Hegoaldeko ospitaleek lehen fasera igarotzeko gaitasuna dute
Ospitaleetako ZIUek koronabirusaren krisia baino lehen zuten gaitasuna bikoiztea edo hirukoiztea ekarriko du neurriak. Hala, Espainiako Gobernuaren helburua da ez galtzea azken asteetan lortutako gaitasuna.
Hego Euskal Herrian ez dirudi arazo izango denik Madrilek eskatutako bermeak betetzea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 230 ohe inguru zeuden ZIUetan pandemia baino lehen, eta, orain, datu ofizialik ez dagoen arren, bostehun baino gehiago daude, hainbat iturriren arabera. Nafarroako Gobernuak, berriz, martxo amaieran iragarri zuen bikoiztu egingo zituela ZIUetan zituen oheak, eta guztira 120 ohe jarriko zituela.
Gainera, osasun zerbitzuek azken asteetan esan dutenez, ospitaleratuen kasuek gora eginez gero, bazuten ohe kopurua are gehiago handitzeko gaitasuna. Osakidetzak eremu berriak prestatu zituen kutsatuen kasuek gora egiten bazuten, eta Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz), adibidez, alboko eraikin batean 56 ohe jarri zituzten krisian zehar.
Zero fasetik lehen fasera igaro ahal izateko, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bihar 14:00 arte dute Madrili eskariak bidaltzeko epea. Jaurlaritzak herrialde bakoitzeko bat bidali beharko du, eta Espainiako Osasun Ministerioak hartuko du azken erabakia. Aurrerantzean, erkidegoetako gobernuek gutxienez astebeteko epearekin egin beharko dute fasez igarotzeko eskaera, prest daudela erabakitzen badute behintzat.
24 ordu PCR proba egiteko
Gainera, Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroak herenegun adierazi zuenez, erkidegoek izango dute «euren lurralderako proposamen zehatzak egiteko aukera». Adibidez, printzipioz onartzen ez diren jarduera batzuk baimentzea proposatu ahal izango dute. Ospitaleetako oheen gaitasuna, ordea, ez da fase aldaketa baimentzeko kontuan izango duen aldagai bakarra. Beste zenbait baldintza ere bete beharko dira: kutsatze fokuak kontrolatzeko gaitasuna izatea; alerta berriak identifikatzeko sistemak izatea; babes neurri kolektiboak bermatzea; eta azken egunetako kasu berrien garapena ona izatea, besteak beste. Kontuan hartuko dute ospitaleetan pazienteak artatzeko gaitasuna ere, eta, horregatik, osasun langileak lanean mantentzeko eskatu du Madrilek. Hala ere, oraingoz, Espainiako Gobernuak oheen kasuan soilik eskatu ditu kopuru zehatzak.
Bestalde, iragarri du saiatuko direla sintomak dituztenei PCR probak 24 orduko epean egiten. Orain arte, sintomak zituztenei probak egiterako astebete edo denbora gehiago joaten zen. Bizkortu egin nahi dute tarte hori, gaixoak lehenbailehen atzemateko, bakartzeko, eta haiekin kontaktua izan dutenak aurkitzeko. Lehen arretako zentroak funtsezkoak izango dira lan horretan.











