Langabezia puntu erdi jaitsi da EAEn azken urtean, %7,5eraino
Langabezia erregistratuaren datuetan ez bezala, lan merkatuari buruzko inkestetan ez da alde handirik gizonen eta emakumeen artean. Lanbiden eta Nafar Lansaren langabe gisa erregistratuta daudenen ia %58 emakumeak dira; Eustatek, kontrara, gizon langabe gehiago zenbatu ditu (40.000) emakumeak baino (38.900). Langabezia tasa pixka bat handiagoa da emakumeen artean (%7,7) gizonen artean baino (%7,3), azken horietan biztanle aktiboak gehiago direlako.
Lurraldeen artean, Gipuzkoak du langabezia tasarik txikiena (%6,3), eta ondoren datoz Araba (%7,8) eta Bizkaia (%8,1). Joera hori antzematen da hiriburuetan ere: Donostiak %6,5eko tasa du; Gasteizek, %8,5; eta Bilbok, %8,8.
Gazteen artean, %16,3
Adinak aurrera egin ahala txikitu egiten da langabezia tasa: 16 eta 24 urte bitartekoen %16,3 daude lanik gabe, eta %8,6 dira 25-44 adin tartean, eta %5,7, berriz, 45 urtetik gorakoetan.
Herritartasuna ere faktore garrantzitsua da: espainiar herritartasuna dutenen %6,1 daude lanik gabe, eta espainiar herritartasuna ez dutenen %19,7.
Lana dutenen kopurua etengabe igotzen ari dela nabarmendu du Eustatek. 2023ko hirugarren hilekoan 975.900 ziren, bigarrenean baino 4.300 gehiago, eta iazko hirugarrenean baino 8.400 gehiago. Eustatek ez du halako kopururik neurtu 2008. urteaz geroztik.
Okupatuen %52 dira gizonak, eta %48 emakumeak. Zerbitzuetan aritzen dira %73,4, eta industrian, berriz, %19,9. Eraikuntzan %5,8 dira, eta lehen sektorean, %0,8 baizik ez.
Langileen %82,3 dira soldatapekoak, eta horietatik %77,9k dute lan kontratu mugagabe bat. Aldi baterako kontratu batekin edo kontraturik gabe aritzen dira beste 177.600 langile (%22,1). Azken urteetan gutxitu egin da aldi baterako kontratua dutenen kopurua; 2019ko hirugarren hilekoan, esaterako, 243.600 ziren, orduko soldatapekoen %30,9. Hau da, lau urtean ia bederatzi puntu jaitsi dela haien kopurua.
Hori bai, emakumeek lan prekaritate handiagoa jasaten dute: haien artean %24,9k dute aldi baterako kontratua; gizonen artean, %18,1ek.




