Ertzaintzaren eta epaitegiaren arteko gaizki ulertu bati esker geratu…
Bilboko Epaitegiak aske utzi zuen Barakaldon (Bizkaia) ertzain bati arma lapurtzeaz akusatutako gizonezkoa, atzo. Erabakiak sortutako harrabotsaren ostean, baina, Bilboko epaile dekano Aner Uriartek jakinarazi du Ertzaintzak ez zuela arma lapurretari buruzko atestaturik aurkeztu epaitegian, baizik eta Bilboko Epaitegiko Zazpigarren Zigor Salak aurrez ezarritako atxilotze agindu bat «soilik», zitazio judizial bat egiteko helburuarekin. Gazteak ez zuen ustez lapurtutako armarik entregatu, eta aurrekariak ditu genero indarkeriagatik eta lapurretak egiteagatik. Larunbatean izan zen lapurreta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Radio Euskadin azaldu zuenez, gizonezko bat ertzain baten etxean sartu zen eguerdian, eta bizkar zorro txiki bat eraman zuen; han zegoen arma. Ordutik, akusatuaren bila ari zen Ertzaintza. 19 urteko gizonezkoak herenegun entregatu zuen bere burua Deustuko polizia etxean (Bilbo), eta Ertzaintzak jakinarazi zuen bi delituz akusatuta atxilotu zutela: bortxaz egindako lapurreta eta armak baimenik gabe izatea. Gazteak, baina, ez zuen ustez lapurtutako armarik eraman. Ertzaintzako Sipe sindikatu korporatiboak «sinesgaitzat» jo zuen epaitegiaren jarrera, baina Uriartek adierazi duenez, akatsa izan zen ez zela kasuari zegokion atestaturik aurkeztu epaitegian: «Zaintzako epailea zitazioa egitera mugatu zen, eta horrekin, atxilotua askatzea ebatzi zuen».



