Eusko Jaurlaritzak beste 88 egitasmo sartu ditu Europako funtsen…
Jaurlaritzak Euskadi Next plan «berritua» onartu zuen atzo. Iazko abenduan aurkeztutako egitasmo nagusi eta handienei, orain, proiektu berri batzuk gehitu dizkie, baina, funtsean, aukera baliatu du zerrendatutako proiektuak beste modu batean sailkatzeko. Hiru atal edo multzotan banatu ditu guztiak, eta ekonomia suspertzeko proiektu autonomikoen figura da hor berritasun nagusia. Hori ahalbidetzeko eskatu dio Madrili.
Europako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoko diru funtsak lortzeko Espainiako Gobernuaren planean jasota daude ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak deiturikoak —PERTE, gaztelerazko laburduran—. Horien bitartez, Madrilek enpresen egitasmoak biltzen ditu atalka, eta unitate gisa tratatzen ditu, Europako funtsak lortzea errazteko. Jaurlaritzak nahi du autonomia erkidegoek ere aukera izatea proiektu horiek diseinatzeko, egitasmoak zatikatu behar ez izateko eta dirua lortzeko ministerio ezberdinetara jo behar ez izateko. Dena den, Azpiazuk berak gogoratu duenez, Madrilek sortu duen proiektu estrategikoen figura hori Bruselaren oniritziaren zain dago oraindik.
Hiru multzo handi
Azpiazuk azaldu duenez, dokumentuan jasotako 29 proiektu sar daitezke Madrilek orain arte zabaldu dituen sei PERTEetan; batez ere hidrogenoarekin eta mugikortasunarekin lotutakoak daude hor, eta 5.084 milioiko kostua izango lukete guztira, Europako funtsak, diru laguntza publikoak eta inbertsio pribatuak kontuan hartuta. Jaurlaritzaren xedea da Bruselatik lortzea finantzaketaren %35 inguru.
Hor azaltzen dira jada abenduan bere planean jaso zituen enpresa egitasmo nagusiak: BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorea (1.300 milioi euro) eta Basquevolt bateria elektrikoen fabrika handia (882 milioi). Bigarren hori non eraikiko den ez da zehazten, baina Gipuzkoak horrelako beste fabrika bat izateko asmoa aipatzen da, Mubil mugikortasun zentroarekin loturik —75 milioiko aurrekontuarekin—.
Abenduko zerrendan azaltzen ez ziren egitasmoen artean, propultsio aeronautikoarekin loturiko bat da nagusia, ITP enpresa buru duena (190 milioi eurokoa). Espainiako Gobernuak egitasmo aeroespazialean atal bat sortu du bere PERTEetan eta horren barruan sartu du Jaurlaritzak.
Madrilek beste lau PERTE sortuko ditu, baina erabat zehaztu gabe daude oraindik esparruak eta baldintzak. Azpiazuk azaldu du Madrilek hori egitean Jaurlaritzak aztertuko duela bere planetik zein egitasmo sar ditzakeen horien barruan edota berriren bat gehitu dezakeen.
Espainiaren zatiaren %10
PERTE autonomiko deiturikoetan, berriz, 63 proiektu bildu ditu, 6.400 milioiko guztizko kostuarekin eta bederatzi ataletan banatuta. Hor, proiektu nagusiak hauek dira: industria lurzoruak berriz oneratzeko egitasmoa, 885 milioiko aurrekontua duena, eta banaketa elektrikoko sareen eraldaketa digitala, 489 milioikoa. Bestela, proiektu txikiagoak jasotzen dira, zahar etxeak egokitzea, adibidez (150 milioi).
Bi multzo horiez gain, Europako funtsetatik parte bat eskuratu nahi du Jaurlaritzak administrazio publikoen diru laguntzen deialdien bidez garatzeko: aurreikusi duenez, guztira 6.399 milioiko aurrekontua izango lukete egitasmo horiek guztiek. Multzo horretan, diru gehien beharko luketenen artean daude Bilboko metroaren 5. linea (350 milioi euro) eta Urdaibaiko Guggenheim museoa (127 milioi).
Guztira, beraz, 18.286 milioiren kostua duten 276 egitasmo aurkeztuko dizkio Jaurlaritzak Madrili; haren kalkuluen arabera, 6.400 milioi irits daitezke Europako funtsetik. Madrilek Bruselatik jasoko duenaren %10 ia.



