Aernnovako ekoizpen kate osoak egin du bat kaleratzeak salatzeko…
Aernnovako atzo goizeko txandan zarata gutxi egon zen, eta langileek lanuztea baliatu zuten Eusko Legebiltzarreko lan batzordean agertzeko. Juan Carlos Gomez langile batzordeko presidenteak hartu zuen hitza alderdi politikoetako ordezkarien aurrean, eta aitortu zuen hegazkingintza krisian dagoela, baina «ezin dela ukatu» krisi horrek iraungitze data bat duela. «Litekeena da sektorea 2023an itzultzea aurrekora», iragarri zuen.
Gomezek langile batzordearen uste hori argudiatu zuen, eta, horretarako, Airbusen egoera aletu zuen. Hura da Aernnovaren bezero nagusia, eta, esan zuenez, ez du bertan behera utzi eskaera bakar bat ere, «atzeratu baizik». Gehitu zuenez, Airbusek «ez du lan kargaren galera arazorik». Era berean, batzordeko presidenteak azaldu zuen azken hilabeteetan munduko aire trafikoa «berpiztuz joan dela», eta egun COVID-19aren aurreko garaiko kopuruaren %75ean dagoela, eta, hegazkin komertzialen kasuan, %60an. «Datu hauek ezeztatu egiten dituzte entzun ditugun iragarpen katastrofikoak, baita Tapia sailburuak eginikoak ere».
Diru kontuak ere aipatu zituen Gomezek. Esan zuen taldearen ekoizpen ahalmena hazi egin dela, eta Aernnovaren egoera ekonomikoa «inbidia sortzeko modukoa» dela, dibidendu «ikusgarriak» banatzerainokoa. Azken bost urteetan, irabazi garbiak 290 milioi eurotik gorakoak izan dira. Are gehiago, batzordearen arabera, otsailean Aernnovak 490 milioi euroko mailegu bat eskatu zuen, eta horietatik 100 milioi irabaziak banatzeko erabili nahi zituen. «Irabaziak ez ditu erabili nahi txakalaldi hau igarotzeko; nahiago du akziodunen poltsikoetara joatea, eta, bitartean, lanpostuak suntsitzea».
Egoera horretan, ez dute asmorik kaleratze bakar bat ere ametitzeko. Euren eskaintza da erregulazioa ken dadila, enpresaren asmo bakarra «kaleratzea eta kaleratzea» delako, erreala ez den «irudi apokaliptiko» baten aitzakian. Aernnovan, izan ere, badute eskarmentua behin behineko neurrietan, 2010etik 2018ra tarte ugaritan egon baitziren aldi baterako erregulazioetan sartuta. Gauzak horrela, «denbora» eskatu die Jaurlaritzari eta enpresari berari, pandemiaren bilakaera ikusi eta eustea ahalbidetuko duten «legezko neurriak» aurkitzeko.
Zergatik Jaurlaritzari? Harreman estua duelako Aernnovarekin: adibidez, enpresak ezingo du inor kaleratu 2021era arte gobernuarekin duen akordio batek eragozten diolako. «Diru publiko ugariri esker sendoturiko lanpostu horiek ezin dira alferrik galtzen utzi». Batzordearen datuen arabera, Aernnovak 70 milioi euroko laguntzak jaso ditu Eusko Jaurlaritzarengandik, eta 50 milioikoak Espainiako Gobernuarengandik.



