Multinazionalei zuzendutako zerga-sistema adosteko urratsa eman du G20k

Multinazionalei zuzendutako zerga-sistema adosteko urratsa eman du G20k.





Susperraldi bizkorraren ondorioz, Bruselak uste du euroguneko ekonomiak aurretik uste baino hiruhileko bat lehenago berreskuratuko duela pandemia aurreko BPG erreala; hots, aurtengo azken hiruhilekoan. Edonola ere, herrialde batetik bestera bada aldea, eta haietako askok 2022ra arte itxaron beharko dute krisi aurreko neurrira heltzeko.
Europako ekonomiak uste baino portaera hobea izan zuen urteko lehen hiruhilekoan, eta bigarrenean, osasun egoera hobetu ahala, espero baino bizkorrago arindu dira murrizketak, batez ere zerbitzuen sektorearen mesedetan. Orain, txertatzeak martxa onean doazela, herritarren eta enpresen sentimenduei buruzko inkestei begira, Europako Batzordeak kontsumo pribatuaren eta inbertsioen gorakada sendoa espero du. Uste du horrek konpentsatuko dituela, neurri batean, lehengaien behin-behineko eskasiak eta manufakturako kostuen igoerak eragindako kaltea.
Hala ere, ziurtasun gabeziak eta arriskuak hor daude, eta bi mehatxu dira handienak Batzordearentzat: batetik, COVID-19aren aldaera berriak daude, eta txertaketa bizkortzea oso garrantzitsua izango da horri aurre egiteko. Bestetik, inflazioa ere kezka iturri da. Aurreikusi baino handiagoa izan daitekeela uste du Batzordeak, eskaintza murrizketek hor jarraitzen badute eta prezioen presioa kontsumitzaileengana iristen bada.
Turismoaren pisua
Herrialdeka, turismoaren eragina antzematen da datuetan. Sektore horrekiko menpekotasun handiena duten estatu kideak izan ziren 2020an kolpe handiena jaso zutenak, Espainia ( -%10,6), Italia (-%8,9), Grezia (-%8,2), Kroazia (-%8) eta Frantzia (-7,9) buru zituztela. Eta nazioarteko turismoa erdizka baizik itzuli ez den arren, haiek izango dute, oro har, erreboterik handiena: %6,2 Espainiak, %6 Frantziak, %5,4 Kroaziak eta %5 Italiak.