Bizkaiko lantegian urtean 100.000 estalki gehiago ekoiztea aurreikusten du, 800.000ra arte. Era berean, Kantabriako Puente San Miguel lantegian kaleratzeak 188ra murriztea proposatu du.
Lehendakariak azpimarratu du Donostiako mugikortasun adimendun eta jasangarriko polo berriak Euskadik Europan trantsizio energetikoaren buru izateko duen anbizioa islatzen duela, eta garapen teknologikorako punta-puntako azpiegiturak eskaintzen dituela.
Baliabideak eta errespetua. Horixe eskatzen ari da Seaska, eta aldarria ozenago entzun dadin maiatzaren 23an Baionan mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Herri Urratsen hasierako ekitaldian egin du deia ikastolen elkarteak, eta jaiaren aurkezpenean egin zuen moduan, Frantziako Hezkuntza Ministerioari adierazi dio «ele ederrak» ez direla aski. Azken bileran, Bordeleko Akademiako errektore berria «prest» agertu zen euskarazko irakaskuntzari buruzko hobekuntza batzuk lantzeko, baina Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak adierazi zuen ez zutela «deus zehatzik lortu». 2022tik iraungia da Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena, eta horri buruz ez zutela ezer esan gaitzetsi zuen Etxartek: «Laster maiatzean izanen gara, eta oraindik ez dakigu irailean zenbat irakasle postu izanen ditugun». «Kezka» agertu zuen formazio eta inklusio arloetan dituzten beharrei buruz ere. Integrazio Batzordeak behin baino gehiagotan salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela baliabide nahikoa ematen behar bereziak dituzten haurren inklusiorako. Gaur egun 200.000 euroren beharra dute. Herri Urrats Senperen, gaur. PATXI BELTZAIZ Ikastolak ekonomikoki sostengatu eta zinezko hizkuntza politika bat martxan jar dezaten eskatzeko, Herri Urratsera deitu zituzten herritarrak, eta horretan behintzat zorteko izan direla dirudi: aurreikuspenak ez ziren onak, baina gaur Senperen (Lapurdi) elkartu diren milaka euskaltzaleek lagun izan dute eguzkia. Oparoa izan da Senpereko lakuaren bueltan antolatutako egitaraua. Jende gehien Nafarroa-Badok guneko kontzertuetan elkartu da. Hango oholtzan eman du kontzertua Duplak, aurtengo abestiaren egileak, eta haiekin batera heldu da eguneko ezuste nagusia: Pantxoa eta Peiok abesti batzuk abestu dituzte han ekartutako publikoaren gozamenerako. Eremu berean aritu dira Kode, Mirabe, Karena, Maskak, P.I.L.T. eta Marte Lasarte. Karena izan da Herri Urratseko II. Musika Maketa Lehiaketako garailea. Herri Urrats Senperen, gaur. PATXI BELTZAIZ Goizean goiz hasi da mugimendua gainontzeko zazpi guneetan ere. Lapurdi eta Bizkaia guneetan haurrei bideratutakoa izan da eskaintza; pailazoak eta ikastolen arteko erronka, esaterako. Araba-BERRIA eremuan ere musika izan da nagusi, baina beste ikuskizun batzuk ere baziren egitarauan. Hango oholtzara igo dira Sune, Olatz Salvador, Ezpalak eta Frigo. Herri Urrats: goizaren laburpena Bertsolariek ere izan dute bere lekua, Gipuzkoa gunea. Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Patxi Iriart eta Aitor Servier aritu dira kantuan, Ortzi Idoatek gaiak jarrita. Jarraian, Baiona Kantuz taldearen ikuskizuna izan da, besteak beste. Azkenik, Xiberoa gunean, dantza izan da protagonista nagusia. Han aritu dira Estitxu Robles eta Dantzaz konpainia, Ligiko dantzariak eta Kukai. Arratsaldean, Elepunto DJak girotu du ingurua. Gune horrek berezitasun bat izan du aurten, lehen aldiz: Tokiko gunea. Jatekoa eta edatekoa tokikoa eta kalitate onekoa izan da, inguruko etxaldeei zuzenean erosia. Herri Urrats: arratsaldearen laburpena [articles:2141530] Zazpi gune horietaz gain, Kattalin Elizalde Ikastegia izeneko gunea ere jarri dute: jatekoa izan da, edatekoa, eta txartelak hartzeko aukera, baita herri kirolak eta umeen pilota partidak ere, espresuki antolatuak. Edozein gunetatik abiatuta, aintzirari bira osoa emateko aukera eduki dute bisitariek. Bidean, gainera, ikuskizun ugari izan dira ikusteko: joaldunak, gaiteroak, Punttu Kakotx, Dizkobolo, Hots kolektiboa… [articles:2141386]
Europako Ligan jasotako kolpeari Alavesen kontura eman dio buelta Athleticek. Zuri-gorriek irabazi dute gol aukera eta joko gutxi izan dituen derbia, Manu Sanchezek bere atean egindako gol bati esker. Hiru puntuak poltsikoan dituztela, zuri-gorriek gertu dute dute Txapeldunen Liga, eta, porrotaren ondorioz, nahi baino gertuago jaitsiera postuak babazorroek. Denboraldi amaieran agerian geratzen dira beharrak, joko polita alde batera uzten dute taldeek, eta horren adibide izan da gaurko lehia. Nahas-mahas horretan ez da eroso ibili Alaves, eta Athleticek aukera baliatu du Vila-Realekiko hiru puntuko tartea zabaltzeko. Neurketa bigarren zatian erabaki da, Oihan Sancet berdegunera sartu denean. San Mameseko zaleek bazuten gogoa nafarra ikusteko, eta hark erakutsi du zergatik. Sartu bezain pronto eraldatu du taldearen erasoko jokoa, eta bere jokaldi batean iritsi da gola: Guruzetari pasa dio, aurrelariak gaizki jo du baloia, Diarrak ere ez du asmatu aldentzen, eta Manu Sanchezek ezustean bidali du baloia sareetara. Ahul ibili da Alavesen defentsa. Etenaldi askoko partida izan da, kontaktu askokoa, eta, golaren ostean, Alavesek ez dio kasik lanik eman Unai Simoni. Leganesek irabazi egin du, eta arabarrek puntu bakarrera dituzte jaitsiera postuak. Hiru partida geratzen zaizkie liga amaitzeko.
Bi kataluniar, Mireia Pons (7.16.49) eta Julen Calvo (6.07.43) gailendu ziren larunbatean Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren laugarren ekitaldian (65 km, 3.700 m+). Espainiako Ultra trail Txapelketa ere izan izan zen Azpetiakoa, eta, beraz, bi-biek jantzi zuten txapela. Eguraldi nahasia zegoen iragarrita, ekaitzak ere bai eguerdi partetik aurrera, baina, zaparradaren bat edo beste gorabehera, azkenerako ez zen hain eguraldi gaiztorik izan. Zaparraden ondorioz, ibilbidea, bai, dezente lokaztu zen, eta erdi paretik aurrera, irristadak, erorikoak eta erretiratuak dezente ugaritu ziren. Ultraz gain, 15 MLK proba ere egin zen (26 km, 1.400 m+), eta biak aintzat hartuta, ia 1.000 korrikalari aritu ziren Urolaldeko mendi eta zidorretan barna. Emakumezkoetan, Maria del Mar Pastor Espainiako txapelduna bizkor atera zen, eta bakarrik ibili zen aurreneko kilometroetan, Mireia Pons kataluniarra eta iazko irabazlea, Gemma Arenas espainiarra, atzetik zituela. Ponsek, ordea, berehala hartu zuen aurrea, eta 30. kilometrorako bi minututik gorako aldea ateratzen zion Arenasi eta bost minutukoa Pastorri. Ekaitzarekin batera, Pastorrek behera egin zuen, eta Barbara Ruiz espainiarrak eta Mayi Mujika elgoibartarrak, aldiz, atzetik aurrerako lasterketa egin zuten. Azkenik, Pons izan zen txapeldun; Arenas bigarren, hiru minutura, Ruiz hirugarren eta Mujika laugarren. Gizonezkoetan, Claudio Diaz madrildarra, iazko irabazlea, zen faborito nagusia, baina larunbatean ez zen bere eguna izan. Hasieran, Pello Berrizbeitia eibartarra ibili zen aurrean, bera izan zen aurrenekoa Gazume gailurrean (11. km), eta haren atzetik, honako hauek ibili ziren: Victor Mier, Joseba Escudero, Ivan Hernandez, Zaid Ait Malek, Pere Aurell eta Claudio Diaz bera. Pixkanaka, taldetxo hori bakantzen joan zen. Hernio gainean, Victor Mier asturiarra jarri zen buruan, baina 40. kilometroan erretiratu egin zen. Mireia Pons kataluniarra helmugaratu berritan. DOMUSA TEKNIK Lasterketaren erdi paretik aurrera, ekaitzak zaildu egin zuen ibilbidea eta hor Julen Calvo hasi zen nagusitzen. Pixkanaka, aldea handitzen joan zen Calvo, eta helmugaraino joan zen buruan. Pello Berrizbeitia izan zen bigarren, sei minutura, eta Urko Arizeta asteasuarra, hirugarren. Maila bakoitzeko lehen biek Canfrancen jokatzekoa den Munduko Txapelketara txartela lortu zuten. Lokatzaren eta euriaren eraginez, iazko irabazleen marketatik urrun ibili ziren Pons eta Calvo. Iaz, Miguel Heras sei ordu pasatxoan helmugaratu zen (6.01.46) eta Gemma Arenas, berriz, zazpi ordu pasatxoan (7.04.56). Aritz Egea, 15 MLK proban Proba laburrean, Aritz Egea urretxuarra nagusitu zen (2.04.34), Pablo Bautista murtziarrari ia minutu eta erdiko aldea aterata eta Marcos Ramos valentziarrari lau minutu eskasekoa. Proba luzea bi aldiz irabazitakoa da Egea, eta atzo laburrean nagusitu zen. Emakumezkoetan, Ikram Rharsalla marokoarra izan zen irabazle (2.20.38), Onditz Iturbe igorreztarraren (2.22.15) eta Oihana Zubillaga anoetarraren aurretik (2.38.34). Beste behin, jendetza bildu zen Gazume, Hernio, Iturburu, Murumendi, Mandubi, Izazpi, Pagotxeta, Xoxote eta ibilbideko beste gain eta lepoetan nahiz Azpeitiko kaleetan korrikalariak ikusteko eta animatzeko. Nabarmentzekoa, halaber, lasterketaren antolaketan aritu ziren 500 boluntarioen lana. Sailkapen guztiak esteka honetan.
Satse Euskadik erizainen “ezegonkortasuna eta errotazioa” amaitzeko eskatuko du astelehenean Bilbon. Erizainen kolektiboa “gogaituta” dagoela salatu du, Osakidetzaren aldetik “etengabeko diskriminazioak” pairatzen dituztelako.
Bridgestoneko langileek ekoizpena geldituko dute berriro astelehen honetan. Azkenaldian deitu dituzten hiru greba egunetako azkena izango da, eta multinazionalak lan-erregulazioko txostenaren proposamena hobetu ostean iritsiko da.
Alexander Sorlothi guztiz ahaztu zaizkio Realean eman zituen urteak; itxura hori eman du behintzat gaur, 30 minutuan lau gol egin baitizkio egun batean berea izan zen taldeari. Denboraldi kaskarra izaten ari da txuri-urdinentzat, eta gaur defentsan izan dituen hutsune handiak ederki aprobetxatu ditu Atletico Madrilek. Sorlothen gol gehienak oso antzekoak izan dira: defentsan Realak utzi dituen zuloengatik. Lo harrapatu dituzte zuri-gorriek Realeko jokalariak. Ligako historiako hat-trick azkarrena egin du Sorlothek. Azkar hasi da gol festa. Zazpigarren minutuan, eskuin hegaletik hutsunea ikusi dute Atletico Madrileko jokalariek, eta hutsera erdiratuta Sorlothek aurretik jarri du bere taldea. Handik gutxira, hamargarren minutuan, Jon Aramburuk leku arriskutsu batean galdu du baloia, eta gainontzeko defentsak ezustean harrapatu ditu. Hurrengoa txuri-urdinek baloia atera eta gutxira iritsi da: eskuin hegaletik erdiratu egin diote baloia Sorlothi, eta Realeko defentsek jaso badute ere, Jon Martinek kanpora bidalitako baloiak Aritz Elustondoren gorputzean jo du, eta errebotea opari gisa jaso du Sorlothek, hirugarrena eginez. Partida bideratuta, bazirudien Atletico Madrilek lasaiago hartuko zituela hurrengo minutuak, baina berriro ezker hegalean hutsunea topatu dute, eta Sorlothek bikain errematatu du erdiraketa kontrol on baten ostean. Gol guztiak ospatu ditu norvegiarrak, Realean inoiz jokatu izan ez balu bezala. Tarteka bada ere, Realak aukerak izan ditu, baina ez arrisku handikoak. Garrantzirik gabeko minutuak Lau gol sartuta, itxuraz, Atletico Madril lasaiago irten da berdegunera atsedenaldiaren ostean, eta Realak aukera bat izan du 48. minutuan, baina erdiraketa luze joan da, eta ez da Realeko aurrelari bat ere iritsi baloia errematatzera. Segituan, baina, Sorlothek bosgarren gola egiteko aukera izan du, baina langan jota ez du gola egiterik lortu. Nabarmentzeko gertakaririk gabe pasa da denbora bigarren zatian. Baloia ez da geldirik egon, alde batetik bestera mugitu dute, baina zehaztasunik eta arriskurik gabe. Azpimarratzeko gauza bakanetakoa Sorloth aldatu dutenean izan da: Atletico Madrilek txalo eta oihu artean agurtu dute aurrelaria, egindako lau golak eta emandako gaua eskertzeko. Partida amaitzear zela, 90. minutuan, Angel Correak jokaldi bikaina egin du Realaren arean, eta bosgarren gola egitear egon da, baina Alex Remirok geratzea lortu du. Liga amaitzeko desiratzen Denboraldi zaila izaten ari da Realarentzat; batez ere, azkenengoak nolakoak izan diren ikusita. Azken bost denboraldietan jarraian Europan jokatu du Realak, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta finalerdietan ere izan dira behin baino gehiagotan. Europako txapelketetan kosta egin zaio taldekako faseetatik harago, kanporaketa zuzenetan aurrera egitea, baina oso partida onak jokatu ditu Europako talde onenen kontra. Esaterako, Txapeldunen Ligako finalean elkar ikusiko duten PSGren eta Milango Interren kontra oso partida onak jokatu ditu, baita Manchester Uniteden aurka ere. Realzalea, baina, definizioz, sufritzailea da, eta ohituagoa dago emaitza txarrak ikustera loriara baino. Horrek ez du esan nahi garaipena gustuko ez duenik, eta azken urteetan ohitu egin da joko ona ikustera eta garaipena ohikoa izatera. Aurten, baina, ligan nahiko makal aritu da talde donostiarra. Europan bertsio pixka bat hobea erakutsi du, eta aurpegi onena, dudarik gabe, Espainiako Kopan izan du: finalerdira iritsi zen, eta Real Madril kanpoan uztear egon zen; ozta-ozta ez zen iritsi Sevillan jokatu berri den eta Bartzelonak irabazi duen finalera. Berdegunetik kanpo, denboraldia ere zaila izaten ari da. Zelai erdia talentuz husten ari zaio; pasa den udan Mikel Arteta donostiarraren Arsenalek Mikel Merino kendu zion talde txuri-urdinari, eta dirudienez, Martin Zubimendi ere lapurtuko dio aurten, hainbat kazetari adituk aurreratu dutenaren arabera. Lapurreta gozoa izango da, baina, Realarentzat, 60 milioi euro utziko baititu kontuetan. Jokalarietatik kanpo, Roberto Olabe kirol zuzendariak duela hilabeteak aurreratu zuen taldea utziko zuela denboraldiaren amaieran. Baina galera traumatikoena, ziurrenik, entrenatzailearena da: Imanol Alguacilek, Alavesen kontrako porrot gogor baten ostean, denboraldi amaieran taldea utziko zuela iragarri zuen. Realaren historian partida gehien zuzendu dituzten entrenatzaileen zerrendan hirugarrena da oriotarra, eta titulurik irabazi gabe hamarkadak eman ostean, Espainiako Kopa irabazi zuen berriro Realak bera lemazain zela. Realzaleak, jokalariak eta klubeko pertsonak denboraldia amaitzeko irrikan daude, baina uda zaila dator aurretik: jende garrantzitsu asko ari da, motibo ezberdinengatik, taldetik joaten, eta hutsune handi horiek betetzeko lan handia egin beharko dute bulegoetan; eta noski, zorte ona ere beharko dute.
Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioa areagotuz joan da azken egunetan, apirilaren 22an talde armatu batek Indiak kontrolatzen duen Kaxmir eskualdean 26 turista hil zituenetik. Indiak Pakistani egotzi zion erasoa, eta, harrezkero, bi herrialdeek Kaxmirko su etena hautsi dute: tiroketak egotzi zizkioten elkarrri, harik eta joan den asteazken goizaldean Indiak Pakistango bederatzi «gune terrorista» bonbardatu zituen arte. Eta erantzun egin zion hark. Nazioarteak moderaziorako deia egin zien, eta herrialde bat baino gehiago prest agertu ziren Indiaren eta Pakistanen arteko elkarrizketak bideratzeko. Gaur, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bi herrialdeen arteko berehalako tregoaren berri eman du, sare sozialetan: «Zorionak bi herrialdeei zentzuz eta adimenez jokatzearren». Bada, gutxi iraun du gaur bertan Indiak eta Pakistanek adostu duten berehalako su etenak. Arratsaldean sartu da indarrean, eta hiru orduren buruan entzun dira lehenbiziko eztandak Indiak kontrolatzen duen Kaxmir eskualdeko Jammu eta Srinagar hirietan, Reuters berri agentziak eta Al Jazeera hedabideak lekukoak aipatuz kaleratu dutenez. Era berean, Omar Abdullah Kaxmir eta Jammu eskualdeetako gobernuaren ordezkariak salatu du leherketak entzun direla Srinagar hirian: «Zer demontre gertatu da su etenarekin?». Honako bideo hau zabaldu du sare sozialetan: This is no ceasefire. The air defence units in the middle of Srinagar just opened up. pic.twitter.com/HjRh2V3iNW — Omar Abdullah (@OmarAbdullah) May 10, 2025 Hortik gutxira heldu da Indiaren erreakzioa: Vikram Misri Indiako Atzerri idazkariak tregoa haustea leporatu dio Pakistani, eta jakinarazi du dagoeneko Indiako armada «erantzuten» ari dela; haren arabera, bi herrialdeen arteko mugan meniaren «urraketari gogor egiteko» agindua jaso dute soldaduek. «Intrusio hau biziki gaitzesgarria da, eta Pakistanek du horren ardura guztia», erantsi du eman duen prentsaurrekoan. Islamabadek gezurtatu egin du tregoa hautsi duela. Herrialdeko Informazio ministro Attaullah Tararren arabera, Indiak ez du oinarririk akusazio horiek egiteko: «Pakistanek ezin izan du su etena urratu, ez du horri buruz pentsatu ere egin. Ospatzeko unea da honako hau, eta Pakistango nazioa garaipena ari da ospatzen gaur», esan dio Geo News kateari. Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak agerraldia egin zuen, nahiz eta ez zien erantzun Indiaren salaketei: «Herrialde arduratsua gara. Bakea nahi dugu. Nazio bakezalea gara». Bi egunean aritu dira AEBak Indiaren eta Pakistanen artean bitartekari lanetan —Marco Rubio Estatu idazkariak eta James David Vancek bi herrialdeetako lehen ministro Narendra Modirekin eta Shehbaz Sharifekin negoziatu dute—, eta, Trumpen hitzetan, «elkarrizketa gau luze baten ondoren» heldu da guztizko menia. Etxe Zuriko maizterrak iragarpena egin eta berehala baieztatu dute bai Indiak eta bai Pakistanek su etena erdietsi dutela. Prentsaurreko batean, Vikram Misri Indiako Atzerri idazkariak adierazi du akordioa erdietsi eta gero «lurreko, aireko eta itsasoko ekintza militar guztiak» bertan behera utzi dituztela, arratsalde honetan bertan sartu baita tregoa —Indiak 17:00ak zirenean; Euskal Herrian 13:30ean—. Haren arabera, Pakistango operazio militarretako zuzendariak Indiakoari deitu dio aurretik, elkarri eraso ez egitea adostu dute, eta jakinarazi du etzi berriro hitz egingo dutela. Ishaq Dar Pakistango Atzerri ministroak, berriz, herrialdeko hedabideei egindako adierazpenean zehaztu du akordioa ez dela «partziala», eta «hiru dozena herrialderen» ahalegin diplomatikoek ere lagundu dutela hura ixten; Saudi Arabia eta Turkia aipatu ditu, eta eskerrak eman dizkio «bereziki» Erresuma Batuko bere homologoari, David Lammyri, «berebiziko rola» izan duelako prozesu horretan. Azken asteotan, Indiaren eta Pakistanen arteko tentsioak kezka eragin du nazioartean, bi herrialdeek arma nuklearrak dituztelako. Lammyk esan du gatazka «arintzea guztien interesekoa» dela, eta «sekulako ongietorria» eman dio meniari. Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak, berriz, azpimarratu du su etena «errespetatzeko ahal den guztia» egin behar dela, eta «bakearen eta egonkortasunaren aldeko eta terrorismoaren kontrako konpromisoa» berretsi du. Pakistango Atzerri ministroa Txinakoarekin ere harremanetan egon da, eta kaleratu duen ohar batean, esan du Txinak «tinko» egingo duela Pakistanen alde. Indiako Defentsa Ministerioaren agerraldi batean hitz egin du itsas armadako buruzagi batek, eta, ohartarazi duenez, menia indarrean egonagatik ere, herrialdearen «subiranotasunari eusteko adi» egongo dira: «Behar dena behar dela, prest gaude gure nazioa defendatzeko». Tregoa adostu aurretik, Indiak eta Pakistanek elkarri egotzi diete egoitza militarrei eraso egin izana goizaldean: Pakistanek salatu du Indiak hiru egoitzari egin diola eraso, eta Bunyan Ul Marsoos operazioa (berunezko horma) hasi du haren kontra; izan ere, Indiako armadako bozeramailearen arabera, 26 gune bonbardatu omen ditu Pakistanek irismen luzeko armekin, droneekin eta gerra hegazkinekin, nahiz eta eraso horiek «arrakastaz neutralizatu» dituzten. AEBetako Estatu idazkariak jakinarazi du su etena hitzartzeaz gainera «espazio neutral batean kontu sorta bati buruz» elkarrizketak abiatzea ere adostu dutela bi herrialdeek, eta horietako lehen ministroen «jakinduria, zuhurtasuna eta gobernatzeko gaitasuna» goretsi ditu «bakeranzko bidea» hartzeagatik. Indiako Gobernuak, dena den, gezurtatu egin du hori: «Ez da hitz egiteko erabakirik hartu, ez ezein gairi buruz, ez ezein lekutan». Besteak beste, Kaxmirko tiroketaren biharamunetan Indiak erabaki zuen Indus ibaiko urak banatzeko hitzarmena bertan behera uztea —1960an sinatu zuten Indiak eta Pakistanek, eta, bien arteko gatazkak eta gerrak direla medio, indarrean iraun du orduz geroztik egun arte—. Reuters berri agentziak Indiako iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, ez dute berrezarriko hitzarmena. Gatazka gunea Kaxmir eskualdea Indiaren eta Pakistanen arteko gatazka iturria izan da bi herrialdeek Britainia Handiko Inperiotik independentzia lortu zutenetik 1947an. Biek ala biek eskatzen dute lurralde osoaren jabetza —Txinak ere kontrolatzen du zati bat—, eta hiru gerra abiatu dituzte gaur arte: 1947an, 1965ean eta 1999an. Gainera, Bangladeshko independentzia gerran ere (1971) elkarren kontra borrokatu ziren India eta Pakistan, eta hurrengo urteko Simlako Hitzarmenarekin ezarri zuten de facto kontrolatzen dituzten Kaxmirko eskualdeen mugarako su etena. Zenbaitetan berretsi dute su etena, nahiz eta beste hainbatetan piztu diren gatazkak bien artean. iFrameResize({ log: true },’#kaxmir’);