«Atutxak ez dezala Rosa Zarraren hilketagatik barkamena eskatzeko aukera…
Ertzaintzak eragindakoak bigarren mailako biktima gisa kokatzen dituzten inertziekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu dute gaur Donostian. Bihar beteko dira 30 urte Poliziak Rosa Zarra hil zuela, eta gaur, hura oroitzeko ekitaldian, aitortza instituzionalerako eskubidea esparru indibidualetik kolektibora igarotzeko garaia dela defendatu dute. Ertzaintzak hildakoak, torturatutakoak eta zauritutakoak gogoan, eskari zehatzak egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari Egiari Zor fundazioak eta Zarraren familiak: autokritika zintzoa egitea; Ertzaintzak eragindako mina aitortzea; erantzukizunak onartzea; eta erreparatzeko borondatea agertzea. #RosaZarra gogoratu dute Donostian, familiak, @EgiariZor-ek eta lagunek. Bihar dira 30 urte hil zela, Ertzaintzak gertutik botatako pilotakada batek jota. Erantzukizunak eskatzeko ez dela berandu esan dute, eta Atutxari eskatu baliatu dezala barkamena eskatzeko aukera @berria pic.twitter.com/141RndlFKn — Jon Ordoñez Garmendia (@jonordoez) June 29, 2025 Ekitaldian gogorarazi dute, ia 30 urte borrokaren ostean, aurtengo martxoan lortu dutela Zarraren heriotza Ertzaintzak eragin zuela frogatzea, «ez hanka ez buru ez zuen bertsio ofiziala» gezurtatzea. «Baina, horretarako, Rosaren familiak bizitza erdia eman behar izan du negazionismoaren, inpunitatearen eta kontakizun gezurti bat inposatzeko saiakeraren harresiaren aurkako borroka etengabean; 30 urteko ibilbide nekeza, mingarria, zaila izan da», kontatu dute. Hitzaldian zenbait aldiz aipatu dute 1995. urtean Segurtasun sailburu zen Juan Mari Atutxa, eta barkamena eskatzeko aukera ez galtzeko galdegin diote. Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, gaur, Donostiako Ferrerias plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU Dena den, urteurrena baliatu dute gogorarazteko Zarraren familiarena «egin zietena ofizialki aitortu dezaten borrokan jarraitzen duten ehunka familia eta milaka pertsonen borroka» dela, «giza eskubideen bermatzaile izatera deituta daudenek eragindako urraketa bakar bat ere ahanzturan gera ez dadin». «[Aitortza lortzeko], Zarraren familiak bizitza erdia eman behar izan du negazionismoaren, inpunitatearen eta kontakizun gezurti bat inposatzeko saiakeraren harresiaren aurkako borroka etengabean» PILAR GARAIALDE Egiari Zor fundazioa Aipatu dute askotarikoak direla Ertzaintzak eragindako biktimak —hildakoak, torturatutakoak eta zauritutakoak—, eta datuak ere eman dituzte: hamalau hildako, 311 torturatu eta ehunka zauritu. «Aitortza hauen aurrean ixiltasun hotza izan da Jaularitzaren adierazpen publikoa», gaitzetsi dute. Gogor jo dute Gasteizko gobernuaren aurka: «Aitortzarako, justiziarako edo erreparaziorako eskubidea aldarrikatu duten bakoitzean, biktimak deslegitimatzeko helburuarekin, edozein gezur, akusazio edo justifikazio erabili dituzte». Lau eskari Jaurlaritzari Ekitaldiaren antolatzaileen irudiko, gaur egun ukaezina da, Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan, estatu aparatu ezberdinek milaka pertsonen giza eskubideak urratu zituztela, eta Ertzaintzak ere parte hartu zuela urraketa horretan. Aitortu dute azken hamarkadako bilakaera positiboa dela, baina hala ereuste dute bide luzea dagoela egiteko, «Rosa bezalakoak bigarren mailako biktima gisa kokatu nahi dituzten inertziak desaktibatzeko». Rosa Zarra oroitzeko ekitaldia, gaur, Donostiako Ferrerias plazan. ANDONI CANELLADA / FOKU Amaitzeko, Jaurlaritzako kideei zuzendu zaizkiete. Azken urteetan biktimekiko izan dituzten adierazpen batzuk txalotu dituzte, eta, iritzi dute, ildo berean, «guztiz logikoa» dela Ertzaintzak eragindako biktimekiko ardura ere norbaitek bere gain hartzea. Horregatik, lau eskaera egin dizkiete Imanol Pradales lehendakariari eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari: autokritika zintzoa egitea; Ertzaintzak eragindako mina aitortzea; erantzukizunak onartzea; eta erreparatzeko borondatea agertzea. Ferrerias Plazan egin duten ekitaldian —Zarra hil zuten tokitik gertu—, emanaldia egin du Mugan musika taldeak, Iñaki Goñi Rosa Zarraren ilobak hiru bertso eskaini dizkio izebari, eta hitza hartu dute Ales Elosegi mediku erretiratuak, Maider eta Rosa alabek eta Egiari Zorreko Pilar Garaialdek. EH Bilduko eta Sortuko ordezkariak ere bertaratu dira. Guztiek batera txoria-txori abesten amaitu dute. [articles:2143509]