Araban kilo bat mahats ekoizteak 70 eta 80 zentimo…
Arabako mahastizainek atzo eman zuten aurtengo kanpainaren berri. Uzta ona izan da: 80 milioi kilo mahats inguru bildu dira, iaz baino bost milioi gehiago. Kalitatez oso ona izan da, iraileko eguraldiak mesede handia egin baitzien mahastiei. «Mahats bilketaren baldintzak oso onak izan dira, eta hori ardo bikainen ataria izaten da», aurreratu zuen Gonzalezek. Uzta ona izan da, baina ez arazorik gabea, eskulan gabeziak atzeratu egin duelako. Marokotik langileak ekartzeko traba burokratikoak egon dira, eta Espainiak eta Frantziako beste lurralde batzuetako bilketek Arabako Errioxakoarekin eta Errioxakoarekin bat egin dute.
Arazoak arazo, baina, mahatsa biltegietara iritsi da, eta orain dator hura saltzeko garaia. Mahastizainak kexu dira azken urteetan upategiek oso merke erosi dutelako, eta mobilizazioak egin dituzte prezio horiek salatzeko. Iragan irailean manifestazio jendetsua egin zuten Logroñon. Gonzalezek berak adierazpen ugari egin ditu prezio duinagoak eskatuz, eta ikerketarekin oinarri zientifiko bat eman nahi izan dio mahastizainen aldarriari.
Baina zenbatean saltzen da mahats kiloa? Errioxako sor-markak emaniko datuen arabera, iaz batez beste 0,63 zentimo ordaindu zen mahats beltza, eta 0,52 zuria. Prezio horrek Arabako Errioxako eta uzta Errioxako upategiei saltzen dieten Nafarroako mahastizaleei eragiten die. Azken horiek 700 inguru dira.
Pandemiak eragin zuzena izan zuen prezio merke horretan, baina 2019an 0,85 euroan saldu zen mahats beltz kiloa, eta 2018an, 0,95 euroan. 2017an, berriz, 1,19 euroan saldu zen, baina urte hura salbuespena izan zen. Aurreko hiru uztetan 91, 87 eta 84 zentimoan saldu zen, hurrenez hurren. Eta hori ez da prezio hain baxua; Nafarroa sor-markako upategiek, esaterako, mahatsa 25 eta 40 zentimo artean erosi zuten iaz.
Kalitatea ordain dadila
Prezio hori, dena den, batezbesteko bat da. Kalitate oso oneko mahastiek garestiago saltzen dute, eta horri egin zion dei Gonzalezek: «Mahatsa merezi duen bezala ordaintzeko, prezioak landaren eta mahatsaren araberakoa izan behar du. Upategi batzuek eurotik gorako prezioan erosten dute kiloa, kalitate hori aitortzen dutelako». Mahastizainen eskaera da uzta jaso aurretik finkatu dadila prezioa, eta prezio horiek legez babestu daitezela. Negoziazio marko egonkorrak bilatzen dituzte, urtetik urterako gorabeheren menpe egon gabe.
Inflazioa %4ra igo da, azken hamarkadako kopururik handienera
Urtea hasi zenetik, prezioek etengabe gora egin dute ia alor guztietan, energiarenek bultzatuta. Baina ez da arrazoi bakarra. Osasun krisiak hobera egin duen neurrian, jarduera ekonomikoa eta kontsumoa suspertu egin dira, eta, horrekin batera, lehengai eta produktu askoren prezioak handitu egin dira, inbutu efektua sortu baita zenbait merkatutan, eskari handiari erantzun ezinda dabiltzalako.
INE Espainiako Estatistika Institutuak atzo kaleratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian abuztutik irailera %0,8 garestitu dira hark aintzat hartzen dituen produktuen prezioak; urtea hasi denetik, %3,1 handitu da, eta, iazko irailekoekin alderatuta, %4. Lurraldez lurralde, %4,1 Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta %3,9 Bizkaian.
Bereziki energien garestitzea dago igoera horien atzean; udatik inoizko preziorik garestienen artean daude argindarra, gasa eta gasolina. Etxeko energiak iazko irailean baino %16,1 garestiago daude Nafarroan, eta %14,6 beste hiru lurraldeetan. Jarraian, garraioarekin loturiko prezioak igo dira gehien: %9,4 eta %9,1, hurrenez hurren.
Elikagaien erosketa saskian ere nabaritu da igoera, %2 ingurukoa: jaki asko dira urte hasieran baino garestiagoak: olioa, kafea, haragia, barazkiak… horien ekoizpen eta garraio kostuek gora egin baitute nabarmen azken hilabeteetan.
Orain arte lasai agertu dira erakundeak inflazioaren gorakadarekin; susperraldi ekonomikoaren ondorio positibo gisa hartu dute. Baina azken hilabeteetan zenbait ahotsek, Nazioarteko Diru Funtsak, besteak beste, ohartarazi dute joera horrek luzaro irautea arriskutsua izan daitekeela, bereziki energiaren prezioak beste produktuetara eta zerbitzuetara igarotzen badira. Ohartarazi du inflazio espektatiba handiak kaltegarriak izan daitezkeela inbertsioarentzat eta enpleguarentzat.
Soldatekin adi
Soldatetan ere eragin nabaria du KPIak, erosahalmenarekin lotzen baita; egungo mailari eutsiko balio, igoera handiak jaso beharko lirateke horren araberako igoerak adostuta dituzten lan itunetan, eta negoziatzen ari diren hitzarmenak era baldintzatu ditzake.
Halaber, ahalegin handiagoa eskatuko lieke administrazioei, langile publikoen soldatak eta pentsioak egokitzeko, besteak beste. Funtzionarioen kasuan, Espainiako Gobernuak %2ko igoera zehaztu du aurrekontuetan; KPIaren azpitik, beraz. Madrilek kopuru hori jarri du egungo egoera ezohikoa eta aldi baterako izango dela iritzita, energiaren krisiak eragindakoa, eta 2022ko bigarren hiruhilekorako egoera normalizatzen hasiko dela pentsatuta; zail ikusten du inflazioa egungo mailan mantentzea datozen hilabeteetan, eta uste du logikoena dela urteko zatirik handienean %2tik behera egotea.
Pentsioetan, berriz, behartuta dago KPIa kontuan hartzera, eguneratze sistema berria erabiliko baitu: aurtengo batez besteko KPIaren arabera eguneratuko ditu, hortaz, eta uste du hori %2 eta %2,5 artean izan daitekeela urte amaieran.
Kopuru horiek bat datoz EBZ Europako Banku Zentralaren aurreikuspenekin. Datorren urtean inflazioa %2tik behera egongo dela uste du, eta %1,5etik behera 2023an.
ArcelorMittalek geldialdiak egingo ditu Europako hainbat lantegitan argindarraren prezioaren…

ArcelorMittalek geldialdi partzialak egingo ditu Europan dituen hainbat lantegitan, argindarraren prezioaren gorakadaren ondorioz. Multinazionalak lau fabrika ditu Euskadin. Alabaina, zuzendaritzak oraindik ez du argitu ekoizpena zein lantegitan geldituko duten.
Argindarraren prezioa % 44 garestitu da urtebetean

Elektrizitatearen prezioa % 44 garestitu da urtebetean, 2020ko eta 2021eko iraileko datuak alderatuta. Orduan argiaren prezioak % 0,1eko jaitsiera izan zuen.
Diputatuen Kongresuak konpainia elektrikoei murrizketak aplikatzea babestu du, aldaketarik…

Diputatuen Kongresuak konpainia elektrikoei murrizketak aplikatzea babestu du, aldaketarik gabe. Horrela, PSOEk eta Unidas Podemosek babesteaz gain, lege-dekretuari baiezko botoa eman diote ERC, EH Bildu, CUP, Mas Pais-Equo, BNG, Compromis, Teruel Existe, PCR eta Nueva Canariasek.
«Trantsizioa azkartu egin behar da»
Larrialdia mugatzeko garai erabakigarrian, Glasgowko COP26 bilkuraren aurreko egunetan, eta munduko ekonomia energia krisia nozitzen ari den honetan, IEA Nazioarteko Energia Agentziak atzo emandako mezua garbia izan zen: energia garbiak dira bidea; gauzak aldatzen ari dira, baina munduak hobetu dezake; konpromiso gehiago eta haiek betetzeko inbertsio gehiago behar dira, beroketa 1,5 gradutan gelditzeko.
IEAk urtero argitaratzen duen World Energy Outlook txostena aurkeztu zuen atzo; hainbat berritasun dakartza, garai erabakigarriaren erakusle. Esanguratsua da, esaterako, txostenaren aurkezpena aurreratu izana, COP26a baino lehenago egiteko. Esanguratsua da lehen aldiz txostenean energia balioak exajouletan (EJ) adieraztea, eta, hala, orain arte erabilitako neurria, petrolio milioi tona baliokidea (Mtoe), ordezkatzea ere. Berritasunik handiena, hala ere, txostenean munduko ekonomiarentzat landutako agertokietan dago. IEAren agertoki normatiboa Net-Zero da, beroketa 1,5 gradura mugatuko lukeena. Agertoki horretarako baldintzak beteko balira, erregai fosilek 2025. urtean goia joko lukete.
Gasa ez da bidea
Alde horretatik, IEAko zuzendari Fatih Birolek argi utzi nahi izan du egungo energia krisiaren eragileak ez direla energia garbiak: «Batzuek esan dute energia garbietarako trantsizioaren lehen krisia dela hau. Hori ez da zuzena. Ez gaude ados horrekin. Loturarik izatekotan, arazo hau ez daukagu energia garbi gehiegi daukagulako, baizik eta gutxiago daukagulako». Eta ezbaian jarri du zenbait sektoretan gas naturalari trantsizioko energia gisa ematen ari zaion garrantzia. «Gas naturala energia fidagarri eta energia garbiaren osagarri gisa irudikatzen ari dira, baina haren prezio aldakorrak ez dira albiste ona».
IEAren arabera, erregai fosiletan egindako inbertsioen geldotzea adierazten du egungo krisiak; eta irtenbidea energia garbietan gehiago inbertitzea dela uste du. «Ez gara behar adina inbertitzen ari etorkizuneko energia beharrak asetzeko, eta ziurgabetasun horren ondorio dira egungo prezioak». Desoreka horri aurre egiteko modua argia da, IEAren arabera:«Energia garbietan inbertitzeko bultzada handiagoa eta azkarragoa behar da».
Urtero 3,5 bilioi euro inbertitu beharko direla aurreikusten du. Eta ahalmen txikiagoa duten herrialdeei lagundu beharko zaiela. IEAren arabera, 2050ean neutraltasuna lortzeko, gobernuek egun jartzen duten diruaren halako hiru bideratu beharko dute hamarkada honetan. «Trantsizioarekin lotutako inbertsioak pixkanaka handitzen ari dira, baina gutxiegi dira oraindik», azpimarratu du.
Ekonomia berri bat
Ekonomia global berri bat agertzen ari dela ere esplikatu du Tim Gould IEAko Energia ekonomistak. «Elektrifikatuagoa, efizienteagoa, lotuagoa, digitalagoa, eta garbiagoa» izango den ekonomia bat, hazkunderako eta enplegurako potentzial ikusgarriarekin. Munduak 2050erako deskarbonizaziorako bideari jarraitzen badio, industriarentzako aukerak handiak izango dira. Hala, agertoki horretan, bost sektorek soilik —erregai pilak, elektrolizagailuak, bateriak, turbina eolikoak, eta modulu fotovoltaikoek— gaur egun petrolioak duen adinako merkatua izango lukete mende erdirako.
Urriaren 31n hasiko den Glasgowko bilerara begira, mezu argia eman du IEAk. «Energia trantsizioak hainbat talderen mende daude: komunitateak, konpainiak, gizarte zibilak, inbertsiogileak… baina haietako inork ez du gobernuek bezainbesteko ahalmenik eta eraginik gure energia patuari forma emateko. Horregatik, han bilduko diren liderrei eskatzen diegu seinale nahasezina eman dezatela teknologia garbi eta erresilienteen hazkunde bizkorrerako».
Elektrikoei egindako pultsuari eutsi dion erakutsiko du gaur Madrilek
Iberdrola eta beste lau konpainia handiak sumindu egin ditu zentral nuklear, hidrauliko eta eolikoengatik jasotzen duten gainsaria itzuli beharrak, zerutik eroritako irabaziak deitzen zaien horiek, eta erreakzio bortitza izan dute 2.600 milioi euroren murrizketa izango zena zekarkielako; orain askoz handiagoa izan daiteke kopuru hori, argindarraren prezioen gorakada itzela dela eta. Horregatik, Pedro Sanchez estu hartzeko mugimenduak errenkadan iritsi dira azken hilabetean, eta gaur ikusiko da PSOEk argindarra merkatzeko neurri guztiei eutsiko ote dien.
Azken ordura arte gutxieneko adostasun bat bilatu baitu gobernuak argindarraren oligopolioarekin. Sektoreko aktore nagusi Iberdrola izan zuen atzo iluntzean negoziakide. Ignacio Sanchez Galan Bizkaiko konpainiako presidentearekin batzartu zen Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa. Sanchez Galani mehatxuen estrategia bukarazteko arrazoi sendoak eman ote dizkion jakiteko dekretuari begiratu beharko zaio gaur.
Izan ere, Sanchezen gobernua estu hartzeko, industria erabili du Iberdrolak, kalibre handiko munizio gisa. Konpainiak ez die eutsiko bezero handiekin dituen luzerako kontratuei, industriari alegia, eta horrek bete-betean harrapatu du euskal altzairugintza. Sidenor hogei egunez geldituko dela jakin eta gero, Eusko Jaurlaritzan alarmak piztu dira, eta EAJko kongresukide Aitor Estebanek abisu argia eman zion atzo Pedro Sanchezi, dekretua doitu dezan: «Ekonomia dago jokoan, eta zure gobernua ere bai». Zergak Bizkaian pagatzen dituen konpainiarekin eta sektoreko beste lauekin kritiko azaldu zen Esteban: «Ez da onargarria elektrikoek enpresak erabiltzea beren interesen alde»; baina dekretuak ekarriko dien irabazien murrizketa doitzea eskatu zuen, «soluzio sakonagoak behar direlako».
Ezkerreko botoak
Estebanek ez zuen aurreratu EAJren botoa zein izango den, baina gobernuak murrizketa osoari eutsiz gero —zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek megawatt-orduko hogei eurotik gora jasotzen duten diru guztia itzultzea—, ez dirudi aldeko botoa emango duenik. Hala ere, espero da Espainiako Kongresuak argindarraren faktura merkatzeko helburu duen erreforma berretsiko duela, ezkerreko taldeen botoekin. Ez alferrik haserrea piztu du alderdien artean konpainia elektrikoen jarrerak azken hilabetean.
Lehenik eta behin, zentral nuklearrak dagokien baino lehenago itzaltzeko mehatxua egin zuten. Gero, iragarri zuten energia berriztagarrietan egin beharreko inbertsioak eten egingo zituztela. Baina bezero handiekin zituzten luzerako kontratuak bertan behera uzteak eragin du presiorik handiena Madrilgo gobernuan, industriaren martxari eta susperraldi ekonomikoari berari eragiten dielako. Iberdrolako presidenteak «izugarrizko interbentzionismoa» ikusi du dekretuan, ordea, eta jokoa ez da amaituko erreforma bere horretan berresten badute.
Baina, gaur, PSOEn dago arreta. Harrapaturik dagoelako konpainia elektrikoen aurrean hein batean amore ematea eskatzen ari zaienen eta dekretuaren koma bat ere ez mugitzeko exijitu diotenen artean. Gobernuko bazkide Podemos oso argia izan da: «Ez dugu milimetro bat ere mugitu behar, interes orokorraren alde ari garelako». Sanchezi ohartarazi dio elektrikoen gainsarien murrizketan aldaketak eginez gero ez duela aldeko botorik emango.
Euskal patronala, aurka
Iberdrolarekin beste era batera jokatu behar dela uste dutenen artean, EAEko patronala dago. Confebaskek, SEAk, Cebekek eta Adegik gutun bat igorri diote Teresa Ribera ministroari, esateko dekretua onartzeak «oso ondorio negatiboak» izango dituela euskal industrian. «Gure argindar kostuak okertuko ditu, eta energia kostuak oinarrizkoak dira lehiakor eta bideragarri izateko».
Estatuak gutxiago inbertituko du Hego Euskal Herrian 2022an

2022rako Estatuko Aurrekontuen lege-proiektuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak 489,56 milioi euro jasoko ditu inbertsioetan, 2021ean baino 59,12 milioi (% 10,77) gutxiago, hain justu ere. Nafarroak, berriz, 77,08 milioi euro jasoko ditu, 12,94 milioi (% 15,32) gutxiago.
Zeintzuk dira herritarrek argindarraren ordainagirian pagatzen dituzten zergak?

Zeintzuk dira herritarrek argindarraren ordainagirian pagatzen dituzten zergak? Hiru zerga mota aplikatzen dira egun.