Brexit osteko lehen ferrya heldu da Bilboko Portura Erresuma…

Brexit osteko aurreneko ferrya Erresuma Batutik iritsi da. Arancha Gonzalez Layak azpimarratu duenez, Bilboko Portua egoera berriari aurre egiteko “prest” dago.

Zergei dagokienez, Espainiako Gobernuaren azken erreformak ez die ia eragingo Hego Euskal Herriko herritarrei, batez ere zerga zuzenak ukitu dituelako Madrilek, eta horien gaineko eskuduntza dutelako foru ogasunek. Zeharkako zergetan, ordea, Espainiako erakundeek dute azken hitza, eta horren ondorioz, igo egingo da edari freskagarrien gaineko BEZa, %10etik %21era. Gasolioaren gaineko zerga ere handitzeko asmoa zuen Espainiako Gobernuak, baina atzera egin zuen, EAJk halakorik ez egiteko baldintza gisa jarri ziolako 2021erako estatuko aurrekontuak onartzearen truke.
Prezio arautu batzuetan ere izan da aldaketarik, baina aurreko urte batzuetan baino kalte txikiagoa egingo diete herritarren patrikei. Inflazioa negatiboa izateak —Espainian, -%0,5—, prezioak izoztera eraman ditu hainbat erakunde.
Sindikatuen arabera, Euskal Herrian 68 langile hil dira beharrean ari zirela, eta beste langile batek, Joaquin Beltranek, desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegiko hondakinetan. Horiei gehitu behar zaizkie, LAB sindikatuaren zerrendaren arabera, Euskal Herritik kanpo lanean ari zirela hildako beste hiru euskal behargin.
Krisiko urte gogorrenetako beherakadaren ostean, laneko heriotzen kopuruak berriz ere goranzko bidea hartu zuen, eta 2018an 68 langile hil ziren. Gero, 2019an berriz jaitsi egin ziren, 44 behargin hil zirenean lanean.
Baina 2019koa parentesi bat besterik ez zen izan, eta 2020an berriro kondenazioa bete da: jarduera maila jakin batetik gora, euskal ekonomia ez da gai modu iraunkorrean heriotza horiek saihesteko.
Eta lantokietan istripu traumatikoak murrizten badira, iktusek, bihotzekoek eta halakoek hartzen dute lekukoa. Sindikatuek argi daukate, prekaritatea da heriotza eta istripu guztien errudun nagusia.
Edonola ere, iazko urte makurrarekin, zaila da zentzuzko alderaketak egitea, besteak beste, jarduera eta sektore ekonomiko desberdinetan gorabeherak handiak izan direlako, milaka langile egon direlako enplegu erregulazioan, telelanean… Heriotzen iazko zerrendan bada, hala ere, datu esanguratsurik.
Adibidez, garraio sektorean hildako langileen kopurua deigarria da, beharbada sektorearen egoera prekarioaren erakusle, eta funtsezko langile askok pairatutako lan erritmoen adierazgarri. Izan ere, lan osasuna bermatzea ez da soilik istripuak eragoztea, langileen osasuna ez delako ongizate fisikora mugatzen. Herritarren buruko ongizatea muturreraino eraman duen pandemiak eta haren kontrako neurriek marka utzi dute langile askoren osasunean.
Hamalau kamioilari hil dira iaz lanean ari zirela, haietatik bi Euskal Herritik gertu (Aragoin eta Errioxan). Heriotza horietatik zortzi izan dira ez-traumatikoak, bihotzekoek eta iktusek eragindakoak tartean.
Koronabirusari berari dagokionez, berriz, ziurrenez inoiz ez da jakingo zenbat diren guztira behargin kutsatu diren —eta horren erruz hil— lanean ari zirela. Sindikatuen zerrendetan martxoan eta apirilean zenbatutako lau heriotza agertzen dira COVID-19ari lotuak: Galdakao Ospitaleko 52 urteko erizaina izan zen lehena, eta Zorrotzaurreko IMQ klinikako 36 urteko erizaina bigarrena. Lesakako Arcelorreko langile baten heriotza ere badago LABen zerrendan, eta Gasteizko Caser zaharren egoitzako langile bat izan zen laugarrena.
Bina hildako hiru istripu
Istripu hilgarrietan, nola ez, heriotza bat baino gehiago eragiten dituztenak gogoratzen dira gordinen. 2020an horrelako hiru istripu izan dira bina heriotza ekarri dituztenak. Martxoan bi langile hil ziren lotan zeudela, Azkoitian (Gipuzkoa), haien txurro dendak su hartu zuenean.
Urrian beste bi beharginek galdu zuten bizia Lapuebla de Labarcako familia upategi batean (Araba), hartzidurarako depositu batera erorita.
Hala ere, 2020ko lan istripuetan lazgarrienetakoa otsailaren 6an gertatu zen, Verter Recyclingen Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) milaka tona hondakin jausi zirenean, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatuz. Beltranek desagertua jarraitzen du, 2020ko laneko heriotzen zerrendan ofizialki sartu gabe.
Zerrenda hori, oraingoz, joan den asteazkenean Donostian Urumea ibaira erori eta autotik atera ezinik hildako ertzainarekin itxi da. Kondenazioak zerrenda berria zabaldu arte.
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, esaterako, programaren funtsa mantenduko dute, aldaketa txiki batzuk eginda. Marta Barandiaran EHUko Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen arabera, Erasmus+ programari orain arte bezala eutsiko diote ikasturtea amaitu arte; hortik aurrera ere, «aldaketa oso gutxi» egongo dira, Barandiaranen hitzetan. «Gu ez gaude oso kezkatuta», azpimarratu du. Izan ere, Erasmus+ programa ez ezik, Latinoamerika eta Beste norako batzuk izeneko programak ere baditu EHUk. Erasmus+ programatik atera, eta azken horretan sartuko dute datorren ikasturtetik aurrera Erresuma Batua.
Zenbait ikaslek beka ezinbesteko dute gisa horretako programetan parte hartzeko. «[EHUko ikasleek] Erasmus beka ez dute izango, baina Eusko Jaurlaritzak emango die beka bat», azaldu du Barandiaranek. Jasoko duten kopurua «antzekoa» izango dela dio, agian, «pixka bat» gutxiago: «Hilero 30 bat euro gutxiago. Beharbada [Eusko Jaurlaritzak] erabakiko du Erasmus bezala tratatzea, eta Erasmus ikasleek jasotzen duten beka ematea». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak BERRIAri berretsi dio Erresuma Batura joateko bekak emango dituztela. Antzera joko du Nafarroako Gobernuak ere: «Nafarroako Gobernuak, printzipioz, ez ditu mugikortasunerako laguntzak aldatuko; hau da bere gain hartuko ditu Erresuma Baturako laguntzak, beste herrialde batzuetakoak bezala».
Euskal Herriko ikasleek sumatuko duten beste aldaketa bisa atera beharra da. Sei hilabete baino gutxiagorako joaten badira, ez dute horren beharrik izango; bai ordea, sei hilabete baino luzeagoko egonaldiak egiteko. 383,6 euro balioko du. «Deserosoagoa izango da, bisa atera beharko dutelako, baina Beste norako batzuk programan dauden lurraldeetara joateko egiten duten bezala», azaldu du Barandiaranek.
Baina ez da Euskal Herritik ikasleak bidaltzea soilik, handik datozenak ere jaso behar dituzte Euskal Herriko unibertsitateetan. Hala azaldu du Barandiaranek: «Oso garrantzitsua da oreka mantentzea: ikasleak bidali behar dituzu, baina baita jaso ere». Horretarako, Erresuma Batuak, Erasmus+ programaren ordez, irailerako programa propio bat Turing izenekoa jarri nahi du martxan, 100 milioi liberako ia 110 milioi euroko inbertsioa eginda. Barandiaranek nabarmendu du ez dakitela zer gertatuko den horrekin: «Oraingoz, oso informazio gutxi daukagu». Antzeko egoeran daudela esan du Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ere: «Oraindik garatzeko dago, eta oraindik ez dakigu haren irismena zein den».
«Berri txarra»
Erresuma Batuko unibertsitateek eta ikasleek agur esan beharko diote Erasmus+ programari. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari «berri txarra» iruditzen zaio: «Europar espiritua galtzea eragingo du».
Barandiaranentzat, berriz, «pena bat» da: «Nire ustez, pena bat da, hango unibertsitateek zailtasun gehiago izango dituztelako kanpoko ikasleak jasotzeko». Zailtasunak zailtasun, ikasleak jasotzen nahiz bidaltzen jarraituko dute EHUtik: «Gure unibertsitatearekin ez dute arazorik izango».

Zenbat igoko dira pentsioak 2021ean?
Urte berriak berrikuntza bat badakar: bertan behera geldituko da Mariano Rajoyren gobernuak (PP) ezarritako kalkulua (%0,25eko igoera defizita dagoen urteetan), eta KPIaren araberakoa ezarriko da. Kotizaziopeko pentsioak %0,9 igoko dira. Hego Euskal Herrian 1.245,52 eurokoa da batez bestekoa: beraz, 11,2 euro gehiago hilean. 2.707,49 eurokoa da gehiengoa. Guztira, 700.650 pentsio kobratzen dira lau lurraldeetan, iaz baino 5.231 gehiago. Gastua, denera, 872 milioi eurokoa da hilero.
Zeintzuk izango dira erretiroa hartzeko baldintzak?
2011ko erreforman ezarri bezala, 65 urterekin hartu ahal izango da, baina 37 urte eta hiru hilabete baino gehiago kotizatu dutenek. Iristen ez direnek, 66 bete arte itxaron beharko dute. Gutxienez, hamabost urte kotizatu behar dira.
Badaude beste modalitate batzuk: erretiro partziala hartu nahi dutenek (pentsioa lan kontratu batekin uztartzen dutenek) 62 urte izan beharko dituzte, eta gutxienez 35 urte eta 3 hilabete kotizatuta. 33 urte kotizatuta, 63 urte beteta izatea eskatuko zaio langileari. Aurretiazko erretiroa hartu nahi duenak, berriz, 64 urte izan beharko ditu, eta 35 urte kotizatuta. Nahi gabeko erretiro aurreratuaren kasuan (kaleratzeengatik-eta), 62 urte eta 33 urteko gutxieneko kotizazioa behar da, eta kontratua amaitu izanaren arrazoia justifikatua edo objektiboa izan behar da. Aurretiaz erretiroa hartzen dutenen pentsioa %6,5 eta %8 artean murrizten da, kotizazio urteen eta 65 urte betetzeko falta duten denboraren arabera.
Kotizazio oinarriak aldatuko al dira?
Ez. Egungo egoera ekonomikoa dela-eta hartu du erabaki hori gobernuak. Kotizazio oinarriak langile baten kostu erreala islatzen du, eta horren gainean ezartzen da enpresak eta beharginak jarri behar duten kotizazioaren zatia. Gehienezko oinarrien kasuan, gobernuak ohartarazi du aurrerago proposatuko duela igotzea. Horrela, bigarren urtez jarraian, 4.070,10 euroan mantenduko da, hileko, lanaldi osoko kontratuetan .Gutxienekoa 1050 euro izango da. Hori igotzeko, lanbide arteko gutxieneko soldatan erabiltzen den ehuneko bera aplikatzen da, eta hori ez da igoko, gobernuak hala egingo zuela hitzeman zuen arren. Argudiatu du patronalaren babesik gabe ez duela egingo.
Zer gertatuko da babes klausularekin?
Beste urtebetez luzatuko da. Klausula hori 2008ko krisi ekonomikoaren harira sortu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) gobernuak, lan merkatura itzultzea lortzen ez zuten adineko langabeek eta enplegua erregulatzeko espediente batean zeudenek erretiroa hartzean euren pentsioetan zigorrik jaso ez zezaten. Horren arabera, 2011 aurreko araudia ezartzen zaie, urte horretan abian jarritako erreformako baldintza gogorretatik kanpo.
Rajoyren gobernuak klausula horri iraungitze data bat jarri zion, Sanchezek luzatu egin zuen, eta orain, beste urtebetez egin du. Nahiz eta neurriak eragiten dien gehienek erretiroa hartua duten, oraindik badira 2013 baino lehen, krisi ekonomikoaren erdian, kaleratu zituzten langileak eta aurten erretiroa hartuko dutenak.
Eta aurrera begira, zer?
Pentsio sistemaren erreforma dator, Bruselak eskatu moduan. Sistemaren iraunkortasuna lortzea du helburu. Horretarako, gastuak doitu eta diru sarrerak handitu behar dira. Hortaz, egungo sistemaren oinarri ugari ukituko dituzte. Eztabaida mahai gainean dago. Erretiroa hartzeko baldintzei buruzko puntuarekin hasi dira. Parlamentuko batzordeak bere egin du aurreko erreformak horri buruz ezarritakoa: 67 urte izango da erretiro adin arrunta 2027an, eta horra heldu arte urtetik urtera igotzen joango dira erretiro adina eta kotizazio urteak.
Aldiz, pentsioak kalkulatzeko kotizazio epeen inguruan eztabaida dago. Gobernuak zabaldu duenez, 25 urtetik 35 urtera luzatu nahi du. Horrek ekarriko luke pentsioak batez beste %5 inguru murriztea: urte gehiago kontuan hartuz gero, txikiagoa izaten da ohikoena, baita hasierako lan urteetako soldatak txikiagoak izatea gerorakoak baino.
Gobernuak agindu du gaia Toledoko Mahaiko eragileekin eztabaidatuko duela, eta proposamen bat egingo diela neurri hori dela-eta pentsiodunek izango luketen galera murrizteko. Iradoki du aukera bat izan daitekeela kotizazio urte negatiboenak zenbaketatik kanpo uztea, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman.
Beste lan ildo batzuk ere zabalik dituzte. Pizgarriak handitzea erretiroa legezko adinetik harago atzeratzea erabakitzen dutenentzat (pentsiodun berrien %5ek baino ez). Horrekin batera, mahai gainean dago pentsioa lanarekin uztartzeko formulak indartzeko aukera, eta legezko adina baino lehen erretiratzen direnentzako baldintzak gogortzekoa, batez ere libreki hala erabakitzen dutenen kasuan (sei pentsiodun berritik batek). Kasu horretan, gobernuaren asmoa litzateke murrizketa beti %8koa izatea aurreratutako urte bakoitzeko, eta penalizazio hori pentsioari aplikatzea eta ez oinarri arautzaileari, gaur egun egiten den moduan.

Azkenean iritsi da brexit-a gauzatuko den eguna, akordio eta guzti gainera. Erresuma Batuak gauerdian utziko dio erabat Europako Batasuneko kide izateari. 47 urtez izan da kide, 1973. urtean Irlanda eta Danimarkarekin batera batasunean sartu zenetik gaur arte. 11 hilabetez negoziatzen jardun ostean, joan den astean adostu zuten akordioa Bruselak eta Londresek, eta azken egunetan akordioa gaur gauean gauzatu ahal izateko pausoak ematen jardun dira.
Azken urrats horiek atzo eman zituzten Erresuma Batuan: Komunen Ganberak arratsaldean eman zion baiezkoa itunari; jarraian Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak sinatu zuen akordioa; Lorden Ganberak gauean eman zion baiezkoa; eta, azkenik, Elizabeth II. erreginak sinatu zuen bi aldeek adostutakoa, gauerdian.
Amaierara iritsi da lau urte eta erdi iraun duen prozesua, baina gutxiengoak soilik adostu dituzte Bruselak eta Londresek, eta aurrerantzean ere negoziatzen jarraitu beharko dute harreman berriaren oinarriak ezartzeko. Johnsonek atzo esan zuenez, gaur gauean «garai berri bat hasiko da Erresuma Batuarentzat». Gehitu zuen aurrerantzean Europako Batasuna izango dela Londresen aliatu nagusia: «Kostata, baina iritsi da momentua, eta baliatu egin behar dugu».
Bihar gauzatuko da brexit-a eta berrezarriko dira mugak eta aduanak Mantxako kanalaren alde bietan. Dena den, ituna ez da osorik aplikatuko denbora batez, Europako Parlamentuak onartu arte, gutxienez. Aurreikusita dago bozketa hori urtarrilaren 18ko astean egitea.

