Koronabirusari aurre egiteko neurriak adostu ditu EBk
Bilioi erdi bat euro mobilizatuko dituzte, estatuei, enpresei eta langileei laguntzeko. Besteak beste, Herbehereek euren jarrera malgutu zuten, eta horrek aukera eman zuen akordioa iristeko. Horrela, maileguak eskuratuko dituzten herrialdeek ez dituzte zertan erreformak egin, hasieran Herbehereek eskatzen zuten moduan. Frantziak eta Alemaniak estutu zuten Herbehereetako ordezkaria, akordioari bide egin ziezaion. Azkenean adostutako testuarekin bat egin dute Alemaniak, Frantziak, Espainiak, Italiak, Herbehereek eta Portugalek.
Iparraldea eta hegoaldea aurrez aurre azaldu dira berriro; alegia, kontu publiko distiratsuak erakusten dituzten kideak eta zorrak gehiegi zamatzen dituenak. Eta, gainera, koronabirusak gogorrago jo dituenak; zuhaitz eroriari orok egur. Birusaren krisia pagatzeak ekarriko duen zorra Batasuneko kide guztien artean mutualizatzea nahi zuten Italiak eta Espainiak; Frantziak ere babesten zuen soluziobide hori, Parisek jipoi ekonomiko itzela hartuko baitu. Koronabonuak esan dieten horiek, ordea, ez ditu jaulkiko Batasunak, eta zorrak ez du kide guztien berme komuna izango. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak berretsi zuen atzo, goi bilera hastera zihoala, ez zuela irtenbide hori nahi, eta eztabaidaren jokalekua mugatu zuen: ESM erreskate funtsa eta Inbertsioen Europako Bankua; 27ek sor dezaketen langabeziaren euroasegurua ere aipatu zuen eskaintzen dituen aukeren artean, baina ez eurobonuak.
Asteartean hasitako bileran Herbehereek azaldu zioten aurkakotasunik handiena Espainia eta Italia eskatzen ari direnari. Baina Alemania da klubaren diapasoia, eta bilera amaigabe hori bertan behera utzi ondoren —EBren usadioak berrituz—, Paris-Berlin ardatza pizten saiatu da Merkel. Baita lortu ere. Ituna egon zitekeela helarazi zuen Olaf Scholz Finantza ministroak, baina kantzilerrak posizioa finkatu zuen badaezpada eurotaldearen bilerari berrekin aurretik, atzo: ESMri buruz eztabaidatu behar da, eta ez eurobonuei buruz. Azkenean ituna atzo bertan heldu zen.
ESM, zer baldintzetan?
Akordioak ahobatezkoa izan behar zuen, eta zaila ematen zuen Italiak onartzea ESM funtsa aktibatzea nahikoa izango dela. 410.000 milioi euro daude funts horretan, eta hain zuzen 2008ko krisiaren harira sortu zuten kideek krisiei aurre egiteko. Iritsi dena osasun krisia izan da lehen-lehenik, eta hark eragin duen krisi ekonomikoan ez dago aldagai moralik. Hau da, nekez aurpegiratu ahal zaie kideei beren ekonomiaren kudeaketa txarren emaitza dela egungo hondamendia. Horregatik, Alemania prest azaldu da ESM funtsaren iturria irekitzeko kideak behartu gabe programa ekonomikoekin; alegia, helburu fiskal bereziak inposatu gabe. Azkenean, 500.000 milioi euroraino ere osatu dute poltsa.
2020ko krisiak 29koak “baino ondorio larriagoak” izango ditu, NDFren…

NDFk 29ko krisiaz geroztik 2020ko atzeraldiak “ondorio ekonomiko txarrenak” izango dituela aurreikusi du. Kristalina Georgieva NDFko zuzendariaren agerraldia.
Mercedes 20an irekiko dute, eta VW, 27an
Mercedes martxoaren 14an itxi zuten, eta apirilaren 13an irekitzeko asmoa zuen hasieran, baina orain onartu du ziur aski hilaren 20ra arte itxarongo duela, denbora beharko duelako segurtasun neurri bereziak indarrean jartzeko, eta ez dakielako zenbat langile dauden berrogeialdian. Hori bai, txanda bakar bat izango litzateke.
VWek, berriz, hilaren 27an irekitzeko asmoa du, besteak beste, ez duelako espero auto salmenta berehalakoan suspertzea.
Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako
«Aski da!», azaldu du Gipuzkoako EHNEk. «Zertara dator azokekiko horrelako tema?», galdetu du. «Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza da beste oztopo bat jartzeko tema hori».
Gainera, sindikatu horrek uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik halako erabaki bat hartzeko: «Azokak udal eskumena dira, eta osasun neurriak, une honetan, estatuaren eskumena». Horrela, gogorarazi du azken asteetan baserritarren azokak egin ahal izan dituztela hainbat herritan, «higiene eta protokolo zehatzek agindu bezala». Eskerrak eman dizkie Ordiziako, Villabonako eta Zumarragako udalei, «gauzak nola egin» erakutsi dutelako. Ziurtatu duenez, Katalunian eta beste lurralde batzuetan baimentzen dituzte janari azokak.
Baserritarrentzat azokak ezinbestekoak direla nabarmendu du Gipuzkoako EHNEk, eta tokian tokiko ekonomiarentzat oso mesedegarriak direla. «Azokak, salmenta zuzenak, herrietako elikagai denda txikiak bertako produktuak komertzializatzen direla bermatzen duten guneak dira. Horiek denek tokiko ekonomia indartzen dute, baita herritarren lanpostuak ere».
«Tamalgarria»
Antzeko kritikak egin ditu Enba Euskal Nekazarien Batasunak ere. «Erabakia ulertezina eta tamalgarria da, bai azoketara joaten diren baserritarrentzat eta kontsumitzaileentzat, baita azokak elikagaiak erosteko gune gisa defendatzen ditugun ororentzat ere».
Alarma egoera amaitu eta azokak zabaltzeko debekua kentzen denerako Jaurlaritzak jarritako baldintza «onartezinak» ere salatu ditu Enbak. Horien arabera, pasabide batek banatu beharko ditu postuak, eta sei metro egon beharko dira postutik postura. Gainera, postu baten barruan, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute beren artean, eta, lekurik ez dagoenean, bakar batek egin ahal izango du lan. Bezeroei dagokienez, gutxienez bi metroko tartea izan beharko da baten eta bestearen artean. Neurri horiek gehiegizkoak direla uste du Enbak, eta «kinka larrian» jarriko dituztela azokak.
Sindikatu horrek ziurtatu du koordinazioa falta dela Jaurlaritzaren barruan, Osasun Sailak azokak debekatu dituen egun berean Merkataritza Sailak merkatuak eta bertako produktuak babesteko kanpaina bat hasi duelako, «hitzez hitz, elikagai fresko eta bertakoez hornitzeko guneek betetzen duten tokia aldarrikatuz».
Eroskiren ekinaldia
Eroskik iragarri du azokak galdu dituzten baserritarretako batzuek aukera izango dutela Eroskiren bitartez saltzeko beren produktuak. Harakai kooperatibak merkaturatutako arkumeak salduko ditu, eta bere barazki hornitzaile nagusiekin akordio bat lortu du inguruko ekoizle txikien produktuak ere bil ditzaten.
Erromak ez du Atenas izan nahi
Funtsean, herrialdeek pilatuko dituzten zorrei aurre egiteko modu bateratu baten bila ari dira. Hiru proposamen dituzte mahai gainean: 2008ko krisian bezala, ESM euroguneko erreskate funtsa erabiltzea: 240.000 milioi euro inguru; Europako Berme Funtsa sortzea, enpresentzat likidezian 200.000 milioi baino gehiago emateko; eta 100.000 milioi euroko beste poltsa bat, estatuen lanaldi murrizketarako programa bereziak finantzatzeko —Hego Euskal Herrian, aldi baterako lan erregulazioak—. Hori dena maileguen bitartez banatuko litzateke estatu kideen artean; nola finantzatu eta estatu hartzaileei zer baldintza jarri eztabaidatzen ari dira.
Herbehereak eta Italia jokatzen ari dira partida nagusia. Aurrenekoak laguntza horiek ditu herrialde hartzaileentzako baldintza ekonomiko zehatz batzuekin lotu nahi ditu; bigarrenak, aldiz, betebehar horiek ahalik eta gehien arintzea nahi du. Horren inguruko liskarra izan omen da blokeo puntu nagusia. Lehia hori betiereko berdinketan amai ez dadin lanean ari dira beste estatu batzuk. Bilera amaitzean, Frantziako eta Alemaniako ministroek marra gorriak mugitzeko eskatu zieten Herbehereei eta Italiari.
Lagundu bai, erreskatatu ez
«Prest gaude erreskate funtsa osasun gastuetarako erabiltzeko. Baina laguntza ekonomikorako erabiltzen den neurrian, uste dugu [jasotzen duten estatuek] neurri ekonomikoak hartu behar dituztela», adierazi du Wopke Hoekstra Herbehereetako Finantza ministroak. Herbehereen arabera, maileguek bi fase izan beharko lituzkete: lehenengoan, utzitako dirua baldintzarik gabe jasoko lukete hartzaileek; bigarrenean, zaintza sistemak finkatuko lituzkete.
ESM erreskate funtsari dagokionez, blokeoa edozein estatu kidek ezar dezake. Batasuneko gobernu guztien babesa behar du martxan jartzeko, eta estatuek baldintzak jar ditzakete; kide batzuek, gainera, euren parlamentuen oniritzia behar dute.
Italia, gainera, ez dago prest mailegu horiek erreskate baten moduko programa baten bidez jasotzeko: hau da, ez ditu nahi baldin eta horrek aurrekontuetan erreforma eta murrizketa sakonak egitea exijitzen badio, 2008ko krisian besteak beste Greziak egin behar izan zuen moduan.
Erromak ez du Atenas izan nahi, baina, Europaren babesik gabe, zaila izango luke bere zorra finantzatzeko modua aurkitzea, hegoaldeko estatuen artean Italiak baitu arrisku saririk handiena, eta alde nabarmenarekin. Akordiorik ezak, halaber, euroeszeptikoen jarrera indartuko luke, bereziki Italiako Gobernuan egon diren baina egun oposizioan dauden Matteo Salvini eta haren taldekideena.
Koronabonuen aukera da mahai gainean duten beste egitasmoa. Hamar bat herrialdek eskatu dute hori, tartean Italiak, Espainiak eta Frantziak. Baina Herbehereak, Alemania, Austria eta Finlandia zor mutualizatu hori —kide guztien artean partekatua— jaulkitzearen kontra daude. Ez dute nahi beraiek hartu behar izatea ordaintzeko ardura baldin eta estaturen batek ezin badu bere zorra ordaindu. «Uste dugu horrek konponbide baino arazo gehiago sortuko dituela EBrentzat. Beste herrialdeen zorrak bermatu beharko genituzke, eta hori ez da zentzuzkoa. Eurotaldearen gehiengoak, gainera, ez du babesten», adierazi du Hoekstrak.
Berri agentziek kontsultatutako diplomazia iturrien arabera, Parisek eta Madrilek erdibideko beste proposamen bat egin dute zorra jaulkitzeko: zati handi bat EBren aurrekontuari lotzea proposatu dute. Baina horri buruz ere ez dute akordiorik egin.
Adosteko dagoen hirugarren puntua Europako Batzordeak egindako proposamena bat da: lanaldiak murrizteko programak finantzatzeko funts komun bat sortzea, Sure izenekoa. Horrek 100.000 milioi euroko mailegua izango luke.
ESMarekin ez bezala, kasu horretan, maileguak ez lirateke bazkideen presio eta ikuskapen bereziaren mende egongo, Europako Batzordearen babespeko mailegua izango bailitzateke. Bera zorpetuko litzateke herrialde eskatzaileari funtsak mailegatzeko merkatuan. Parte hartu nahi duten estatu kideen babesarekin egingo luke hori, baina ez lukete euren parlamentuaren oniritzirik beharko, eta, akordiorik balego, hori funtsezkoa litzateke blokeoak eragozteko.
Dena den, herrialde batzuek ziurtatu nahi dute funts hori koronabirusaren krisira mugatuko dela, eta ez dela izango mekanismo zabalago baterako lehen pausoa, adibidez Europa osorako langabezia aseguru bat sortzeko.
Mercedes-Benzek apirilaren 26ra atzeratu du jardueraren hasiera Gasteizen

Mercedes-Benzek jarduera apirilaren 26an berrabiaraztea planteatu du Gasteizen, lan-arriskuen prebentziorako batzordearen bilera baten ostean.
Mercabilbaok, azkenean, fruta eta barazkien postuak ere irekiko ditu…

Mercabilbaok, azkenean, fruta eta barazkien postuak ere irekiko ditu. Fruta eta Barazki handizkarien elkarteak postuak irekitzeko borondatea adierazi dute.
Gipuzkoako hamar enpresatik zazpik jarduera geldirik dute

Gipuzkoako hamar enpresatik zazpik jarduera geldirik dute koronabirusagatik. Enpresa ertainak dira kaltetuenak jarduera partzialki edo erabat etenda baitute.
Gizarte larrialdietarako funtsa handitu du Jaurlaritzak
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, laguntza horiek oinarrizko premiei erantzuteko dira, hala nola behar besteko diru sarrerarik ez duten familientzat edo jantziekin, hezkuntzarekin, prestakuntzarekin eta osasun arretarekin loturiko beharretarako. Ez du eman zehaztasunik, baina azaldu du laguntza eta programa horiek hainbat erakunderekin batera garatuko dituztela: udaletako gizarte zerbitzuekin bereziki, eta gobernuz kanpoko erakundeekin.
Horrekin batera, Jaurlaritzak 76 milioi jarri ditu Lanbideren bitartez autonomoei laguntzeko, Gazteen Bermerako sistemarako eta kontziliaziorako, eta beste 6 milioi udalek gazteak kontrata ditzaten. Halaber, bazterkeria eta pobrezia egoerei aurre egiteko, 10 milioiko funts bat sortuko.