Aldundiek zergak atzeratu eta itzulketak aurreratuko dituzte, autonomoei begira
Hiru dira langile autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei eragingo dieten neurri nagusiak. Lehenik, zerga zorren ordainketa geroratu egin ahalko dute, bermerik jarri gabe, eta berandutze interesik ordaindu gabe. Indarrean dauden gerorapenak ere luzatu egingo dira.
Bigarrenik, 2020. urteko lehen bi hiruhilekoei dagozkien langile autonomoen PFEZaren autolikidazioak eta ordainketa zatikatuak ere eten egingo dira. Bizkaiko Aldundiaren neurri horrek 35.000 zergapekori eragingo die, eta ogasunak 40 milioi euro biltzeari utziko dio. Arabak aurreratu du hamasei milioi euroko kostuarekin 10.800 zergapekok izango dutela onura.
Azkenik, ogasunek, ahal duten neurrian, itzulketak —BEZarenak, esaterako— aurreratu egingo dizkiete autonomoei. Ekainera arteko aurreikuspenetan, Bizkaiaren kasuan, 224 milioi euro itzuli behar zizkieten BEZagatik autonomoei.
Era berean, Araba eta Bizkaia —eta ziurrenez baita Gipuzkoa ere— errenta kanpainaren lehen astean bertan hasiko dira PFEZaren zergapekoei egin beharreko itzulpenak egiten.
Gipuzkoaren erabakia
Gipuzkoako Aldundiak ez zuen atzo neurri gehiago hartu, baina aurki hartuko ditu, ZKO Zergak Koordinatzeko Organoa biltzen denean.
Joan den ostegunean erabaki zuten atzera daitekeen zerga kopurua handitzea, eta errenta modu mekanizatuan aurkezteko epea udazkenera atzeratzea.




