Prezioak aurki «normalduko» direla uste du Laboral Kutxak
Laboral Kutxaren ikerketa taldeak abenduan egiten duen euskal ekonomiaren egoeraren txostenaren aurkezpenean egin ditu iragarpenak. Haien datuen arabera, 2022an BPGa %6,2 igoko da Nafarroan, eta %6,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Datu onak dira, baina duela sei hilabete eman zituztenak baino apalagoak. Ordukoan %6,8ko igoera iragarri zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %7koa Nafarroan. Pandemia aurreko balioekin alderatuz, egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako BPGa 2019an baino %4,5 beherago dago, eta Nafarroakoa, %2. Beste adierazleei erreparatuz, Nafarroako enplegu tasa %4,7 igoko dela uste dute, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa, %4,4. KPIak ere gora egingo du, %3,2 eta %3 hurrenez hurren.
Eta zergatik apaldu dituzte datuak? Bi dira gakoak, Joseba Madariaga ikerketa taldeko buruaren ustetan: «Pandemiaren bilakaera eta inflazioa». Aldagai horiek eragin nabarmena izan dute aurtengo bigarren seihilekoan. Ziurtzat ematen dute pandemiaren zama txertaketaren zabalkundearekin arinduko dela; beste kontu bat da, baina, prezioen garestitzea. Egun inflazioa %5,2koa da Hego Euskal Herrian, eta Madariagak azaldu du igoera horren %80 «garraioa, eta etxebizitza eta etxebizitza barneko energia garestitu izanaren ondorio» dela. Ikerlarien ustez, baina, hiru hilabeteko epean normaldu daiteke: «Neguan energia kontsumo fase handi batean sartuta egongo gara, eta hornidura arazo batzuk ditugu. Baina luze gabe konpondu beharko lirateke, eta horrek eragina izan beharko luke prezioetan». Dena den, gero ikusi beharko da erosketa saskiko zenbat produktu merkatuko diren atzera.
Inflazioa ez da luzatuko
Madariagak bere erantzuna arrazoitu du hainbat daturekin. Esaterako, irailean goia jo ondoren, itsaso garraioa ia %40 merkeago zegoen abenduaren hasieran. Brent petrolio upela ere merkatu egin da, baita gas naturala ere. Onartu du azken astean hiru aldagaiek gorakada txikia izan dutela, baina ez du uste luzarorako izango denik. «Horregatik uste dugu garestitzea apalduko dela. Hurrengo urteko inflazioan eragin zuzena izateko, erregaiek eta garraioek erritmo berean garestitzen jarraitu beharko lukete, eta ez dugu halakorik espero».
Horiek hala, 2021eko batez besteko inflazioa Nafarroan %3,3 izango dela uste dute, eta %3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta antzeko kopuruak datorren urtean.
Laboral Kutxako ikerlariak arduratuta daude aurtengo hirugarren hiruhilekoan izandako gertaera batzuekin: industria jarduera murriztu egin da hornidura krisiarengatik, eta txikizkako merkataritzak espero baino bilakaera kaskarragoa izan du. «Inflazioak beti du eragina kontsumoan», azaldu du Madariagak: «Ezusteko negatiboa izan da; pandemian egin den aurrezki poltsarekin konponduko zela uste genuen. Alegia, gehiago azaleratuko zela. Baina konponduz joatea komeni da». Erosketa ahalmenarekin lotuta doaz soldatak: «Igotzen badituzte, enpresek igoera hori eraman beharko dute prezioetara».





