Novaltia, 538 egun pankartarekin
Hogei dira grebalariak, langileen %40, eta, azaroan «albiste txarra» jaso zuten arren, animoak, oro har, onak direla azaldu du Ibai Carranza langile batzordeko kideak. «Egunak izaten dira, baina grebari ekin genion langile guztiek hor jarraitzen dugu. Badakigu arrazoia dugula». Albiste txarra epaitegietatik iritsi zitzaien, Bilboko epaitegi batek «lan eskubideen urraketarik handienen» salaketa ez epaitzea erabaki baitzuen.
Novaltiako langileek bi salaketa jarrita dituzte enpresaren aurka: aurrenekoa, 2019ko abuztuan eginiko lan ikuskatze arin baten ondorioz; eta bigarrena, azaroan epaitu ez zena, urraketa gehiagorekin. «Ezin dira alderatu, azaroko epaiketako gure txostena askoz landuagoa da, datu eta salaketa berri askorekin: lana Zaragozara [Espainia] eraman dutela, nagusiek gure lana egiten ari direla, ordu estra pila bat… Epaileak, baina, esan zuen auzi bera ezin dela bi aldiz epaitu. Eta ez da egia, salaketak ez dira berak. Badirudi ez duela lan egin nahi».
Azaroko erabakiari jarritako bi helegiteen erantzuna «maiatz alderako» espero dute; beraz, ordura arte iraungo du grebak gutxienez. Urte eta erdi daramate borrokan, 2019ko uztailaren 22az geroztik, erresistentzia kutxei esker irauten dute. «Bestela, ezinezkoa litzateke», onartu du Carranzak. Hogei langileetatik hemezortzi ELAko afiliatuak dira, eta bi LABekoak. Sindikatuen babesa jaso dute: «Ez arduratzeko esaten digute, kutxa horretarako dela. Borrokarako arrazoiak ditugula ikusten dute: eskatzen duguna ez da beste munduko ezer, enpresak hasieratik ez du negoziatu nahi izan… Greba luzea bada, ez da gu ez garelako mugitzen».
Oporretan, ordezkoak
Eusteak, baina, badu beste arrazoi bat, balio estrategikoko eskaera batzuk ere epaitzen ari baitira, eta aurrekariren bat ezar dezakete. Carranzak bat azaldu du: «2019an, ez genuen lan hitzarmena berritu, eta, aurrekoa luzatu beharrean, Espainiako aplikatu ziguten. Hori legez kanpokoa da. Ultraaktibitatea ez zuten errespetatu, eta hori garrantzitsua da lan harremanen markoan».
Beste gatazka puntu estrategiko bat grebalariak ordezkatzeko lorturiko zirrikitua da. Haien oporrak ordezkatzen ari dira aldi baterako lan enpresa baten bitartez. «Grebalari batzuen oporrak! Guk ez dugu oporrik pilatu», nabarmendu du, harrituta. «Gure balizko opor egunak estrategikoki kokatu dituzte sei hilabetez lauzpabost ordezko langile kontratatzeko. Pentsa, Angel Lapuente Jaurlaritzako Lan zuzendariarekin bildu ginen, eta onartu zigun hori legez kanpokoa zela».
Hilabete bukaerarako mobilizazio gehiago prestatzen ari dira, grebarekin jarraitzeko prest baitaude. «Bide guztiak agortu direla ikusten baduzu, agian berriak bilatu behar dituzu, estrategia aldatu… Baina, oraingoz, gu ez gara puntu horretara iritsi».



