Ibilgailu elektrikoaren iraultza, ate joka
Gasteizen, batetik, datozen urteetan 1.200 milioi euro inbertitzeko negozio plana aurkeztu berri du zuzendaritzak. Edonola ere, asmo hori lan baldintzekin lotu du enpresak, azken hilabeteetan lan hitzarmena negoziatzen ari baita langileen batzordearekin. Iragarpenak zatiketa eragin du sindikatuen artean, eta akordiorako aukera zaildu. Lan itunak ezin dezake bermatu inbertsioa, baina taldearen erabakia erraztu dezakeela uste du zuzendaritzak.
Bestetik, Mercedesek aurreratu du Basquevolt egitasmoa babestuko duela. Bateriak ekoizteko fabrika handia Miñaoko parke teknologikoakn eraikiko dute. Erakundeen eta enpresen arteko lankidetza publiko-pribatuaren bitartez egin nahi da. Energiaren Euskal Erakundeaz gainera, hauek izango dira partzuergo horretan: Iberdrola, CIE Automotive, Enagas eta EIT InnoEnergy. Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat dauka egitasmoa, ibilgailu elektrikoen ekoizpena Euskal Herriratzeko eta hura hornitzeko osagai katea Gasteizko fabrikatik gertu izatea ahalbidetuko duelako, Txinaren menpe egon behar izan gabe.
Europako funtsen zain
Gasteizen zein Iruñean, Europako Next Generation funtsen bidez finantzatu nahi dute inbertsioaren parte bat. Volkswagen taldeak abenduan baieztatu zuen Europa hegoaldean Landabengo lantokian eta Martorellgo (Herrialde Katalanak) Seaten fabriketan ekoitziko zituela auto elektrikoak, eta bateria fabrika bat jarriko zuela Espainiako Gobernuarekin eta Iberdrolarekin bazkidetuta —berriki baieztatu du Sagunten egingo dela (Herrialde Katalanak) —.
Landabenen egintzat ematen dute ibilgailu elektrikoak egiteko plataforma berri bat eraikitzea. Zuzendaritzak azaldu dio langileen batzordeari SUV edo noranahiko itxurako auto arinak produzituko direla: VW eta Skoda markako modeloez hitz egin da fabrikan, baina hori dena egiaztatzea falta da.
Orain, badatorrela dirudien baina inoiz iristen ez den linbo moduko batean daude Landabenen. Langileen batzordean, ez dute dudarik Europako funtsak banatzen direnean argituko dela dena. Carlos Zalduendok, CCOOko ordezkariak, «zuhurtzia handiegia» antzematen die zuzendaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Enpresari kostatzen zaio zerbait esatea, eta badirudi sektore politikoak ez duela okerreko pausorik eman nahi». Auto elektrikoetako Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoaren laguntzak udazkenean, «irailean» adjudikatzea espero du: «Landabenen hasiak dira lanean ibilgailu berrien diseinuan. Plana onartzen den unean hasiko dira inbertsioak», dio Zalduendok.
2025 amaierarako prest egon beharko luke auto elektrikoak egiteko plataformak. Bitartean, bi mugarri garrantzitsu dituzte aurretik. Alde batetik, 2023ko martxoan hauteskunde sindikalak egingo dira. ELAko Igor Peñalver ziur dago hauteskundeen aurretik zuzendaritzak akordioa egingo duela UGTrekin eta CCOOrekin: «Hala egin zen [Poloaz gain] bigarren modeloarekin eta hirugarrenarekin. Sindikatu nagusiek berea saltzeko nahiago izango dute akordio bat lortzea».
Bestetik, 2024tik aurrera hurrengo hitzarmenaren negoziazioa hasiko da, eta LABeko Raul Portillok «kezkaz» ikusten du egoera. Estrategikoki, VWek aurreikusi du 2024tik aurrera auto gutxiago salduko direla, erosleek itxaron egingo dutelako modeloen bertsio elektrikoa atera arte. «Lan hitzarmena negoziatu behar den garaian produkzioa jaisten bada, zuzendaritza presio egiten saiatuko da», azaldu du Portillok.
Martorellgo egoera dute ispilu. Lan itunaren negoziazioan, Seat-eko zuzendaritzak ohartarazi du auto elektrikoa ekoizteko langile gutxiago beharko direla eta bost urteren buruan enpleguaren %30 gutxitu beharko dela, erretiro aurreratu eta kaleratzeen bitartez. Iruñean ez da espero halako kolpe handirik, Martorellgo enplegu galerak motorraren ekoizpenarekin zerikusia duelako eta egun Alemaniatik heltzen direlako motorrak Iruñera.
Igor Peñalverrek azaldu duenez, «auto elektriko bat ekoizteko behar den denbora erregai motorra duten auto bat ekoizteko behar denaren antzekoa da»: hamalau ordu inguru. Ordu bat gutxiago ekoizteak «200 enplegu gutxiago» lirateke. Ondorioz, Landabenen ekoitzi beharreko auto kopurua eta, hari loturik, VWek egokitu beharreko modeloak izango dira giltzarri. Asteon, zabaldu da Martorell presio egiten ari dela Iruñearentzat izan zitekeen modelo bat bereganatzeko.
Beste zalantza nagusia da noiz arte ekoitziko diren erregai motordun autoak. «Ez dakigu zenbat denbora uztartu beharko ditugun bi produkzioak. Merkatuak markatuko du erritmoa: araudietan Europak leun jokatzen badu, gasolina motorreko autoak egiten jarraituko dugu, baina zorrotzago jokatzen badute, ekoizleek ez dute inbertituko, eta trantsizioa azkarragoa izango da», azaldu du Portillok.
«Auto elektrikoa ez da soilik motorra bateria batekin ordezkatzea, beste hainbat gaitasun eta teknologia berri eskatzen ditu segurtasun arloan, mugikortasunean, datuen tratamenduan. Langileek aldaketetara egokituz joan beharko dute», esan du Zalduendok. Adibidez, ekoizpen linean, kargatutako bateriekin jardutean, argindar tentsio handiarekin lan egin beharko dute batzuek. Espero da 2024tik aurrera hasiko direla prestakuntza jasotzen.
Ondorioak autogintzan
Aldaketa sektore osoak izango du. Roberto Lanaspa Nafarroako automozio klusterreko presidentearen arabera, «ziurgabetasun handiko garaia» dute erdieroaleen krisien eta lehengaien zein energiaren garestitzearen ondorioz. «Etorkizunean zer gertatuko den ziur ez jakiteak zaildu egiten du luzaroko inbertsioak planifikatzea». Erregai motordun ibilgailuetatik auto elektrikorako jauziaz gain, trantsizio digitalaren erronkari aurre egin beharko diote, «lehiakortasunari eta industria ehunari eusteko».
Ibilgailu elektriko batek osagai gutxiago behar ditu: «Begien begi bistako da hori motorrean, erregaiaren biltokian eta ihes hodian. Era berean, beste osagai batzuk gehitzen zaizkio, hala nola bateriak, karga sistema edo elementu elektronikoak». Lanasparen ustez, eraldaketa digitalak eta elektrikoak sektorea «bestela» aztertzera behartzen ditu. «Ikuspegi osoa behar dugu, eta ez soilik industriarena. Ibilgailuen erabilera, banaketa, konponketa eta birziklatzea balio kate berri baten elementuak izango dira, eta horri eragile berriak gehituko zaizkio: energia, elektronika eta mugikortasun zein konektibitate arlokoak».
Lanasparen arabera, eraldaketa sakonago baten parte garrantzitsu bat besterik ez da ibilgailu elektrikoa: «Ibilgailuak beren osoan eraldatzen ari dira. Prozesu eta osagai adimentsuak behar ditugu; hau da, etengabe hobetzera eramango gaituzten datuak emateko ahalmena izan behar dute. Aldi berean, osagaien materialak iraunkorragoak izan behar dira, birziklatzeko gaitasuna izan behar dute; eta, erosotasuna eta segurtasuna eskaintzearekin batera, arinagoak izan behar dute bateria astunagoen presentzia konpentsatzeko».
Klusterra baikor da. «Lanean ari gara Nafarroako enpresak toki onuragarri batean uzteko, euren talde hornitzaileentzat inbertsiorako lehen helburu izan daitezen». Haren ustez, egungo balio kateari eusteada erronka, «eta, ahal bada, handitzea».
Arriskuak ere badaude, ordea. Sodena enpresa publikoaren aginduz, iaz kaleratutako azterketa baten arabera, autogintzako 120 enpresetatik 42ri bete-betean eragingo die auto elektrikoak: hamalauk berrikuntza teknologiko handia egin beharko dute, hiruk euren osagaia birdiseinatu behakro dute ,eta zortzik desagertzeko arriskua dute, egun ekoizten duten osagairik ez baita beharko.
Dena den, Roberto Lanaspak uste du gakoa egokitzeko gaitasuna izango dela: «Ibilgailu elektrikoak ez du zuzenean esan nahi lanpostuak desagertuko direnik. Ezer aldatu ez balitz bezala lan egitea, hori da benetako arriskua. Egokitu egin behar da, eta enpresa bakoitzak aztertu behar du eraldaketak nola eragiten dion bere negozio ereduari».




