Azken egunetako zurrumurruen aurrean, batasun irudia eman du gaur EAJk. Hainbat hedabidek albistea aurreratu ostean, jeltzaleek atzo jakinarazi zuten Imanol Pradales dela EBB Euzkadi Buru Batzarrak oinarriei proposatuko dien lehendakarigaia, eta, ezinbestean, egun Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura diputatua dena protagonista izan da gaur Sukarrietan (Bizkaia). Sabino Aranaren jaioterrian egin dute alderdiaren sortzailearen heriotzaren 120. urteurreneko ekitaldian. EAJko buruzagien aurrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pradalesek elkarri eman dioten besarkadarena izan da eguneko irudia, ezbairik gabe. Pradalesek hitz egin du kazetarien aurrea. Esan du ohorea dela EBBk bera proposatu izana lehendakarigai, baina gogorarazi du alderdiko militanteak direla azken hitza dutenak, eta erabaki horren zain dagoela nabarmendu du. Urtarrilaren 20ra arte ez da amaituko barne prozesua. Urkulluren babesa, behintzat, badu. Lehendakariak kontatu du aspaldiko ezagunak direla, «ondo baino hobeto» ezagutzen duela, eta bere laguntza izango duela. Izan ere, Pradalesen irakasle izan zen bi urtez Portugaleteko (Bizkaia) Asti Leku ikastolan. Gehitu du bere ibilbidea jarraitu duela, eta bidelagun izan duela azken urteetan. «Alderdiko gizon bat naiz, eta badakit nola den hau». Azkenik, azpimarratu du legegintzaldia ez dela amaitu, eta oraindik «eskubete lan» dutela egiteko. Ez du argitu lehendakari izaten jarrai nahi zuen ala ez, ezta bozak noiz deituko dituen ere. Esku gaztetuak Pradalesen izendapenaren inguruan, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek gaitzetsi egin ditu azken egunetako filtrazioak. Azaldu du EAJren barruan tentsioa sortzea izan dela haien helburua, eta «egia apur bat gezur askorekin» nahastu dutela. «Gu gurera, batasuna da indarra». Urkulluren ondorengoaren proposamenari esker, euskal erakundeak «esku gaztetuetan» geratuko direla esan du, «Euskadi askatasun nazional eta ongizate maila altuenera eramango duten eskuetan». Eman duen hitzartean, «euskal politikagintzaren espainolizazioaz» hitz egin du gehien. Adierazi du azken hilabeteetan kasu gehiegi egiten ari zaiola Madrilen gertatzen ari denari, eta eskatu du EAJren jarduna eta hango «ikuskizuna» bereizteko. «Gure helburua da politiko publikoen bidez euskaldunak zoriontsu egitea», amaitu du.
Goiko postuetan mantentzeko, Realak beharrezkoa zuen gaur irabaztea . Horren jakitun, duen hamaikakorik onena zelairatu du Imanol Alguacilek, eta lehen zatian Sevilla baino gehiago izan da. Bigarrenean, indarrak amaitzen hasi bezain pronto, sufritzea egokitu zaio. Antzekoa izaten ari da aurtengo partida gehienen gidoia. Zorionez, puntuek ez dute ihes egin Anoetatik (2-1). Hirugarren minuturako aurretik zen Reala. Area bazterretik jaurtitako falta batean, Barrenetxeak zuzenean errematatu du atera eta ezustean harrapatu du Dmitrovic. Eibarreko atezain ohiak geldiketa bikaina egin du, baina aldaratzean hankean jo dio baloiak, eta sareetan amaitu du. Zori txarreko jokaldia Sevillarentzat. Etxekoen nagusitasuna, ordea, nabaria zen. Eguneko jokaldia 21. minutuan heldu da. Realaren zelaierdian hartu du baloia Sadiqek, metro batzuk egin ditu harekin, eta atetik 30 metrora zegoela, sekulako ostikoa jo dio. Ikusgarria izan da gola; Anoetako zaleak erotu egin dira, eta Nigeriakoak ere gogoz ospatu du. Behar zuen gola. Bigarren zatia bestelakoa izan da. En-Nesyrik buruz egin du Sevillaren gola 59. minutuan, eta orduan heldu dira Realaren minuturik txarrenak. En-Nesyrik berak zutoinera bidali du jaurtiketa bortitz bat. Sufrituta, baina markagailuari eutsi diote txuri-urdinek, eta 87. minutuan amaitu da partida. Sergio Ramosek txartel gorria ikusi du Brais Mendezi egin dion sarrera batengatik, eta epaileak kalera bidali du jesus Navase ere, protesta egiteagatik. Sailkapen nagusian, behin behinean, bosgarren da Reala 25 punturekin. Reala: Remiro; Traore (Aritz, 83′), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino (Turrientes, 74′), Brais; Barrenetxea (Zakharian, 66′), Take (Cho, 83′) eta Sadiq (Oiartzabal, 74′). Sevilla: Dmitrovic; Navas, Bade (Nianzou, 74′), Ramos, Pedrosa; Sou (Oliver, 45′), Fernando (Gattoni, 89′), Rakitic; Lukebakio (Januzaj, 72′), Ocampos (Mir, 89′) eta En-Nesyri.
Segurako (Gipuzkoa) Baratze frontoia leporaino bete da gaur, Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. Han elkartutakoek neurketa luzea eta lehiatua ikusi dute eta, azkenean, Peña II.a eta Albisuren garaipena (19-22) ere bai. Partida hiru laurdenetan markagailuan atzetik izan dira, baina garaiz erreakzionatu dute eta hobeak izan dira azken tantoetan. Artola eta Imaz 15-11 aurreratu dira. Artolak konfiantzarekin dabilela erakutsi du, eta fin ibili da tantoak amaitzerakoan. Azken tantoetan, ordea, Albisu nagusitu eginda atzeko koadroetan, eta Peñaren bi gantxo erabakiorrak izan dira. Azken lau tantoak jarraian egin dituzte urdinek. [articles:2117047]
Leporaino bete dute 700 lagunek Lemoako Udal Kiroldegia. Pankarta andana paretetan eta azken finalaurrekoetan ohikoa den tentsio solidoa giroan. Entzulea bertso gose zen, sarrerak astebete lehenago agortuta zeuden. Nerea Ibarzabal izan da nagusi, eta argitu da zein izango den finaleko zortzikotea. Hiru saioetako irabazleez gain, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti izango dira abenduaren 16ko fiinalean kantatuko duten bertsolariak. Idoia Anzorandiak aurkeztu du saioa, eta agurrean Ibarzabalek aipatu duen bezala, lagunarte ederrean pozik hasi dira bertsotan. Zortziko handiko ariketan eguna batetik bestera pasatzen duen Intxausti ahizpari erritmoa jaistea iradoki dio Josune Aramendik. Greba feminista prestatzeko batzordetik etxera bueltan joan diren ama-alabak izan dira Ibarzabal eta Bartra, zaintzaren pisuaz hizketan. Eta Ibai Amillategi eta Enbeita telebistaren aurrean Palestinako irudiak ikusi ala ez erabakitzen egon diren pisukideak. Ariketa guztietan egon da azpimarratzeko modukorik, baina azkena izan da, akaso, publikoak txaloz gehien eskertu duena. Zortziko txikian ere, maila bertsuan aritu dira bertsolariak. Eta aldiro egon da irri txikia ateratzeko moduko puntu zorrotzik. Bartra bezeroa eta Aramendi tabernaria izan dira, aurrena parranda luzatzen, taberna itxi guran bigarrena. Etxera joateko motiborik ez duela esan dio Bartrak Aramendiri tabernak Gure etxea izena zuenez gero. Enbeita eta Intxausti ganbaran kokatu ditu Anzorandiak. Enbeita ganbara zaintzailea izan da, eta Intxausti bakarkakoa kantatzera atera nahi ez duen seigarren aulkiko bertsolaria. Irriz jaso dute entzuleek haientzat ezezaguna den espazioko sekretuen berri. Ibarzabal eta Amillategi alkoholemia kontrol baten egon dira, bata udaltzaina eta bestea disimulatzeko kopilotuaren aulkian eseri den auto gidaria. «Kopiloto esaiozu/ berehala argi/ putz egiteko lagun/ ikusezinari» hasi du ofizioa Ibarzabalek. Egiten ari zen hori udaltzainen eskumena ote den zalantzan jarri du Amillategik eta diru truke ez ikusiarena egitera gonbidatu du azkenean. Ofiziorik txalotuena, hamarreko txikikoa izan da: Intxausti eta Bartraren artekoa. Intxausti euskal preso politikoa, eta Bartra haren laguna. Aurrena laster kalera irtengo dela eta, dituen kezkei buruz berba egiten hasi dira. Imajinaezintzat zeukan askatasunak sortzen dizkion beldurrak mahaigaineratu ditu Intxaustik, eta babesa adierazi dio Bartrak une oro. «Nire zalantza denak/ oin ezin ezkuta/ baina seguru nago/ banago galduta/ eramango nauzula/ eskutik helduta» kantatu du azken bertsoa Intxaustik eta «zuretzako ez al da/ azkenik summuma/ zuk erabakitzea/ egiten duzuna?» amaitu du ariketa Bartrak. Bertsolariak gorputzari begira Ganbarako atalean bi ariketa egin behar izan dituzte bertsolariek. Bi punturi erantzun, eta gaia emanda, hiru bertso kantatu gero. Puntu erantzunetan umetako ametsen berri galdetu diete, eta oro har, bertsolari izatearekin lotutakoak kontatu dituzte bertsolariek. Honako hau izan da bakarkako gaia: «Gero eta gehiagotan egiten duzu. Inork ikusi barik egiten ahalegintzen zara». Intxausti izan da gaiari helduleku ezberdinena topatu dion bertsolaria. Ligatzea gustatzen zaion, baina ekintza hau ezkutuan egiten duen 30 urteko pertsonaren larrutik abestu du. Gainontzekoek elikadura nahasteekin eta gorputz irudiak sortutako minekin zerikusia izan duten bertsoak josi dituzte. Ibarzabalek amaierako agurrean esan duen bezala, zerbaiten seinale da horrenbeste anorexia. Ganbarako biribilena Ibarzabalena izan da: «Estomagoa egin zait/ besteen begien neurrira/ eta nahi ez dudan arren/ beti alditik aldira/ nahigabe joaten zaizkit/ atzamarrak eztarrira» esanez amaitu du lehengo bertsoa. Eta honakoa izan da hirugarrena: «Gustura astindu arren/ feminismoan banderak/ aldiro bahitzen nau ni/ barrualdeko gose grebak/ murriztuaz zoriontsu/ bilakatzeko aukerak/ autoestimua ebakiz/ zorroztasunaren segak/ berriz mahaira itzuli naiz/ bajatuta eskailerak/ eta amak «zer zelan zaude?»/ arraro esan dit berak/ eskatu nahiko nioke/ salbazio posible bat/ arren sartu atzamarrak/ eta aterazkidazu berbak». Honako hau izan da, behin bertsoaldiak amaituta, epaileek emandako sailkapena: Nerea Ibarzabal 638 puntu Onintza Enbeita 635,5 puntu Oihana Bartra 610.5 puntu Aissa Intxausti 580 puntu Ibai Amillategi 571 puntu Josune Aramendi 567.5 puntu Eta honenbestez, honako zortzi bertsolari hauek izango dira 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti. Azken horren lehenengo finala izango da, eta Bartra eta biak izango dira azkenean aurtengo finala osatuko duten aurpegi berriak –Bartra aurrez egona da finalean 2014an, hain zuzen ere–.
EAJk eman du Urkulluren ordezkoaren izena: Imanol Pradales. Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura diputatua da Euzkadi Buru Batzarrak oinarriei proposatuko dien lehendakarigaia. Astelehenean egin behar zuen bilera EBBk hautagaiari buruzko prozesua abiarazteko, baina, atzo hedabideek Urkulluk ez zuela jarraituko zabaldu ondoren, EAJko zuzendaritzak ohiz kanpoko bilera egin du gaur, eta espekulazioen jokoa moztu nahian, bere apustua jakinarazi du: Imanol Pradales (Santurtzi, Bizkaia, 1975). Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da Pradales; hango irakaslea den arren, 2007tik dago lan baimenarekin. Ibilbide politikoa Bizkaiko Foru Aldundian egin du. 2011n, Ekonomiaren sustapeneko diputatu izendatu zuen Jose Luis Bilbao orduko ahaldun nagusiak, eta, 2015ean, Lurralde garapen eta azpiegituren saila hartu zuen, gaur arte. Azken hilabeteak, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren taldean egin ditu. Hirueleduna da. Lau anai-arreben artean zaharrena da. Mamarigako auzoan hazi zen, Santurtzin. Haren ama eta aita egun berean afiliatu ziren EAJn, 1976an. Pradalesek badu beste datu bat bitxia, Urkulluren erreleboa dela ezagutu denetik bederen: Urkullu bera irakasle izan zuen Asti-Leku ikastolan OHOko bosgarren mailan eta seigarrenean. [articles:2116998] Euzkadi Buru Batzarrak ohar batean zabaldu du gaur goizean «ezohiko bileran» batzartu dela «Lehendakaritzarako, Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hautagaitzak aukeratzeko barne hauteskunde prozesuak abiarazteko». Atera dira, dagoeneko, estatutuen arabera Herrialde Buru Batzarrei bidali beharreko komunikazioak, «baita hauek Uri Erakundeetara bidali behar direnak ere», EEBren esanetan. Beraz, gaurtik eta urtarrilaren 20ra bitarte garatuko den prozesua jarri dute martxan. «Imanol Pradales Gil izango da EBBk proposatzen duen Lehendakarigaia», dio jeltzaleen oharrak. Belaunaldi berrientzako garaia Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek esan du «Urkullu Lehendakariak azken hiru legealdi hauetan egin duen lan eskerga eskertzen eta aintzatesten» duela EBBk. «Ia hamabi urteko konpromiso eta dedikazioa izan dira, Euskadiren alde eta bere gobernuan, beti herritargoaren onbeharrez eta krisi ekonomikoek, pandemiek eta nazioarteko zein gure gizarteko gatazkek konplikatu dituzten garaietan. Gure alderdiak oso modu positiboan baloratzen ditu bere jarduna eta gure autogobernuaren goi ordezkaritza». [articles:2117046] Balorazioak balorazio, EAJk norabidea aldatzea deliberatu du, eta ez da arriskurik gabea aldatzearen alde egitea hiru legegintzaldi bete dituen lehendakari bat baztertuta. Oraindik ez dute jakinarazi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren, baina oso zabaldua dago Urkulluk deialdia aurreratuko duela —hark bakarrik deitu dezake hauteskundeetara— eta martxoan izan daitezkeela, ekain hasieran egingo diren Europako Parlamenturako bozekin batera egin ez daitezen. Espainiako Estatu osorako den deialdi horretatik bereiztea litzateke bozak aurreratzearen arrazoia, baina, aldi berean, aukera horrek epeak asko estutu dizkie alderdiei. Pradales Bizkaian da Araban eta Gipuzkoan baino ezagunagoa, eta EAJk ez ditu hilabete askorik izango hautagaia gizarteratzeko. Ortuzarrek helarazi du «epe ertain eta luzera begiratuz» hartu duela EAJren zuzendaritzak Urkulluri erreleboa jartzeko erabakia. «Urkullu lehendakariak eta bere gobernuak utzi diguten asebetetze oinarri handiarekin, EBBk ulertzen du garai egokia dela belaunaldi berri bati bidea irekitzeko», idatzi du. EBBko presidenteak uste du belaunaldi horrek «datozen hamarkadetan euskal erakundeak gobernatu» ahal izango dituela, «gure herriarentzat planteatzen diren ziurgabetasun eta aukerez betetako garaiak datozela ikusirik». «Urkullu lehendakariak utzi digun asebetetze oinarri handiarekin, EBBk ulertzen du garai egokia dela belaunaldi berri bati bidea irekitzeko». ANDONI ORTUZAR EAJko presidentea Belaunaldi hori gorpuzten du EBBk lehendakaritzarako proposatu duen hautagaiak, Pradalesek alegia. Egungo Bizkaiko Azpiegitura diputatua Santurtziko Uri Erakundeko alderdikidea da, eta, EBBren ustez, «sobera erakutsi du kudeatzeko gaitasuna». Hala, EAJk «azken hamar urteotan garatu dituen hausnarketa eta berrikuntza prozesuetan egin duen ekarpenek bihurtu dute» alderdi barruko eta kanpoko «errealitate politikoaren aditu». EBBk alderdikide «guztiak» deitu ditu dagoeneko abiarazi duten prozesuan parte hartzera. «Alderdiaren etorkizunak, baina batez ere Euskadiren etorkizunak, gure alderdikideen inplikaziorik gorenena eskatzen dute», dio EBBren oharrak. «Ziur gaude hala izango dela eta urtarrilaren 20tik aurrera lantalderik onena izango dugula», ziurtatu du Ortuzarrek, «Euskadiren onerako ideia eta proiekturik onenekin, ilusiorik handienarekin eta gogotsu proiektu guztiak errealitate bihurtzeko, gure herria bizitzeko tokirik onena izan dadin».
Su etenaren bigarren egunean, Gazako milizien gatibuen eta preso palestinarren arteko beste truke bat espero da. Israelgo Espetxe Zerbitzuak jakinarazi duenez, 42 preso aske uzteko ari da prestatzen, eta Hamasek hamalau gatibu askatuko ditu. Tel Avivek eta Gazako miliziek adostu duten su eten akordioaren parte da. Lau eguneko tregoan, miliziek 50 gatibu askatzeko konpromisoa hartu dute, eta Israelgo Gobernuak 150 preso palestinar askatuko dituela hitzeman du. Akordioak jasotzen du su etena egun gehiagotan luzatzeko aukera, Gazako talde armatuek gutxienez hamar bahitu askatzen badituzte meniak irauten duen egun bakoitzeko. Luzapen horri buruz baikor mintzatu dira AEBak eta Egipto, «aukera erreala» dela eta «keinu baikorrak» daudela iritzita. Aurreikusitakoa betez gero, atzoko bide bera erabiliko dute aldeek gatibuak eta presoak trukatzeko. Gazako miliziek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen esku utziko dituzte bahituak, eta horiek Egiptora eramango dituzte Rafah pasabidetik. Egiptok Israeli entregatuko dizkio ondoren. Bahituak libre direla, Tel Avivek Zisjordanian askatuko ditu preso palestinarrak, Ramallah kanpoaldean dagoen Ofer kartzelan. Israelgo Espetxe Zerbitzuen arabera, 24 adingabe eta 18 emakume askatuko ditu. Milizia palestinarrek zerrenda batean zehaztu dituzte aske utziko dituzten bahituen izen-abizenak, eta Egiptori eta Israeli jakinarazi dizkiete xehetasun horiek. Ez dago argi bahituen eta presoen trukea zer ordutan egitekoa duten. Hainbat hedabideren arabera, Hamasek gatibuen askatzea atzeratu du, Tel Avivek laguntza humanitarioari Gaza iparraldean sartzen utzi arte. Bi aldeek aparteko arazorik gabe gauzatu zuten atzo egitekoa zuten trukea. Su etenaren lehen egunean, Israelek 39 preso palestinar askatu zituen —guztiak adingabeak edo emakumeak— eta miliziek 13 bahitu israeldar utzi zituzten libre. Horiez gain, Thailandiako hamar herritar eta Filipinetako bat ere askatu zituzten, Iranek hala eskatuta. Beste 14 bahituren eta 42 preso palestinarren arteko trukea egitekotan dira milizia palestinarrak eta Tel Aviv Akordioaren urraketa larririk ez bada, su etena luzatzeko aukerarik badela uste dute AEBek eta Egiptok. Bi herrialde horiek izan dira, Qatarrekin batera, Israelen eta milizia palestinarren arteko tregoaren bitartekariak. AEBetako presidente Joe Bidenek atzo gauean adierazi zuenez, menia luzatzeko «aukerak errealak dira». Dena den, ez zuen lotu luzatze hori gerraren amaierarekin. Bidenen esanetan, «zilegi» da Israelek «Hamas suntsitzeko helburua» betetzea. Gazaren kontrako erasoa «ahalik eta azkarrena» amaitzearen alde mintzatu zen, eta zibilen heriotzak mugatzeko eskatu zion Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri. Egiptoren iritziz ere, bideragarria izan daiteke borroken etena luzatzea, «seinale baikorrak» jaso baititu bi aldeetatik. Egipto «kontaktu bizietan» dago engaiatuta, su etena «egun bat edo bi gehiago» hedatzeko, azaldu du estatuko Informazio Zerbitzuko zuzendari Diaa Raxwanek. Kasu horretan, preso eta gatibu gehiago askatuko liratekeela esan du. Arabiar Ligako hori ez litzateke nahikoa, eta su eten iraunkor bat eskatuko dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan. Jordaniako Atzerri ministro Ayman Safadik nabarmendu du Israel ezin dela egon «nazioarteko zuzenbidearen gainetik», eta Kontseiluari ohartarazi dio Israelen «basakeria betikotzearen erantzule» izango dela Tel Aviv erasoak geldiaraztera behartzen ez badu. Gazako herritarrak, gaur, giza laguntzaz betetako kamioien zain, zerrenda hegoaldean. Su etenak balio izan du Gazara laguntza humanitario gehiago bidaltzeko. Israelek laguntza humanitarioa sartzeko baimena eman zuenetik —urriaren 21ean— jaso duen kopururik handienean iritsi da zerrendara azken bi egunetan. Elikagaiak, sendagaiak, oheak, kanpin dendak eta erregaia banatu dituzte. Azken horri dagokionez, gasa jaso dute lehenengoz. Haren behar handia dute Gazan, besteak beste, ospitaleetan zerbitzua emateko eta ura gatzgabetzeko instalazioak martxan jartzeko. NBEren arabera, 137 kamioi sartu ziren atzo zerrendan, eta kopuru hori gaur 340ra heldu daitekeela aurreratu du Egiptoko Gobernuak. Bestalde, herritarrek bonbardaketen etena baliatu dute hurrengo egunetarako elikagaiak biltzen saiatzeko, beren senideak nola dauden bertatik bertara ikusteko, beren etxeek zutik jarraitzen duten argitzeko eta hurbilekoen gorpuak hondakinen artetik ateratzen saiatzeko. Erabateko etenik ez Su etena indarrean bada ere, erasoak ez dira guztiz desagertu Palestinako lurralde okupatuetan. Gazan, Israelgo indarrek palestinar bat hil zuten atzo, eta dozenaka zauritu zituzten, NBEren arabera. Menia ezarri ondorengo orduetan, milaka palestinarrek hasi zuten Gaza hegoaldetik iparralderako bidea, eta Israelgo soldaduek tiro egin zieten horietako batzuei. Bestalde, Zisjordaniako Qabatiya herrian, Israelgo indarrek beste palestinar bat hil dute tiroz gaur, sarekada batean. Urriaren 7tik, ugaritu egin dira armadaren operazio militarrak Zisjordanian, eta, orotara, 3.100 palestinar baino gehiago atxilotu ditu.
Espainiako Ligako denboraldiaren herena besterik ez da jokatu, baina Alaves pausoz pauso ari da egiten bidea sasoiko helburu nagusia betetzeko: beste urtebetez Lehen Mailan jokatzea. Gaur gauean Mendizorrotzan Granadari irabazita egin du azken urratsa. Konfiantza handia ematen duten garaipen horietako bat izan da. Batetik, alde handiz irabazi du: 3-0. Bestetik, joko ona eginez eta hasi eta buka nagusi izanez gailendu da. Denboraldiko partidarik onena jokatu dute Luis Garcia Plazak entrenatutako jokalariek. Etxeko zaleek gozatu ederra hartu dute. Gaur irabazita, arabarrek alde polita dute jaitsiera postuekiko. Hamalaugarren jardunaldiko beste emaitzen zain, zortzi punturen aldea dute hemezortzigarren sailkatuarekiko. Hamabost puntu dituzte. Mendizorrotzan batu dituzte ia guztiak: hamahiru. Talde igo berriek sendo aritu behar dute etxean mailari eutsi nahi badiote. Bada, helburua betetzen ari da Alaves. Maila nagusian eusteko, aurkari zuzenei irabazi behar zaie ere bai. Granada aurkari zuzena da: Alavesekin batera igo zen Lehen Mailara. Gaur, ordea, ez da aurkari izan. Etxeko taldeak ez dio aukerarik eman. 40. minutua bete orduko, arabarrek garaipena bideratuta zuten: bi golen aldea zuten. Raul Torrentek sartu du aurreneko gola, bere atean, hasi eta gutxira: 11. minutuan. Samu Omorodionek egindako jaurtiketa ukitu du. 38. minutuan, ordea, inork ez du ukitu Abde Rebbachek egindako jaurtiketa neurtua. Zuzenean joan da ate barrura. Etenak ez du ezer eten, eta Alavesek nagusi izaten jarraitu du. Hirugarren gola sartuta indartu du nagusitasun hori. Samuk egin du, buruz, 55. minutuan. Hortxe amaitu da lehia. Mirto Uzunik aldea murriztu du 86. minutuan, baina ez da gol gehiago egon. Azkenean, etxean geratuko dira puntuak. Festa izan da zelaian eta harmailetan. Helburua pixka bat gertuago dago.
Gaur da azken eguna EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren testua aldatzeko, eta Ikoitz Arrese hezkuntza idazkariak iragarpen bat egin du Twitterren: «EAJk eta PSEk, Hezkuntza Legearen inguruko akordio zabala bilatu beharrean, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak blindatuko dituzte, eta atea irekiko diote mugarik gabeko itunpekoaren finantzaketari». Horiek horrela, «hezkuntza akordioaren gainetik pasatzea» egotzi die. Datak jarrita daude: datorren astelehenean pasatuko da behin betiko testua lege proiektuari jarritako zuzenketak eztabaidatzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldetik, eta Hezkuntza Batordetik igaro beharko du ondoren. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esana du abenduaren 21eko osoko bilkuran onartu asmo dutela behin betiko. Eta zer bozkatuko du EH Bilduk? Arresek esan duenez, EH Bilduren mahai politikoak proposatutako du zer bozkatu, eta astelehenean batzar bat egingo dute bilkideekin. Bilkideek astearteko 19:00ak arte izango dute mahai politikoaren proposamena babesteko edo baztertzeko aukera.