U-30eko greba orokorra egitea «ezinbestekoa da», Mitxel Lakuntzarentzat
Lan erreforman eta pentsioen atalean iragarritako neurriak «benetan nola gauzatzen diren» ikusi nahi du sindikatuak. Edonola ere, «egoera ez da zain egoteko modukoa», Lakuntzaren arabera; «hori izan liteke egin genezakeen okerrena». ELAko idazkari nagusiak esan du ezagutu berri diren neurriek ez dietela erantzunik ematen greba orokorrerako plazaratu dituzten aldarri taulako puntu gehienei.
Are, negoziazio kolektiborako eskubideari kalte egiteko bidean direla ere ohartarazi du. «Ez da aipatzen, ezta lausoki ere, negoziazio kolektiboko egitura bertan behera uzteko asmorik»; gaur egun, Espainiako hitzarmenak lurraldeetakoei gailentzen zaizkie. Bada, «testuaren arabera, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa are handiagoa izan liteke», esan du Lakuntzak.
Kalera ateratzeko garaia
Mitxel Lakuntzaren arabera, «benetako lorpenak iristeko ezinbestekoa da mobilizazioa». Tesi horrekin bat, urtarrilaren 30eko greba orokorra eskaini dio gizarteari borrokatzeko tresna gisa. «Ezin dugu erori jendartea desmobilizatu nahi dutenen tranpan; horientzat lagungarri gertatzen dira ere eskuin muturreko hedabideen ildo apokaliptikoak. Kalera ateratzeko unea da, gure eskubideak aldarrikatzekoa; urtarrilaren 30eko greba horretarako aukera ezin egokiagoa izango da».


