Azken putz dira oraindik
Behin-behinekoak 103 dira, eta, diotenez, akordioarekin haien egoera ez da aldatu. «Prekarioak ginen lehen eta prekarioak izango gara aurrerantzean ere», salatu du Sendoa Gil behin-behineko zamaketaria eta Nik zamaketariak babesten ditut plataformako kideak. Dioenez, akordioan UGTk bakarrik sartu du haiek finko egiteko aukeraren bat, baina ez epe motzean. Plataformako kideek lortu duten informazioaren arabera, behin-behinekoak lantaldean sartu ahal izateko, erretiroa harturiko finko bat ordezkatu beharko lukete, eta hiru baldintza behar dira horretarako: goiz jota, 2024an litzateke, aurreko urtean 65.000 zamaketa ordu egin badira portuan, eta zamaketa enpresen oniritziarekin. «Alegia, azken hitza enpresek dute, eta datu horiek ez dizkigute inoiz eman», azaldu du Gilek.
Eta normala da enpresengan fede gutxi izatea, azken hamalau urteetan ez dutelako zamaketari bakar bat ere finko egin —100 inguruk hartu dute erretiroa—, eta azken urteetan modu deigarrian murriztu dute behin-behinekoen lan karga. Iaz, esaterako, 80 egunez egin zuten lan bakarrik, eta aurten seitan baino ez. «Horrela ezin da eutsi. Hain egun gutxi pilatuz ezin zaie aurre egin eguneroko gastuei». Gilek egunak aipatzen ditu, behin-behinekoek egunka egiten baitute lan Randstad aldi baterako enpresaren bitartez. Gehienek hamabost urte daramatzate horrela, eta 2.000 kontratutik gora sinatu dituzte.
Lan gutxi, «errepresalia»
Hain gutxi lan egitea ez da kasualitatea, behin-behinekoen ustez. Batetik, zamaketari finkoek lanaldi bikoitzak egiten ari direla salatu dute, boluntarioak direnak. Alde horretatik, elkartasun falta egozten diete. Era berean, enpresaren aldetik errepresalia zantzuak ikusten dituzte hainbat behin-behineko zamaketarik auzitara jo zutelako. EAEko Auzitegi Nagusira iritsitako lehen kasuan, epaileak arrazoia eman zion langileari, eta «behin-behineko kontratuen gehiegizko erabilera» egotzi zion Bilboestibari. 60.000 euroko kalte ordaina ezarri zion eta kontratazio modua aldatzeko agindu. Auzia Espainiako Auzitegi Gorenean erabakiko da.
Haren atzetik beste 60 zamaketarik jarri zuten salaketa Bilboko epaitegiko Lan arloko Salan, eta kasu batzuk epaitzeke daude oraindik. Luze doa auzia, baina lehen ebazpenak irten dira, eta lehen instantzian langileen aldeko zein aurkako ebazpenak egon dira. Alde batekoa edo bestekoa izan, zamaketari zein enpresak helegiteak jartzen ari dira, eta kasu guztiak iritsiko dira EAEko Auzitegi Nagusira. Bitartean, zamaketariek salatu dute deitzen dituzten egun apurretan lanean ari direla «lege iruzur» egoeran.






