Lasori bide luzea geratzen zaio
Unai Laso lehiara itzuli da urte erdiz min hartuta egon eta gero. Albiste bikaina da pilotarentzat. Baina Bizkarreta-Gerendiaingoari (Nafarroa) bide luzea geratzen zaio oraindik lehengora itzultzeko. Gaur ikusi da, Tolosan (Gipuzkoa). Hura eta Aitor Aranguren ezinean aritu dira Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka. Haientzat izan da garaipena, nagusitasunez: 22-11. Lehen puntua dute Binakako Txapelketako ligaxkan. Lasok eta Arangurenek ez dute alerik. «Ez nago gustura, 11 tantotan utzi baikaituzte. Partida osoan menderatu gaituzte. Ongi aritu naiz zenbait tantotan, eta beste batzuetan ez dut asmatu. Baina ez dut minik izan. Pozik nago», esan du Lasok partida amaitu berritan. Burumakur zegoen. Baina azken horri heldu behar dio: minik ez izanari. Hori zen garrantzitsuena. Argi dago koska handia falta zaiola bete-betean aritzeko. Sasoia eta jokoa falta zaizkio, baina entrenamenduek eta partidek ematen dute hori; batez ere, partidek. Eta hark urte erdi darama jokatu gabe. Pazientzia izan behar du, eta gogor jarraitu lanean. Berandu baino lehen egingo du gora. Berezkoa baitu, eta handia. Laguntza ere beharko du. Gaur gutxi lagundu dio bikotekideak. Lasok bezala, Arangurenek ondo ekin dio neurketari, baina nabarmen egin du behera tantoek aurrera egin ahala: zazpi pilota galdu ditu. Lasok, berriz, bost. Hamabi dira, asko. Nekez irabaziko dute partidarik horrenbeste huts eginda. Laso eta Aranguren, ezinean, eta Artola eta Imaz, gozatzen. Oso partida serioa egin dute alegiarrak eta oiartzuarrak. Artola oso ondo aritu da hasi eta buka. Imazi, ordea, pixka bat kostatu zaio partidan sartzea, baina, gero, sendo aritu da. Haien gorakadak eta aurkarien beherakadak itxura gogorra zuen partida desorekatu dute: hiruna berdinduta egon dira, eta jarraian hamalau tanto egin dituzte irabazleek (17-3). Artolak eta Imazek atseden hartzeko denbora oso gutxi izango dute, ostiralean bertan jokatuko baitute berriro, Donostian, hirugarren jardunaldiko lehen partidan (17:00, ETB1). Aspeko eta Baikoko bikoteen arteko lehen partida izango da: Baikokoek Aitor Elordiren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko dute. Elordi eta Rezusta indartsu hasi dira, nagusitasunez irabazi baitituzte jokatu dituzten bi neurketak: zortzian utzi zituzten Danel Elezkano eta Julen Martija, eta 11n Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa. ALDAIK ETA ZABALETAK JOKATUKO DUTE LAU ETA ERDIKO FINALA Amaia Aldai dimoztarrak eta Goiuri Zabaleta leitzarrak jokatuko dute Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finala, abenduaren 17an, Durangoko Ezkurdi frontoian (Bizkaia). Aldai eta Zabaleta gaur sailkatu dira finalerako, Abadiñon (Bizkaia). Bizkaitarrak nagusitasun handiz irabazi dio Miriam Arrillagari: 22-3. Askoz gehiago sufritu du nafarrak Leire Garai mendean hartzeko: 22-19. Orainaren eta etorkizunaren arteko lehia izango da finala: 23 urte ditu Aldaik, eta 14 Zabaletak. Aldaik hirugarrenez jantzi nahi du txapela, hirugarrenez jarraian. Zabaleta, berriz, aurreneko aldiz ariko da finalean.
2 urte inguruko haur bat hil da Astigarragan, hirugarren…
2 urte inguruko haur bat logelako leihotik kanpora atera eta hirugarren solairutik erori da Astigarragan (Gipuzkoa), Arrobitxulo auzoan. Eraikinaren barruko patio batera erori da. 14:30ak aldera gertatu da ezbeharra. Ertzaintza gertatua ikertzen ari da.
Langile bat hil da Leitzako abeletxe batean, intoxikatuta

Langile bat hil da Leitzako abeletxe batean, intoxikatuta. Bigarren behargin bat —46 urteko gizonezkoa— ospitalera eraman behar izan dute.
Greba mugagabea deitu dute Gipuzkoako garbiketa eta zabor bilketa…

Hamaika hilabetez negoziatzen aritu ostean, hitzarmenaren berritzea “blokeatuta” dago, ELAk ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hartara, Aselip eta Serbitzu S.L. patronalei ohartarazi die abenduaren 11ko bileran egoera “desblokeatzeko” aukera izango dutela.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetan datorren asterako deituta dagoen greban parte…

Greba dago deituta EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan (itunpeko sarea) 2023ko abenduaren 11tik 15era, eta lanuzteetara batzeko deia egin dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.
Inguruarekin «bateragarria» den museo bat sortu nahi du Bizkaiko…
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak duela bi aste aldatu zuen Kosta Legean ezarritako ingurumen babeserako maila. Horrek Urdaibaiko itsasertzaren babesa murriztea ekarri du, Muruetako ontziolen eremuan. Hartara, Urdaibaiko Guggenheim egiteko oztopo nagusia kendu dute, eta posible izango da bertan museoa eraikitzea. Izan ere, Kosta Legeak eragotzi egiten zuen Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea. Aldaketaren ostean, berriz, hogei metrora murriztu dute babes esparru hori. Erabakia hartu eta bi astera, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dute babes esparru hori 150 metro baino ez dutela murriztu, bertan inguruarekin bateragarria izango den eta karbono neutraltasuna izango duen museo bat eraikitzeko. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak gogor kritikatu zuen erabakia: hilaren hasieran iragarri zuen auzitara eramango duela. Halaber, agintariek «naturaren inguruan erakutsitako mespretxua eta arduragabekeria» salatu zituzten: «Babes neurriak nahien arabera moldatzen badituzte, zertarako da ingurumen babesa?». Aldundiak adierazi du edozein proiektuk duela helegiteak jasotzeko aukera, eta proiektuaren beste aldagai bat izango dela. Urdaibaiko Guggenheimek bi eraikin aurreikusi ditu: Muruetako ontziolan egongo da bata, eta Gernikako Dalia lantegiaren inguruan bestea. Horiek eraikitzen hasi baino lehen, ingurumenarekin lotutako hainbat jarduketa egingo ditu aldundiak. Izan ere, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioak eta aldundiak 40 milioi euroko diru laguntza emateko hitzarmen bat sinatu zuten uztailean. Bertan jaso zutenez, Espainiak emandako diru kopuru hori ingurumenarekin lotutako ekintzak egiteko baino ezingo da erabili. Zehazki, hamahiru jarduketa jaso dituzte hitzarmenean. Eta sei urteko epea ezarri dute horiek betetzeko. Aldundiak baieztatu du bi eraikinak ingurunearekin bateragarriak izango direla, eta karbono neutraltasuna izango dutela –isurtzen duten bezainbeste karbono dioxido saihesteko gaitasuna izatea–. Hala ere, oraindik ezin dituzte zehaztu eraikinaren nondik norakoak, museoa sortzeko nazioarteko lehiaketa bat egingo baitute. Izan ere, museoa eraikitzen hastea urrun ikusten du oraindik aldundiak. Muruetan museoa eraikitzeko, ontziolaren jarduna Erandioko lantegira lekualdatuko dute, eta eraikina eraitsi. Dalia lantegiak, berriz, aspaldi eten zuen bere jarduna: 1980ko hamarkadaren amaieran, hain zuzen. Orain, udalaren oniritziaren zain dago aldundia, hura eraisteko. Izan ere, maiatzean iragarri zuen Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak uda ostean egingo zutela —orduan, EAJren ahaldungaia zen–. Erabaki horren aurka agertu ziren hainbat eragile. Besteak beste, Zain Dezagun Urdaibai plataformak udalaren «gardentasun falta» kritikatu zuen irailean. Eta adierazi zuen lurzoru hori «hiri lurzoru» moduan sailkatuta dagoela: «Lantegia eraitsiz gero, lurraldearen kudeaketa arautzen duten arauek eragotzi egingo lukete hura berreraikitzea, uholde arrisku handieneko lursail batean dagoelako». Kutsadura kentzea Hitzarmenaren lehenengo bi jarduketetan, lurzoruko kutsadura kentzea izango da helburua. Alde batetik, Dalia lantegiko 21.186 metro koadro garbitu nahi dituzte, eta Muruetako ontziolaren inguruko 42.384 metro koadro. Azken horretan, gainera, 600 metro inguruko hargune elektrikoa lurperatu nahi dute. Urdaibaiko itsasadarreko fluxu naturala lehengoratzea da beste helburuetako bat. Aldundiko iturrien arabera, Muruetako ontziolak itsasadarraren 2.000 metro koadro bereganatu ditu. Eta horrek eragotzi du itsasadarrak bere fluxuari eustea. Muruetako eta Daliako museoak eraikitzeko, bertako lursailak eta berdeguneak egokitu nahi dituzte. Aldundiaren esanetan, Muruetako eremuaren %25 besterik ez dute erabiliko eraikina sortzeko. Egun, 40.000 metro koadro zabal da eremua. Horietatik 30.000 metro koadro berdeguneak eta lursailak egokitzeko erabiliko dituzte, baita birnaturalizaziorako ere. Daliako eremua 32.000 metro koadro zabal da, eta erdia erabiliko dute eraikinerako. Museo batetik bestera joateko, bidegorria berritu nahi dute: lehendik sortuta zegoena egokituko dute, eta zati berria sortu. Hain zuzen, 3,5 kilometro inguru luzatuko dute. Bizikletaz ez ezik, museora jendea oinez ere ailegatzea da aldundiaren asmoa. Hori dela eta, oinezkoentzako bidezidor berria sortuko dute, eta lehendik dauden zatiak egokitu. Toki batzuetan egurrezko bidezidorrak sortuko dituzte. Aldundiaren iturriek jakinarazi dutenez, bidezidorrek bide emango diote ur gaziari paduraren hainbat hektareatara ailegatzeko eta bertan dauden espezie inbaditzaileak erauzteko. Hogei hektarea berreskuratu nahi dituzte horrela, eta espezie autoktonoak landatu.
Israelgo armada Khan Yunisen sartu da, «gerrako egun bortitzenean»
Israelgo lurreko armada Khan Yunis esparruan sartu da, Gazako zerrendako hegoaldean. Armadak berak eman du horren berri, gaur arratsean: «Jabaliako bihotzean gaude, Txadjaiako bihotzean, eta, gainera, Khan Yunisen», adierazi du Yaron Finkelman jeneralak, hegoaldeko armadako buruak: «Lurreko ofentsiba hasi zenetik egun bortitzena izan da». Armadak gazatarrei agindu die Salah al-Din errepidea ez erabiltzeko —zerrenda gurutzatzen du—, eta Reuters agentziaren arabera, esku orriak banatu dituzte, erasoak iraun bitartean babesean jartzeko esanez. Tokiko hedabideek adierazi dutenez, hegoaldean azken asteotan egindako aire bidezko erasorik latzenak egin dituzte gaur bertan. 50 bat lagun hil dira eremu horretan, Wafa berri agentzia palestinarraren arabera, eta herritar askok ekin diote ihesari. «Euren bizitokiak uzteko agindu die milaka gazatarri, baina ez dago eremu segururik, ezta bizirik iraun ahal izateko ia aukerarik ere». ANTONIO GUTERRES NBEko zuzendari nagusia. Iragarpen horren aurretik, Gaza hegoaldean duen biltegia 24 orduko epean husteko agindu dio Israelgo armadak OME Osasunaren Mundu Erakundeari. OMEk osasun baliabideak gordetzen ditu han. Agindua «berehala» bertan behera uzteko eskatu dio Tedrosek Tel Avivi, baina Israelgo Defentsa Ministerioak ukatu egin du halakorik agindu izana: «Ez dizuegu eskatu zuen biltegiak ebakuatzeko; ez zuei, ez NBEri [Nazio Batuen Erakundeari]». Ez da Gazan laguntza humanitarioa eskaintzen duen erakunde batek Israelgo armadaren mehatxuak salatzen dituen lehen aldia, eta, OMEren kexaren harira, Israelgo armadaren jarrera gaitzetsi du NBEk. «Euren bizitokiak uzteko agindu die milaka gazatarri, baina ez dago eremu segururik, ezta bizirik iraun ahal izateko ia aukerarik ere», esan du NBEko zuzendari nagusiak, Antonio Guterresek. Laguntza humanitarioa Gazara eramatearen garrantzia nabarmendu du Guterresek berriro, eta «menia iraunkor bat» adostera deitu du. Lurreko ofentsiba hegoaldean zabaldu izanagatik, zerrendako beste eremuei ere eraso egiten ari zaie oraindik ere; eta ez bonbardaketen bidez bakarrik. Gazako Osasun Ministerioak ohartarazi duenez, «handia da» soldadu israeldarrek zerrendaren iparraldeko Kamal Adwan ospitalean «masakre bat egiteko arriskua»: tankeekin eta tiratzaileekin inguratuta daukate eraikina, eta mugitzen den «edonori» tiro egiten ari dira. 7.000 palestinar inguru daude barruan. 60 egun bete dira erasoak hasi zirela, eta 16.248 hildako eragin ditu Israelen erasoak, Gazako Gobernuko iturrien arabera; horietatik 7.112 adingabeak dira. Internet eta telekomunikazio zerbitzuak bertan behera gelditu dira gaur. Espero da horiek bihar berriro abian jartzea. Netanyahu, gatibuen senideekin Bien bitartean, ez aurrera ez atzera dago oraindik ere su eten bat adosteko negoziazio mahaia —Hamasen eta Israelen ordezkariez gain, Qatarrek, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Egiptok osatutakoa—. Errusiako presidente Vladimir Putin Arabiar Emirerri Batuetara eta Saudi Arabiara joatekoa da, Gazako gatazka hizpide. Halaber, Irango presidente Ebrahim Raisi Moskun izango da aste honetan. Bestalde, Qatarko hiriburuan bildu dira Golkoko Kooperazio Kontseiluko sei herrialdeetako ordezkariak —Bahrain, Kuwait, Oman, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar—, baita Turkiakoak ere. Bilkuraren hasieran, zorrotz mintzatu zen Qatarko emir Xeikh Tamim bin Hamad al-Thani: «Palestinako zibil errugabeen heriotzak Israel egiten ari den genozidioaren ondorio dira». Urriaren 7az geroztik lehen aldiz, Hamasek oraindik gatibu dituen israeldarren senideekin elkartu da gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Milizia palestinarrek erasoa egin zutenetik, birritan egin dute Netanyahurekin biltzeko eskaera, eta hainbatetan atera dira kalera protestan; gaur arte, ordea, ez dute lortu hitzordurik harekin. Gatibu israeldarrak «alde batera uztea» leporatzen diote Israelgo lehen ministroari. Protesta horiek, gainera, areagotu egin dira Israelek joan den astean negoziazio mahaia utzi zuenetik. Helburu bakar bat du Netanyahuk: Hamas erabat suntsitzea. Ez dago argi, ordea, berarekin zer gertatuko den. Bi hilabetez behin-behinean etenda egon ondoren, atzo berriz abian jarri zuten haren aurkako prozesu judiziala. Hiru ustelkeria eta eroskeria delitu egozten dizkiote.l
Ikasturtea errepikatzea irakasleen esku utzi nahi du Frantziako Gobernuak
Frantzian ere PISA txostenaren emaitzak ez dira onak izan —Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago—; bereziki, matematiketan. Gabriel Attal Hezkuntza ministroak «historikotzat» jo du ikasgai horretako jaitsiera, eta, emaitzek larrituta, hainbat neurri iragarri ditu. Horietako batzuek, gainera, zeresana emango dute. Izan ere, ikasturtea errepikatzearen «tabua» eraitsi nahi du ministroak, eta horretarako, iragarri du 2024ko lehen hiruhilekoan dekretu bidez ezarriko duela irakasleek erabaki ahal izatea ikasle batek maila errepikatzen duen ala ez; orain arte gurasoek izan dute azken hitza. [articles:2117460] Horrez gain, frantseseko eta matematikako ikasgaietan, ikasleak mailaren arabera sailkatuko dituzte, ikasturte berean egon arren. Kolegioko 5. eta 6. mailetan hiru talde osatu nahi dituzte, eta 2025etik aurrera 3. eta 4. mailetan ere aplikatuko dute neurria. Zailtasun gehien duten ikasleentzat «eskolatze egokitu» bat proposatuko dute: ikastordu gehiago egingo dituzte gai horietan, eta gutxiago besteetan. Matematika irakasteko, gainera, metodo pedagogiko berri bat abiatu nahi dute: Singapur metodoa. Edonola ere, hezkuntza sistema osorik berraztertu nahi du Attalek: ama eskolako eta lehen mailako programak ere berritu nahi ditu. Horretarako, lantalde bat osatu du, «egiazko aurrerabiderako helburuak» zehazteko eta irakasleei horri lotutako «exijentziak» helarazteko, besteak beste. Era berean, eskola liburuak «labelizatuko» dituzte, adierazteko zeintzuek betetzen dituzten gobernuaren irizpideak. Azkenik, brebeta erreformatzeko asmoa ere agertu du ministroak. Batetik, azterketa horrek pisu handiagoa hartuko du: notaren %50 da egun, eta %60 izatea nahi du Attalek; ebaluazio jarraitua, gainera, «nota errealetan» oinarrituko da, eta ez gaitasunen sisteman. Bestetik, brebeta gainditzea ezinbestekoa izanen da kolegiotik lizeora pasatzeko; lortu ezean, lizeorako prestatzeko eskola batera joan beharko dute ikasleek, ministroak aldaketa horiek gauzatuz gero.
Tolosaldeko Asuncion klinikako langileek hitzarmen berri bat lortu dute…

Hitzarmen berriaren hobekuntzen artean daude 2024ko urtarrilaren 1ean langileei ordainsariak % 11 igotzea, enpresak 2022-2023ko atzerapenak ordaintzea eta enpresak konpromisoa hartzen duela 2024ko KPIa negoziatzeko datorren urtean.