ITP Castingsen ez da akordiorik izan, eta baliteke 136…
Ezkerraldeko industria bizkarreko handia hartzeko zorian dago. 505 langilek dihardute egun PCBk Sestaon eta Barakaldon dituen plantetan (Bizkaia), eta %30ek lanpostua gal dezakete aurki. Horiei urtarriletik hona kalean geldituriko behin-behineko 120 langileak gehitu behar zaizkie, enpresak ez baitzien kontratua berritu. Sindikatuak oso haserre irten ziren atzo enpresarekin izandako azken bileratik, eta protestan jarraituko dutela aurreratu dute. Hasteko, beste hiru greba egun egingo dituzte Gabonetako zubiaren ondoren.
Langile batzordeko kideek esana zuten ez zutela kaleratzerik onartuko, eta jarrera horri eutsi zioten azken egunera arte. Bilera EHUk Leioako campusean duen eraikin batean izan zen, kanpoan protesta egiten ari ziren langileen zarata ozenaren soinu bandarekin. Enpresako zuzendaritzak azken astean egindako eskaintza mantendu zuen: 77 kaleratze, hamar erretiro aurreratu, eta bi urterako aldi baterako erregulazio espedientea lantalde guztiarentzat: %25ekoa 2021ean; eta %20koa 2022an. Haren kalkuluen arabera, ekoizpena erdira jaitsiko da hurrengo urtean, eta 2024ra arte ez da aurrekora itzuliko.
Kaleratzeak, garestiagoak
Sindikatuek badakite ez direla garai onak hegazkigintzarentzat ITPk turbinak egiten ditu, eta PCBk, haientzako piezak, baina krisi iragankorra dela uste dute, eta enpresaren iragarpenak ezkorregiak direla. Horiek hala, bi eskaintza berri egin zituzten atzo: ELAk eta LABek bi urteko aldi baterako erregulazio batean oinarrituriko proposamen bat egin zuten. Haien kalkuluen arabera, aldi baterako erregulazioa kaleratzeak baino merkeagoa da enpresarentzat, eta hori bada zerbait, PCBk arrazoi ekonomikoetan oinarritu baitu erregulazioa.
CCOOk eta UGTk, berriz, erretiro aurreratu batzuk eta irteera boluntarioen aukera eskaini zuten. Enpresak, baina, entzungor egin zien biei, eta horrekin bukatu zen bilera. PCBk, orain, hamabost egun ditu argitzeko zer egingo duen eta ea 136 kaleratzeen asmoari eutsiko dion.
Langileak neurria auzitara eramateko prest daude, eta indartsu sentitzen dira. Udazkenean beste epaiketa bat irabazi zuten, epaileak bertan behera utzi baitzuen PCB egiten saiatu zen aldi baterako erregulazioa. Enpresaren egoera ikusita, horrelako neurri bat hartzeko arrazoirik ez zegoela ebatzi zuen. Izan ere, eta sindikatuen datuen arabera, ITP taldeak 95 milioi euro irabazi zituen 2019an. Auzi honen korapiloak, gainera, beste hari bat du: Rolls Roycek, ITP Aeroren jabea denak, turbina enpresa osoa saldu nahi du, eta multzo barneko plantetako batek horrelako auzibide bat irekia izateak erosleak uxa ditzake.
BEZ zero tasa onartu dute PCR probetarako eta covid-19aren…

BEZ zero tasa onartu dute PCR probetarako eta covid-19aren aurkako txertoetarako. Covid-19aren aurkako osasun materialaren eta maskara kirurgikoen BEZ % 4koa da.
Osakidetzaren “egiturazko arazoak” salatzeko manifestazioak egin dituzte EAEn

Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek manifestazioak deitu dituzte asteazken honetarako Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
Euskal ekonomiaren susperraldia mantsotu egin da turismoaren beherakadagatik

Euskal ekonomiaren susperraldia mantsotu egin da azaroan, covid-19aren kutsatzeek izandako gorakadarekin ondotik. Pandemiak gogor jo du turismoaren sektorea
Lan eta enpleguak % 10,49 handitu du gastu-gaitasuna. Lanbide…
ITP-PCBko bilera epea amaituko da gaur, eta akordioak zaila…
Enpresak herenegun egin zuen ustez bere azken eskaintza dena: 77 kaleratze, hamar erretiro aurreratu eta bi urteko aldi baterako erregulazioa lantalde guztiarentzat. 2021ean, lanaldiaren %25ri eragingo lioke; eta 2022an, %20ri. Horretarako, baina, bezero jakin batekin akordio bat sinatu behar du, eta ez du haren izenik eman negoziazioetan. Era berean, langileen gehiengoak eskaintza onartu beharko luke; alegia, gero epaitegietara jotzeari uko egin beharko liokete.
Langileek, aldiz, aldi baterako neurriak aski direla uste dute. Are gehiago, batzordearen kalkuluen arabera, bi urteko aldi baterako erregulazioa kaleratzeak baino konponbide merkeagoa litzateke enpresarentzat, eta hori ez da xehetasun txikia, PCBk arrazoi ekonomikoak argudiatu baititu erregulazioa egiteko. Enpresak hurrengo urtean ekoizpena erdira jaitsiko duela aurreikusi du; langileen ustez, aldiz, iragarpen horiek ezkorregiak dira.
Portuko akordioa, gertuago
Portuko gatazkan gorriz markaturiko eguna zen atzokoa. Lan Ministerioak ezarritako bide orriko lehen mugarri handia. Zamaketariek, enpresek eta Veronica Martinez Espainiako Lan zuzendari nagusiak bilera egin zuten ministerioan. Aurretik langileak eta enpresak bi aldiz bilduak ziren Bilbon, baina bitartekaria egoteak jarrerak gerturatzea erraztu zuen. Era berean, nabarmentzekoa da azken egunetan tentsioa asko baretu dela. Zamaketariak lanera itzuli dira 57 eguneko grebaren ondoren, eta Bilbo Estibak ez du gauzatu egin nahi zuen aldi baterako lan erregulazioa.
Zamaketariak gustura gelditu ziren Martinezen lanarekin. Zortzi orduko bilera izan zen, eta negoziazioa erraztu zutela iritzi diote. Sindikatuen eskaerak, gainera, asko sinpletu dira grebak iraun duen tartean. Badakite portuko lan asko liberalizatu egin direla, eta, testuinguru horretan, kontratu mugagabea duten 315 zamaketarien lanpostua ziurtatu dadila eskatzen dute; eta poltsa historikoko behin-behineko 103 langileak apurka finko bilakatzen joan daitezela hamabi urte daramatzate egun bateko kontratuak pilatzen. Atzoko bileran egutegiaren eta lan banaketaren inguruko xehetasun teknikoetan sakondu zuten, eta orain zamaketariei dagokie lana antolatzeko eskaintza bat bidaltzea enpresari.
Enpresak ere baditu etxeko lanak. Zamaketariek bere gain hartu ditzaketen ardurak zeintzuk diren zehaztu behar dute. Gatazka puntuetako bat dira portuko lurreko lanak, itsasontziekin harreman zuzena ez dutenak, alegia: kamioiak kargatu, haiek gidatu… Liberalizazioaren ondorioz, lan horiek ezin dira zamaketarien lan itunaren bidez arautu. Horrek, baina, ez du esan nahi egin ez ditzaketenik, edota akordio bidez zehaztu ezin daitezkeenik. Lan horiek zamaketarien jardunaren %30 inguru dira, eta haiek egiteko eskubiderik gabe zaila da zamaketari guztien lanpostua bermatu ahal izatea.
Asko dago oraindik zehazteke, baina hurrengo bilerak noiz izango diren erabakita dago. Hilaren 30ean Bilbon elkartuko dira, eta urtarrilaren 13an, berriz ere Madrilen. Enpresen zein zamaketarien idatzizko eskaintzak izango dira bilera horien oinarria, eta hortik irten beharko litzateke konponbide posiblea.
Bilera horietan akordiorik ez balego, orduan bai katramilatuko litzateke portuko egoera. Bilbo Estibak eta Portuko Agintaritzak behin baino gehiagotan esan dute begi onez ikusiko luketela arbitrajearen aukera. Lan Ministerioak, ordea, ez du gustuko bete beharreko laudoaren formula, greba eskubidea urratzen duelako. Zamaketariak ere ez dira fio laudoarekin, eta, beharko balitz, berriz ere grebekin hasteko prest leudeke.
«Kamioilariak etxera ekartzeko modu guztiak ari gara aztertzen»
«Ez daude inorekin hitz egiteko moduan. Esan digute gure ahotsa bakarrik entzun nahi dutela, eta esateko etxera datozela». Montxi Galan enpresako kudeaketa zuzendariak BERRIAri azaldu dio kamioilariak zeinen egoera zailean dauden: «Ez dute inolako albisterik blokeoa noiz buka daitekeen jakiteko; badakite Gabon gaua eta Eguberri eguna Ingalaterran pasatuko dituztela. Muga bihar bertan irekiko balute ere, ez dago denbora nahikorik etxera garaiz iristeko. Horregatik, gaur-gaurkoz, helburu bakarra da urtea amaitu aurretik etxean egon ahal izatea». Muga gauerdian zabaldu dute berriro, baina albiste hori atzo iluntzean iritsi zen, eta gaur egun bizia izango dute enpresan, aukera berriak aztertzen.
Dena den, blokeo egoera beltz hori apur bat arindu du Galanek, konpainiako kamioilariek dituzten hainbat abantaila txiki azaltzean: «Guk igandean bertan ohartarazi genien hau gerta zitekeela, eta kamioiak aparkalekuetan uzteko esan genien; badute ostatua alboan, eta dutxa eta komunak ere bai. Zaintza duten aparkalekuak dira; alegia, gutxieneko baldintza batzuekin». Eta kamioiek daramatena galdu ote daiteke? «Gure kasuan, ez, hilabete iraun dezakeen zama dugulako, baina milaka kamioi daude geldirik errepideetan, iraungitzen diren produktuekin, freskoekin, adibidez. Desastre hutsa da hau guztia».
Insaustirentzat aritzen direnak ez dira Ingalaterrako kostaldean harrapaturik geratu diren euskal kamioilari bakarrak. Zaila da esaten zenbat diren, baina ez daude askoz gehiago. Hiru sindikatuak dio bere afiliatuen artean soilik hiru-lau joaten direla Erresuma Batura, «batez ere arraina eramatera, Getariatik eta Ondarroatik», baina garraiolarien sindikatuak ez du jakin inor harrapaturik geratu ote den han.
Batera edo bestera, koronabirusak Dover inguruan eragin duen kamioien pilaketak apenas duen aurrekaririk. «Horrelakorik ez dugu sekula ikusi», dio Insausti enpresako bozeramaileak; ez alferrik, 30 kilometroko ilarak daude. Londres eta Paris negoziazio bizian egon dira azken orduetan, muga ireki ahal izateko eta ferryak martxan jartzeko; batetik, kamioilari askoren egoera muturrekoa delako: errepidean lo egiten, jatekoa eta edatekoa soberan eduki gabe; eta, bestetik, Boris Johnson lehen ministroak ez duelako gehiagotan azaldu nahi publikoki janari hornidurarekin arazoak daudela ukatzen.
Brexit-aren negoziazioen azken saio etsian iritsi da COVID-19aren aldaera kutsakorragoaren albistea, eta negoziazioa bera baldintzatu du, lehen gauza eurotunela irekitzea delako orain Londresentzat, eta baita ferryak ere: kontinenterako sarbideak, alegia.
Oiartzungo Insausti enpresarentzat, berriz, lehen helburua da bere kamioilariak etxera ekartzea. «Pertsonak dira langileak baino lehen, eta familia zain dute etxean gabonak pasatzeko. Etxera ekartzeko modu guztiak ari gara aztertzen. Hegazkinez ezin dela ematen du; bide hori moztua dago. Autoz etortzeko aukera aztertu dugu, baina ez da erraza. Esaten ari dira agian Marokora joan daitezkeela hegazkinez, eta handik Euskal Herrira iritsi, Madrildik igarota».
Etsipena ez luzatzea
Kamioiek eta barruan daramaten zamak ere kezka eragiten du, noski, baina oraindik aste batzuk egin dezaketenez barruan iraungi gabe, enpresak badaki aurrerago berreskura daitezkeela.
Azkenean, Frantziak gauerdian ireki du muga, eta litekeena da kamioilariak egun gutxian iristea Euskal Herrira, Espainiak beste hainbeste egingo duelako; baina benetan zaila ematen du ostirala baino lehen iristea, ez delako erraza milaka kamioi martxan jartzea. Europako Batasuneko kideen artean adostasuna egon da, ordea, eta egoerari soluziobidea eman diote, baita milaka kamioilariren etsipenari ere.