Sagarduik ez ditu Osakidetzako grebak ulertzen eta ukatu egin…

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Osakidetzako grebari eta murrizketen inguruan. Ez ditu lanuzteak ulertzen eta ukatu egin du murrizketak daudela.


Aierdik aitortu du gobernuan badakitela agian CAFen jarduna jaitsi egingo dela, baina, haren ustez, hori ez da nahikoa arrazoi Castejongo lantegia itxi eta 118 langile kaleratzeko: «Ekoizpenean beherakada badago, ondorioek proportzionalak izan behar dute. Ez dute zertan Trenasa itxi; murrizketa txikiak egin ditzatela beste lantegi batzuetan». Era berean, eta Industria Ministerioak CAFi esleitutako azken proiektuaz mintzatzean, kontseilariak nabarmendu du «bolumen txikikoa» dela, eta hori jakiteko aski dela CAFek munduan barrena mugitzen dituen kontratuak ikustea.
Trenasakoan ez ezik, egun lan gatazka ugari daude hainbat enpresatan ere. Atzokoan, esaterako, Matricerias Deusto eta GTSko langile batzordeek bigarren bilera egin zuten Gestampeko zuzendaritzarekin. Aurrenekoa izan zen Jaurlaritzak bi aldeen arteko artekaritza onartu zuenetik.
Alestisen, berriz, CCOO eta UGT sindikatuek erregulazio espedientea onartzeko aurreakordioa sinatu dute. Zuzendaritzak, baina, Espainiako plantetakoekin batera negoziatu ditu Miñaoko (Arabe) langileen baldintzak, eta LABek atzo akordio hori kritikatu zuen. Miñaon eginiko bozketan 124 langilek eman zuten boza —178 langile dira—, eta 105 aurka agertu ziren.
Azkenik, atzokoa Bilboko portuko zamaketarien grebako laugarren eguna izan zen, eta, Bilbo Estiba zama lanak kudeatzen dituen enpresak jakinarazi zuenez, lanuztea «kalte larriak» eragiten ari da portuko ohiko jardunean.
Langileek hiru eguneko grebaldia hasi zuten atzo, eta euri zaparradaren azpian manifestazioa egin zuten. Gaur eta bihar dituzte azken bilerak, eta ez da aldaketa handirik espero. Enpresak herenegun eman zuen pauso txiki bakarra, erretiro aurreratuak hartzeko adina 60 urtetik 59ra jaitsiz. Gauzak horrela, enpresaren kontuak hauek dira: behin-behineko 144 langile kaleratu, hogei finko ere bai, eta hogeita hamar erretiro aurreratu. «Erretiro horiek, baina, beharrezkoak dira», azaldu du David Gago CCOOko delegatuak: «Garbi esan dute. Ukatzen badira, langile horiek kaleratze arrunta izango dute, hogei eguneko kalte-ordaina urteko, eta asko jota urtebeteko soldata egin arte».
Delegatuak etsipenez mintzo dira bilerez, enpresak plan sozial gisa aurkeztu dien hori kaleratzez josita dagoelako. «Ez ditugu arrazoiak onartuko», aurreratu du Aldazabalek. «Gure sektorea aldakorra da: lan karga hilabete batetik bestera alda daiteke. Neurri traumatikoak ez dira beharrezkoak; azken bost hilabete hauetako egoera luza daiteke. Koronabirusaren txertoa aurkituz gero, eskaerek berehala egingo dute gora». ITP Aeron hegazkinen turbinak egiten dituzte.
Aeronautikak azken urteetan izandako osasun onaren seinale dira enpresak azken urteetan izandako irabaziak —260 milioi euro 2016tik 2019ra— eta kontrataturiko behin-behineko langile mordoa. Azken horiei egingo diete kalte handien kaleratzeek, hain zuzen. Aldazabal: «Gehienek bi urte baino gehiago daramate enpresan, eta dagoeneko finko beharko lukete. Gazteak dira, eta askok lana utzi zuten ITPn sartzeko». Lantaldearen %12 dira.
ITP Aero enpresa errentagarria izan da azken urteetan, baina salgai du aldi berean jabe eta bezero nagusi duenak, Rolls Roycek. Batzordeak asmo horren itzala ikusi du negoziazio epean. «Duela bi urte, Indrak erosi nahi izan gintuen, eta hamasei hilabete ibili ziren bueltaka. Rollsek ematen ditu lan kargak; hark dena baldintza dezake». Baina nola? Gagok erantzun du. «Soldaten kostua murriztu nahi dute, merkatu. Erakargarriago bihurtu nahi gaituzte erosle posibleentzat».
Bihar bukatzekoa da negoziazioa, baina partidak luzapena izan dezakeela uste dute batzordeko kide batzuek. Horretarako, baldintza bat ezinbestekoa da. «Inork ez dezala lan espedientea sinatu; tinko mantentzeko eskatu diegu beste sindikatuei», eskatu du ELAk. Espedienteak, baina, Zamudioko plantari ez ezik, Alcobendas eta Aljavirreko (Espainia) lantokiei ere eragiten die, eta langile batzorde bateratua osatu dute. Gagok argi du: «Erabaki traumatikoak badaude, ez dugu sinatzeko asmorik. Bilera handi bat egin behar dela uste dugu, eta guztien iritzia entzun». UGTk ere ordezkaritza du Zamudion.
Adegik eta ELAk egindako akordioari bi aldagai berri gehitu dizkio patronalak falta zuen babes sindikala lortzeko. UGTk ez beste guztiek egin dute bat azkenean, eta, beraz, eragin orokorreko akordioa izango da. Patronalak berdintasun batzorde bat martxan jartzea eskaini du, egutegiarekin eta edukiarekin, eta LABek ontzat jo du aldaketa hori. Gainera, langileen osasun azterketak lanordu gisa zenbatuko dira aurrerantzean. «Gehiago» lor zitekeela uste du sindikatu abertzaleko CAFeko ordezkari Aitor Martinezek, «ELAk ez balu onartu publikoki Adegiren eskaintza, batasun sindikala hautsiz». Baina itunari ateak irekitzea erabaki du LABek, «egon diren aurrerakuntzak» tarteko. Sindikatu abertzaleen gehiengoa lortuta zegoela, CCOOk ere bat egin du; UGTk ez.
Horrenbestez, negoziazioa hasi eta zortzi hilabetera lortu dute eragileek hamar urtean erdietsi ez dena, lan erreforma bat eta pandemia bat tarteko. 2020-2022ko itunaren emaitza da arauak jarriko direla azken urteotako oihanean. Sektorean desberdintasun handiak sortu dira 2011z geroztik, azken hitzarmena erori zenetik. Enpresa batzuetan soldatak gaurkotu dituzte, eta beste batzuetan ez; langile batzuentzat bai, eta beste batzuentzat ez, hasi berrientzat sarri; kaos horri muga jarriko dio aurrerantzean Adegi, ELA, LAB eta CCOOren itunak. UGTk poliki azaldu beharko die ezetza beren afiliatuei, nahiz eta atzo bertan aurrerapen bat eskaini: «Adegiren proposamena adar jotze bat da».
ELA eta Adegi: «Historikoa»
«Itun historiko honen edukiak oso onak dira, erreforma kanpoan utzi dugulako, eta subrogazioa lortu dugulako, besteak beste», esan du ELAko Industria federazioko arduradun Unai Martinezek. «Akordio historiko honek erakutsi du badela tartea hitzarmen onak egiteko»; zaharren egoitzen lan gatazkarekin lotu du metalean lortutakoa. «Gizonok gehiengoa garen sektoreetan baditugu itunak: paperean, eraikuntzan, metalean… eta lotsagarria da ez edukitzea gure emakume lankideek, pandemiaren gordinean pertsonak zaintzen dituzten horiek. Gaurko akordioak dei egiten dio Gipuzkoako Diputazioari. Sektore pribatuan ahal bada, zergatik ezin da zaintzan dihardutenentzat?».
Adegi bat dator ELArekin metalgintzan lortutako ituna azaltzean: «Historikoa da». Patronalak azpimarratu du negoziazio prozesua «eredugarria» izan dela, «gatazkarik gabea, azkarra, eta konfiantza ariketa baten isla dela». Adegik gogoratu du esana zuela «enpresentzat eta pertsonentzat akordiorik onena» nahi zuela, «enpresa kultura berriaren oinarrietatik abiatuta». Gatazkarik ez zuela negoziatuko ere ohartarazi zuen: «Lortu dugun akordioa baldintza hori betez lortu da». Finean, Adegik argi dauka metalgintzaren akordioa «errespetuarekin eta bestearen aitortzarekin» eraiki dela: «Elkarrizketarekin eta kolaborazioarekin, eta konfrontaziorik gabe, negoziazio estilo moderno bati esker».
CCOOrentzat, gazi-gozoa izan da lortutako ituna, «ona den arren, gehiago lortu zitekeelako». ELAri egotzi dio patronalak mahai gainean jarri duen «lehen proposamena» onartu izana; «Beste sindikatuekin batera mobilizatzeko prest egon izan balitz, hitzarmen hobea lortuko genuen».



Gipuzkoako patronalak uste du eskain dezakeen akordiorik onena eskaini duela, iritsi dela mugara, eta pilota sindikatuen teilatuan dagoela. Baina hori helarazi eta egun gutxira, mahaira deitu du, eta horrek esan nahi du berritasunak egon badirela, seguruenera azken egunetan sindikaturen batekin negoziatu ondoren. Genero berdintasuna dago LABek aipatu dituen gabezien artean, eta, alor horretan hobekuntzarik bada, Gipuzkoako metalgintzaren ituna egia bihur daiteke luze gabe; sindikatu abertzaleak esan dio egunkari honi tentuz aztertuko dituela Adegik mahairatzen dituen aldaketak, eta ez duela baztertzen akordiorik egotea.
Berdintasun batzordea
Enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago emateko derrigortasuna jaso du Adegiren itun proposamenak, berdintasunari dagokionez. Bizkaiko metalgintzako itunak, ordea, batzorde bat eratzea jaso zuen alor hori jorratzeko, iazko hondarrean; bada, proposamen hori Gipuzkoara ekartzeak ez du zertan zaila gertatu.
CCOOk eta UGTk gutxiengoan egindako sektoreko hitzarmenean jaso zuten horrelako batzorde bat eratzea, 2010. urtean, nahiz eta azken urteotan ez den aktibatu. Batzorde horri egutegi bat eta edukia emateak aska dezake korapilo handia orain.
Bestela, Adegiren proposamenak 2019ra arteko %8,8ko soldata igoera jasotzen du —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021erako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraaktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.
Gainera, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», ELAren ustez. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Gainera, soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Eta, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.
Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegik metalgintzaren ituna berritzeko lehen bilera, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriro aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean, iazko abenduan. ELAk Adegiren azken proposamena onartu eta «akordio historiko bat» egiteko prest dagoela azaldu zuen iraila bukatu aurretik. Gaur bertan ikusiko da akordio handi hori ba ote dagoen, gaurko bilera argigarria izango baita.
Yolanda Diaz Lan ministroak azaldu duenez, erregistro horrekin emakumeek eta sindikatuek «lanabes garrantzitsu bat» izango dute soldata berdintasunak eskatzeko. Diazek zehaztu du enpresek sei hilabeteko epea izango dutela araudian jasotakoa garatzeko, eta Lan eta Berdintasun Ministerioak emango dizkiela hori egiteko bitartekoak eta ereduak. Agiri horietan, soldaten informazioa jaso beharko dute, sexuen arabera bereizita, zuzendaritzako langile eta goi kargudunenak barne, balio bereko lanen arabera sailkatuta, eta horren araberako soldaten batezbestekoak eginda. Oinarrizko soldatez gain, osagarriak eta soldataz kanpoko ordainsariak ere jaso beharko dituzte. Horri buruz, Irene Montero Berdintasun ministroak azpimarratu du oinarrizko soldata ez dela desberdintasun iturri nagusia izaten, ordainsari osagarriak baizik, eta, batez ere, antzeko zereginen inguruan egiten diren balorazio ekonomiko ezberdinak. «Tradizioz emakumeei lotuta egon diren trebetasunak gutxiago baloratzen dira, eta emakumeek egiten dituzten zereginak gutxiago baloratzen dira ekonomikoki gizonek egiten dituzten balio bereko zereginekin alderatuta». Emakundek iaz kaleratutako txosten baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizonezkoek emakumezkoek baino %11 gehiago irabazten dute batez beste, lan beragatik eginiko ordu bakoitzeko.
Planak, derrigorrezkoak
Soldaten erregistroetan arrakalarik balego, hori konpontzeko neurriak enpresen berdintasun planetan jaso beharko dituzte enpresek. CCOOk azpimarratu duenez, araudi berriak balioko du planak berme gehiagorekin negoziatzeko, «are eta ageriago utziko baitu desberdintasun erreala».
Iaztik dago indarren berdintasun planei buruzko araudia: iragan martxoaren 7tik aurrera, 150 langile baino gehiago dituzten enpresak derrigortuta daude berdintasun plan bat izatera. 100 eta 150 langile bitarteko enpresek urtebete gehiago izango dute horretarako, eta 50 eta 100 langile artekoek, berriz, 2022ko martxora arte. Araua betetzen ez duten enpresek 626 eta 6.250 eurora bitarteko isunak jaso ditzakete, eta administrazio publikoen kontratazio prozesuetatik kanpo gera daitezke.
Araudira atzo sartutako neurri berrien arabera, berdintasun planak indarrean egongo dira aldeek adosten duten denboraren arabera, eta gehienez ere lau urterako. Denbora horretan lantaldea txikitu eta 50etik beherakoa bada ere, aktibo jarraituko du planak. Enpresek Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro Publikoan erregistratu beharko dute berdintasun plana, eta administrazioak bereizgarri bat emango die bakoitzeko.