CCOOk eta UGTk aurre-akordioa egin dute ITPrekin kaleratzeak murrizteko

CCOO eta UGT sindikatuek aurre-akordioa egin dute ITP enpresarekin, Zamudioko lantegian kaleratzeak 194tik 121era murrizteko. ELAk ez du ituna babestu. Urriak 16.

Telebista bidezko hitzaldi batean, Johnsonek ohartarazi zuen bere herrialdeak «Australiar erako irtenbidea» aukera dezakeela eta Europako herrialdeekiko harreman komertziala Munduko Merkataritza Erakundearen arau orokorren arabera erregulatu.
Europako Batasuneko agintarien arabera, Johnsonen gobernuaren jarrera itxia adostasuna oztopatzen ari da, eta «mugitzeko» eskatu diote. Elkarrizketekin jarraitzeko agindua eman diote Michel Barnier EBko negoziatzaileari. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak datozen egunetan negoziazioak «areagotuko» dituztela esan zuen atzo, baina ohartarazi zuen ez dutela «edozein preziotan» egingo.
Oztoporik handiena arrantza da: Erresuma Batuak Europako merkatuan bere arraina saltzeko baldintzak, eta EBko ontzidiek ur britainiarretan izango luketen kuota adostea.
ITP Aeroren eta sindikatuen arteko negoziazio epea ia hamabi orduko bilera batekin amaitu zen. Zamudioz gain, Aljavir eta Alcobendaseko (Espainia) lantegiei ere eragiten zien erregulazio espedienteak, eta langile batzorde bateratu gisa negoziatu zuten. CCOOk bost ordezkari zituen, UGTk lau, Alcobendaseko langileek bat, eta ELAk hiru. ELA izan zen sinatu ez zuen bakarra, eta Zamudion ordezkari gehien dituen sindikatua izan arren, ez zen nahikoa izan erabakia bertan behera uzteko. Ondorioz, sindikatuek ezingo diote helegiterik ezarri, eta enpresak espedienterako eman duen arrazoia —ekoizpen jaitsiera— berriz erabili ahalko ditu.
Hilabetez negoziazioak blokeatuta egon ondoren, azken bi egunetan aldatu du enpresak bere eskaintza. Gauzak hala, 121 kaleratze egongo dira Zamudion. Horietatik 71 behin behineko langileak dira —gehienek bi urte baino gehiago daramatzate—, eta 42 erretiroa lehenago hartuko dutenak. Enpresak hasiera batean 60 urtetik gorakoei ezarri nahi zien neurria, baina 58ra jaitsi du. Hori bai, hautua ez zen borondatezkoa, onartu ezean langile horiek kaleratuak izango baitziren. Beste zortziek kaleratzea onartu zuten diru sari baten truke.
Aldaketa nagusia da behin-behineko 70 langile gutxiago kaleratuko dituztela. Trukean, lanean gelditzen direnak 45 eguneko aldi baterako erregulazioan egongo dira hurrengo hamalau hilabeteetan. ELAren ustez, kopuru hori bera gehiegizkoa da. Haien kalkuluen arabera, 35 egun inguruko erregulazioa aski zen kaleratze guztiak eragozteko.
Beste enpresa batek, Tubacexek, 2021eko otsailera arte luzatuko du egun Amurrio eta Laudioko (Araba) plantetan indarrean duen aldi baterako espedientea. Neurri horrek 674 langileri eragingo die. Enpresa eta sindikatuak erregulazioa negoziatzen aritu dira azken asteetan.
Zein da egungo egoera?
Egoera barregarri batean utzi gaituzte. Edukieraren %30 utzi digute, baina barran ezin daiteke kontsumitu. Tabernentzat oso neurri gogorra da, askoren negozioa barran oinarritzen delako. Gainera, 22:00etarako hustu egin behar denez, esan nahi du ezin duzula ganorazko afaririk eman. Afaltzera 20:00etan joateko korronte moduko bat sortu da. Jendea elkartasunez jokatzen ari da, eta eskertzen dugu, baina hori ez da hamabost egunetan aldatzen. Ekainetik, gaueko aisialdia itxita dago; hotelek ez dute bezerorik, eta okerrena da irainduak eta manipulatuak sentitzen garela.
Itxierak izango dira?
Bai. Kasurik hoberenean, negozioaren %15 utzi digute. Praktikoki, Katalunian bezala gaude. Negozio bolumen horrekin, askok ixtea erabaki dute, eta ea zer egoera dagoen hamabost egun barru… Zer egin dezakete bestela? Ez du balio ezta gastuei aurre egiteko ere. Guztiok aldi baterako erregulazioetara joko dugu. Neurri hauek ez dute balio.
Zergatik diozu hori?
Asteazkenean, COVID-19ak sektore profesionalen artean izan diren kutsatzeen inguruko analisi bat kaleratu zuen Espainiako lan istripuen mutualitateen elkargoak. Ostalaritzan, langileen %5,5 kutsatu dira —%6 jatetxeetako langileen artean, eta %4,2 tabernetan—, merkataritzan, %7,3 kutsatu dira, eta osasun arloan, logikoki, kutsatze ratiorik handiena dute, %33koa. Zortzi orduz taberna batean lanean diren langileak ez dira kutsatu, adibidez, tailer mekaniko batekoak baino gutxiago: beste sektore profesional batzuetan baino gutxiago kutsatu dira. Hasieratik, maskarekin ari gara lanean, hidrogelak ditugu, dena desinfektatzen dugu, geure buruari ezarritako segurtasun neurriekin ari gara langileak eta bezeroak babesteko asmoz. Aurretik ere denbora daramagu neurriekin, eta ez dira kasuak jaisten.
Nafarroako Gobernuak asteon esan du 307 agerraldi aktibo daudela, eta kutsatzeen %18 ingurune sozialean gertatu direla. Ez al dira hor ostatuak sartzen?
Ez dute zehazten zer den arlo soziala. Erronka botatzen diet, eta esan dezatela zenbat kutsatzen den ostalaritzan. Adibidez, botila festa bat arlo soziala da. Nafarroako Gobernuak ez du lotsarik, ez baitu bere kabuz botila festarik debekatu. Maiatzean eta ekainean eskatu genien, eta ez zuten nahi izan. Abuztuan, estatuak debekatu zuenean, orduan debekatu zuen. Bazekiten kutsatze iturria zirela. Etxe giroan gertatzen dira kutsatze gehienak.
Europan, neurri gogorragoak hartzen ari dira. Txekian eta Herbehereetan ostalaritza itxi dute, eta Frantzian, Belgikan eta Erresuma Batuan gauza bera egin dute kutsatze maila handiko tokietan.
Bizitza soziala dagoen toki orotan egongo da arriskua. Jendea dagoen tokietan, alegia. Nafarroan, baina, kutsatze gehienak izan dira ostalaritzarekin zerikusirik ez duten jardueretan. Mutualitateen elkargoaren azterketaren arabera, gasolindegietako langileen %8 kutsatu dira, eta, aldiz, tabernetan %4 izan dira. Horrek esan nahi du ez dela gehienbat hor kutsatzen.
Zer eskatzen diozu Nafarroako Gobernuari?
Ixteko agintzen badute, ostalaritzan kutsatzen dela froga diezagutela. Erakuts dezatela ikerketekin eta ehunekoekin. Orain arte ez dute esan, ez dutelako frogatua. Erresuma Batua izan da agerraldien jatorria neurtu duen Europako herrialde bakarra, eta hark dio ostalaritzan %3 kutsatu direla. %3! Bizitza soziala dagoen tokietan egongo da arriskua, jakina, baina ostalaritzan babestuago dago. Geure burua prestatu dugu kutsatzeak eragozten jakiteko. Ostalaritza ixtea erabaki dute, baina zer irizpide teknikoren arabera? Iritzi publikoari begirako neurri engainagarriak dira. Ostalaritza itxita zerbait egiten den itxura ematen dute, baina kasuak ugarituz doaz.
Nafarroako Gobernuak hamar milioi euroren laguntzak emango dituela iragarri du asteon.
Eskertzen dugu. Lehen aldia da sektorearentzako laguntza hori ematen dutela. Hala ere, hori ez da irtenbidea, ez baikara egoeraren errudun. Kalte handia egin digute, eta zauria arinduko du. Dena den, urtean 850 milioi euro fakturatzen ditu sektoreak, eta hamar milioirekin ez zoaz urrutira. 18.000 langile ditu sektoreak —horietatik 14.000 soldatapekoak, eta 4.000 autonomoak—. Langileko 555 euro dira.
Helburu nagusia da irautea?
Aurten 500 milioi euro fakturatzea lortzen badugu, kontent egon gaitezke. Ez dakit iritsiko garen. 400 milioi euro gutxiago fakturatu ditzakegu.
Zer esaten dizute ostalariek?
Nekea, nazka, desilusioa… Kriminalizatu egin gaituzte.


Oraindik irabazten zaitu mundu honek.
Erabat. Orain segurtasunari heltzeko moduen bigarren edo hirugarren belaunaldian gaude. 1.0 eta 2.0 belaunaldietan modu erreaktiboan jardun gara, jada eraikita zegoen interpretatzen, arazoak ikusten. 3.0.-4.0 belaunaldietan, aldiz, segurtasuna diseinuaren kontzeptutik eraiki nahi dugu; pixka bat Euskadin kalitatearen kontzeptuarekin egin zen moduan. Kalitatean pasatu gara piezak egin eta haiei kalitate kontrola ezartzetik piezak kalitatez ekoiztera. Segurtasunean ere azken puntuan segurtasuna txekeatzea izan da kontua, oraintsu arte. Gainera, mundu guztiak egon nahi zuen Interneten, teknologia berrietan, eta abiada horretan ez ginen konturatzen arriskuei ateak zabaltzen ari ginela. Orain ulertu dugunean ziberdelinkuentzia dela Interneteko garaileetako bat…
Garaileetako bat?
Begiratu, zein izan dira garaileak Interneten? Multinazional handiak, haien azpiegiturekin; plataformak; gizateriaren etorkizuna maneiatu nahi duten gobernu zenbait, eta ziberdelinkuentziaren industria. Azken horiek dira, berrikuntza baliatuz esparru digitalean ekonomiarik onena eraiki dutenak. Gaiztoek 2021. urterako urtean sei bilioi dolar irabaziko dituztela kalkulatu zuen Cybersecurity Venturesek. Alderatu hori herrialde batzuen BPGarekin.
Baina delitu horiek orain gutxi atera dira argitara, ezta? Halako enpresari xantaia egin diotela, norbaiten posta helbidea ordeztu dutela…
Ezagun egin da hedabideek ziberkrimenari oihartzuna eman diozuenean. Lapurreta digitalak aspaldikoak dira, ezagunagoak gizartean, nire uste, Wannacryren ondorioz. Wannacryrena lehen pandemia digitala izan zen. Erasoak zehazki hamar ordu iraun zuen, eta jendeak munduaren akabera zela pentsatu zuen. 1.0 eta 2.0 zibersegurtasunak, gainera, ez zekien nola gelditu erasoa. Jendeak sistema itzali zuen. Orain COVID-arekin bezala.
Zertara dator eratu berri duzuen Cybasque?
Europako kontzeptutik dator. 2015ean Batasunak plan estrategikoa abiatu zuen transformazio digitalerako eta zibersegurtasunerako; elkarlan publiko-pribaturako erakunde bat, ECSO (European Cyber Security Organization) sortu zen, zeinetan euskal enpresa batzuk kide fundatzaileak garen. Eta hainbat ekinbide daude, etorkizuneko Europaren zibersegurtasuna sortzeko: talentua nola sortu, nola eraiki plataforman, nola egin zertifikatzeak… Berandu goaz, nik Jaurlaritzari proposamen bat egin nion 2005ean, baina ez zen atera. Orain, gauzak aldatu dira, eta uste dut Jaurlaritzak pauso bat eman duela aurrera. Zibersegurtasun Euskal Zentroa, eta beste aldetik Ziur sortu dira, eta paraleloan kontzeptu publiko-pribatua behar zen. Hori betetzera dator Cybasque, elkarte bat elkarlanerako puntu izateko, ingurune zibersegurtasunaren garapenerako, baina ez soilik sektore gisa ulertuta, baizik eta baita ekonomiaren abiarazle ere.
Sektore traktore bat izan dadin.
Bat ez. Sektore traktorea! Zibersegurtasunik gabe, ez dago transformazio digitalik. Transformazioa giltzarria da, digitala modua da, eta segurua izatea da abiarazlea.
Lehiakideen arteko elkarlana… Herri honetan, ez dakit ba…
Egia da, sektore atomizatua gara, lehiatzen badakiena baina elkarlanean ez dakiena. Nik uste dut lehenetsi behar dela kolaborazioa, hortik ere lehiakortasuna sortu, ez dugulako asmatu bikaintasuna lortzen, eta oraindik 2.0-n gaudelako. Eta oraindik asko falta dela alorraren profesionalizazi eraginkorrerako.
Talentu beharra asko aipatu duzue Cybasqueren sorreran. Arazo nagusia hori duzue?
Arazoetako bat da. Sektorean errotazio handia dago, talentu lapurreta asko, zentzurik gabekoa, hor ari gara atomizatzen. Uste dut, automatizazioa lagun, artisau eredu batera joan behar dugula, transformatu behar dela saltzeko eta erosteko modua. Egiazko talentuarekin, bezeroa konbentzitu behar dugu pentsatzeko hobeagoa dela talentua kontratatzea, enkantean giza orduak erostea baino, enkante ereduaren emaitza delako bezeroak ez duela irabazten, enpresak ez direla sendotzen, eta talentua ez dela hazten. Eta hori egin behar da administraziotik hasita, erosketa berritzailearen bitartez, ideia onak eta talentua sarituz.
Talentuaz ari garela, krisi latz honetan, zibersegurtasunaren alorrak badu etorkizuna.
Etorkizuneko eta oraineko lanbidea da. Hain zuzen, daukagun talentu falta aukera oso ona da talentua sortzeko. Herri txikia gara, baina zumitzak ditugu: honetan dabiltzan enpresa asko, soslai honetako langileak behar dituzten enpresa asko; zibersegurtasuneko lanbide heziketa dualean aitzindariak gara… Cybasquek bere ekarpena egin behar du hezkuntza aldatzeko, eskaera sortzeko, bai nazioartekotzerako beharrezko tamaina izateko bai berrikuntzarako elkarlana bultzatzeko…
Norbaitek lanbidea aldatu eta birziklatu nahi badu…
Zibersegurtasuna. Eta, gainera, ez da beharrezkoa teknologian aditua izatea, ni ere ez naiz. Baina ikusten dut lanbidea beste sektore guztietan eta maila guztietan gurutzatzen dela. Irteera profesionalik zirraragarriena izan daiteke, eta etorkizunik handienekoa.
Kontu publikoetan egiten ari den zuloa murrizketekin ez, zorrarekin estaliko dutela esan dute euskal erakundeek. Dirua merke mailegatzeko prest dauden finantza erakundeen eta merkatuen laguntza interesatua izango dute, eta austeritatearen dogmak ahaztu dituzten nazioarteko erakundeen bedeinkapena. Zor publikoaren aldarria egin du aste honetan Nazioarteko Diru Funtsak, baina gehiago ere esan du: zorrak ordaintzeko, aberatsenek zerga gehiago ordaindu behar dituztela, eta enpresek ezin dietela beren betebeharrei izkin egin.
«Orain, ez», erantzun diote Jaurlaritzak eta diputazioek NDFri. Baina unea iristen denerako munizio gehiago dute sozietate zerga erreformatu behar dela diotenek. Izan ere, historikoa izan bada bilketa orokorraren danbatekoa (-%13,3), zer esanik ez sozietate zergak jasandakoa (-%38,2). 805 milioi euro ditu biltzekoak aurten, iaz baino ia 500 milioi gutxiago. Erorikoaren zati bat atzerapenen ondorioz izango da, eta ez dirudi hori 2021ean berreskuratuko dutenik, 38 milioi eskas gehiago jasotzea espero baitute. Urte batean zein bestean, bilketaren %6. Enpresak itotzea eragotzi behar dela? Ados, baina gauza bera esan zitekeen 2009an, eta orduan zergen %11,4 ekarri zuen tasa horrek, 1.200 milioi euro.
Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egin ohi duen bileran, hiru foru aldundietako arduradunak eta Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak izan ziren atzo, Gasteizen. Urteko zerga bilketaren itxiera egiteaz gain, datorren urteko aurreikuspena ere egin ohi dute batzarrean, administrazio bakoitzak bere aurrekontu proiektua osatzeko ezinbestekoa baitu datu hori ezagutzea. Aurten gertatu moduan aurreikuspena bete ezean, kontuak orekatzea ariketa korapilatsua bihur liteke administrazioentzat. Baina defizit eta zor mugak lausotu izanak, batetik, eta batzar nagusietan nahiz legebiltzarrean dituzten gehiengo osoak, bestetik, arnasa emango die aurrekontuak nahi duten eran osatzeko eta onartzeko.
Inoizko bilketarik handienaren iragarpena handiegi utzi du koronabirusaren krisiak; izan ere, 2020an zergen bitartez biltzea espero dena urruti dago kalkulatutako 15.767 milioiko zifratik. Zehazki, iaz baino %13,3 gutxiago jasoko dute aurten foru ogasunek: 13.411 milioi euro denera. Krisiaren hasieran datua are okerragoa izango zela espero bazen ere, azken hilabeteetan hobera egin du bilketak, errenta kanpaina onari esker batez ere. Errenta zergaren bilketa izango da, hain zen ere, aurten gutxien jaitsiko dena: -%1,8, hain zuzen. Guztira, 5.610 milioi izango dira.
Kontsumoa nabarmen jaitsi da, ordea, eta, beraz, BEZak ere behera egin du: %17,9 gutxiago biltzea espero da urte amaieran, ia mila milioi gutxiago. Behera egin dute, halaber, zerga bereziek ere (-%20,8), hau da, alkoholari, tabakoari eta erregaiei ezartzen zaizkien zergek.
Erorikorik handiena, nolanahi ere, sozietate zergan gertatu da. Ez du lortu iragarpenak betetzea, eta aurreko urtean baino bilketa eskasagoa izan du enpresen irabaziei atxikitako zergak: 805 milioi euro ordainduko dituzte enpresek aurten denera; hau da, 2019an baino 519 milioi euro gutxiago (-%38,2). Bilketa osoaren %6 inguru baino ez da hori.
Herrialdeka aztertuz gero, bilketaren beherakada oso antzekoa izan da guztietan: %13,7 jaitsi da Araban, %13,6 Bizkaian, eta %12,5 Gipuzkoan.
Datorren urtera begira, datuak baikorragoak dira, eta aurten galdutakoaren zati bat berreskuratuko dutela aurreikusten dute foru ogasunek; ez dena, ordea. Haizea aldeko izatea espero dute Jaurlaritzak eta aldundiek, eta iragarritako BPG barne produktu gordinaren %8,9ko hazkundeari lotuta handituko dela zerga bilketa ere. Bada, egoera okertu ezean, %6,3 handituko litzateke bilketa 2021ean: kopuru osotan, 14.250 milioi euro jasoko lirateke, hau da, aurten baino 838 milioi gehiago. Aurten galdutakoaren erdia baino gutxiago da hori.
Bilketaren suspertzea kontsumoaren gaineko zergen bitartez izango da, hori bai; errenta eta sozietate zergak 2020ko irabazien gainekoak direnez ez baita igoera handirik espero haiengandik. Horiek hala, BEZaren bilketa %11,3 handitzea espero da (560 milioi gehiago) eta %9,8 zerga bereziena (130 milioi gehiago). Igoera apalagoak izango dituzte, ostera, sozietate zergak (%4,7) eta errenta zergak (%1,3).
Zuloa nola estali
Jaurlaritzaren esku geratuko dira bildutako hamar eurotik zazpi, baina, aurreikuspenak bete ez direnez, aurrekontuetan kalkulatutakoa baino gutxiago jasoko du azkenean. Eta, beraz, horrek esan nahi du kontu publikoetan zuloa geratu dela. Bada, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak ez zuen kezka hori ezkutatu, eta aitortu zuen datuak «txarrak» direla: «Jaitsiera garrantzitsua da, handia». Eta azaldu zuen zuloa estaltzeko zorpetzera jo beharko dutela.
Hain zuzen, Espainiako Gobernuarekin adostutako %2,6ko erreferentziazko defizitari esker, Jaurlaritza 1.600 milioi euroraino zorpetu ahalko da, eta, sailburuak aurreratu zuenez, horietatik 1.400 milioi inguru maileguen eta zor jaulkipenen bitartez estali nahi dute; gainerakoa, iazko soberakinekin egingo da. Aurten, nolanahi ere, finantzabide gehigarri bat izango du: Europako Batasunaren Next Generation berreraikuntza funtsa. Horri guztiari esker aurrekontu «ausartak» egiteko gai izango direla uste du sailburuak. Hasiak dira prestatzen dagoeneko, eta, hain zuzen ere, iragan astean hitzeman zuen ez zela murrizketarik egongo.
Aurrekontuak direnak direla ere, aldundiek proiektu estrategikoei eusteko konpromisoa agertu zuten, eta horretarako eskura dituzten baliabideak erabiliko dituztela adierazi zuten. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi zuen, halere, pandemiak okerrera egin dezakeela, eta «zuhurtzia» eskatu zuen. Horregatik, haren hitzetan defizita unean uneko egoerari erantzuteko «tresna egokia» bada ere, «adabaki bat» da, eta ezin da betikotu. «Ezin gara zorpetzean oinarritu. Ez da behin betiko soluzioa».
Nola Jaurlaritzak hala aldundiek erabat baztertu zuten zergak igotzea, uste dutelako jarduera ekonomikoari kalte egingo liokeela. Izan ere, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu zuen ekonomia errekuperatzen ari bada ere galdutakoa ez dela «berehalakoan berreskuratuko». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, jakinarazi zuen defizita udalekin banatuko dutela, eta datorren astean bilduko direla xehetasunak adosteko. Hain zuzen ere, Gorka Urtaranek, Gasteizko alkate eta Eudeleko presidente denak, udalen «batasuna» eskatu zuen: «Iritzi bakarra izan behar dugu».
