Salatu dute ikuskaritzak ez duela enpresarik gelditu
Lakuntzaren arabera, koronabirusak eragin duen krisia aztertuko lukeen mahaia baino gehiago, «zer politika berraztertuko diren» jakitea da oinarrizkoa. Izan ere, «oso denbora gutxian» ohartzen ari da jendea sindikatuak aspaldian salatzen ari diren hainbat auzi egia direla: esaterako, «sektore publikoaren rola» aldatu egin behar dela, eta «atzerrira joan ziren hainbat enpresa ekartzeko beharra dagoela».
ELAko buruaren ustez, osasun krisiak ekarritako krisi ekonomikoak oso nabarmen utzi ditu «austeritate politika eta ildo neoliberala», eta, egoera hori ikusirik, jakin nahi du «Jaurlaritzaren politikaren zer zati berraztertuko den». Zera galdetu zuen: «Beren politikaren zer zati berraztertzeko daude prest?».Gogoratu zuen Osakidetzaren lantaldeko ia %40k behin-behineko kontratua dutela, eta hori «erabaki politiko baten ondorioa» dela. Sektore publikoarekin jarraituz, zahar etxeetako langileen «prekaritatea» nabarmendu zuen.
Lakuntzak adierazi zuen jendea ohartu dela zeintzuk diren funtsezko alorrak, eta horrek berehalako aitorpen soziala ekarri diela sektore horiei. «Bizitzak aurrera egitea ahalbidetzen duten horiek dira: osasuna, garbiketa, egoitzak, janaria eta abar». Bada, erakunde publikoak sektore horiek «bazter utzi» dituztela kritikatu zuen, eta «prekarizatu» egin dituztela azken urteetan.
«Aitorpen politikoa»
Lakuntzarentzat «gakoa» da politika horiek guztiak berraztertuko ote diren ala ez. Eta horrekin batera, ea dagoeneko gauzatu den aitorpen sozial horrek berekin ekarriko ote dituen aitorpen politikoa eta lan alorrekoa. «Txaloetatik langileen zeregin erreala aitortuko duen erabaki politiko zehatzetara pasatu behar da».
Dena den, ez du askorik espero Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen eragile sozialen mahaitik. «Elkarrizketarako beharra dago, baina gobernua erratu egin da lehentasunak jartzean, bakarrik patronalak esaten duena entzuten baitu; komunitate zientifikoak dioena ere ez du entzun». Salatu zuen Osasun Sailak baztertu egin dituela adituak, eta «lagunak eta ideologikoki gertu dauden pertsonak» jarri krisiaren batzordean; «eskandalu handia da hau».


