Agoizko langileek greba egunekin erantzungo diote Siemens Gamesari
Langile batzordeko ordezkariak Agoizko lantegiaren aurrean bildu ziren atzo itxiera iragarpenaren ondoren egin nahi dituzten urratsak iragartzeko. Greba ez ezik, manifestazio bat ere antolatu dute uztailaren 11ko 18:00etarako, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Agertzeko deia egin diete herritarrei: «Ziur gaude Agoizko Gamesa ez ixtea lortuko dugula».
Nafarroako ordezkari politikoekin bilera sorta bat egitea ere eskatu dute. Maria Txibite lehendakariarekin elkartu nahi dute, baita Unai Hualde Parlamentuko presidentearekin, Arartekoarekin eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoekin ere.
Langileen ordezkariek ukatu egin dute enpresak fabrika ixteko erabilitako argudioa, hau da, ez dela errentagarria. «Deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Ez da galerak dituen enpresa bat, baizik eta diru asko irabazten duena eta are gehiago irabazi nahi duena gure etorkizuna eta gure familiena axola gabe».
«Ez dugu hitz politik nahi»
2021eko irailera arteko lan karga bermatua zutela ziurtatu dute. «Gure lantokiak hamar urte baino ez ditu, eta oso lantoki lehiakorra da. Produktibitate eta kalitate maila handiak ditu, eta, gainera, pala eredu handiagoak egiteko eta egokitzeko gaitasuna dugu». Hain zuzen ere, enpresaren argudioetako bat da pala txikiagoak egiten dituztela Agoitzen, eta handiagoak esportatzeko arazoak izango lituzke, «200 kilometro baino gehiagora» dagoelako portua. Bilbotik esportatu izan ditu palak Siemens Gamesak.
«Aitzakiak» dira horiek, langileen iritziz. «Ixteko benetako arrazoi bakarra eskualde oso baten etorkizuna sakrifikatzea axola ez zaion multinazionalaren eskrupulu falta eta zekenkeria da, enpresa honek lehenago Nafarroan Altsasuko, Tuterako, Imarkoaingo edo Olatzagutiko lantegia itxi zuenean erakutsi duen jokamolde bat».
Langile batzordeak ziurtatu du Siemens Gamesa «diru publiko asko» jaso duela, eta, horregatik, uste dute erakundeek gogor egin behar dutela presio. «Ez dugu nahi hitz politik eta elkartasun faltsurik gure agintarien eta gure erakundeen aldetik. Egitateak nahi ditugu, eta benetako konpromisoak».
Alarma egoerako dirusari bereziaren lehen ordaina jaso dute etxeko…
Diru laguntza eskatu duten etxeko langileek, beraz, hilabetero ordaintzen duten kotizazio oinarriaren %70ren adinako diru sarrera jaso zuten atzo. Bankuekin lorturiko akordioen eraginez, ez da hilabeteko hamargarren egunera itxaron beharko ordainketarako. Joaquin Perez Rey Espainiako Enplegu idazkariak azaldu zuenez, eskaerak kudeatzeko erreminta informatikoaren garapena izan da atzerapenaren arrazoia. Etxeko langileak aurretik ez zuten ordainsaririk jasotzen, eta hutsetik hasi ziren aplikazioa diseinatzen.
Etxeko langileekin lan egiten duten elkarteek «pozez» hartu dute erabakia, duela bi aste hasitako ekinaldiak helburua lortu duelako, baina ez dute ahaztu «sektorea jasaten ari zen abandonu egoera lotsagarria». Izan ere, atzora arte sosik ikusi gabeak ziren, eta elkartekoak beldur ziren, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak hiru hilabeteko epea baitzuen eskaera bakoitza aztertu eta onartu edo ez ebazteko. Epe horrekin, irailera arte atzeratu zitekeen lehen ordainketa. Hori bai, dirusariak atzerako eragina du; beraz, ondo bidean, martxoaren 15etik aurrerako ordainsari guztiak jasoko dituzte.
Etxeko langileen eskaeretako bat bete da, baina ez guztiak. Kexu dira, diru laguntza eskatzeko tramitea oso konplexua delako, eta horrek eskaerak atzeratu zituelako. Era berean, etxeko langile guztien «erregularizazioa» eskatu zuten, atzo goizean, Bilbon —ordainketaren albistea eguerdian jakin zen—, asko ez baitaude Gizarte Segurantzan.
«Etxeko langileentzat normaltasun zaharra da», salatu zuen Maria Juncayk, Torre de Babel emakume migratuen elkarteko kideak. Gobernuei egotzi zien «beste alde batera» begiratzen dutela etxeko langileen auzian, «haien lanak gizarte zerbitzuen kostua murrizten duelako».
Lau hilabetean lau urte egin du atzera langabeziak Hegoaldean
Horiek horrela, aurreko hiru kolpeak baino leunagoa izan da ekainekoa, eta, Nafarroari esker batez ere, enplegua galdu ez, irabazi egin du. Bakarrik lurralde horrek egin du ekarpen positiboa: 673 pertsona atera dira langabeziatik. Edonola ere, COVID-19a hasi zenetik 33.700 lagun gehiago daude langabe gisa izena emanda. Okerragoa da, ordea, afiliazio datuaren atala. Kolpe bakar batean 6.185 afiliatu galdu baititu Gizarte Segurantzak. Ekainean, 1.223.279 pertsona zeuden sisteman kontraturen batekin edo bestekin Hegoaldeko lau lurraldeetan, eta azken bi urteetan irabazi adina afiliatu galdu da martxotik ekainera. Ekainean, 500 autonomo gehiago daude sisteman, baita ehun etxeko langile gehiago ere, baina ekarpen horiek ez dira gai izan sistema orokorreko galera eta nekazariena orekatzeko (-6.725 eta -1.769, hurrenez hurren).
Erregulazioen eboluzioa
Ekainak utzitako langabeziaren argazkian badu bere garrantzia aldi baterako erregulazioen eboluzioak ere. 250.000 behargin inguru egon ziren dosierrei loturik osasun krisiaren garairik okerrenean. Koronabirusaren ondorioz ezarritako dosier horietan egon direnen %60 inguru atera dira jada egoera horretatik, eta jarduerari ekin diote. Hala, 144.625 behargin gutxiago daude erregulazioan jadanik, baina 87.000tik gora geratzen dira oraindik dosierretan. Sektore batzuetan besteetan baino langile gehiago ari dira jarduerara itzultzen. Esaterako, autogintzan %90 itzuli dira dagoeneko, Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak atzo esan zuenez. Industrian ere asko dira enpresetara bueltatu diren beharginak erregulazio batean egon ondoren, %77 hain zuzen; Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeei dagokie datu hori.
«Egonkortu egin da duela hilabete marrazten hasi zen ordokia», esan zuen Belandiak; dena den, erantsi zuen krisia «arantzaz betea» dagoela, nahiz eta mezu baikor bat eman segidan: «Egoerak pentsaraz diezaguke jarduera ekonomikoa suspertzen ari dela Euskadin». Eta Belandiak uste du harekin batera lan merkatua txukuntzen ari dela.
Nafarroako Gobernuarentzat, ere langabeziaren datua «positiboa da, baina ñabardurak badaude». 2013ko otsailean jo zuen goia langabeziak Nafarroan: orain baino %28 handiagoa zen, eta azpimarratu du aldi baterako erregulazioak direla orduko eta oraingo egoeren arteko «aldea».
Ekainak berretsi duen beste datu bat da birusaren krisiaren ondorioek kolektibo ahulenei eragiten dietela gehien. Izan ere, 1.447 emakume eta 2.268 gazte gehiago daude langabezian izena emanda maiatzean baino. Bada datu esanguratsu bat gazteen egoera nola okertzen ari den ikusteko: otsailetik, 25 urtetik beherakoen langabezia %52 igo da. «Langabeziaren hazkundeak berriro emakumeei eta gazteei egiten die kalterik handiena», salatu du ELA sindikatuak; «kopuruek adierazten dute krisi ekonomikoak gehiago zigortzen dituela behin-behinekotasuneko eta partzialtasun handiko enpleguak, eta erakusten dute zein ahul dauden kolektibo horiek».
Sanchezek baztertu egin du pentsioak murriztea

Espainiako Gobernuko presidenteak Aurrekontuak aurten onartzea espero du, eta hori babesteko Parlamentuan “erabateko geometria” du.
Agoizko itxiera geldiarazteko “ahaleginean borrokatuko” dute langileek

Agoizko Siemens Gamesako langileek “indar guztiekin borrokatuko dute” euren lantokia ixtea eragozteko. Bilerak zein mobilizazioak antolatuko dituzte.
2.733 langabe gehiago EAEn eta 673 gutxiago Nafarroan ekainean

2020ko ekaineko langabeziaren datuak EAEn eta Nafarroan. EAEn 33.105 pertsona gehiago daude erregistratuta Lanbideren bulegoetan, hau da, % 29,73 gehiago.
23 langile kalera doaz Inyectados Gabi eta Gaiter Zaldibarko…
Sindikatuak jakinarazi duenez, MEK Mallabian (Bizkaia) egoitza duen taldeak bi enpresak erosteko interesa azaldu du, eta eskaintza bat egin dio konkurtsoaren administratzaileari. Hori bai, gaur egungo 52 langileetatik 29 baino ez ditu nahi. Gainera, betiere ELAren arabera, gaur egungo enpresa ituna bertan behera utzi nahi du, eta Bizkaiko hitzarmena ezarri nahi die hartuko lituzkeen langileei. Haien lan baldintzak okertuko lituzke horrek.
ELAk eskatu dio administratzaileari «fede onez» joka dezala eta atzera bota dezala kaleratu nahi dituen langileen zerrenda. Eskaeraren helburua gaur egungo lanpostu guztiak eta haien lan baldintzak mantentzea da, eta, horretarako, langile batzordearen eta MEKen arteko elkarrizketa prozesu bat hasi nahiko luke. Bideragarritasun plan bat diseinatzea posible ikusten du.
Enpresetako langileei, berriz, eskatu die beren burua antolatzeko, eta borrokatzeko lantalde osoari eta haien lan baldintzei eusteko. MEKen egoitzaren aurrean biltzera deitu ditu gaurko 11:30erako, Goitondo industrialdean (Bizkaia). Hau ez da Inyectados Gabi eta Galterko langileek egingo duten lehen protestaldia. 2018an, hamabost eguneko greba egin eta lan aurrehitzarmen berria adostea lortu zuten. Bi enpresek zuzendaritza bera zuten.
11 kaleratze Arcelorren
Ez dira egun gozoak Euskal Herriko industriarentzat; izan ere, Arcelor Mittalek Agurainen (Araba) duen lantegia itxiko du hilaren amaieran. Sapem du izena enpresak, eta hamalau langileetatik 11 kaleratuko ditu. Beste hirurek taldeak Basaurin (Bizkaia) duen enpresan jarraituko dute lanean.
Arcelorrek iaz jakinarazi zuen asmoa zuela kaleko argientzako bakuloak eta altzairuzko zutabeak egiten dituen enpresa hori ixteko. ELA sindikatuak salatu du langileak aldi baterako erregulazioan daudelarik egingo direla kaleratzeak, eta «negoziatzeari uko egin izana» egotzi zion zuzendaritzari. 2014an, antzeko egoeran izan zen enpresa; orduan 54 langile zituen, baina langile batzordeak jarduna bost urterako luzatzea lortu zuen.
Arcelorrena, baina, ez da Arabako kasu bakarra, eta atzo Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak argi gorria piztu zuen batzar orokorretan. Koronabirusaren ondorioz lurraldeko ekonomia «kinka larrian» dagoela esan zuen: «Urduritzeko moduko albisteak dira, eta oraindik okerrena etortzeko dago. Langile asko daude erregulazioan, eta horiekin zer gertatzen den ikusi behar da».
Gonzalezek izen-abizenak jarri zizkien bere beldurrei. Arcelorren itxieraz gain, Mercedesen ikusten dituen zantzu txarrak eta Tubacex Aiaraldeko enpresetan prestatzen ari den berregituraketa aipatu zituen. Azken erabaki horren harira, langile batzordeak salatu du «urteetako kudeaketa txarraren» ondorio dela, eta «langileen konpromisoa» auzitan jarri izana egotzi dio zuzendaritzari.
«Gure lantegiari zabalik eusteko ezer ez dugu baztertzen»
Esan duzue ez zenutela espero zuzendaritzak Agoitz ixteko hartu duen erabakia. Siemens iritsi zenetik, ordea, gauza asko gertatu dira,ezta?
Siemensek Gamesa erosi zuenetik, urtero egon dira itxierekin lotutako auziak, eta aurten ere ez da salbuespena izan, tamalez. Bagenekien ez zutela asmo onik aspaldi honetan, baina ez genuen espero horrelakorik, lan karga baitugu 2021eko irailera arte behintzat. Zuzendaritzak berak berretsi zigun duela gutxi: 95 errotore eraikitzeko karga dago, eta horrek oso agerian utzi du itxieraren erabakia.
Lan karga badago, orduan, eta Portugalen berriki erositako enpresa bat ere bai. Fabrika lekualdatzen ari dira?
Inolako zalantzarik gabe, lekualdatze argi baten aurrean gaude. Portugalgo enpresa hori erosi zutenetik, aurreikus zitekeen gure ekoizpenaren zati bat hara eramango zutela, lan kostuak are gehiago merkatzeko. Gertatu dena da ekoizpen osoa lekualdatzea erabaki dutela, eta hori ez genuen espero, ezta orain gertatzea ere.
Eta orain zer?
Orain, borroka. Agoizko fabrika ez da itxiko borrokarik gabe. Sindikatu guztiak ados gara; elkar hartuta gaude, eta lantegiari eta lanpostu guztiei eutsi nahi diegu. Hori da gure helburua. Kontuan hartu behar da lantegi honi diru laguntza ugari eman dizkiola Nafarroako Gobernuak, eta besterik gabe ixtea ez litzateke amaiera duin bat izango.
Grebari eta bestelako mobilizazioei buruz hitz egin duzue sindikatuek?
Gure lantegiari zabalik eusteko ezer ez dugu baztertzen. Berehala [atzo arratsaldean] elkartuko den Langile Batzordearen bileran finkatuko dugu zer bide orriri jarraituko diogun. Hurrengo urratsak langile batzarrari helaraziko dizkiogu, eta, ados baldin badaude, aurrera egingo dugu erabakitzen denarekin.
Siemensek Gamesa erosteko operazioa txalotu egin zuten erakundeek, ELAk dioenez. Zer eskatzen diezue orain erakundeei?
Nafarroako Gobernuaren eta Agoizko Udalaren sostengua eta elkartasuna jaso dugu jadanik, eta aurrerantzean ikusi beharko da zertan gauzatuko den laguntza hori, bakarrik hitzak ote diren ala benetako neurriak iritsiko ote diren. Guk hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditugu, eta ate guztietara joko dugu laguntza eske.
Enpresak dio ezin direla egin pala handiagoak Agoitzen, eta horiek direla geroa. Zer diozu?
Atzo arte egiten ari ginen palak egiten jarraituko du enpresak, eta mota horretako lan karga hor dago; ez dakit zergatik ezin dugun jarraitu orain haiek agindutako lanarekin. Edonola ere, pala handiagoak ere egin daitezke Agoitzen. Aitzakiak besterik ez dira.
Agoizko Gamesa ixtea eragotzi nahi dute sindikatuek eta gobernuak
Enpresaren erabakia «haserre» hartu zuen Nafarroako Gobernuak, eta hala jakinarazi zioten enpresari Maria Txibite lehendakariak eta Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak. Ildo horri eutsi zion atzo Javier Remirez bozeramaileak ere. Azaldu zuen zuzendaritzarekin eta sindikatuekin harremanetan daudela erabakia aztertzeko, «eta, posible bada, atzera egiteko». Remirezek, ordea, onartu zuen ez zaiola erraz izango, gaia «konplexua» dela; horregatik, fabrika ixten bada, «horrek langileengan izango duen kaltea apaltzeko tresnak» lantzen saiatuko dira. Sindikatuek, berriz, helburu bakar bat aldarrikatu dute: itxiera eragoztea.
Astearte iluntzean igorritako agirian, Siemens Gamesak lehiakortasun eta kokapen arazoak eman zituen Agoizko lantegia ixteko eta han aritzen diren 239 langile kalera botatzeko —aurretik iragarria zuen aldi baterako kontratua zuten 70 behargin kaleratuko zituela—. «Kostu handiagatik eta duen kokapen geografikoagatik, portu gertuenetik 200 kilometrora dagoelako» itxiko du Siemens Gamesak, ohar batean azaldu duenez. Agoitzen egindako palak Bilboko portura bidaltzen zituen esportaziorako zirenean.
Halako arazorik ez luke, berriz, enpresak Portugalen erosi berri duen fabrikak, Vagos herrian baitago, Aveiroko portutik kilometro eskas batera, autobide baten ondoan. Senvion lehiakide alemaniarrarena zen lantegia, baina hark saldu egin zuen, arazo ekonomiko handiak zituelako.
Itxiera arrazoitzeko, beste arrazoi bat eman du Siemens Gamesak: Agoitzen SG 3.4-132 haize errotarako palak egiten dituztela, eta horiek «etxeko merkaturako» direla, eta ez esportatzeko. 132 metroko gailuetarako palak dira, eta enpresak dio 170 metroko haize errotak direla etorkizuna.
«Aitzakia hutsak»
Errentagarritasunaren argudioa gezurtatu egin du lantegiko sindikatu nagusiak, ELAk —sei ordezkari ditu Langile Batzordean, lau LABek, bi UGTk eta bat CCOOk—. «Aitzakia hutsak dira. Hamar urte eskas dauzkan lantoki honek sorreran zituen baldintza berdinak ditu egun lehiakorra izateko, eta lehiakorra ez izateko elementu bakarra Siemensen jabetzakoa izatea da».
Izan ere, ELAk uste du Agoizko plantaren «deslokalizazioaren» abiapuntua Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuen garaian aurkitu behar dela, 2017ko udaberrian. «ELAk kezka adierazi zuen, Euskal Herriarekin izan zitzakeen lotura guztiak gal zitzakeelako, eta gure lantokien etorkizuna kolokan jartzen zuelako». Orduko hartan bi enpresen bat egitea babestu zuten erakundeak kritikatu ditu, eta jakinarazi die Agoizko fabrikaren itxiera geratzen saiatuko dela. «Agoizko lantokia bideragarria da, eta lan karga du. Inork ezin du pentsatu gure herrian horrelako deslokalizazio bat erantzun irmorik gabe egin daitekeenik».
Enpresaren justifikazioak «gezurra» iruditzen zaizkio LABi. «Joan den astean jakinarazi zion Langile Batzordeari urte osokorako lan karga ziurtatua zutela. Hilabete hauetan guztietan normal aritu dira lanean. Hala ere, multinazionala gezurretan ari zitzaien bitartean, lantegia ixteko erabakia hartua zuen». Sindikatuak «luzaroan diseinatutako plan bat» ikusten du Agoitz ixtearen atzean: «Berriki Portugalen erosi duen lantegira eta jada Tangerren duenera eramango du ekoizpena […] Poltsikoak bete ahal izateko kostuak merkatuko ditu, familia askoren enpleguaren kontura».
LABek ere gogorarazi du Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «txalotu» egin zutela Siemensen esku hartzea. Orain, orduko jarrera horren ardura hartu behar dutela uste du: «Multinazionalaren erabakiaren aurka inplikatu behar dute, eta enplegu galera basatiari irtenbideak eskaini behar dizkiote».
«Agoizko lantegiaren itxiera ulertezin eta izugarria» eragozten saiatuko dela agindu du, berriz, UGTk. Oroitarazi duenez, 2016ko azaroan CNMVk baimena eman zion Siemensi akzioak erosteko eskaintza publiko bat ez egiteko, baina trukean eskatu zion industria plan bat egiteko. «Plan horrek al zekarren Miranda Ebroko lantegia ixtea (2018), bulegoetako langileen erregulazioa (2018), onshore ataleko bulegoetako langileen doikuntza (2019), eta, azkenik, Agoizko lantegiaren itxiera? Ez, noski». UGTren arabera, «lurreko energia eolikoaren atalean Siemens Gamesak dituen arazoak argi eta garbi ez daude Espainian».
Haserrea ezkutatzeko ahaleginik ez du egin, berriz, Agoitz herriko alkateak, Angel Martin Unzuek (EH Bildu). Enpresako ordezkari batek deitu zion berria emateko, eta berehala hots egin zion Txibite lehendakariari, hitzordu bat eskatzeko. Izan ere, Unzuek ziurtatu du lantegia ixtea «sekulako kolpea» dela Agoitzentzat eta haren eskualde osoarentzat [Pirinioaurrea]. «Paradoxikoa da, baina eskualde honetan dago Itoizko urtegia eta hemen hasten da Nafarroako ubidea, eta biek ematen diote aberastasuna Nafarroa osoari. Baina eskualdea husten ari da; langabezia gehien jasaten dutenetakoa da, eta orain gehiago handituko da». Kaleratze zuzenei batuko zaie merkataritzak eta ostalaritzak galduko dutena.
Zuzendaritzak bilera batera deitu zituen sindikatuak atzo goizean, enplegua erregulatzeko espedientearen berri emateko. Datorren asteazkenean hasiko dute negoziazioa.
«Konpromisoa»
Agoitz itxi arren Siemens Gamesak «Nafarroarekiko konpromisoari» eusten diola ziurtatu du Alfonso Faubel onshore adarreko kontseilari ordezkariak. Sarrigurenen (Eguesibar) biltzen ditu lurreko haize erroten ataleko ingeniaritza eta I+G ataleko lanak, eta logistika eta zerbitzu zentro bat du Aratzurin eta Iruñeko Agustinos industrialdean. Egoitza nagusia Zamudion du (Bizkaia), eta motorrak egiten ditu, Gearbox filialaren bidez, Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa).