Jaurlaritza Bruselari Europako funtsak aztertzeko eske
Jaurlaritzak uste du «tresnaren erregionalizazio handiagoak oso eragin positiboa izango lukeela eragile ekonomikoen artean; Europako proiektu bateratuarekiko konfiantza bultzatzean eta maniobrarako tarte handiagoa ematean, Estatuko mugetatik harago anbizio handiko inbertsio politikak gauzatzeko».
Espainiako Gobernuak planaren gehigarri hori aurkeztu behar du Suspertze eta Erresilientzia Tresnak jasotzen dituen maileguak eta Repower EUko funtsak jasotzeko. Jaurlaritzaren ustez, «Espainiaren planak ez ditu kontuan hartzen espezializazio adimenduneko estrategiak».
Macron: «Fikzioa dira argindar mozketak»
Frantziako Gobernua, baina, egoera horretarako prestatzen ari da, eta azaroaren amaieran agindu zien prefetei beren departamenduak mozketa posible horietarako presta daitezen. Aukeren artean dago departamendu osoetan bi orduz argindarra moztea, baldin eta RTE argindar sarearen kudeatzaileak uste badu une batzuetan ez dela nahiko argindarrik. Hiru egun aurretik ohartaraziko lukete arazoak izan daitezkeela, kontsumoa murrizteko aukera izan dadin.
Egoera horretarako prestatzea justifikatu du Macronek: «Normala da gobernua muturreko kasu baterako prest egotea».
Osakidetzak “irizpide politikoak” ezin dituela “irizpide teknikoen gainetik” jarri…

UGT Euskadiko idazkari nagusiak ziurtatu du Donostialdeko ESIan lehertu den krisiak ez duela “ezustean” harrapatu. Horren hitzetan, aurreikus zitekeen halako zerbait gerta zitekeela: “Azken urteotan hartutako hainbat erabakiren ondorioa da”.
EBk bere enpresak lagunduko ditu, energia trantsizioan atzean ez…
Laguntza publikoen gaia jorratu zuten atzo AEBek eta EBk, bi aldeak biltzen dituen Merkataritza eta Teknologia Kontseiluan. Marylandeko Unibertsitatean (AEB) izan zen bilera, eta han izan ziren Valdis Dombrovskis eta Margrethe Vestager EBko lehendakariordeak. Akordio bat baino gehiago, espero zen AEBetako ordezkariek adieraztea zerbait egiteko prest zeudela.
Modu horretako konpromiso bat lortu zuen Bidenen ahotik Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, joan den astean Washingtonera egindako bisitan. «Moldaketa batzuk egin daitezke Europako herrialdeek ere parte hartzeko, baina oraindik landu beharko ditugu», esan zuen Bidenek, ostegunean.
AEBetako presidenteak argi utzi du inflazioaren aurkako legea Txinako inportazioei bidea trabatzeko tresna bat dela, eta horren bitartez lortu nahi dutela AEBetan trantsizio energetikoa egiteko industria propio bat garatzea. Hori bultzatzeko, laguntza publikoa jasoko dute AEBetan egindako osagaiekin eraikitzen diren auto elektrikoa edo eguzki panelak erosten dituztenek.
Zuzenketa baten bidez, Mexikon eta Kanadan egindako osagaiak ere sartuko dira laguntza jaso ditzaketen artean, bi horiek AEBekin merkataritza ituna dutelako; EBk, ordea, ez du, baina hori zuzendu daitekeela azaldu zuen Bidenek. «Zuzenketa hori egin zuen kongresukideak onartu du aliatuei buruz ari zela; ez zuen literalki esan nahi merkataritza itunak dituztenak. Hortaz, egin daiteke zerbait». Ikusteko dago AEBetako Kongresuak prestasun hori duen, legeak ozta-ozta egin zuelako aurrera demokraten botoekin. Trukean, AEBek nahiko dute Europak gogorrago jokatzea Txinarekin, eta ez dute erraza izango.
Politika propio bat
Baina AEBekin akordioa lortu eta merkataritza gerra bat eragotziko balu ere, EBri argi geratzen ari zaio zerbait egin beharko duela energia berriztagarrietan eta trantsizio energetikoaren beste ataletan bere enpresak atzean gera ez daitezen. «Geure lehiakideen industria politika indartsuek egiturazko erantzun bat behar dute», adierazi zuen igandean Von der Leyenek.
«Ikusten badugu sektore estrategikoetan egindako inbertsioak EBtik kanpora doazela, horrek geure merkatu bakarrari kalte egingo lioke. Horregatik ari gara aztertzen nola sinplifikatu eta egokitu behar ditugun laguntza publikoen inguruko arauak». Hau da, Brusela prest dagoela onartzeko estatu kideek diruz laguntzea sektore batzuk, inbertsioak egin ditzaten energia berriztagarrietan eta halakoetan. Estatu laguntzei buruzko araudi zorrotza du EBk, laguntza horiek enpresen arteko lehia libreari kalte egiten diotelakoan.
Baina gai horretan EBk betiko harriarekin egingo du topo: herrialde batzuek beren kabuz lagun ditzakete enpresak, baina beste batzuk ez dute nahiko dirurik. Hori gertatu zen COVID-19aren pandemiarekin, eta horregatik sortu zuen EBk Next Generation funtsa. Oraingoan ere EBk beste funts berezi bat sortzeko aukera aipatu du Von der Leyenek: «Europaren industria politika komunak finantzaketa komuna behar du».
Brusela, ordea, ez dago prest proposamen bat aurki egiteko, eztabaida hasi berri delako. Ez da eztabaida erraza izango, Alemaniak eta beste herrialde batzuek dagoeneko ohartarazi dutelako kontra daudela. Diru freskoa jarri beharrean, dagoeneko onartuta dagoena egokitzea eta erabiltzea proposatu du Berlinek.
Sevilla izango da azkenean Espainiako Espazio Agentziaren egoitza

Sevilla izango da azkenean Espainiako Espazio Agentziaren egoitza.
Upela, upela, jokoa da ustela
Baina EBtik kanpokoentzat ere egoera berria zabalduko da bihar. Izan ere, EBk, AEBek eta haien aliatuek erabaki baitute gehienez 60 dolar ordainduko dutela Errusiako petrolio upela.
Eta hori nola egingo dute? Bada, ahal dutelako, edo, neurri batean behintzat, ahal dutela uste dutelako. Mundu osoko petrolio konpainiek eta beste inportatzaileek Greziako,Zipreko eta EBko banderapeko itsasontziak baliatzen dituzte Errusiatik beren helmugara petrolioa garraiatzeko. Eta petrolio horri asegurua egin behar zaio, inork ez baititu hamarnaka milioi munduko mutur batetik bestera eramaten aseguru bat egin gabe. Petroliontzi handienek bi milioi upel garraia ditzaketenez, dirutza jarri behar da aseguruetan, eta gehien-gehiena EBko eta Erresuma Batuko konpainiek egiten dute.
EBri egokitu zaio Errusiako petrolioari gehienezko prezio bat jartzea, eta 60 dolar hautatu ditu. Handiegia, Mosku kosta ahala kosta zigortu nahi duten auzo mesfidatientzat (Polonia eta Baltikoak), baina neurrikoa AEBentzat. Haiena izan zen ideia, beldur zirelako EBk Errusiako petrolioa mugitzea erabat oztopatuko ote zuen. 60 dolarreko prezioarekin, AEBak ziur dira Errusiak jarraitu ahal izango duela bere petrolioa saltzen, ez dela hutsune handirik sortuko nazioarteko merkatuetan, eta upelaren prezioa ez dela asko igoko. Berez, azken asteotan petrolio gehiena prezio horretatik behera saldu behar izan du Errusiak, Europak erosi nahi ez dizkion upelak deskontuarekin eskaini behar dituelako.
Ontziak Indiara doaz
Ikusteko dago prezio muga eraginkorra izango ote den. Errusiak ez du besterik gabe onartuko Mendebaldeak bere diru iturri nagusia murriztea. Moskuk behin eta berriro esan du ez diola upelik salduko prezio muga onartzen duenari, eta horretarako bide bat aurkitu duela dirudi: itzalpeko ontziak. Hau da, ohiko itsas konpainietatik kanpo lan egiten dutenen petroliontziak. Financial Times-ek atzo argitaratu zuenez, azken asteetan ehunen bat petroliontzi zahar eskuz aldatu dira. Erosleek ez dutenez izenik eman, pentsatzekoa da horietako gehienak Errusiaren petrolioa garraiatzeko erabiliko direla.
Nahikoak izango al dira? Nekez, diote adituek, estali beharrekoa handia baita: 2021ean, Europara joan zen Errusiak esportatutako petrolioaren %58. Rystad aholkularitza etxeak kalkulatu du 60-70 petroliontzi faltatuko zaizkiola. Arrazoietako bat da orain baino bidaia luzeagoak egin beharko dituztela helmugara iristeko; India bilakatu da orain Errusiako petrolioaren erosle nagusia, egunean milioi bat upel erosten dizkiolako, baina urrunago dago Errusiako putzuetatik Europa baino, eta horrek esan nahi du ontzi horiek karga gutxiago hartu ahal izango dutela.
Hilabete batzuk barru ikusiko da bahimenduak eta mugak Errusiako makina militarraren finantzaketari kalte egin ote dion, orain arte ez baitu halakorik egin. Urteko lehen hamar hilabeteetan heren bat ugaldu dira Errusiak gas eta petrolio esportazioengatik lortutako dibisak, gerrak prezioak igo izanak konpentsatu baitu galdu duen apurra: azaroaren lehen erdian 10,85 milioi upel ekoitzi ditu egunean, gerraren aurretik egiten zuena baino 200.000 upel gutxiago besterik ez (-%2).
Baina horrek ez du halabeharrez esan nahi Errusiak luzaroan eutsi ahal izango dionik. Itsasontziak eta erosleak aurkitu behar ditu, kargamentuei aseguruak egiteko dirua, baina arazo teknikoak ere izan ditzake, Mendebaldeko teknologia erabiltzen duelako erregai fosilen industrian.
Luze doa gerra Ukrainako frontean, baina luze joko du upelen inguruko joko ustelak ere.
Arrasatetik urrutiratzen
Noiz sortu ziren desadostasunak?
Mondragonen eta Ulmaren eta Oronaren arteko desadostasunak ez dira berriak, baina urteetan kontsentsuaren bidez zuzendu dituzten harremanak inoiz ez bezala tenkatu dira orain. Bi kooperatibek urte askoan agertu dituzte desadostasunak korporazioarekin, eta ez da lehen aldia Arrasateko saretik kanpora aritzeko aukera mahai gainean dutela. Fagor Etxetresnen hondoratzearen ostean Mondragonek hartutako norabidearen ondoren, baina, nabarmen okertu dira harremanak. Horren adierazgarri izan daiteke arduradunen artean izandako aldentzea; Mondragonen arabera, bi kooperatibetako zuzendari nagusiek batzarretan parte hartzeari utzi diote azken urteetan.
Halere, Mondragonen txosten batek eragin du elkarren arteko azken desadostasuna. Azaroaren 15ean Donostiako Kursaal auditoriumean egin zen urteroko Kongresu Nagusian onartu zuten, eta Laboral Kutxaren eta korporazioaren arteko lankidetza nahiz elkartasun tresnak egokitu asmo dituen erabaki bat jasotzen zuen, finantza erakundea araudi berrietara egokitzeko. Ulmari eta Oronari ez zaie gustatu txostena onartzeko modua; izan ere, uste dute etorkizunean «interes gatazkak» sor ditzakeela kooperatiben artean, eta, beraz, iritzi diote onartu aurretik beste azterketa batzuk egin behar zirela.
Zergatik atera nahi du Ulmak?
Ulmaren eta Mondragonen arteko harremana hasieratik izan da gorabeheratsua. 1991n, Mondragon korporazioa sortu zenean, Oñatiko kooperatiba taldeak erabaki zuen ez bat egitea eta bide propioa urratzen segitzea. Talde gisa eratu baitzen Ulma orduan, eta ezinbestekotzat jo zituen nortasun, egitura eta jarduteko eredu propioei eustea. 2002an batu zen korporaziora, taldearen bereizgarritasunei eusteko baldintzarekin.
Mondragonek azken urteetan hartu dituen erabakiak eta norabidea tarteko, ordea, Ulmak arriskuan ikusten du eredu hori. 2016ko kongresuaren ondotik, Mondragonek berregituraketa prozesua abiatu baitzuen, baina Ulma ez dator bat industria atalaren eraldaketarekin, uste baitu kooperatiba bakoitzaren autonomiari eustea oinarrizkoa dela alor horretan ere. Eta, beraz, zuzendaritzak uste du ez duela beste aukerarik harreman eredu berri bat bilatzea baino.
Eta zergatik Oronak?
Finean, Oronaren arrazoiak Ulmaren berberak dira. Biek ala biek uste dute 2016ko kongresuan adostu ziren kontsentsuak aldatu egin direla azken urteetan, eta talka egiten dutela bi kooperatibek duten ikusmoldearekin. Hain zuzen ere, kongresu hark ageri-agerian utzi zuen Ulmak eta Oronak Mondragonekin zituzten desadostasunak. Horren adibide da, esaterako, funts berrien inguruan egindako aldaketa. Bi kooperatibek erabaki zuten ez parte hartzea Mondragonek kudeatzen duen dibisioen arteko zabalkunderako funtsean, baina lehenestea beren dibisioko funts propioa.
Zer proposatzen dute Ulmak eta Oronak?
Bi kooperatibek harreman eredu berri bat izan nahi dute Mondragonekin. Ekainean aurkeztu zuten proposamen hori, kooperatiba guztien ordezkariak biltzen dituen Batzorde Iraunkorrean, eta hala azaldu diete bazkideei ere. Txosten horretan jasotzen denez, Mondragoni atxikitako kooperatiba izateari utziko liokete Ulmak eta Oronak, eta hitzarmenen bidezko harreman bat garatuko lukete harekin, itunpeko lotura bat sortuz. Modu horretan, nork bere erabakimen eta izaera propioari eutsiko lioke, korporazioarekin zubiak guztiz eten gabe. Izan ere, biek azaldu dute baliabideak eskaintzen jarraituko luketela Mondragonen proiektu kooperatiboa osatzen duten bestelako ekinbideei, hala nola Lagun Arori, Laboral Kutxari eta Mondragon Unibertsitateari.
Elkarren arteko loturak, beraz, ez lirateke guztiz etengo. Ulmak eta Oronak uste dute harreman eredu hori «jasangarriagoa eta zentzuzkoagoa» dela, eta ez diola kalterik egingo Mondragonen proiektuari, ez eta haren parte diren kooperatibei ere. Ezta diru kontuei ere, eta, horrenbestez, elkartasun mekanismoei ere ez, ez dutelako baztertzen beharren arabera proiektuak elkarrekin finantzatzea.
Zer dio Mondragonek?
Proposamenak «guztiz» aldatzen du Mondragonen izaera, eta orain arteko «berrikuspenik handiena» egitea dakar. Hala uste dute Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak, eta hala jasotzen da korporazioak kooperatiba guztiei bidali zien txostenean. Hain da «aldaketa sakona», ezen korporazioak uste duela hausnarketa eta eztabaida luzeagoa beharko lukeela gaiak. Eta, hain zuzen ere, Mondragonen iritziz, ez zuen horretarako nahikoa denbora izan iragan ekainean, eta horregatik egin zion uko azaroko Kongresu Nagusira eramateari.
Hala ere, Mondragonek dio prest dagoela edozein proposamen aztertzeko, baldin eta «modu eraikitzailean» eta gaiak eskatzen duen denbora nahiz prozedurak errespetatzen baldin badira. Korporazioaren ateak zabalik daudela esan zien Iñigo Uzin korporazioko presidenteak Ulmari eta Oronari kongresuaren ostean. Batasunerako eta elkar ulertzeko deia egin zien, gogoraraziz elkarrekin «indartsuagoak» direla eta lankidetzarako aukera gehiago dituztela. Presidentearen hitzetan, Mondragon da Ulmaren eta Oronaren «espazio naturala», eta erabakiak ez dio inori mesede egingo, «ez Oronari, ez Ulmari, ez gainerako kooperatibei eta ez Mondragon osoari».
Nola eragingo dio korporazioari?
Ulmako edo Oronako bazkideek proposamena onartuko balute, hutsune handia utziko lukete Mondragonen, sinbolikoki bada ere. Ukaezina da hori. Enpresa talde bat baino gehiago baita Mondragon. Eta horrek korporazioak etorkizunean talde gisa eragiteko izan dezakeen ahalmenari eragin diezaioke, kooperatiba taldea txikiagoa litzatekeelako, eta «ahulagoa», Uzinek aitortu moduan.
Izan ere, hutsunerik nabarmenena industria alorrean utziko lukete. Atal horretan, pisu handia dute bi kooperatibek, nola enpleguari hala jarduerari dagokionez. Ulmak eta Oronak industria ataleko enpleguaren %28 baitute (10.000tik gora), eta salmenten laurdena dagokie.
Besterik da, ordea, korporazioaren proiektuan edo elkartasun funtsetan izan dezakeen eragina. Bi kooperatibek Mondragonen ekosistemaren parte diren egitasmo handiekin dituzten hartu-emanei eusteak (Lagun Aro edo unibertsitatea) modua egingo duelako proiektua garatzen jarraitzeko, oinarriak eta helburuak mugitu gabe.
Eta Ulmari eta Oronari?
Bi kooperatibek autonomia osoa bereganatuko lukete Mondragoneko aterkitik aterako balira. Horrek esan nahi du bazkide-langileek eta zuzendaritza organoek hartutako erabakien arabera jardungo luketela, onerako nahiz txarrerako, kooperatiba izaerari eutsita betiere. Dena den, Ulmak eta Oronak badute non begiratu: Irizarrek eta Ampok erakutsi baitute posible dela korporazioaren babesik gabe ere jarduera arrakastatsu bat izatea. Bi kooperatibek 2008an utzi zioten Mondragoneko kide izateari, eta, orduz geroztik, emaitza onak lortu dituzte.
Lagun Aron jarraitzeak ere ez luke aldaketarik ekarriko langileentzat, hura baita haien gizarte babesaz (pentsioez edota prestazioez) arduratzen den erakundea. Ulmaren kasuan, gainera, taldea bera litzateke babesguneetako bat. Bederatzi kooperatibek osatzen dute taldea, eta elkarren arteko sinergiak, lan fluxuak edota diru funtsak lagungarri izaten ahal zaizkio, orain arte bezala.
Noiz erabakiko dute?
Ulmak eta Oronak egun berean erabakiko dute zer egin: abenduaren 16an. Ulmak Donostiako Illunben deitu ditu bazkideak ezohiko batzarrera. Oronak, berriz, bere egoitza nagusian egingo du batzarra. Gai zerrendan puntu bakarra izango dute eztabaidagai: Mondragoni atxikitako kooperatiba izateari utzi eta korporazioarekin lotura berriak aztertzearena. Ohiko batzarretan egin bezala, bazkideek bozketa batean erabaki beharko dute zuzendaritzak egindako proposamena onartu edo ez.
Zer diote erakunde publikoek?
Eusko Jaurlaritza tentuz aritu ohi da gai horietaz, baina lerro artean irakurrita uler daiteke indarrak batzearen aldekoa dela. «Industria talde kooperatibo sendoa behar dugu», adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, eta gogorarazi du Mondragon dela talderik «garrantzitsuena» alor horretan. Hala ere, esan du erabakia edozein dela ere «errespetatu» egingo dutela, eta Jaurlaritzari «laguntzea» dagokiola enpresa horiek lehiakorrak eta indartsuak izan daitezen etorkizunean ere. Ez da ahaztu behar Jaurlaritzak zazpi milioi euroko inbertsioa egin zuela Ulman, urtearen hasieran. Finantzen Kontseiluaren bitartez egin zuen, kooperatibaren funts propioak indartzeko helburuarekin.
Jaurlaritzaren asmo eta helburuekin bat dator Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Eider Mendoza bozeramailearen hitzetan, garrantzitsuena «ongizate sistemari eusten lagunduko dion enpresa sare indartsua» edukitzea baita.
Medikuntza eta farmaziako ia 1.900 espezialista ari dira parte…

Medikuntza eta farmaziako ia 1.900 espezialista ari dira parte hartzen Osakidetzako LEParen bigarren fasean. Barne Medikuntza eta Psikiatria dira plaza gehien eskaintzen dituzten espezialitateak, 52 eta 28, hurrenez hurren.
Akordiorik eza FVEMeko zuzendarien errua dela salatu dute sindikatuek
Nahiz eta bi bloke ezberdinetan negoziatzen ibili, Bizkaiko metalgintzako lau sindikatuek bat egin zuten atzo astebeteko greba deialdiaren «arrakasta» nabarmentzean. Haien arabera, erantzuna %85 ingurukoa izan da, eta eragin horren erakusgarri da, esaterako, Mercedesek Gasteizen duen lantegiak bi egunez gelditu behar izan duela hornidura arazoengatik. Erantzun «zabal» horrek FVEMi zer pentsatua eman beharko liokeela uste dute, eta eskaintza «mamidun» bat egiteko akuilu izan.
Sindikatuek mezu argia bidali diote patronalari: abendua abagune egokia izan daiteke gatazka amaitzeko. Jaiegun askotako hilabeteak ez dira aproposak greba deialdiak egiteko, eta hilaren 12ko aste hori baliatu nahi dute akordioa lortzeko. Ez dirudi jarrerak oso urrun daudenik, sindikatuek berek onartu baitute aurrerapausoak egon zirela azken bileretan. Alde horretatik, CCOOk, LABek eta UGTk —ordezkaritzaren %59 dute— ez zuten lanuzte gehiagorik aipatu atzo. Bizkaiko patronalari ere ez zaio komeni bere negoziazioa Gipuzkoakoarekin elkartzea, eskaintzak alderatu daitezkeelako. ELAk —ordezkaritzaren %41—, berriz, jarrera oldarkorragoa erakutsi zuen, eta akordiorik ezean greba mugagabea antolatzeko aukera aipatu zuen.
Alde horretatik, sindikatuek nabarmendu zuten FVEMen barruan ere jarrera ezberdinak daudela. Iratxe Azkue, LABeko kidea: «Enpresari batzuek esan digute gure baldintzak onartzeko prest daudela. FVEMeko zuzendaritzan daudenak ari dira negoziazioa blokeatzen: Artetxe, Ormazabal, Sidenor, Tecuni… Horiek dituzte, gainera, irabazirik handienak».
Sindikatuek Bilbon deituriko manifestazioaren aurretik egin zituzten adierazpenak. Bizkaiko metalgintzak aurten egin duen mobilizaziorik jendetsuena izan zen. Ez zen istilurik egon, nahiz eta grebalariek petardo oso zaratatsuak bota zituzten, eta horietako batzuek metalezko paperontzi txiki pare bat lehertu zituzten. Istiluen aurkako ertzain askok zaindu zuten mobilizazioa.
Ertzaintzaren defentsan
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Ertzainzak metalgintzako piketeetan izandako jarrera defendatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Legea «zorrotz» bete zuela nabarmendu zuen, Ertzaintzak lan gatazka gutxitan erabiltzen duela indarkeria, eta erabili duenean greba eta manifestazio eskubidearen barnean ez dauden jarrerei aurre egiteko erabili dela.
Erkorekak eztabaida garratza izan zuen Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko parlamentariarekin. Hark langileen aurkako «gehiegizko indarkeria» erabiltzea leporatu zion Ertzaintzari. Era berean, ordezkari sindikalei «jazarri» izana eta haiek ostikatu eta bortizki jo izana egotzi zion Poliziari.