Oraingoz, EBren funtsen 500 milioiren kudeaketa bermatu du Jaurlaritzak
Diru horren banaketari buruz hitz egiteko konferentzia telematikoa izan zuen atzo Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak autonomia erkidegoetako sailburu ekonomikoarekin. Ministroak adierazi zuen dagoeneko erabakita dagoela diruaren hiru laurden, 7.230 milioi euro, nora joango diren.
Konferentzia horretan parte hartu ondoren, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ziurtatu zuen bere gobernuak ia 500 milioi euro dituela bermatuta. Hiru urtean jaso beharreko dirua da hori, eta Gasteizko gobernuak berak kudeatu beharko du haren banaketa. Madrilera bidalitako Euskadi Next planean, berriz, Jaurlaritzak 6.400 milioi euro eskatu zituen bere proiektuetarako.
Azpiazuk gaineratu zuenez, irailetik aurrera jakingo dute gehiago diruaren banaketari buruz.
Nafarroako Gobernuak ez zuen daturik eman.



