Eusko Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu du langile…

Eusko Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu du langile publikoentzat. Neurri hori otsaileko nominan aplikatuko da, eta urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du.



Sindikatuak asaldaturik daude ikusita urtero-urtero exijitzen dituzten ikuskaritza zorrotzak ez direla nahikoak lan istripuen jario odoltsua eteteko, behar bezainbeste egiten ez direlako edo ez direlako beharko luketen bezain eraginkorrak. LAB sindikatuak aldamioekin lotutako araudiaren benetako aplikazioa jarri du miran: «Zalantza handiak sortzen zaizkigu: aldamioen araudia aldatu zenetik, babes perimetrala dutenak erabili behar dira, eta, hala ere, altuerako erorikoak behin eta berriro gertatzen ari dira. Prebentziozko arduradunaren lana guztiz desitxuratu du patronalak, Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker, eta, egiazki, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten diren ala ez segurtasunaren ikuspegitik». Egoera horrek sortzen du, LABen arabera, lan istripuetan «egun dagoen emaitza beldurgarria».
Larunbata ez da lan eguna
37 urteko eraikuntzako langile bat aldamiotik erori zen joan den larunbatean, 6. solairuko altueratik, eraikin bateko zaharberritze lanetan ari zela, Bilboko Deustun. Otsailaren 8an, berriz, beste lan istripu hilgarri bat gertatu zen eraikuntzan, Barakaldon. 62 urteko behargin bat zendu zen makina handi bat gainera erori zitzaionean.
Euskadiko CCOOk «zigor eredugarriak» eskatu ditu, eta ohartarazi du Deustuko istripua gertatu zela «laneguna ez den egun batean, Bizkaiko eraikuntzaren lan hitzarmenaren arabera». Ikerketa zorrotz bat egin dezaten nahi du CCOOk, «irregulartasunak» agerian gelditzeko, «egon badira». Halaber, Euskadiko UGTk jakinarazi du «ikerketa zorrotzena» egitea exijituko diola Osalani. CCOOk protesta bat egingo du gaur, goizeko hamaiketan, Deustuko lan istripua gertatu den eraikinaren parean, Sancho Azpeitia kalean. UGTk Bilboko bere egoitzan egingo du elkarretaratzea, eguerdian.
Gehiengo sindikalak, berriz, 11:30erako deitu du protestara, baina biharko, Botika Viejako 17.ean. LABek salatu du zailtasunak izaten ari dela istripuaren inguruko «informazio teknikoa jasotzeko». Osalanek ez dio inongo txostenik iritsarazi, sindikatuak esan duenez. Istripua larunbatez gertatu zela eta, «gehiegizko ordu eta lan kargen arriskua» nabarmendu du LABek: «Kontrolatzen al du administrazioak lan orduak errespetatzen ote diren? Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?», galdetu du sindikatu abertzaleak.
Aurreko astean, Arabako Batzar Nagusietan izan zen Emi Sanchez, eta han, federazioko bazkide ugarik «ezinegon handia» dutela azaldu zien batzarkideei. Elkarteak hamabi sektoretako 861 bazkide ditu, eta oro har lurraldeko negozioen %10 inguru ordezkatzen du. Batzar Nagusietan egin bezala, Sanchezek hasieratik BERRIAri argi utzi nahi izan dio ez daudela Ticket Bai-ren aurka. «Iruzurraren aurkako sistema bat da, eta Europan jada ezartzen ari dira. Bagenekien goizago edo beranduago etorriko zela. Gardentasunaren alde gaude, eta ez dugu inongo eragozpenik, baina hau ez da garairik hoberena inbertsio ekonomiko hori egiteko».
Inkestaren emaitzak
Haren ustez, «ez da garairik aproposena» sistema indarrean sartzeko. Bazkideen artean egindako inkesta baten emaitzak islatu du kezka hori. Galdetegia bidalitakoen artean, %30ek erantzun dute, eta horietatik %95ek epea urtebete eta 5 urte artean atzeratzeko nahia agertu dute. Halaber, %61ek oraindik ez dute aurrekonturik eskatu, eta ez dute ezagutzen horretaz arduratuko den enpresa hornitzailerik. Aurrekontua eskatua dutenen artean ere %8k soilik finantzatu dezakete inbertsio hori baliabide propioekin. «Ezjakintasun handia dago eta aurrekontua eskatu dutenen artean ere, ez dakite nola egin», laburbildu du Sanchezek.
Horren zergatiaz galdetuta, pandemiak sektore ugaritan eragindako anabasari egotzi dio errua. «Gure negozioaren iraupenak kezkatzen gaitu, eta gaur egun gure lehentasunen zerrendan azken tokian dago zein izan behar duen fakturazio sistema berria», azaldu du. Haren esanetan, ostalaritzan, esaterako, nahikoa esfortzu eskatu die murrizketen nondik norakoak ezagutu behar izateak ondoren fakturazio sistema berri baten xehetasunak ezagutzen hasteko.
Ticket Bai sistemak helburu bera badu ere, sektorez sektore hainbat aplikazio ditu, eta informazio orokorraz harago, negozioetako arduradunek zalantza ugari dituzte euren egunerokoan aplikatzeko orduan.
Fakturatzeko software aldaketak sektore guztien artean batez beste 500 euro eta 1.500 euroko kostua du, Sanchezen arabera. Ostalaritzaren kasuan, zenbait kasutan 2.000 eurotik gorakoa ere izan daiteke. «Ostalariek fakturazio programa osoak dituzte, eta inbertsio handiak egin dituzte azken urteetan. Askok ez dute oraindik amortizatua. Orain, inbertsio horrek ez die balio, eta aldaketak diru asko balio du». Diputazioak argudiatzen du luzarora sistema berriak zerga aholkularietan aurrezteko aukera emango diela enpresei; aldiz, Arabadendak federazioaren arabera, etorkizunean programa garatu eta biltegien gaineko kontrola ezartzean etor daiteke hobekuntza: «Orduan, bezeroak kontrolatu ditzakezunez, BEZa likidatu ahalko dugu, baina bitartean ez du abantailarik».
Kostu hori finantzatzeko ezarritako 200.000 laguntzak ez dira nahikoak, Sanchezen arabera. Orotara, batez beste enpresako 40-50 euro banatuko direla aipatu du, eta ohartarazi du ezarritako laguntza ez zaiela negozio guztiei iritsiko, eskaerak iristen diren ordenaren arabera banatuko delako dirua. Federazioak gaineratu du deialdi guztiok telematikoak direla, eta negozio askotako jabeak ez daudela digitalizatuta. Hori baita beste arazoa. Fakturazio sistema berriak negozioen digitalizazioa eskatuko du, eta sektore askotan ez daude oraindik prestatuta: inkestaren arabera, negozioen erdiek-edo oraindik kutxa irarleekin funtzionatzen dute.
Negozio txikien kexak entzuteko eskatu dio diputazioari Arabadendak-eko ordezkariak. Alta, salatu du orain arte eskaera horiei Itziar Gonzalez de Zuazo Finantza eta Ogasun diputatuak entzungor egin diela. Haren ustez, hiru foru lurraldeen artean epeak bateratu beharko lirateke, eta Bizkaiko epemugak trantsizio epe zabala eskaintzen duela deritzo: 2024ko urtarrilaren 1erako. Zazpi hilabete izan beharrean, bi urte.



Metalgintza sektoreko Arabako negoziazio kolektiboko azken bileretan ez da hurbilketarik izan sindikatuen eta SEA patronalaren artean. Horregatik, ugazaben «immobilismoa» salatu dute langileek gaur Gasteizen, ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako manifestazioan.
15.000 bat langileri eragiten die Arabako hitzarmenak, eta azkena 2017. urtearekin iraungi zen. Hitzarmen berrirako sindikatuek KPIren gaineko soldata igoerak, eta lan orduen murrizketa eskatu dituzte, besteak beste. SEArekin hurrengo bilera martxoaren 4an izango dute, eta patronalak jarrera aldatu ezean, sindikatuak grebara jotzeko prest agertu dira.
ELAko Gotzon Basarasek gogoratu duenez, enpresa txikiak dira baxurako barkuak, gehienak enpresa familiarrak, orain arte behintzat; barkuen tamainaren arabera, hiru eta hamabost langile artekoak. Marinel arruntek aldizkako kontratu finkoak dituzte: alegia, kontratuek hasiera data dute, baina ez amaierakoa. Une jakin batzuetan eteten dute jarduna, kostera bat amaitu eta bestea hasi bitartean, eta tarte horietan langabezia sari berezi bat jasotzen dute.
Horraino, beste sektore batzuen antzera. Baina, hortik aurrera, dena ezberdina da arrantzan. Baxurakoan ez dute lan hitzarmenik, eta, sindikatuek diotenez, Langileen Estatutuan jasotako oinarrizko babesa izan beharko lukete, baina hori ere ez da puntu guztietan betetzen: atseden orduetan, gutxieneko soldatan… «Estatutuan esaten den guztia aplikatu balitz sektorea desagertuko litzatekeela esaten digute armadoreek eta kofradiek». Pesok azaldu du orain gutxi Getariakoekin (Gipuzkoa) bildu zirela eta erantzun hori jaso zutela. «Gutxieneko hobekuntza batzuk adosteko keinu txikiena ere ez dute egiten».
Soldata, arraina badago
Soldatak banatzeko moduari dagokionez, Basarasek azaldu du baxurako arrantzan «betidanik erabili den sistema» aplikatzen dutela. Harrapaketengatik irabazikoari arrantzaldiko elikaduraren eta erregaiaren gastuak kentzen zaizkio, eta geratzen denaren erdia ontziaren jabeek edo armadoreek jasotzen dute —baxurakoan ohikoena izaten da patroi eta mekaniko titulua dutenak izatea jabeak—; beste erdia eskifaiako gainerako kideen artean banatzen da. Horiek hala, gerta daiteke, gertatu denez, deus ez harrapatzea eta etxera dirurik ez eramatea, ezta patroiek ere. «Egia da arrantza ona denean, eta hala gertatu izan da azken urteetan, soldatak onak edo duinak direla. Baina kontuan hartu behar da arraina enkantean jartzen den prezioaren araberakoak izaten direla irabaziak. Presio horrekin lanera irtetea ez da inorentzat erakargarria».
Itsas zabaleko ontzietan, adibidez, beste era batera zehazten dira soldatak. Zati bat finkoa da —1.000 eta 2.200 euro ingurukoa, marinel bakoitzak duen arduraren arabera—, eta horri, kontratuen arabera, irabazien ehuneko bat gehitu ahal zaio, %1 eta %3 artekoa izan ohi dena. «Askotan proposatu dugu antzeko zerbait baxurako, baina beti erantzuten digute ezinezkoa dela», azaldu du Pesok. Sindikatuen arabera, marinelek, halaber, aparteko bi ordainsari eta ordaindutako 30 opor egun jaso beharko lituzkete, «baina hori ere ez da betetzen».
Soldatekin batera beste puntu batzuk nabarmendu dituzte. Jaiegunei dagokienez, kanpaina batetik bestera zazpi eguneko atsedenerako eskubidea ez dela betetzen, adibidez. «Beste kapitulu» bat osatuko lukete segurtasunarekin loturiko baldintzek. «Eguraldia edozein izanda ere, patroiek langileak behartu ditzake itsasoratzera, eta horrek lan istripuen arriskua handitzen du», ohartarazi du LABeko kideak.
Iaz, Ondarroako barku bateko langile bat hil zen, «kostatik ez oso urrun». «Helikopteroa ezin izan zen joan, eta barkuko baliabideekin ezinezkoa izan zen artatzea». Pesok salatu du alor horretan ere ez dela inbertsiorik egiten, ezta «oso oinarrizkoak» ere. «Eskatu dugu barku guztiek derrigor desfibriladoreak eramatea, baina hori ere ez dute bermatu nahi».
Pentsio «oso eskasak»
Lan baldintza horiekin, beraz, «oso arraroa» da gaur egun bizitza profesional guztia baxurako arrantzan egingo duen langilerik aurkitzea. «Besterik ez dutenek jotzen dute, migratzaileek bereziki, eta, ahal badute, denbora labur batez», azpimarratu du Basarasek. Gainera, norbaitek hori egitea erabakiko balu, beste eragozpen bati egin beharko lioke aurre. Erretiroa hartzean, pentsio «oso eskasak» izango lituzke. Kotizazio finkoa dute arrantzaleek —sindikatuen arabera, 16.000 euro ingurukoa urtean—, baina kopuru hori ez da erreala, urtean irabazten dutena baino «askoz ere gutxiago» kotizatzen baitute arrantzaleek, Pesok azpimarratu duenez. Horrek ondorio negatibo asko ditu: erretiroa hartzean, gaixotasun baimen eta pentsioetan, langabezia sarietan… «Adibidez, 40 urtez itsasoan aritu ondoren iaz erretiroa hartu zuen arrantzale batek 1.100 euroko pentsioa jasoko luke».
Arrantzaleen lan baldintzen inguruan «ezjakintasun handia» dagoela azpimarratu dute bi sindikatuek, eta hori gertatzen dela, hein handi batean, kanpokoak direlako, «gehienak Senegaldik edo Galiziatik etorritakoak, eta denbora baterako». Horrek ere «asko zailtzen» du sindikatuen lana. «Asko kostatzen zaigu haiengana iristea, eta, salaketa bat jarri behar badute, beldur handia dute», azaldu du Basarasek. Haren ustez, duela urte batzuk oso bestelakoa zen egoera. «Bertako jende gehiago aritzen zen arrantzan; mugimendua zegoen, eta gauzak egin zitezkeen modu kolektiboan».
Pesok auzi horretan kofradiek duten jarrera salatu du. Azaldu du Erdi Aroan sortutako erakunde horiek, «berez», marinel «guztien» alde egiteko sortu zirela, baina egun «batzuen interesak» baino ez dituztela defendatzen. «Haiek diote sektorea bizirik mantendu nahi badugu kudeaketa eta merkaturatzea aldatu beharko direla, eta guk diogu lan baldintzak ere aldatu behar direla. Hiru ardatz horien gainean hitz egin behar dugu; bestela, berandu izango da».