Arabako Mahastiak izendapenak 2023ko uztan lehen ardoa lortzea espero…

Arabako Mahastiak izendapenak 2023ko uztan lehen ardoa lortzea espero du. Kontseilu Arautzaileak ziurtatu duenez, beharrezkoak diren izapideak egiten ari da mahastizainei eta upategiei erregistroak irekitzeko, baldin eta baldintza agiria betetzen badute.
Erdiz, abeltzaintza tradizionalaren eta meatze-estraktibismoaren arteko pultsua

Erdizeko larrea, Alduide menditik gertu, kuttuna dute Baztango abeltzainek. Ez alferrik, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da. Baina haren etorkizuna kolokan dago, Artesiagako meatze-proiektuaren kokalekuetako bat baita.
EH Bilduk salatu du 70 milioi euroko gainkostua izan…

EH Bilduk salatu du 70 milioi euroko gainkostua izan duela Aldundiak Arabako bi zaharren egoitzatan. Lakuako eta Zadorrako zentroei egiten die erreferentzia, eta gaineratzen du diru horrekin gaitasun bereko beste bi erresidentzia ireki daitezkeela.
Erretiroa hartzeko gutxieneko adinaren igoera “negoziaezina” dela adierazi du…

Erretiroa hartzeko gutxieneko adinaren igoera “negoziaezina” dela adierazi du Frantziako lehen ministroak. “Sistemaren oreka” bermatzeko neurri negoziaezina eta beharrezkoa dela berretsi du Elisabeth Bornek, erabakiaren aurkako protesta gogorrak gorabehera.
Ostalaritzako «lan esplotazioa» salatu du LABek
Ostalaritzan lan abusuak areagotzen ari direla salatu du LABek, eta defendatu du sektorean lan egiten duten guztien eskubideak ziurtatu behar direla. Sindikatuak elkarretaratze bat egin du Donostian, lan esplotazioagatik atxilotutako hiru enpresaburuen jatetxe baten aurrean. Azpimarratu du «sektorerik prekarizatuenetako» bat dela ostalaritza, eta Donostian oso agerikoa dela hori.
📢📢📢 Kontzentrazioa egin dugu Donostiako Senra tabernaren aurrean, langile guztientzako baldintza duinak eskatzekohttps://t.co/KZ2sG0UUyJ pic.twitter.com/sxyDZQOuC4
– LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) January 27, 2023
Hilaren 12an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, ogasun eta gizarte segurantzaren aurkako eta langileen eskubideen kontrako delituak egotzita. Zehazki, atzerriko 21 langile esplotatzea eta ogasunari 80.000 euroko iruzurra egitea leporatzen diete. Donostiako bi jatetxe ikertu dituzte, biak enpresaburu berberenak. Bi enpresaburu eta jatetxe horietako baten kudeatzailea atxilotu zituen Poliziak, eta epaiketaren zain daude. Ikerketa 2022ko azaroan hasi zuen ikuskaritzak, langile batek egindako salaketa batengatik.
Salaketa horretan, langileak zioen hamabi ordutik gorako lanegunak zituztela, atseden egunik gabe. Enpresak, baina, ukatu egin du halakorik, tabernetako baten beiratean itsatsita jarri duen kartel batekin, langile batzuek sinatu dutena. LABek sinesgarritasuna kendu dio oharrari, eta aurreratu du enpresaburu talde horrek Hondarribian (Gipuzkoa) duen lokaleko bi langilek salaketa jarriko dutela. Sindikatuak elkarretaratze bat egingo du han, datorren asteartean.
Ezagututakoak hautsak harrotu ditu Donostian. Aste honetan pintaketak egin dituzte establezimendu horietan. Halaber, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak adierazi du enpresaburuei leporatzen dietena frogatuz gero «merezi duten zigorra» jasotzea espero duela, eta azpimarratu du horrelako kasuek «sektore osoa» kaltetzen dutela. Eneko Goia alkateak, berriz, esan du «oso kezkagarria» dela gertatutakoa, eta «erantzun sendoa» behar duela.
URAK EZ DARAMATZAN ARAUAK
Kexuaeren testuingurua ulertzeko, Amazoneko langileen kasua azaldu behar da, eta haien jardunaren berezitasunak. «Amazonen langileen nolabaiteko ugazaba aplikazio informatiko bat da. Ordenagailu txiki bat daramate soinean, eta aplikazio horri jakinarazi behar diote gelditzera doazela. Komunera joan nahi badute edo edozer gauzatarako», azaldu du Gotzon Mardarats (Barakaldo, Bizkaia, 1980) LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako saileko kideak. Hura da sindikatuaren ordezkaria Amazonen.
Komunera joateak, baina, eguneko ekoizpen datua okertzen die. «Egunean zehar fardel kopuru jakin bat mugitu behar dute, eta, komunera badoaz, kopurua txikiagoa da. Horrek ez du eraginik soldatan, baina, beste lankideek baino fardel gutxiago mugitzen badituzte, azalpenak eman behar izaten dituzte. Lankideen arteko ekoizpen rankinak eta guzti egiten dituzte», deskribatu du. Komunera joateko eskubidea dute, betiere aplikazioari jakinarazten badiote. Beraz, informazio hori pilatzeko aukera dago. «Eta gero gerokoak», gehitu du.
Amazonen sistema legezkoa da. Hala azaldu du Mire Edurne Lopez EHUko Lan Harremanetako fakultateko irakasleak (Bergara, Gipuzkoa, 1969). «Langileen estatutuak arautzen ditu eten eta atsedenak», azaldu du. «Kontrolatu daiteke zenbat denbora pasatzen duen langileak komunean. Eten guztiak erregistratzeko obligazioa ezar dakioke. Baina normaltasunaren parametroetan badago, lan denbora bezala hartu behar da. Ugazaba ere komunera doa». Eta mugatu edo arautu? «Ez, behar adina aldiz joan daiteke, eta, kasu berezietarako, hor dago lan arriskuen prebentzio legea».
Silvia Gambarte lan arloan berezituriko abokatua da (Lerin, Nafarroa, 1979), eta zentzu onaren alde egin du. «Legeak ezin dizu esan orduero bost gutxitan joan behar duzula komunera. Hori ezin da arautu: behar fisiologiko bat da. Kontua da lanpostu batzuk etengabe monitorizatuak daudela, eta horrek berez eragiten du kontrola. Gakoa da hor nola erregistratzen den komunerako buelta hori, eta gero informazio hori erabiltzen den».
Fitxatzeko makina atean
Kontrolatu, erregistratu… baina nola? Amazonekoen lan egiteko modua ez da oso ohikoa. Mardaratsek beste kasu bat gogoratu du, berak gertutik ezagutu zuena. «Bilbon egoitza zuen euskal informatika enpresa ezagun batek fitxatzeko makina jarri zuen komuneko atean. Langileek beren txartela sartu behar zuten atea ireki zedin», gogoratu du. Sistemak, baina, gutxi iraun zuen: enpresak bidea aldatu zuen. «Langileek protesta egin zuten. Giroa bero zegoen lan kontuengatik, eta ekintza sindikal pixka batekin kendu zen», zehaztu du.
Lanorduetako atsedenekin zerikusia duten sententzia asko egon dira; komunera joateko eskubidearen ingurukoak, aldiz, ez hainbeste. Entzutetsuenetako bat 2021ean ebatzi zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi zen enpresak helegitea jarri zuelako. Extel telemarketin enpresako langileen salaketa izan zen, eta CCOO sindikatuak eraman zuen kasua. Telelanean ziharduten langileek salatu zuten enpresak legezko atseden tarteetan txertatzen zituela haien ezohiko etenak —komunera joateko edo Internet konexioa eteten zelako hartutakoak—. Alegia, ez zituela lanordu moduan zenbatzen. Azkenean, epaileek arrazoia eman zieten langileei.
Lopezek azaldu du: «Kasu horretan, langileek eten horiek komunerako joan-etorri moduan erregistratu ahal izatea eskatzen zuten. Tarte batez telefonoari adi ez egoteagatik zigortu egin baitzitzaketen». Langileek eskubidea dute sei orduz behin gutxienez hamabost minutuko atsedena izateko, lan zuzenbideko hiztegian ogitartekoaren tartea esaten zaiona. Horrez gain, beste atseden mota asko daude. Telemarketinean, eta pantaila baten aurrean egiten diren lanetan oro har, orduero eten bat egin daiteke ikusmenari atseden emateko.
Gambartek sektore horretako berezitasunetan jarri du arreta sententzia aletzeko. «Langileek badakite jarduna kontrolatua dutela. Etengabe jasotzen dituzte deiak; eskatzen dutena da komunean dauden bitartean deirik ez pasatzea. Edo, beste modu batera esanda, nahi zuten Internet erortzen zen tarteek eta komunean pasatzen zituzten tarteek eraginik ez izatea legezko atseden tarteetan».
Baimena eskatu behar da?
Eta legezkoa al da baimena eskatu behar izatea? Baldintzatu al daiteke komunera joateko erabakia? Mardaratsek beste kasu bat azaldu du, Ikeak Barakaldon (Bizkaia) duen dendan gertaturikoa eta auzitara eraman zena. «Kutxazain bati gertatu zitzaion. Lanean ari zela, komunera joateko premia suertatu zitzaion, eta ordezko bat eskatu zuen. Ezin zuen kutxa bakarrik utzi. Lan handia zegoen, eta berrogei minutu itxaron behar izan zuen. Larri zihoanez, korrika irten zen, eta istripua izan zuen». Erortzean, orkatila hautsi zuen, eta kolpeak nerbio estutu batzuk eragin zizkion.
Mardaratsek dio mutualitatearekin talka handiak izan zituztela eta lanera itzuli zenean bere egoera berrira moldaturiko lanpostu bat eskatu ziola enpresari. Ordurako, auzia salatua zegoen, eta kaleratze adostu batekin amaitu zen. Haren ostean, protokolo bat ezarri zuten saltokian: «Txanda guztietan, maila ertaineko arduradun bat egon behar da, komunera joan behar duen kutxazain hori ordezkatzeko».
Legezkoa da komunera joateko baimena eskatu behar izatea; Lopezek azaldu du zergatik. «Lanaren arabera. Lanpostu jakin batzuek etengabeko arreta eskatzen dute. Haien zereginen berezitasun bat da: zaintzaileak, makineria arriskutsua erabiltzen duten langileak… Halakoetan, ulertzekoa da ordezko baten zain egon behar izatea. Beste kontu bat da etengabeko arreta erreala den, eta zeren arabera arautzen den».
Gambartek ñabardura interesgarria gehitu dio eztabaidari. «Nik ez nioke baimen eskaera deituko. Nik arduraduna informatzeko obligazioa dela esango nuke, arduradunak jakin dezan tarte batez lanpostua utziko duzula. Baimena eskatu behar izateak esan nahi du ukatu diezazuketela, eta ez da hala».
Lopezek egin bezala, etengabeko arreta erreala den edo ez arautu egin beharko litzatekeela uste du abokatuak. «Bederatzi kutxazain dauden supermerkatu batean, batek ezin al du kutxa itxi? Segurtasun zaindari bat baino gehiago dagoen areto batean, horietako bat ezin da komunera joan? Gauzak erraztu egin behar dira».
Lanpostu egokituak
Komunerako buelta lanetik pixka batean ihes egiteko aitzakia perfektua da. Hura behar baino gehiago luzatzeko aukerak ateak irekitzen dizkio pikarokeriari. «Toki batzuetan, abusuak egoten dira, eta, askotan, premia berezia duenak ordaintzen du», salatu du Lopezek. Premia bereziak? «Haurdun dauden emakumeak, gaixotasun jakin bat dutenak… Komunera sarriago joan behar duen oro. Lehen esan dut lan osasunaren legearen babesa dutela, eta horien lan baldintzak egokitu egin behar dira».
Ganbarte Auzitegi Nazionalaren 2021eko ebazpenera itzuli da. Epaileen arabera, komunerako tarteak lanorduetatik kanpo geldituko balira, adineko langileen «diskriminazioa» litzateke. «Ondo argudiatzen du. Esaten du zahartu ahala komunera joateko beharra handiagoa dela, eta gogoari eusteko ahalmena murriztu egiten dela. Beraz, komunean igarotako denbora lanordu bezala zenbatzen ez bada, adineko langileek atseden denbora gutxiago izango dute».
Abokatuak gehitu du komunera joateko premia bereziak dituzten langileek lanpostuak egokitzeko «eskubidea» dutela, eta horrelako eskaerak ohikoak direla: «Postari baten kasua, esaterako. Arrazoia edozein dela, komunera sarri joateko beharra badu, ezin da kalean ibili. Han ez du beti komun bat eskura izango. Enpresak lanpostuz aldatu behar du».
Danbor hotsak isiltzen ari dira
Atzeraldi handi baten mamua Euskal Herritik nahiko urrun dagoela esan dute Eustatek eta Nastatek eman berri dituzten datuek. Bat egin dute esatean 2022an barne produktu gordina %4,3 hazi zela, eta udazkeneko hilabeteak, ezustean, udakoak baino hobeak izan zirela. 2023 hasiera okerragoa izango al da? Litekeena da, baina inflazioak ez badu beheranzko joera eteten, ez dirudi jarduera ekonomikoa hondoratuko denik.
Edonola ere, ekonomia txikia eta irekia da Euskal Herrikoa, eta, horregatik, kanpoko faktoreen menpe dago. Faktore horien hotsa ez zen oso atsegina, baina doinua aldatzen ari da. AEBek jakinarazi dute 2022ko azken hiruhilekoan %0,7 hazi zela hango ekonomia, uste zutenaren gainetik. Asteartera arte itxaron behar da eurogunekoa jakiteko, baina kalamitate handirik ez da espero; Espainiak ere espektatibak hautsi ditu, eta Alemania ere horretarako bidean da.
Berlingo Gobernuak %0,4ko uzkurtzea iragarri zuen udazkenean 2023rako, baina aste honetan esan du %0,2ko hazkundea espero duela. «Panorama okerrena ez da gertatu, eta ekonomia eta merkatuak dinamika positiboan daude. Krisi ekonomiko larri bat eragoztea lortu dugu. Hori da 2022ko mezua: krisia kontrolagarri egin dugu», esan du Robert Habeck Ekonomia ministroak, eta gogorarazi zuen iragarle ezkorrenak %12ko eroriko bat aurreikustera iritsi zirela Errusiako gasak iristeari uzten bazion. Bada, Errusiako gasa ez ezik, hango petrolioa ere erosteari utzi dio azken asteetan Alemaniak, eta ekonomia ez da geratu, eta herritarrak ez dira hotzez hil.
Habeckek onartu du 2023 hasieran izan daitezkeela hazkunde negatiboko hiruhileko batzuk, baina garrantzia kendu dio. Funtsean, BPGa negatiboa ala positiboa izateak neurri bateraino inporta du; aberastasuna neurtzeko modu bat da, eta auzitan dago neurgailu gisa, besteak beste, aberastasun horren banaketari buruz ezer esaten ez duelako.
Ikuspuntu sozial batetik, garrantzitsuagoa da enpleguak zer egiten duen, horrek erakusten baitu gizarteko sektoreko apalen zailtasunak handitzen ala txikitzen ari diren. Eta horretan ere, kasu partikularrak gorabehera, ez da hondamendirik gertatu azken hilabeteetan. Alemanian asko jota langabezia hamarren bat handituko dela uste du gobernuak; Hego Euskal Herrian, berriz, enplegu sorrera asko moteldu dela argi dago, baina datu kontrajarriak iristen ari dira.
Oro har, lanpostua galtzea baino, soldatarekin bizi ahal izatea da kezka handiagoa, eta horretan arazo ukaezina da: soldatak inflazioaren azpitik hazten ari dira, berriro ere. Badira salbuespenak, borrokaren ondorioz erosteko ahalmenari eusten dioten itunak; horiek gehiago izateko kalterik ez du egingo ekonomia atzeraldian ez sartzeak.
Giro uste baino argiago horretan bilduko da aste honetan Europako Banku Zentrala. Ezusteko ikaragarririk ez bada, puntu erdi bat igoko ditu orain interes tasak, eta beste puntu erdi bat martxoaren amaieran. Atzeraldiaren danborrak isildu dira, inflazioarenak ez, eta ikusita jarduera ekonomikoak eusten diola, norabidea aldatzeko arrazoirik ez du EBZk.
«Lan esplotazioa» salatu du LABek Donostian
21 langileak Donostiako Parte Zaharreko Senra izeneko bi tabernatan esplotatzen zituzten. Antza, hamabi ordu egiten zuten lan egunean, astelehenetik igandera, eta 1.068 euro kobratzen. Egoera zailean zeuden migratzaileak erakartzen zituzten lanerako, paperak lortzen lagunduko zietela esanda.
Bizkaiko metalaren negoziazio bilera astelehenera, hilak 30era, atzeratu da

Metaleko hitzarmenaren bilera. Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioko (FVEM) eta sindikatuetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzapean bigarrenez bildu ziren astelehenean, hilaren 23an, Bilbon. Gaur egitekoak ziren hirugarren bilera astelehenera atzeratu da.