BBK Fundazioak Kutxabanken errotzea bermatu du, 231 milioi eurotik…

Legeak ezarritako nahitaezko betekizun bat da 200 milioi euro baino gehiagoko erreserba funtsa izatea. Ezarritako epemuga baino bi urte lehenago bete du BBKk baldintza hori.

Zenbait eztabaidaren ostean iritsi zen behin betiko erabakia. Izan ere, duela hainbat aste eman zuten baiezkoa Europako Batzordeko Ingurumen ministroek eta Europako Parlamentuak, baina estatu kideen babesa ere behar zuen neurriak, eta Alemaniak baldintza hauxe jarri zuen: erregai sintetikoak debekutik salbuetsita geratzea. Bruselak hori onartu, eta larunbatean lortu zuten akordioa.
Erregai sintetikoak ez ezik bioerregaiak ere debekutik salbuesteko eskatu zuen atzo Italiak, eta, Bulgariarekin batera, abstenitu egin zen.
EH Bilduk eredu industrialaren inguruko eztabaida publikoan murgiltzeko prest dagoela erakutsi zuen atzo Bilbon, bere industria planaren aurkezpen publikoan. Industria politika eraginkorrerako oinarriak txostena urtebeteko hausnarketa prozesu baten fruitua da, eta sektorea jasaten ari den krisiari erantzutea du helburu. «Egun ez dago izen hori merezi duen industria politikarik. Enpresak ez daude errotuta, eta sektore estrategikoetan trakzio enpresak galtzen ari gara», kritikatu zuen Pello Otxandiano koalizioko programa zuzendariak.
Euskalduna jauregian egin zuen aurkezpena. Kooperatiben munduko izen ezagunak bertaratu ziren. Rosa Lavin Kooperatiben Konfederazioko burua aurkezpenean zen, besteak beste, eta Mondragon taldeak, Oronak eta Eroskik ordezkaritza bidali zuten. Viuda de Sainz eraikuntza enpresak, Solariak, Euskaldendak elkarteak eta UPTA langile autonomoenak ere gonbidapena onartu zuten. Sindikatuei dagokienez, LAB bakarrik agertu zen, baina UGTk eta CCOOk barkamena eskatu zuten ezin izan zirelako joan. Patronal handirik ez zen egon. Bilduk ez zituen gonbidatu.
Kooperatiben babesa ulertzekoa da, koalizioaren eskaintzaren ardatzetako bat baita zuzendaritza organoetan langileen presentzia normalizatzea: «Kudeaketa aurreratua bilatu behar da, emaitzak eta erabakiak enpresako kide guztien artean partekatuko dituena». Eta ez bakarrik demokratizatzeko, uste baitu «langileen ahalduntze» hori enpresaren errotzea bermatzeko aingura izan daitekeela.
EH Bilduren ustez, enpresen erabakiguneek Euskal Herrian jarraitzeko ahalegin publiko guztiak zilegi dira. Errotzea galtzeko arriskua hainbatetan aipatu zuen Otxandianok. «Hori eragozteko, interbentzioa behar da», nabarmendu zuen. Horretarako zerga araudia eta legedia egokitu beharko lirateke, eta «finantza bulkadak» bermatu.
Bulkada publikoak funts pribatuen gihar ekonomikoa ordezkatu behar du, haiek arriskutsu ikusten baitituzte: «Atzerriko inbertsio funtsen eskutik industria errotze handiagoa galtzeko arriskua dugu». Babes horrek baldintzatua behar du, laguntzak erabaki jakin batzuetara lotuta, esaterako. Bilduk Euskaltel eta Ibermaticaren jabetza aldaketak jarri zituen baldintzatu gabeko babes publikoaren eredu negatibo gisa.
Erretretaren erreformaren legegaiaren aurkako hiru zentsura mozio jarri ditu oposizioak. Bana aurkeztu dituzte Frantziako Asanbleako Nupes ezkerreko koalizioko diputatuek eta RN Batasun Nazionalekoek, eta hirugarrena ezkerreko senatariek. Lehen bien argudio nagusia proze- durari buruzkoa da. Izan ere, Frantziako Gobernuak ez zuen erreforma legegai arrunt baten gisara aurkeztu, baizik eta Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa, Konstituzioaren 47.1 artikuluak ematen duen aukera baliatuta.
Teknizismo bat dirudi, baina ez da erabat hala. Lege proiektuek prozedura luzea dute parlamentuan, baina 47.1 artikuluak eztabaida 50 egunera mugatzeko aukera ematen du; epe hori igarota, parlamentariek legea bozkatu ez badute, gobernuak aukera du dekretu bidez onartzeko edo, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuz, legegaia bozketarik gabe onartzeko eta trukean zentsura mozioak jasateko. Azken hori gertatu zen, testua LR Errepublikanoak alderdiarekin negoziatu arren, eskuineko diputatu asko ez zeudelako prest erreformaren alde bozkatzeko.
Helegiteek gogorarazi dutenez, 47.1 artikulua presazko finantzaketa beharra onartzeko pentsatuta dago eta ez, pentsioekin gertatu bezala, epe luzeko auzi bat finkatzeko.
Nupesen eta RNren helegiteen beste argudio komun bat ere prozedurari buruzkoa da. Salatu dutenez, Gizarte Segurantzaren finantzaketarekin inolako zerikusia ez duten artikuluak ditu proiektuak, hala nola enpresa handiek adineko langileen erregistro bat eduki behar izatea eta adineko langileentzat kontratu berezi bat sortzea.
Azken kexua politikoagoa da: gobernuak «zintzoa ez zen informazioa» zabaldu zuela. Esaterako, gutxieneko pentsioa 1.200 eurorena izango zela.
Ezkerreko senatarien helegitearen tesi nagusia da gobernuak hainbat prozedura tresna pilatu zituela «parlamentua legea onartzera behartzeko». Izan ere, 49.1 eta 47.1 artikuluak ez ezik, Konstituzioaren 44. artikulua eta Senatuko beste hiru ere erabili zituen gobernuak prozedura bizkortzeko.
Hiru aukera ditu Kontseilu Konstituzionalak. Lehenengoa da helegiteak atzera botatzea. Kasu horretan, erreforma izenpetuko luke Macronek, eta irailaren 1ean jarriko litzateke, data hori aipatzen baitu legeak.
Bigarren aukera da lege osoa baliogabetzea. Egoera horretan Macronek erabaki beharko luke berriro gaiari heldu nahi dion, ala beste erreforma bat negoziatzen saiatzen den.
Azkenik, Konstituzionalak erabaki dezake artikulu batzuk soilik bertan behera uztea. Horrek bi aukera emango lizkioke presidenteari: indarrean jartzea artikulu horiek gabe edo artikulu horiek negoziatzea.
1959az geroztik, 744 lege aztertu ditu Konstituzionalak, eta horietatik hamazazpi baliogabetu ditu osoki, eta horietatik zortzi prozedura kontuengatik.
Fabius, Juppe eta besteak
Kontseilu Konstituzionalak bederatzi kide ditu; horietatik bost dira politikoak eta beste laurak, berriz, goi funtzionarioak. Politikarien artean bi izen nabarmentzen dira: Laurent Fabius eta Alain Juppe. Fabius lehen ministro izan zen (1984-1986) François Mitterrand presidente zela, eta François Hollande alderdikideak hautatu zuen Kontseilu Konstituzionaleko presidente, 2016an. Alain Juppe, berriz, Jacques Chiracekin izan zen gobernuburu (1995-1997) eta Bordeleko auzapez ondoren (2006-2019).
Haiekin batera, Macronekin ministro izandako bi —Jacques Mezard eta Jacqueline Gourault— eta François Pillet eskuineko senatari ohia esertzen dira Kontseiluan.
Beste herrialde batzuetan bezala, botere politikoak hautatutako kideak ditu Kontseilu Konstituzionalak. Errepublikako lehendakariak eta Asanbleako eta Senatuko presidenteek izendatzen dituzte kideak, baina Asanbleako lege konstituzionalen batzordeak atzera bota ditzake hautagaiak, botoen %60 bilduz gero.



Iazkoa urte «konplexua» izan zen merkatuentzat, «oso gutxitan gertatzen den zerbait gertatu baitzen: errenta finkoa eta aldakorra, biak aritu dira gaizki». Merkatua beherantz doanean, Kutxabank Gestionek kuota irabazi ohi duela nabarmendu du Oruetak. Nola? «Agian naif samarra naiz, baina uste dut besteek baino hobeto egiten ditugula gauzak; denbora asko igarotzen dugu bezeroari egia esaten, ez dugu kea saltzen. Bezeroei esaten diet: merkatua behera doanean, gu ere behera joango gara; eta gora doanean, gora. Baina frogatu dezaket gai garela erorikoaren portzentaje txikiago bat jasateko, eta igoeraren zati handiago bat. Jaitsiera eragotzi dezakezula esaten badut, betetzerik ez daukazun espektatiba bat sortzen dizut, eta hortik dator etsipena».
Kutxabank Gestionek bankuaren sare komertziala erabiltzen du bere inbertsio funtsak saltzeko, eta Oruetak berak esku hartzen du. «Joan den astean izan nintzen Eibarko bulegoan, hango kudeatzaileekin hizketan eta gero hamar bezerorekin». Errentagarritasuna lortzeko bide bakarra epe luzera jokatzea dela azaldu zien. «Ezinezkoa da merkatuen gorabeherak kontrolatzea. Ni ez naiz gai pandemia bat iragartzeko, gerra bat Ukrainan… Ezin dut ezer iragarri, baina gai naiz epe luzera arrazoizko errentagarritasun bat ematen duten modeloak prestatzeko. Geure batez besteko bezeroari %5eko errentagarritasun espektatiba bat eskaintzen diegu; bermerik gabe, argi hitz egin behar delako».
Etekina izateko, «sistematikoa» izan behar da, «eta ez hautsi lehen arazoak daudenean». Merkatuetan bi jokaera irrazional daudela uste du Oruetak: «Bata da gauzak gora doazenean pentsatzea beti egingo duela gora. Bestea da larriena: izu une bat dagoenean, dena galduko dudala pentsatzea. Hori urrian egin dutenek %20 galdu dute».
Aurrezkia eta inbertsioa
Bankura bere aurrezkiekin doanak lehenik eta behin erabaki behar du zenbat diru behar duen gastuetarako, zenbat baztertu behar duen aurrezkirako —soldata halako lau edo bost, psikologoen arabera—, eta zenbat geratzen zaion inbertitzeko. «Urtebeterako helburu bat badaukazu esango dizut ez inbertitzeko. Beste tresna batzuk daude: gordailuak, letrak… Hori ez da nirea; nik plan bat egingo diot, epe luzera, eta dirua munduko herrialde guztietan inbertituko diot, errenta finkoan, aldakorrean, dibertsifikatua, sektore guztietan…». Oruetak uste du dibertsifikatzen baduzu ezinezkoa dela errentagarritasuna ez lortzea. «Nik inbertitzeko proiektuak bilatzen ditut. Oiartzungo gazte batzuek behar dute finantzaketa; nondik lortu? Bada, bankuetatik edo inbertsio funtsetatik. Proiektu batek huts egingo dizu, baina denak ez da posible; beti egingo dute aurrera proiektu onek. Begira, munduko inbertitzailerik ezagunena Warren Buffett da, eta lehengo egunean esan zuen soilik %60tan asmatzen duela. Sekulakoa da, ni erdiarekin asmatzearekin moldatzen naiz».
Edonola ere, Oruetak nabarmendu nahi du luzera begirako inbertsioa dela inflazioa garaitzeko modu bakarra. «Gordailuek, zor publikoaren bonuek, aurrezki kontuek… inoiz ez dute epe luzean errentagarritasuna lortuko. Urte batean egin dezakete, baina luzean ezinezkoa da».
Kutxabank Gestionen «produktu izarra» kartera delegatuak dira. «100.000 bezeroren aurrezkia daukagu funts talde horretan, eta agian 600 enpresa desberdinetan dute dirua. Hor dirua duenari ez diot aginduko urtebetean dirua bikoiztuko duela; arrazoizko espektatiba bat aginduko diot. Orain, batez besteko bezero batentzat, %70 finkoan eta %30 aldakorrean, urtero %5 agindu diezaioket. Hori epe luzeko inflazioaren gainetik dago».
Gainera, Oruetak gogorarazi du aurrezki horrek saskia handitzen duela urtero. «Badago nik bezeroei azaltzen diedan kontu bat: 72aren erregela. Zuk 72rengatik zatitzen baduzu epe luzean lor dezakezun errentagarritasuna, emango dizu zure dirua bikoizten duzun urte kopurua. 72 zati zazpi egiten baduzu, horrek esan nahi du hamar urtean bikoizten duzula dirua».
Kutxabank Gestionen funtsetan 278.000 aurrezleren diruak daude. Batez beste, 70.000 euro ditu bezero bakoitzak. «Diru hori gutxika bildu duen jendearen aurrezkiak dira. Zuhurtzia balio bat da; inbertsioen departamentua bezain garrantzitsua da arriskuen departamentua; goizero, aktibo guztien balioa baloratzen dugu»..
Aurrezki jasangarria
Kutxabank Gestionen funts guztiak jasangarri gisa erregistratuta daude. «Kudeaketa aktiboko funtsetan Europako lehenak izan ginen. Eta ez diogu izena aldatu funts bakar bati ere: ez dugu funts berderik, ez ditugulako horregatik saldu nahi. Kudeatzaile jasangarri bat izan nahi dugu; inbertsiorik onenak bilatzean, aldagai ekonomikoak ez ezik, jasangarritasun aldagaiak ere begiratzen dituen bat. Nola aukeratzen ditugu? Epe luzera irabaziak emateko espektatiba onak izatea, enpresa sendoa izatea… baina halaber begiratzen dugu haren karbono arrastoa, genero politika garatua izatea, gobernantza eredua…».
Oruetak onartu du ez dutela jasangarritasun kontuetan «taliban» jokatzen. «Oso gogor jartzen bazara genero kontuekin, ezingo zenuke Japonian inbertitu, han gizonezkoak baitira administrazio kontseilu guztietako kide guztiak. Egiten duguna da Japoniako enpresen artean genero politika aldatu nahi dutenetan inbertitu. Laguntzen ari zara horrekin? Baietz uste dugu. Japoniako enpresek ikusten badute Bilboko tipo batek ez duela haietan inbertitzen ez badute genero politikarik, agian zerbait egingo du».
Baina «marra gorriak» ere badituzte. «Ez dugu inbertitzen beren egoitza paradisu fiskaletan duten enpresetan, eta horretara ez gaitu inork behartu. Ez zitzaigun etikoa iruditzen».
Bezeroek erreparatzen al dioete jasangarritasunari? «Ez. Baina geuri berdin zaigu; erabaki dugu jasangarri izatea, eta eskaria etorri etorriko da. Gizakia hala da: urte txarra datorrenean planetaz ahaztu egiten gara. Erosketekin gauza bera da; inporta zaigu, baina ez dugu galdetzen nondik datorren arropa, badaezpada ere».
