Euskotrenek irailaren 1etik aplikatuko du % 50eko deskontua tren,…

Euskotrenek irailaren 1etik aplikatuko du % 50eko deskontua tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan



Urte askoan artisautzaren arloko lanbideek sona eta balioa galdu dutela ematen du, eta, larrialdi egoera dela eta, geroz eta ikasle gutxiagok hartzen dute sektore horren bidea. Eskaera, ordea, beti gora doa, eta errekrutatzeko aukera, aldiz, beheiti. Langile eskasia ikusita, hainbat enpresak batzea erabaki dute, aterabide baten aurkitzeko xedearekin.
Izan ere, Eraikuntzako Federazioaren kide diren enpresa zenbaitek ikasleek ofiziale lanbideekiko duten ikuspuntua aldatzeko apustua egin dute. Xan Kurutxarri Zurlan enpresako zurginetariko bat da, eta proiektu horretan buru-belarri sartu da. Beste kideekin batera, kolegioz kolegio ibili da, bere lanbideaz eta ematen dituen posibilitateez hitz egiteko. Haren irudiko, «ofiziale eskasia aspaldi hasi da, kolegioko ikasle gehienak formakuntza orokorretara bideratzen direlako, CAP eta eskuzko lanetara bideratu ordez». Haien desmartxa arazo horretatik abiatu dela dio.
Fama txarra hautsi
Alde batetik, lanbidearen fama txarra hautsi beharrekoa dela uste du: «Anitz bortxatu beharra, lanjera, eta euripean lan egitea, hotzean». Alta, lanbidea anitz aldatu dela azpimarratu du, eta anitz aldatzen jarraituko duela ere; orduan, alde onak erakusten saiatzen dira.
Besteak beste, «gaur egun numerikoa arrunt sartua da, asteburuetan ez da lanik egiten, eta astean zehar 17:00etan bukatzen da». Bestalde, ikasleei azaldu nahi diete «ez dela nota txarrak dituztenentzako egina», bide profesionalek lanbide batera ekartzen dutela. Ikastetxez ikastetxe, emakumearen gaia ere aipatzen dute. «Jendartearen inkontzientean sartua da ofiziale lanetan ari daitezkeenak gizonak direla»; alta, kontuan hartuz emakumeek langile posibleen erdia osatzen dutela, konponbideen erdiari hesten direla estimatu daiteke. Erraterako, ofizialeen sektorea emakumeei gehiago irekiz gero, kontratatu ditzaketen pertsonen panela bikoiztu liteke.
Emakume artisauak
Hala ere, egoera anitz aldatu da azken urteetan, eta geroz eta emakume gehiago ikusten dira halako lanbideetan beren lekua hartzen. Cecilia Rodriguez horietako bat da, eta bere kontu lan egiten du Habitat Eco Action kooperatiban. Eraikuntzaren sektorean emakume izatearen eskarmentua jasoa duela, harentzat «zailagoa» izan da enpresan lan egiten zuelarik, jendearentzat sorpresa izaten zelako batez ere. Dioenez, gehienbat sentitu duena da bere jakintza «gizonak baino gehiago probatzearen beharra», baina, pauso hori iragan eta gero, «harriturik egoten ziren eta dena biziki ongi pasatzen zen». Gaur egun, harena doazenek «badakite nor duten parean», eta haren aldeko hautaketa egiten dute. Hala ere, Rodriguezek argi du emakumearen lekua «sortu berria» dela ofiziale lanetan. Haren kooperatiban aritzen den beste langile emakume bat maiasturua da. «Maiasturuntzan emakume geroz eta gehiago ikusten dira, baina zurgintzan oraindik biziki gutxi daude».
Kolegioetan egotearen dinamikari dagokionez, Rodriguezi desmartxa «biziki interesgarria» iruditzen zaio: «Kolegio garaian gustatuko zitzaidan eraikuntza enpresa bateko langile bat etorri izan bazen haren lanbidea azaltzera». Haien eskolako irakasleetako bat ez, kanpoko norbait baizik, zehaztu du. Espero du etorkizunera begira «gero eta emakume gehiago» lanbidean sartuko direla, eta azaldu du gai horri heldutako mezu anitz jaso dituela dauden aukerak ezagutu nahi dituzten neska gazteengandik.
Gainera, azken urteetan garatu den ekoeraikuntzak prozesu hori laguntzen duela uste du. Aipatu duenez, «pentsatzen ahal da naturalagoa izanen dela emakumearen rola berraztertzea lanbidearen rola bera zalantzan jartzen den gune batean».
«Potentzial handia dago, 2022an Europari gehiago saltzeko lain, eta horrek energia osagarria ekarriko lioke Europako merkatuari, 100 TWh inguru». Hala adierazi zuten joan den hilean, bat eginik, Kadri Simon Europako Energia komisarioak eta Norvegiako haren homologo Terje Aasland-ek. Norvegiak jadanik %8 handitu du kontinente zaharrera (Erresuma Batua barne) esportatzen duen gasa; hortaz, aurten, 122.000 milioi metro kubiko salduko dizkio. «Enpresak ahalik eta gehien ekoizten ari dira», esan zuen Aaslandek.
Halaxe ari da Norvegiako erraldoia, Equinor enpresa, zeinaren akzioen %67 baititu gobernuak: Equinorrek bere ekoizpena handitzea baimendu du, gutxienez 1.400 milioi metro kubiko gehiago, bere bi esparru nagusitan: Oseberg eta Heidrun.
«Nabarmentzekoa da Norvegiaren ahalegina, baina ezin luke inondik ere ordezkatu Errusiatik ekarritako gasa, Putinek iturria itxiko balu… Dena den, oso garrantzitsua da Europako zenbait herrialde kalteberentzat», dio Martin Jirusekek, Txekiako Masary Unibertsitateko irakasle eta Energian espezializatuak. Jirusek batez ere herrialde baltikoez eta Poloniaz ari da, datorren udazkenetik aurrera Danimarka zeharkatzen duen gas hodi baten bidez lotuko baitira Norvegiarekin. Lau herrialde horiexek izan dute jarrerarik etsaiena Errusiarekin, hark Ukraina inbaditu eta gero: areago, Europako zigorrak indarrean sartu baino lehen utzi diote erregai fosilak Errusiari erosteari.
Guztira, Europako Batasunaren gas eskariaren %20 bete zuen Norvegiak 2021ean, eta, adituen kalkuluen arabera, %25 ere beteko du 2022. urtea amaitzerako. «Aurrerantzean, litekeena da ehuneko hori are handiagoa izatea, Europa bere kontsumoa murrizteko gai bada, Europako Batzordeak nahi duen moduan. Hala ere, ikusteko dago posible izango ote den», erantsi du Jirusekek.
Gas naturalaren sektoreak hazteko gaitasun mugatua du Norvegian, arrazoi logistikoengatik zein politikoengatik. «Gas hobi berriak herrialdearen iparraldean daude, eta, gaur egungo azpiegituren bidez, ezin da gas gehiagorik garraiatu hegoaldeko gas hodietara, Europarekin lotzen gaituzten horietara», azaldu du Jakub M. Godzimirski-k, Norve- giako Nazioarteko Arazoetarako Institutuko Energia adituak. «Gainera, bada beste oztopo politiko posible bat ere: alderdi batzuk, berdeak batik bat, gehiago zulatzearen kontra daude», erantsi du.
Norvegia, aitzindaria
Alderdi askotatik, Norvegia ezohiko erraldoi energetiko bat da. Batetik, munduko gas esportatzaileetan laugarrena da, eta petrolio esportatzaileetan zazpigarrena. Baina, aldi berean, petroliotik eratorriak ez ditu diruz laguntzen bere herritarrentzat. Libian eta Iranen, adibidez, gerta daiteke litro bat gasolina litro bat ur baino gutxiago kostatzea; Norvegiako gidariek, berriz, Europan denik eta garestien ordaintzen dute gasolina: 2,53 euro litroa. Horren erdia baino gehiago zenbait zergari dagokio. Europako gobernu askok —Espainiakoak eta Frantziakoak, besteak beste— hala eginagatik, Norvegiak berriki ez die inolako deskonturik ezarri tasei inflazioa mugatzearren.
«Agintariek politika izugarri anbiziotsu bat abiarazi dute auto elektrikoak sustatzeko, eta gasolinaren kostuak ez du inolaz ere sustatzen gasolina autoak erostea», nabarmendu du Godzimirskik. Esaterako, ez dago auto elektrikoak erostearen gaineko zergarik, auto ilararik sortuz gero bide lasterretik ibiltzeko aukera dute, eta ez dute ordaindu beharrik kalean aparkatzeagatik, edo oso gutxi ordaintzen dute. Oso neurri arrakastatsuak izan dira, salduriko auto guztien %80 baino gehiago auto elektrikoak izateraino. Dagoeneko, auto horiek osatzen dute Norvegiako automobil parkearen erdia, sekula ez bezalako mugarria mundu osoan.
Trantsizio berdeari buruzko adostasun politikoa alde batera utzita, lorpen hori ezinezkoa litzateke erosahalmena handia ez balitz, zeina gasetik eta petroliotik eratorritako diru sarreren ondorio baita. Legez, gobernuak baliabide horien ehuneko mugatu bat baino ezin du erabili: automatikoki funts subiranora doaz, eta funts horrek bermatu behar die aberastasuna norvegiarren hurrengo belaunaldiei, behin petrolioa agortzen denean. Hain zuzen ere, agintariek berriro kalkulatu dituzte aurreikuspenak, erregaien prezio berrien eraginez, eta iragarria dute aurten 64.000 milioi euro sartuko dituztela funts horretan. Norvegiakoa da munduko funts subiranorik handiena, eta nazioarteko merkatuko akzioen %1,3 ditu.
Argindarrarekin, ordea, gasolinarekin ez bezala jokatu du gobernuak: diru laguntzen bidez esku hartu du, prezioen igoera mugatzeko asmoz; argindarraren igoerak manifestazioak egitera bultzatu zuen jendea hegoaldean. Izan ere, neguan, hegoaldeko biztanleek iparraldekoek baino 100 aldiz gehiago ordaindu zuten argia. «Bi arrazoirengatik gertatu zen hori: batetik, Europako gainerako herrialdeetan ere garestitu zelako, eta hegoaldekoen sare elektrikoa gainerako herrialdeetako sarearekin lotua dagoelako; bestetik, urtegietako ur maila ohi baino apalagoa izan zelako», azaldu du Godzimirskik, eta gogora ekarri Norvegian kontsumituriko argindarraren %97 bitarte hidroelektrikoa dela. Eskandinavian ere hasiak dira klima aldaketarekin zerikusia duten aldaketak nabaritzen plubiometria ereduetan.



Ezohiko bilera da Europar Kontseiluarena, eta horrelakoetan ohikoena izaten da bilera goizaldeko ordu txikietara arte luzatzea. Halakorik gertatuko dela ziurtatzerik ez dago, baina akordioa lortzea neketsua izango dela erakusten dute orain arteko adierazpen publikoek.
Europako Batzordeak zabaldu zuen jokoa joan den asteazkenean, bere proposamena plazaratu zuenean. Hasieran estatu kide guztiak derrigortu nahi zituen gas kontsumoa %15 murriztera, baina ikusi zuen proposamen horrek ezingo zuela aurrera egin, Errusiako gasaren mendekotasunik txikiena duten estatu kideak ez zeudela prest sakrifiziorik egiteko, beren hornidura bermatuta dagoelako.
Beste aldean, Alemania. Planaren alde mintzatu da, eta gogorarazi du Errusiako gasaren kuota %55etik %26ra murriztu ahal izan duela azken hilabeteetan.
Akordioa lortu nahian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eskaini zuen borondatezkoa izatea %15eko murrizketa, eta soilik derrigorrezkoa izatea baldin eta EB osorako alerta maila erabakiz gero.
Proposamen horren aurka ozen mintzatzen lehena Espainia izan zen, EB osoan Errusiako gasaren mendekotasun txikienetakoa duen estatua. Iaz inportatutako gasaren %8,7 iritsi zen handik; aurten %8ra jaitsi da kuota hori, baina azken asteetan berriro gora egin du —%12 maiatzean—, biltegiak betetze aldera Errusiako hainbat gasontzi iritsi baitira Bilboko portura. Espainiaren hornitzaile nagusiak Aljeria (%42,8, iaz), AEBak (%42,8) eta Nigeria dira (%11,5).
Madrilek argudiatu du bere kontsumoa gutxitzeak ezer gutxi lagunduko diola Alemaniari, hara gas asko bidaltzeko azpiegiturarik ez dagoelako, eta bere industriari kalte handia egingo liokeelako; hark kontsumitzen duen gasaren erdia eta laurdena bana dute energia sektoreak eta etxeetako kontsumoak.
Gaur egun, Euskal Herria zeharkatzen duten bi gasbide txiki dira Iberiar penintsularen eta kontinentearen gainerako herrialdeen arteko lotura bakarrak: Euskadour, eta Zuberoa eta Nafarroa zeharkatzen dituena. Pirinioak Katalunian zeharkatuko lituzkeen Midcat gasbidearen proiektua berriro hartu dute, baina urteak beharko dira egiteko.
Proposamen bigunagoa
Espainiaren ezezkoari batu zitzaizkion hegoaldeko beste hainbat —Portugal, Malta, Grezia—, eta Bruselak bere proposamena are gehiago bigundu behar izan du. Azken zirriborroan, kontsumoa apaltzea borondatezkoa da, eta herrialde bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuko dira salbuespenak egiteko. Salbuespen horiei kopuru batzuk ematea izango da gaurko bileraren gakoetako bat. Gasaren kontsumoa %15 murriztu nahi ez dutenei eskatuko diete arazoak izan ditzaketen beste herrialde batzuk hornitzen laguntzeko.
Madrilek argudiatu du jada ari dela horretan, eta azken asteetan jasotzen duen gasaren %20 beste herrialde batzuetara doala, batez ere Portugalera eta Frantziara.
Gainera, derrigorrezkoa izateko bidea zailagoa izango da: bost estatu kidek eskatu beharko dute alerta egoera, eta kideen gehiengoak onartu beharko luke.
