DSBE errentaren gutxienekoa 800 euroraino igo du Eusko Legebiltzarrak
Jeltzaleen eta sozialisten aspaldiko asmoa zen DSBEaren legea aldatzea; aurreko legealdian saiatu ziren, baina azken unean atzera egin behar izan zuten, gehiengorik ez zutelako Eusko Legebiltzarrean, eta beste taldeen ezezkoa jaso zutelako. Legealdi honen hasieran atera zuen Eusko Jaurlaritzak berriro proiektua tiraderatik, gehiengo osoa bermatua izateak ematen duen lasaitasunarekin. Gainera, Elkarrekin Podemosen babesa lortu zuen, eta EH Bilduren zuzenketa batzuk ere onartu ditu gehiengoak.
Idoia Mendia Enplegu eta Lan sailburu eta lehendakariordeak «lege ausarta» dela adierazi zuen atzoko saioan, baita «gizartearen kohesioa sakontzeko» balio duela ere. Hala ere, onartu zuen erreformak debate gogorrak eragin dituela. Mendiarentzat «euskal gizarteko kide batek jasan ditzakeen egoera zaurgarri guztien aurrean babesa handitzen du» legeak, eta «inguruko aurreratuena» izatea goratu du. Gloria Sanchez sozialistak gehitu zuen «oso lege ona» dela.
Nahiz eta hobekuntzak goraipatu, sozialistek ez zuten aipatu haiek izan zirela 2011n DSBEa lortzeko baldintzak gogortu eta sariak murriztu zituztenak, PPren botoei esker. %7 jaitsi zituzten errentak, eta errolda eskaerak handitu.
Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak ere legea goretsi zuen: «Herrialde hobea izango gara, pobreziaren kausak aztertzen eta gaizki pasatzen dutenak tratatzen dakigun neurrian. Gure babes soziala sendoa da, baina eguneratu beharra zegoen bizitza duina izateko ekintza publikoa behar duten guztiengana iristeko».
Jaurlaritzako bi alderdiez gain, Elkarrekin Podemos-IUren babesa ere izan du lege berriak. David Soto koalizio moreko legebiltzarkideak adierazi zuen bere taldeak «arduraz» jokatu duela legea onartzerakoan, testuak «funtsezko aurrerapausoak» dakartzalako. «Mezu bat zabaltzen du [legeak]: gizarte inklusiorako tresnak ez dira arazo bat, ez dute [pobrezia] betikotzen, eta iruzurra oso txikia da», adierazi zuen.
EH Bilduko Nerea Kortajarenak, berriz, azpimarratu zuen legea «motz» geratzen dela gaur egungo beharrei aurre egiteko, eta EAEko erakundeek «beren gaitasunaren azpitik» babesten dituzte beren herritarrak, Kortajarenaren ustetan.
ERRENTAREN ZENBATEKOA
Zenbat handituko dira onuradunek jasoko dituzten errentak?
DSBE berritua apirilean jarriko da indarrean, Eusko Autonomia Erkidegoaren agerkari ofizialean agertu eta hiru hilabeteko epea betetzen denean. Edonola ere, lehen fasean, gaur egun banatzen diren errentak Espainiako batez besteko inflazioaren arabera eguneratuko dira, %8,5 hain zuzen ere. Horren ondorioz, gaur egun 727 euroko prestazio estandarra jasotzen duenak 798 euro jasoko ditu urtea hastearekin batera; apirilaren 1etik aurrera, berriz, 800 eurora helduko da.
Bizikidetza unitatea osatzen duten bi lagunen saria, berriz, 934 eurotik 1.013 eurora helduko da urtarrilean, eta 1.066 eurora apirilean.
Prestazio horiek handitu egingo dira bizikidetza unitatean saria jasotzeko eskubidea duten kideak eta haurrak ugarituz gero. Horrela, prestaziorik handiena 1.680 eurokoa izango da lege berriarekin, heldu batek eta lau adingabek osatutako familientzat; gaur egun, 1.086 euro dagozkie.
2024. urtetik aurrera, prestazioak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako KPIaren arabera eguneratuko dira. Desagertu egingo da gutxieneko soldatarekiko lotura.
ERROLDA ESKAERAK
Zer aldaketa egongo dira errolda epeen eskakizunetan?
Errentaren eskatzaileak, lehen bezala, egiaztatu beharko du gutxienez hiru urtez Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi izan dela. Hala ere, karguan adingabeak, mendekotasuna duten adinduak edo elbarritasuna duten pertsonak badituzte, eskari hori urtebetera jaitsiko da hemendik aurrera.
Horrez gain, beste kolektibo batzuek ez dute antzinatasun jakin bat erakutsi beharko erroldan. Horiek dira indarkeria matxistaren edo sexu esplotazioaren biktimak eta errefuxiatu estatusa duten pertsonak.
Azkenik, terrorismoaren biktima izaera onartuta daukatenek eta atzerritik itzuli direnek ez dute erakutsi beharko Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta daudela.
ADINA
Zenbat urte izan beharko dira orain DSBEa eskatzeko?
2008ko legearen arabera, errenta eskatzeko gutxieneko adina 23 urtekoa zen, salbuespenak salbuespen: adingabekoak karguan izatea, «terrorismoaren» edo indarkeria matxistaren biktima izatea, umezurtza izatea eta adingabeen zentro batetik atera berria izatea. Hemendik aurrera, 18 urtetik gorakoek eskatu ahal izango dute DSBEa. Adin tarte horretako gazteek ziurtatu beharko dute urtebete daramatela emantzipatuta, eta beste horrenbeste Lanbiden izena emanda.
LAGUNTZA KOPURUA
Zenbat laguntza jaso daitezke etxebizitza bakoitzeko?
2008ko legearen arabera, etxebizitza bakoitzeko gehienez bi laguntza bakarrik jaso zitezkeen. Atzo onartutako testuarekin, muga hori kendu egingo da. Etxebizitza batean familia unitate bat baino gehiago badago, errenten zenbatekoa murriztu egingo da.
Ohiko eta salbuespenezko familia unitateak ezberdindu ditu lege berriak, eta bigarrenen kasuan, laguntzen iraupena hiru urtera luzatuko da; pentsiodunak badira, laguntzak ez du iraupen mugarik izango.
LAGUNTZEN KONTROLA
Zer mekanismo berri izango ditu DSBEak?
Lege berriaren helburua da baldintzak malgutzea eta zenbatekoak handitzea, baina horretarako, kontrol mekanismoak areagotu egingo dira. Hala, bizikidetza unitateen eta diru sarreren egoeraren errebisioa hiru hilabetean behin egingo da, ondoren laguntzaren zenbatekoa eguneratzeko. Horretarako, ikuskapen unitate bat sortuko da.
Laguntza eskatu eta hilabetera ordainduko da errenta, eta iraupenaren muga ezabatuko da —bi urtekoa zen lehen—.
DSBEaren erreformak dakartzan berritasun nagusiak

DSBEaren erreformak dakartzan berritasun nagusiak. Eusko Legebiltzarrak onartu egin du Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak aldatuko dituen legea. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk egin dute erreformaren alde.
Legebiltzarrak onartu egin du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma

Legebiltzarrak onartu egin du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma. Zenbatekoetan, gehieneko errenta ezingo da izan 803 eurotik beherakoa (orain arte, gehienez, 727 eurokoa zen). Neurri nagusia da adina 23 urtetik 18ra igaroko dela.
Lanbidek 22,7 milioi euroko enplegua babesteko programen deialdiak aurreratu…
Greba eguna dute Amazonen Trapagarango zentro logistikoan

Beste bi greba egun deitu dituzte Amazonen Trapagarango zentro logistikoan, Olentzero iritsi bezperan. LAB sindikatuak abenduaren 22an eta 23an greba egitera deitu ditu langileak, hitzarmen propioa eskatzeko. ELAk ere bat egin du grebarekin eta mobilizazioekin.
Bizkaibuseko hainbat zerbitzutan gaur deitutako grebaren jarraipena % 100ekoa…

Greba dago deituta abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, Bizkaibuseko bost enpresa emakidadunetatik lautan. 24 orduko lanuzteak ondorengo autobus zerbitzuei eragingo die: Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri, Enkarterriak, Busturia Lea Artibai eta Mungialdea.
Osakidetzak lan eskaintza publiko berriaren oinarri orokorrak argitaratu ditu

Osakidetzak lan eskaintza publiko berriaren oinarri orokorrak argitaratu ditu. Aurreikusitakoaren arabera, abenduaren 27an argitaratuko dituzte lan eskaintza horren oinarri zehatzak, EAEko Aldizkari Ofizialean.
Lakuntza: “Metalgintza sektorean greba mugagabea da hurrengo urratsa, albait…

Lakuntza: “Metalgintza sektorean greba mugagabea da hurrengo urratsa, albait arinen eman beharrekoa”.”Horretarako, baina, batasuna behar dugu. Beharbada berandu gabiltza, ahalik eta azkarren egin beharko baikenuke aukera horren alde”, adierazi du ELAko idazkari nagusiak.
Gizartean ezkortasuna errotu dela iritzi dio Laboral Kutxak
Inkesta erantzun duten kontsumitzaileen %38k gutxiago edo askoz gutxiago gastatuko dute 2023an, eta hamarretik bederatzik baino gehiagok ez dute gastu handirik egiteko asmorik —etxebizitza edo autoa erosi, altzariak aldatu…—. Urte hasieran, %13k uste zuten 2023a egokia izan zitekeela erosketak egiteko; orain, baina, %6 baino ez dira. %48k, bestalde, antzera gastatuko dute.
Ahalegin horrek aurrezteko ahalmenari eragingo dio. Izan ere, 2023an aurrezteko aukeraz galdetzean, baikortasuna asko apaldu da urteak aurrera egin ahala. Urte hasieran aurrezteko itxaropen handia zegoen arren —+15eko ratioa lehen hiruhilekoan—, egun -17koa da. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, -6koa zen, eta nabarmen egin du okerrera neguan. Pandemiaren gogorrenean ere ez zen egon hain apal.
Eta zergatik hain iragarpen kaskarrak? Bada, oro har, uste dutelako ekonomiak okerrera egingo duela. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan inkestak emaniko konfiantza ratioa -22koa zen, eta, egun, -23koa da. Alde horretatik, Europako beste herrialdeekin bat datoz: Frantzia (-20), Alemania (-27), Danimarka (-21) Espainia (-30) eta Herbehereak (-31).
Datu orokorragoen inguruan galdetuta, ekonomiaren egoeraren inguruko itxaropena oso apal dago (-39); langabeziaren bilakaeraren inguruko ikuspegiak, aldiz, hobera egin du. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan -18koa zen; orain, berriz, -14koa da. Inkestako daturik baikorrena da, eta uste horrek bat egiten du Gizarte Segurantzako afiliazioarekin, langabezia tasak behera egin baitu azken hiru hilabeteetan.
Enpresak, egonkor
Enpresei ere helarazi die inkesta Laboral Kutxak, eta haiek 2023ko lehen hiruhilekorako iragarpenak egin dituzte. %80,4k uste dute lantaldeari antzera eutsiko diotela, eta %8,7k bakarrik txikituko dute. Fakturazioari dagokienez, %57k uste dute antzera jarraituko duela, eta %23k okerrera egingo duela. Errentagarritasunaren inguruko pertzepzioa ezkorragoa da: %56k antzekoa espero dute, eta %32,6k, txikiagoa.