ziren kontratetan egin zuen bere ibilbide profesional guztia, eta kontrata horiek —Atefrisa, Kaefer, Itasa eta Itasa Naval— jada deseginda daude. Ez, ordea, haien zerbitzuak hartzen zituzten Iberdrola, Petronor, Izar, Repsol eta Unilever. Iberdrolaren Pasaiako eta Santurtziko zentral termikoetan eta Lemoizko zentral nuklearrean aritu zen E.G.N. behargina, tutu eta gordailuak isolatzen; baita Izarren ontzioletan, Unileverren mantentze lanetan eta Petronorren Muskizko findegian ere.
Epaiketa atzo egin zen, Bilboko Lan Arloko 1. Epaitegian, eta, langileari babesa erakusteko, atarian elkarretaratzea egin zuten Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko kideek. Asviamieren kontuen arabera, 2019. urtean 30 langile hil ziren amiantoak eragindako gaitzen ondorioz. «Iritsi da unea gobernu berriak eta enpresa handiek konpentsazio funts bat osatzeko, kaltetuek auzitegietan pairatu behar duten sufrimendua amaitzeko, edo gutxienez murrizteko».

