Enpresariak errebotearen olatuaren zain daude oraindik, kezka betean
Laboral Kutxak dio badirela zantzuak «egoera hobera doala» esateko, baina «ziurgabetasun handi baten barruan», eta ekonomia bidegurutze batean dagoela uste du, non adi jarraitu beharko den ekonomiaren eta osasunaren arteko harremanak zein norabide hartzen duen datozen asteetan.
Aldagai zehatzei buruz galdetuta, enpresa gehienek (%46,2) uste dute fakturazio maila berean geratuko direla, apiriletik ekainera. Baina herenek (%32,5) aurreikusi dute fakturazio apalagoa izango duela; eta soilik %21,3k diote gehiago salduko dutela bigarren hiruhilekoan.
Jarduerari buruzko erantzunak ere bat datoz uste orokorrekin. Galdetutako enpresarien ia erdiek (%47,8) uste dute ez dela aldaketa handirik sumatuko jardueran. Herenek gutxi gorabehera (%35,4) uste dute udaberrian, jarduera ekonomikoa are okerragoa izango dela. Baikorrak ez dira hamarretik bira ere iristen (%16,9). Haiek jarduera suspertuko dela uste dute.
Eta enpresek zutik irauteko beharrezkoa duten errentagarritasunak zein bide hartuko ote du? Bada, gehienek uste dute (%51) ez dela aldaketa handirik egongo aldagai horretan; %38k, ordea, errentagarritasuna murriztu egingo dela diote; eta bakarrik hamarretik batek (%10,8) aurreikusi du errentagarritasuna handituko duela. Hori horrela, inbertsio mailari eutsiko diote erdiek baino gehiagok, eta bakarrik hamarretik hiruk inbertituko dute gutxiago.
Enpleguari begira
Beraz, negozioetarako baldintzak ez dira hobetuko behar bezainbeste, eta jokaleku horretan enpleguak ezingo du gora egin indarrez uda aurretik. Baina enpresari gehienek (%72) ez dute espero lantaldeak murriztea; bakarrik %16k uste dute baietz, lantaldea murriztu egin beharko dutela.
Horrenbestez, enpresen konfiantza 42,8 puntu da, aurreko txostenean baino handiagoa (31,4), baina hobekuntzak ez du tarterik uzten ezer ikusgarririk aurreikusteko datozen hilabeteetan; hasteko, erakusle hori 50etik behera egoteak islatzen duelako atzeraldian dagoela ekonomia.
Ikuspegi ezkorra gailentzen da oraindik ere, eta enpresak zain daude susperraldi baten olatua hartzeko, txertoek pandemiaren egoera argi eta garbi hobetzen dutenerako. Ezin da ahaztu, izan ere, enpresen erdien (%54,4) esportazioek behera egin dutela, eta %40k bere hartan eutsi dietela atzerriko salmentei. Bakarrik %5ek lortu dute gehiago saltzea kanpoan.
Hala, Laboral Kutxaren txostenak islatzen du enpresek ez dutela espero laster errebotea eragingo lukeen hobekuntza bat.



