Lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa berretsi du Diazek,…

CCOO sindikatua Madrilen egiten ari den Kongresu Federalean hitz egin du Espainiako Gobernuko Lan ministroak.

Uztailetik irailera, 15.900 pertsona gutxiago daude hiru lurraldeetako langabeen zerrendan. Horrela, 92.700 pertsona daude orain langabeen kolektiboan, enplegua bilatzen ari diren, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituzten, eta gainera, lan egiteko aukera dutenen zerrendan. Horietatik 48.200 dira gizonezkoak (aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gutxiago), eta 44.600 emakumeak (-8.400).
Langabezia tasarik txikiena Gipuzkoak du, %7koa, 24.100 langaberekin. Araban, tasa %9,2koa da, eta langabeak 14.900. Eta Bizkaian langabezia tasa %9,9ra apaldu da, 53.800 langaberekin.
Eustatek langabeen nazionalitateari ere begiratu dio. 92.700 langabeetatik 71.100ek dute nazionalitate espainiarra, eta 21.600ek hortik kanpokoa.
Okupazioak gora
Edonola ere, landunen kopurua nabarmen handitu da hirugarren hiruhilekoan, 9.300 okupatu gehiagorekin; aurreko hiru hilabeteetan zenbatutakoa baino %1 gehiago. Horrekin, okupazio tasak 0,6 puntu egin du gora, %68,3raino. Emakumezkoen jarduera tasa %65,2koa da, eta gizonezkoena, berriz, %71,4koa.
Biztanleria okupatuak sektore guztietan egin du gora hirugarren hiruhilekoan, industrian izan ezik —1.700 landun gutxiago zenbatu dira sektore horretan—. Bestalde, zerbitzuen sektorean 8.600 okupatu gehiago daude; eraikuntzan, 1.900 gehiago; eta, lehen sektorean, 400 gehiago.
Hirugarren hiruhilekoan gizonen artean gertatu da okupazioaren gorakadarik handiena: 6.600 okupatu gehiago daude. Emakumeen artean, 2.700 okupatu gehiago daude. Okupazioa Bizkaian handitu da gehien, 5.000 pertsona okupatu gehiagorekin; Araban 3.000 okupatu gehiago daude; eta Gipuzkoan, 1.400 gehiago daude. Hiriburuei erreparatuz, Gasteizen 2.800 okupatu gehiago daude, Donostian 2.100 gehiago eta Bilbon 500 gutxiago.
Eustatek neurtu du hirugarren hiruhilekoan erkidegoan 902.200 etxe daudela, eta horietatik heren batek ez duela kide aktiborik —erretiratuak, ikasleak edo lan merkatutik kanpokoak—; aurreko hiruhilekoan baino 4.500 gehiago dira. Gainera, hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiek lana dute. Aurreko hiruhilekoan baino 7.400 familia gehiago dira. Eta, aldiz, etxeko kide aktibo guztiak langabezian dituzten 33.500 etxe daude, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gutxiago.
Horrek ez du esan nahi ekonomiaren gainean hodeitzarrak pilatzen ari ez direnik. Izan ere, nazioarteko testuinguru ekonomikoa «konplikatua da», eta ez dago argi etorkizunak zer ekar dezakeen. Hala nabarmendu zuen atzo Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariak, Iruñeko Tres Reyes hotelean. Egungo egoeran eragiten ari diren zergatien berri emateaz gain, etorkizuneko nondik norakoak azaldu zituen. Galdera-erantzunen txanda iritsi zenean, Elma Saiz eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Javier Kortajarena Laboral Kutxako lurraldeko zuzendariak parte hartu zuten. Gonbidatuen artean, lurraldeko enpresaburuen ordezkaritza bat izan zen.
Ekonomia ez da makina bat
Adituek espero zuten konfinamendutik atera ahala suspertuko zela ekonomia. «Krisi hau aurrekoaren desberdina da. Osasun larrialdi batek eragin du, eta, krisiak oro har txarrak badira ere, baikorrak ginen. Pentsatzen genuen pasatu ahala azkar suspertuko ginela. Ez da horrela izan», aitortu zuen Madariagak.
Errealitateak erakutsi du ekonomia ez dela piztu eta itzal daitekeen makina bat, eta, neurri handi batean, pandemiaren ondorioek eragin dute. Iazko udan eta udazkenean azaldu ziren arazoak, konfinamendua atzean utzi eta jarduera bere onera itzuli zenean. Indarrez suspertu zen eskariari erantzun nahi izan zieten enpresek, baina, biltegietako stockak agortu ahala, munduko hornidura katea ez zen gai izan haien beharrak asetzeko.
Iragan urte amaieran hasitako eskasiak gaurdaino iraun du, eta ez dago argi noiz amai daitekeen. Madariagaren arabera, txertaketaren inguruko desorekek zeresana dute, besteak beste: herrialde garatuetan pauta osoa hartua dute herritarren %60k —Hego Euskal Herrian txertatuta daude %80tik gora—, baina garabidean diren herrialdeetan %20 inguruk. Desberdintasun horiek nazioarteko hornidura kateko inbutu efektuak sortu dituzte.
Eskasiaren adibide argiena erdieroaleen krisia da. Nafarroako industria pandemia aurreko egoerara itzuli da, eta, 2019ko jarduerarekin alderatuta, %2,2 gehiago handitu da. Haatik, autogintza %25 beherago dago, Volkswagenek aurten hainbat egunez gelditu egin behar izan baitu produkzioa —urrian, kasu, lau egunez—. Asteon bertan langile batzordeak azpimarratu duenez, arazoa konpondu ordez handitzen ari da. Horregatik, Madariagak uste du krisi hori 2022an ere nabarituko dela, nahiz eta Alemaniako auto industriaren txosten batek iragarri urte amaierarako konponduko dela.
Erdieroaleen krisia alde batera utzita ere, hornidura arazoak dituzte enpresek, batik bat mineral eta metal lehengaiak behar dituztenek. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak uztailean izandako bilera baten xehetasunak kontatu zituen; hartan, industriako enpresek helarazi zioten «kezka handia» zutela: «Zamaontzietako edukiontzi batek 1.000-2.000 euro balio zuen lehen, eta, orain, berriz, 20.000 euro balio du, edo, zuzenean, ez dago ontzirik eta hegazkinez egin behar da. Mundu mailako arazo bat da. Txinak munduko altzairuaren bi heren esportatzen zituen, eta inportatu egiten ditu. Eskasia erabatekoa da. Los Angelesko portua, adibidez, erabat kolapsatuta dago».
Eskasiak lehengaien eta energia kostuen garestitzea eragin du, eta horrek inflazioa igotzea ekarri, Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. Era berean, Madariagak ohartarazi zuen salneurrien tenkatzearen ondorioz kontsumoa apaltzen hasi dela uztailetik: ekonomia moteltzen hasi da.
Norantz joko du, baina, ekonomiak? Madariagaren ustez, egungo mundu mailako hornidura arazoak bizpahiru hiruhilekotan konponduz gero, 2020 erdialderako, ekonomiak abiada hartuko du berriz; aldiz, lehengaien eskasiak eta inflazioaren arriskuak luze irauten badute, susperraldia baldintzatu dezakete.
Horregatik, Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariaren arabera, inflazioaren gorakada ikusita, diru politikaren kontrola duten banku zentralek egoera zail bati aurre egin beharko diote. «Diru politikaren aldaketa albiste txarra da. Etorri, etorriko da, baina ez dut uste berehalakoan helduko denik, EBZk oraindik ere erantzuteko tartea baitu». Izan ere, %1,8koa da egun euroaren eremuko azpiko inflazioa —prezioetan berehalako eragina duten elikagai eta energia kostuak aintzat hartzen ez duen datua—, eta EBZk prezioen kontrolerako %2ko muga jarri ohi du xede gisa. Bestetik, pandemiaren ondorioz estatuen zorra erosteko programa martxora artekoa da.
Martxotik aurrera, adi egon beharko da. Gakoa da inflazioaren mehatxua behin-behinekoa edo iraunkorra ote den. Iraunkorra balitz, ekonomia gehiegi berotzeko arriskua dago, eta baliteke EBZk interes tasak igotzea eta zorra erosteari uztea. Dena den, Madariagak uste du EBZk «malgutasunez» jokatzeko aukera duela.
Oraingoz, uztaileko aurreikuspenei eutsi egin die Laboral Kutxak. Aurten Nafarroako ekonomia %6,4 eta datorren urtean 6,7 haztea espero du. Abenduan berrikusiko ditu datuok; orduan ikusiko da egoerak zenbateraino eragin duen.
Gobernua, baikor
Dena den, Elma Saiz kontseilaria baikor dago. «Datuek erakusten dute susperraldia ez dela desio bat, errealitate bat baizik». Nafarroan, iaz epe berean baino %19 gehiago bildu da zerga bidez, eta 2019an baino %7 gehiago. Langabezia, berriz, «2020ko otsailekoaren antzekoa da», eta aldi baterako erregulazio espedienteen kopurua nabarmen apaldu da. Saizek onartu zuen gobernua kezkatua dagoela inflazioarekin, eta esan zuen hori aintzat hartuko dutela parlamentuan orain eztabaidatzekoak diren zerga neurrietan.



Dekretu horri erantzunez, bi iragarpen egin zituen Iberdrolak: batetik, kontsumitzaile handiekin —industriarekin— zituen kontratuak aldatuko zituela, argindarraren benetako prezioa islatzeko faktura berrietan; bestetik, eten egin zituen Espainiako adarrak egin beharreko inbertsioak. Iragarpen horiek eta Sidenorrek argindar garestiarengatik Basauriko fabrika egun batzuk ixteak kezka sortu zuten Jaurlaritzan, eta Madrili presio egiten aritu da industriarentzat prezio txikiagoak lortzeko; horretarako formula bat negoziatzen aritu dira.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak aldarrikatu du «Espainiako industria laguntzen jarraitu» nahi duela, eta horregatik «ahal duen heinean» bere gain hartuko dituela kostu gehigarriak. Horretarako, indarrean dauden kontratuak luzatzeko prest azaldu da, «betiere energia berriztagarrien tasa kentzen bada». Iberdrolak dio hilean 1.000 milioiko galera ekartzen diela konpainiei.
Euskal enpresek atzerrian duten jardunari behatuko dion zelatari bat sortzea da helburua. Kapitalari Plantok hainbat gizarte eragileren iritziak jaso ditu horretarako. Nazioarteko zuzenbidea oso motela da, eta, urraketak «sistematikoak» direnez, enpresak haien sorlekuan zaindu behar dituztela uste dute, kasu honetan Hego Euskal Herrian —Nafarroan bide bera hastea ikertzen ari dira—. «Euskal enpresa batzuek urraketak egiten dituzte, eta ez da nahikoa haien biktimak legebiltzarrera ekartzea. Aurrera egin behar da, urrunago iritsi», azaldu du Juan Hernandez Zubizarreta nazioarteko zuzenbideko EHUko irakasleak, proposamenaren egileetako batek.
Eta zeintzuk dira enpresa horiek? Bada, bultzatzaileen esanetan, salaketak egin dizkiete besteak beste CAFi, Senerri, Iberdrolari, Proserteki eta Gestampi. Era berean, asko dira antzeko salaketak jaso eta Euskal Herrian errotuta dauden atzerriko enpresak: esaterako, arropa denden kate handiak (H&M, El Corte Ingles…). Egun, desoreka juridiko handia dago legedietan, garabidean dauden hainbat herrialdetako legedia malgua delako, eta horregatik da garrantzitsua etxean eragitea. Zubizarreta: «Salaketa egiteko ahalmena izango luke zentroak, baita ofizioz ere. Auditoria hutsa baino gehiago litzateke: ikerketa publiko bat».
Nazioartean borondate oneko akordioak bultzatu dituzte, «erretorikoak gehiago zigortzaileak baino». Kontrol zentroei dagokienez, aurrekari gutxi dago, Suitzan eta Katalunian baino ez. Azken hori lege bidez sustatzea bozkatuko dute aurki, eta hango parlamentuaren %85 dago alde. David Gomez da bultzatzaileetako bat. «Urraketak kasu bakanak zirela zioten alderdiek, eta guk aurkakoa erakutsi diegu».
Legebiltzarraren esku
Kataluniako bidea duela zazpi urte hasi zuten. Oinarrizko proposamenean ahalmen zigortzailea aitortzen zaio zentroari, lehenbizi isunak jarriz, eta, urrunago iritsi behar izanez gero, Kataluniako erakundeetako lehiaketa publikoetara aurkezteko debekua ezartzeraino. Ikusi beharko da zertan gelditzen den.
Baina posible al da Eusko Legebiltzarrean halakorik onartzea? 2022ko apirilean ekingo diote bideari, legez besteko proposamen batekin edo herri ekimen legegile baten bidez. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-EBk begi onez ikusi dute. Ondorioz, EAJren edo PSEren babesa beharko lukete.

