Europatik kanpoko enpresen esku hartzea mugatuko du Bruselak
Batzordeak bere egitasmoan ez du esplizituki aipatzen Txina, baina agerikoa da neurri horren bitartez Bruselak mugatu egin nahi dituela herrialde horretako enpresek azken urteetan Europan egindako erosketak eta bestelako mugimenduak. Adibidez, Txinako kapital publikoarekin hainbat negozio erosi dituzte, logistikaren arlokoak bereziki; besteak beste, Grezia, Espainia eta Italiako portu batzuetako azpiegiturak.
Gainera, pandemia dela eta, Bruselak bere burua behartuta ikusi du bere estrategia industriala berrikustera; besteak beste, osasun krisiak agerian utzi duelako Asiarekiko mendekotasun handia duela funtsezko produktu batzuetan; azken adibidea autogintzaren sektorekoa da, txip elektronikoen faltagatik produkzioa mantsotu edo eten behar izan baitute Europako lantegi batzuek.
Brusela eta Pekinen artean tentsioa handitu den garai batean iritsi da, beraz, Vestagerren iragarpena. Gainera, 2020ko azken-aurreko egunean iragarritako merkataritza akordioa berresteko daukate oraindik. Testuinguru horretan, fitxa mugimendu gisa uler daiteke Bruselaren egitasmoa, baina testuan Batzordeak azaldu du haratago doala, laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresen auzian irtenbide multilateral bat lortu nahi duela. 2020ko urtarrilean, AEBekin eta Japoniarekin adostu zuen arau horiek indartzea Munduko Merkataritza Erakundearen esparruan, baina «zentzuzko denbora batean irtenbide multilateral bat aurkitzea zaila denez», Bruselak bere kabuz jokatzea erabaki du.
Kontrola eta isunak
Araudia indarrean jartzen denean, Batzordeak enpresen erosketa edo bat egite guztiak jakinaraztera behartuko du, Europatik kanpoko enpresa bat dagoenean inplikatuta eta horrek azken hiru urteetan 50 milioi euro edo gehiagoko laguntza publikoak jaso baditu. Horrez gain, Europan eskuratuko duen enpresaren fakturazioa gutxienez 500 milioi eurokoa izan beharko du. Batzordeari jakinarazi beharko zaio, halaber, kontratazio publikoko prozeduretan, laguntza publikoak jaso dituzten Europatik kanpoko enpresak daudenean tartean eta lehiaketa publikoak 250 milioi euroko edo gehiagoko balioa duenean.
Bi kasu horietan, batzordeak gaitasuna izango luke ofizioz ikerketa bat hasteko eta kautelazko neurriak hartzeko, baldin eta diru laguntza bat merkatua desitxuratzen ari den zantzuak baditu eta uste badu merkatuan kalte egiteko arrisku larria dagoela. Halaber, fakturazioaren %10erainoko isunak ezartzeko aukera izango luke.





