Nafarroako Volkswagenek beste 452 langile kontratatuko ditu
Astelehenean hasi ziren hiru lan txandak osorik egiten, eta haiei gehituko zaiei larunbatekoa. Aste honetan aldi baterako erregulaziotik atera dituzte hala zeuden azken langileak —1.000 inguru; guztira, 3.800 behargin dira lantegian—. Hala, fabrika pandemia hasi aurreko jarduerara itzuliko da, egunero 1.581 auto ekoitziz, urte hasieran baino 44na gehiago goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Enpresak azaldu duenez, beste 5.000 autoren eskaerak zerikusia du Polo eta T-Cross modeloek azken hilabeteetan izan duten salmenta onekin. Nabarmendu du hazkundea espero zutena baino handiagoa izan dela, eta urte amaierara arteko aurreikuspenak ere positiboak direla.
Suspertzea eragin duten arrazoien artean, azpimarratu ditu autoak erosteko Europako gobernuek bultzatutako planak eta herritar askok banakako garraioaren alde egin izana, COVID-19az kutsatzeko beldurrez.
Emilio Saenz Iruñeko lantegiko buruaren hitzetan, ekoizpena handitzea «albiste bikaina» da, baina zuhurtziaz jokatzeko deia egin du: «Langile guztien lan bikainari emandako saria da. Baina egoerak ezegonkorra eta ziurgabetasun handikoa da oraindik ere; beraz, etorkizun hurbilari begira, baikortasuna, lan apala eta zuhurtzia nahastu behar ditugu».




