Bizkaiko metalgintzak grebara joko du itunaren negoziazioa luzatzen bada
FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak eta sindikatuek lan hitzarmena berritzeko zazpigarren bilera egin zuten atzo. Aurreko ituna iazko abenduaren 31n agortu zen. Duela bi urte egin bezala, sindikatuek plataforma amankomuna osatu eta bat eginda negoziatzen hastea erabaki dute. Hau da bakoitzaren ordezkaritza: ELA, %40; CCOO, %25; LAB, %21,5, eta UGT, %13.
Bat eginda patronalaren «aitzakiak» uxatu nahi dituztela azaldu du Iratxe Azkue LABeko ordezkariak: «Ados ez gaudela dio, datu faltsuak erakusten ditu… Urteko barne txosten propioan publiko eginiko datuak ere auzitan jartzen ditu. FVEMeko enpresen %80ek irabaziak espero dituzte aurten. Haiek esana». Bizkaiko metalgintzakoa eraginik handiena duen lurralde mailako lan hitzarmena da. 52.000 langileri eragiten die, tartean enpresa handi askotakoei. Besteak beste, Sidenorrekoei, Gestampekoei, Artechekoei edota Olarrakoei.
Talka puntu handietako bat soldata da, «baina ez bakarra», zehaztu du Mikel Etxeberria ELAko ordezkariak. FVEMek %2ko igoera finkoa eskaini du hurrengo hiru urteetako bakoitzerako; sindikatuek, berriz, KPI (%6,4)+%1 eskatu dute. «Inflazioa altu dago, eta ituna berritzen ez den hilabete bakoitzeko langileak txiroagoak dira». Soldata eguneratzeaz gain, urteko lanaldia zortzi ordu murriztu nahi dute sindikatuek, eta azpikontraten subrogazio eskubidea itunean agertzen diren betebehar guztietara zabaltzea.
Sindikatuen ustez, FVEM nahita ari da negoziazioa luzatzen. «Pandemiako bi urteetan ez da egon lanera joateko arazorik», nabarmendu du Luis Mouliaa CCOOko ordezkariak. «Eta orain patronalak langileei esaten die pobreagoak izan behar dutela. Ez dugu hori normaltzeko gogorik». Sindikatuak patronalaren erantzunaren zain daude. Haren arabera ikusiko dute zer egin. Greba hotsa ez dabil urrun. Duela bi urte, hamalau greba egunera deitu zuten, eta oraingoan jarrerek urrunago dirudite.
Etzi, greba Arabakoan
Bizkaian greba hotsak dira, eta Araban deialdi ofiziala dago. ELAk, CCOOk, LABek, USOk, CGTk eta ESK-k grebara deitua dute biharko eta hilaren 24rako eta 26rako. Sindikatuek bi elkarretaratze dei egin dituzte biharko: 05:15ean Mercedesen, piketeak osatzeko; eta 11:30ean Bilbo Plazan, Gasteizen, manifestazioa egiteko. Metalgintzaren ituna dute oinarri, esaterako, Mercedesen, CIE Automotiven, Laminaciones Arregin eta Aernnovan.





