52 urteko behargin bat hil da Iruñeko Arrosadia auzoan

52 urteko behargin bat hil da Iruñeko Arrosadia auzoan. Ezbeharra 15:00etan gertatu da.



30 milioi euro ingururen laguntzak banatuko dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroak iragan astean jakinarazi zuen 8,2 milioi euro jaso dituela, Arabak 2,5 milioi banatzeko asmoa du, eta Gipuzkoak, zortzi milioi inguru. Bizkaiak ez du eman bere kopuruaren berri. Onuradun posible gehien duen lurraldea da, eta Gipuzkoak eta Nafarroak jaso dituzten kopuruak ikusita, ondorioztatu daiteke hamabi milioi euro inguru jasoko dituela.
Diru laguntzak ibilgailu kopuruaren eta haren motaren arabera banatuko dituzte. Zama garraio astunerako kamioi bakoitzeko 1.250 euro eskatu ahal izango dira; kamioi arin edo furgoi bakoitzeko, 500; autobus bakoitzeko, 950; anbulantzia bakoitzeko, 500; eta taxi eta IG lizentzia bakoitzeko, 300. Enpresa batek asko jota 400.000 euroko laguntza jaso ahalko du.
Ez da erraza jakiten zenbat diru laguntza eskaera egongo diren. Kamioiei dagokienez, 124.000 daude matrikulatuak Hegoaldean, baina argi dago guztiek ez dituztela gutxieneko baldintzak betetzen. Nafarroako Gobernuak, esaterako, onartu du kamioien 5.700 eskaera inguru espero dituela, eta guztira 36.414 daude Nafarroan. Autobusen eta taxian kasuan, datu orokorra eskatzaile posibleen kopurutik gertuago egon beharko luke. Hegoaldean 4.431 autobus daude guztira, eta 1.600 taxi lizentzia.
Baita Lurraldebus ere
Autobusen hariari eutsiz, Rafaela Romero Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zehaztu du Lurraldebus autobus garraio zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresek ere eskatu ahal izango dituztela laguntzak. «Garraio publikoaren kasuan, laguntza honekin bermatu ahal izango dugu erregaiaren garestitzeak ez duela eraginik izango herritarrek ordaintzen dituzten tarifetan», iragarri du.
Laguntza hauek aurretik harturikoei gehitzen zaizkie. Aldundiek dagoeneko fiskalitate salbuespenak egin dituzte garraio sektoreko autonomo eta enpresei laguntzeko. Esaterako, langile autonomoen gastuen forfaita —justifikatu gabekoak— % 55etik %70era igo dute, eta zergen ordainketa interesik gabe geroratu ahal izango dute. Erregai litro bakoitzari ezarritako hogei zentimoko beherapena ere indarrean dago. Egun gidari guztiek baliatu badezakete ere, hasiera batean garraiolarientzat zen bakarrik.
Debekuaren aukera proposatu zenetik, herrialde batzuek beren zalantzak planteatu dituzte: esaterako, Errusiako petrolio produktu guztiei ala batzuei eragin beharko lieken debekuak, zenbat iraungo luken eta nola ezarriko litzatekeen, bat-batean ala pixkanaka. Beste proposamen batzuk ere egon dira: adibidez, inportazioak debekatu beharrean Errusiako petrolioari muga zergak gehitzea. Era berean, Europako petrolio erreserba estrategikoen liberazioa ere proposatu da, Errusiako petrolioaren debekuak edo murrizketak herrialde batzuetan izango lukeen eraginaren zati bat konpentsatzeko. Gainera, herrialde batzuek uste dute Errusiako petrolio inportazioak debekatzeak eragina izango lukeela mundu osoko petrolio produkzioan, eta horrek erregaien prezioak garestituko lituzkeela.
EBko herrialdeen artean agerikoak dira desadostasunak, ekonomikoak eta politikoak. Errusiako petrolioa debekatzearen aurka dago Hungaria; hango gobernuak lotura estua du Kremlinekin. Viktor Orban presidenteak azpimarratu duenez, Errusiaren petrolioa inportatzeko debekua «marra gorri bat» izango litzateke, eta ohartarazi du EBko 27 estatu kideek aho batez erabaki behar dutela horri buruz.
Alemania litzateke debekuak kalterik handiena eragingo liekeen herrialdeetako bat, menpekotasun oso handia duelako Errusiako petrolioarekiko. Olaf Scholz kantzilerrak esan du «aktiboki» ari direla lanean lotura hori murrizteko, baina aitortu du orain ezingo lukeela neurria hartu, akaso urte amaierarako edo datorren urte hasierarako prest egongo liratekeela. Jean Asselborn Luxenburgoko Atzerri ministroak ohartarazi duenez, debekua orain ezartzea «kolpe gogorra» izango litzateke Alemaniako industriarentzat eta Europa osoko ekonomiarentzat. Wopke Hoekstra Herbehereetako Atzerri ministroak azaldu duenez, beste aukera batzuk ere badituzte: «Gerra amaituko dela jakingo bagenu, oraintxe sinatuko nuke, baina beste aukera batzuk ere aztertu behar dira». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea prest agertu da herrialdeek planteatu dituzten zalantzak aztertzeko; dena den, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak ziurtatu du Errusiako petrolio inportazioak debekatu egingo dituztela, «lehenago edo geroago», baina egin egingo dutela.
Bankarrotetik «gertuago»
Mendebaldea Errusia zigortzen hasi zenetik herrialdeak bankarrot egiteko mamua beti egon da airean. Hori nabarmen indartu da azken asteetan, bereziki Errusiak energia errubloetan pagatzeko exijitu duenetik; erosle batzuek ez dute hala egin, baina Errusiak bai, errubloetan pagatu du bere kanpo zorra. Hala egin zuen aurreko astean, eta, Standard and Poor-en arabera, hartzekodunek ez dute onartu. Orain, Errusiak 30 eguneko epea izango luke dolarretan egiteko, bestela bankarrot egingo luke edo epaitegietan amaituko luke auziak.

Pedro Sanchez egungo Espainiako presidenteak mahai gainean jarri du atzera Moncloako itunen izpiritua, errenta paktuaren ideia helarazita. Pandemiaren gastu erraldoiarekin batera iritsi da %10 inguruko inflazioa, energiaren garestitzeak hauspotuta, Ukrainako gerraren ondorio zuzen gisa, eta zor publikoa gora eta gora doa; ekonomian espero zen 2022ko errebote handia ametsa da orain, eta hazkundea izate hutsari balio handia ematen hasi zaizkio ekonomista asko, estanflazioaren amesgaiztoa urruntzeko edo. Egoera konplexu horrek errenten paktu bati oinarria emango lioke, Sanchezen ustez.
Zer da, ordea, errenta paktua? Zer-nolako neurriak ekar ditzake egungo Hego Euskal Herrira? Hasteko, soldata igoeraren esparruan, ezer onik ez langileentzat, itun horren atzean dagoen helbururik argiena inflazioa bridatzea baita, eta, horretarako, soldatak inflazioaren azpitik igotzea adostu beharko litzateke. Trukean, langile horiek onura batzuk jaso beharko lituzkete, Sanchezek helarazitakoa baita krisiaren kostuak «modu ekitatiboan» banatu behar direla; esan nahi baita enpresek ere jarri beharko luketela beren alea, eta, zer esanik ez, administrazio publikoak ere bai, aparteko laguntzen bidez.
Negoziazio kolektiboa
Arazoa da inor gutxik sinets dezakeela Espainiako Gobernuak gaitasuna duenik Europako Batasuneko herrialde bateko konpainia handietan esku hartzeko —ikusteko dago gasaren prezioa mugatuko duen argindarraren deskontua nork pagatuko duen, azkenerako—, eta, errenta paktuan, soldata igoeraren mugak loturik beharko luke konpainien irabazien muga, eta zuzendaritzen soldata izugarriena ere bai —Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek 13,2 milioi euro irabazi ditu 2021ean—, aberastasun hori Estatuak zabaldu beharko lukeen ezkutu sozialean laguntzeko. Nola egin daiteke hori, ordea? Ez du erraza ematen, Brusela merkatu librearen zaindari baita gaur egun ere, nahiz eta azken bi urteetan, pandemiak behartuta, neoliberalismo petotik pixka bat aldendu den.
Horregatik, sindikatuak ez dira fio. Espainiako sindikatu nagusi CCOO eta UGT prest azaldu dira negoziazio kolektiboko akordio orokor bat egiteko, eta soldatak KPIaren azpitik igotzeko, betiere hiru urteren buruan erosteko ahalmen guztia berreskuratzea ekarriko lukeen klausula baten truke. CEOE patronalak ez du nahi horrelakorik, eta prest dago gerraren krisia ere langileen bizkar jartzeko, esaterako, soldatak azpiko inflazioaren arabera igota, langileek kontsumituko ez balituzte bezala energia eta janari prestatuak.
Gauzak horrela, Sanchezen aholkularien etorria errenta paktuarekin gai izan da hedabideetako orri asko betetzeko, baina ez du ematen etorkizun handia duenik: eragile sozialek ez dute erakutsi denen hobe beharrerako omen den paktuaren aldeko asmorik. Tolesgabetasunaren garaiak joan ziren, nonbait.
Euskal Herrian, berriz, argi dago sindikatu nagusiak ez duela errenten paktu baten ideia entzun ere egin nahi. Troiako zaldi baten modura ikusten du ELAk Madrilgo gobernuak marraztu duen ideia, eta atea itxi dio ezer zehatzik izan aurretik. «Errenta paktuan ez zaigu ezer galdu. Patronalarekin biltzea da soldatak ez igotzeko modua. Ez gaitzatela han bilatu. Foro horietan denbora eta sinesgarritasuna baino ez da galtzen». Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren hitzek ez dute tarterik uzten krisi betean langileen ahalegina bilatzen duen ekinbiderako, trukean ez baitago ezer zehazturik.
LAB sindikatuak ere aurretik jarri du «galdutako erosahalmena berreskuratzea» edozein errenta paktu egiteko. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik proposamena egin du Madrilgo gobernuaren ideia Euskal Herrira ekartzeko, «ardurak konpartitzeko ariketa» baten moduan, eta, betiere, ariketa horretan zerga erreforma sakon bat sartzen delarik. LABek ikusten du bere burua Hego Euskal Herrian bultza daitekeen «errenta paktu» posible baten aurrean, baina soilik «langileek galdutako erosahalmena berreskuratzeko». 2021eko KPIaren (%6,5) igoera modu orokorrean ez aplikatzeko formulak bilatzen ari den honetan, Confebask ez dago musika horren erritmoan dantzan hasteko prest. Hemen, eragile bakoitzak bere erara ulertzen du zer den errenta paktua, bai eta zer ez den ere.
Erretiroaren gibeleratzea proposatuz, Macronek berriro astindu nahi du erreformen bandera. Horixe egin zuen 2017an, Nicolas Sarkozyren eta François Hollanderen agintaldiak motz geratu zirela argudiatuta; irabazi egin zuen, nahiz eta lehen itzulian botoen %23,4 soilik lortu zituenez, argudia daitekeen erreforma horien sostengua ez zela oso zabala. Baina bost urteko agintaldian bandera horrek kolorea galdu du, krisi etengabeei erantzutea izan baita Eliseoaren lehentasuna.
Indartsu ekin zion Macronek agintaldiari, dekretuak eta lege egitasmoak bata bestearen atzetik aurkeztuz: negoziazio kolektiboa sinplifikatzeko, CSE batzorde sozial eta ekonomikoan bildu zituen enpresetako negoziazio esparru guztiak; Tobin tasa bigundu zuen; finantzetako artekariei zergak jaitsi zizkien Londresko Cityko negozioa erakartzeko; etxebizitza tasa kentzen hasi zen —%20 aberatsenek soilik ordainduko dute aurten, azken aldiz—; gizarte kotizazioak txikitu zituen enplegua merkatzeko, sozietate zerga %33,3tik %25era jaisteko prozesua abiatu zuen…
Aberastasunaren gaineko ISF zerga kendu zuen, eta, aldi berean, %1,7 handitu zien CSG zerga pentsiodun askori. Erabaki horiengatik «aberatsen presidente» ezizena jarri zioten, eta akusazio hori kendu ezinik dabil.
2018ko udazkenean lehen geldialdia izan zuen Macron tren erreformistak, presidentearen aulkia bera dardararazi zuen Jaka Horien mugimenduarekin. CO2 isuriak gutxitzeko, erregaien gaineko karbono tasa emendatzeko asmoa zuen gobernuak, baina Parisen «probintziak» deitzen dituzten horietan haserre handia eragin zuen, garraio publikoaren faltan, auto partikularren erabilera derrigorrezkoa den horretan. Biribilguneetan hasitako protesta, sare sozialen bitartez zabaldu zen, manifestazio handiekin jarraitu zuen —baita Euskal Herrian ere—, eta ez ziren falta izan poliziaren eta manifestari batzuen bortizkeria irudi gogorrak.
Protestak baretze aldera, gobernuak bertan behera utzi zuen erregaiaren gaineko zergaren igoera, eta erosteko ahalmena handitzen zuen neurri sorta batekin erantzun zuen: gutxieneko soldata hilean 100 euro handitu zuen, CSG zergaren igoeratik salbuetsi zituen 2.000 eurotik beherako pentsioak, eta 35 orduko lan astearen izpirituari beste kolpe bat eman zion, aparteko lanorduek zergarik ordainduko ez zutela erabakita.
Erreformak, tiraderara
Macronen neurriek Jaka Horien mugimendua ahuldu zuten, baina ez zen erabat desagertu agintaldiko bigarren kolpea iritsi zen arte: COVID-19aren pandemia. Akabo orduan erreforma handiak. Lehentasun bat eta bakarra zegoen: osasun krisiari aurre egitea eta hark sortutako krisiaren zuloak nola edo hala estaltzea, gastu publikoa handituz.
Estrategia keynestar bera erabili du azken hilabeteetan sortu diren beste arazoekin: inflazioari aurre egiteko 100 euroren txekea eman zien herritar gehienei, eta apirilaren 1etik bere gain hartzen du erregai litroko hamabost zentimoko gastua.
Tiraderan geratu zen erreforma nagusia erretiroarena izan zen. Testua prest zegoen, legebiltzarrak egun gutxi batzuk lehenago onartu zuen lehen tramitean, eta itzaltzen ari ziren ordurako erreformak sortutako protesta handiak. SNCFko eta beste sektore publikoko langileak egon ziren manifestazioen lehen lerroan, haien erretiro sistema bereziak lurperatzen zituelako erreformak, pentsio sistema bakar baten mesedetan. Erreformak 62 urtean uzten zuen erretiroaren adin ofiziala, baina pentsioa osorik jasotzeko gutxieneko adina 64 urtera atzeratzen zuen, eta puntukako sistema ezartzen zuen: zenbat eta puntu gehiago, orduan eta sari handiagoa.
Pentsio sistema erreformatu ez izanaren arantza atera nahi du orain Macronek, baina ez du orduko proiektua berreskuratu. Erreforma sinpleago bat proposatu du, baina helburua bera da: milaka milioi euro batzuk aurreztea, oraingoak defizit handia eragiten duelako —13.000 milioi euro, iaz—, eta egoerak okerrera egin dezakeelako erretiroaren atarian dauden belaunaldiak oso handiak direlako. Macronek gogorarazi du Frantziaren inguruko herrialdeetan jada 67 urterako bidean dagoela erretiroaren adina, eta BPGaren %13,7 gastatzen duela, gehienek baino gehiago.
Erretretaren adina atzeko atetik luzatzeko saioa aldi baterako utzi, eta orain zuzenean proposatu du 62 urtetik 65 urtera pasatzea, progresiboki: urteko lau hilabetez atzeratuko litzateke erretiroa, eta 2033an amaituko litzateke, 65 urterekin. Erretreta lehenago hartzeko aukera izango lukete urte luzez lan egindakoek eta lan gogorretan aritzen direnek.
Horrekin erakarri nahi ditu erreformara CFDT eta sindikatu erreformistak, baina lehen erreakzioa ez da izan Macronek espero zuena: «Erreforma krudela eta bidegabea da», esan du Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiak, eta gogorarazi du langile askok ez dutela lortzen 62 urterekin lanean jarraitzea.
Pentsioak ageri dira beste hautagaien programetan ere. Valerie Pecresse Errepublikanoen hautagaiak ere proposatu du erretretaren adina 65 urtean uztea, eta 64 urtekoa aipatu du Eric Zemmour ultraeskuindarrak. Ezkerrean, berriz, 62 urteei eutsi nahi diotenak daude —Anne Hidalgo sozialista eta Yannick Jadot berdea—, baina kontrako bidean doa haien artean bigarren itzulirako sailkatzeko aukera duen bakarrak, Jean Luc Melenchonek. Erretiratzeko adina berriro 60 urtean jarri nahi du. «Gizarteak eta ekonomiak pertsonaren zerbitzura egon behar du. Eta ez alderantziz», argudiatu du, eta finantzatzeko arazorik ez dagoela ziurtatu.
Marine Le Pen RNko hautagaiari dagokionez, hainbat urtez erretiroa 60 urtean hartzea aldarrikatu du, baina orain 62 urte artekoa proposatzen du, eta 60koa uzten du lanean gazte hasi zirenentzat.
Kontuek, okerrera
Macronek ziurtatu du pentsioen erreformak 15.000 milioi aurreztuko dituela eta diru hori erabiliko lukeela mendekotasunean eta osasunean inbertitzeko, baina baita aurrerantzean zergak jaisteko ere, enpresei zein herritarrei. Izan ere, hautagai liberalak eutsi egin dio duela bost urteko leloari: «Enplegua eta ekoizpena zamatzen duten zergek» gehiago jaitsi behar dute. Horren helburua da Frantzia berriro lehiakor izatea eta industria eta enplegua suspertzea.
Errepikatzen den beste promesa da aurrekontu publikoak orekatzen hasiko dela eta gastu publikoa murrizten. Arlo horretan, Macronek ez du agintaldia zenbaki onekin bukatu: defizit publikoa %6,5era heldu da —%0,5 izatea nahi zuen 2022rako—; zor publikoa %112,9 da —2016 amaieran baino hamabost puntu gehiago—; eta gastu publikoa BPGaren %59,2 —%52 zen xedea—.
