CAFek kostuen igoera nozitu du
CAFek atzo argitaratu zuen 2022ko jardunaren txostena. «Urte historikotzat» jo zuen, salmentek 3.000 milioi euroen langa igaro zutelako lehen aldiz. 3.165 milioi euroren salmentak egin zituen zehazki, 2021ean baino %8 handiagoak. Gehiago saltzeak, baina, ez du esan nahi gehiago irabazten denik, ekoizpen gastuak handitzeak mozkinei eragiten dielako.
Hori gertatu zitzaion, hain zuzen. 52 milioi euroren irabazi garbiak lortu zituen guztira, 2021ean baino 34 milioi gutxiago. Txostenean, asko igo ziren hainbat gastu aipatzen ditu: soldata igoerak, gastu finantzarioen gorakada (+%46), energia kostuen bilakaera —%250eko igoera aipatzen du—, lehengaien garestitzea eta osagai kateetan izandako trabak. Azken bi arazo horiek autobusen alorrari eragin zioten bereziki.
Autobusen alorrak, izan ere, behera egin zuen, eta hori 2021ean adina ale saldu zituela kontuan hartuta—1.492 saldu zituen urte bakoitzean—. Solarisek 696 milioi euroren salmentak egin zituen, 2021ean baino %3 gutxiago. CAFen negozio alor handiena, dena den, trenena da, eta haien salmenta %11 handitu zen. CAFen negozio bolumenaren %58 trenen ekoizpenean datza, eta iazko salmenta datu bikainen oinarria hura da. Tren zerbitzu osagarrien alorrak %5 egin zuen behera, eta osagaiena %44 hazi zen.
Irabazien jaitsiera zergetan eta akziodunek jasotako dibidenduetan ere nabaritu zen. Mozkinen gaineko zergei erreparatuz gero, 36 milioi euro ordaindu zituen, %12 gutxiago. Akziodunei dagokienez, 1,52 euro jaso zituzten akzio bakoitzeko, 2021ean jasotako 2,51 euroetatik urrun.



