Kybsek erretiro aurreratuak eskaini ditu, kaleratzeak atzera bota ostean
Proposamen horiek mahai gainean jarri baditu ere, negoziazioa hasi besterik ez da egin. Datozen hiru asteetan astelehenero eta ostegunero biltzeko asmoa dute, eta aditzera ematen du xehetasun ugariz hitz egiteko asmoa dutela.
Langileei azalpena
Ororbian, Kybsek automobilentzako motelgailuak ekoizten dituzte, eta 900 langile ingururi ematen dio lana Kayaba taldeak. Langileen batzordean, LABek gehiengoa du 10 ordezkarirekin; UGTk bost ditu, CCOOk eta ELAk bina, eta Solidarik zein CCPk bana. Lehenik eta behin, sindikatuek bileraren nondik norakoak azaldu egin behar dizkiete langileei datozen orduotan: gaueko txandakoei bart gauean zehaztu zieten, eta goizeko zein arratsaldekoei gaur bertan emango diete horren berri.
Zuzendaritzak sindikatuei argudiatu zien pandemiaren ondorioz bezeroen eskari garrantzitsuak bertan behera geratu zirela. 2019an, lantokiak 2,6 milioi euroren irabaziak izan zituen, baina iaz 3,6 milioi euroren galerak izan dituela dio. Egoera ikusirik, sindikatuek «kudeaketa txarra» egitea aurpegiratu diote zuzendaritzari.
Nahiz eta lan erregulazioko espedientea atzera bota, enpresak 2023ra begirako produkzio jaitsiera aurreikusten du, eta, horren ondorioz, uste du ehun lanpostu inguru sobera daudela. Hasieran, espedientea 2023ra arte luzatuta, kaleratzeak apurka egitea proposatu zuen. Behin hori atzera botata, erretiro aurreratuen bidez egin nahi du. Gaur egun, 60 langile inguruk dute 60 urtetik gora. Gainerakoa, borondatez enpresa uzteko pizgarriekin osatzea proposatu du 70.000 eurokoak izango lirateke.
Atzo gaueko batzarrean eta gaur egingo den horretan langileen erantzuna jaso zain, datorren egunetan emango du bere iritzia langileen batzordeak. Enpresak lan erregulazioko espedientea atzera bota badu ere, kezkaz ikusten dute etorkizuna eta zuzendaritzaren planteamendua. Enpresak proposatutako alternatibez harago, aurrera begira fabrikaren zein enpleguaren gaineko bermeak izatea proposatuko dute.
Parlamentuan, EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «albiste ona da» Kayabak hasierako asmoan atzera egin izana. «Edonola ere, ondorioa argia da. Krisi honek eta eredu produktiboaren aldaketak eragin zuzena du langileengan. Erne erreparatu beharko diegu Kybsen gertatzen denari eta beste enpresa batzuetan gertatzen denari», zehaztu zuen. Pandemiaren aitzakian halako neurri gehiago etor daitezkeela ohartarazi zuen.



