Moredako olibak «ilarren neurrikoak» dira, eta euria eskatzen dute…
Olibak gantz gabekoak direla esplikatu du, eta uzta neurri batean txukundu dezakeena euria dela errepikatzen du behin eta berriro. Arroitz barietatekoak dira Arabako Errioxako eremu horretako olibondoak, eta azarora arte itxaroteko prest daude kooperatiban. «Txingorra ez dugu behar, argi, baina euri litro batzuk bai, eta ez dugu zertan azkar hasi olibak biltzen».
Zaila da kalkuluak egitea, eta Erasok ez du kopuruekin hasi nahi, baina ez du ezkutatu iazko uztaren neurria: 225.000 kilo oliba. Bada, aurten, olibadizainen artean hitz egitean aipatzen den aukera da 100.000 kilotik pasatuko direla, baina ez askogatik. «Eta horrek ez du esan nahi olioaren kalitatea jaitsiko denik, ezta hurrik eman ere», dio Erasok. «Lehorreko landaketa da olibondoa, eta, zenbat eta lehorrago, orduan eta indar handiagoa du olibak, nahiz eta txikia izan».
Tradizioko dolarea
La Equidad kooperatiban 1947. urteko dolarea dute, eta harekin ekoizten dute olioa olibondoak dituzten 85 bazkideek. 2003an zaharberritu zuten prentsa, baina harriak 1947koak dira. Nolabait, Moredan egiten den olioaren ikurra da dolarea, handik ateratzen dena goi mailako produktua dela adierazten duena. «Ez diogu ezertxo ere botatzen; hemen ez dago hauts magikorik: gure olioa oliba zukua baizik ez da», argi utzi nahi du kooperatibako presidenteak. Ura bai, olibak garbitzeko ura erabiltzen dutelako ñabardura egin du: «Baina, gero, olioa eta ura beren kabuz banantzen dira».
Moredako dolarean ez dute bakarrik La Equidad olioa egiten. Esaterako, Hermanos Bujanda enpresak bere olioa ekoizten du han, gourmet produktu gisa. Halaber, La Equidad Eusko Label zigiluko olioa ekoizten du; iaz, kasurako, 25.000 kilo oliba baliatu zituen horretarako. 2018an, berriz, Birite 1947 lehen olio ekologikoa merkaturatu zuten kooperatibako hiru bazkidek.
Ez alferrik, Bastidatik hasi eta Oionera arte, olibondoak daude, han eta hemen, 3.000 inguru, eta ekoizle pribatu askok egiten dute beren olioa. Produkzio txikiak dira, salbu eta Oiongo Trujal de Almazara de la Rioja Alavesa. Txiki horietako batzuk upategiak dira, adibidez Samaniegoko Ostatu eta Bastidako Remelluri.




