Azken orduko bilera egin dute langileen batzordeak eta zuzendaritzak, baina ez dute akordiorik lortu. Biharkoaz gain, ostiralean lau orduko lanuzteak egingo dituzte txandako.
2024an Bizkaiko ekonomia % 2 inguru haziko dela aurreikusi du Bilboko Merkataritza Ganberak. % 1,4 eta % 1,5 arteko hazkundearekin amaituko da aurtengo urtea, eta 2024rako hazkunde “oso neurritsua” espero da.
Gogorra izango da datorren urteko Espainiako Vuelta, eta amaierara arte entzungo da txirrindularien arnasotsa. Izan ere, lasterketa ez da gatzik gabeko etapa lau batekin amaituko, erlojupeko batean baizik, Madrilen. 22 kilometroko saioa izango da, bakarrik egin beharrekoa. Bezperan, berriz, sei mendateko etapa bati egin beharko diote aurre. Picon Blancon izango du helmuga. Bi egun horietan hankaz gora jar liteke sailkapen nagusia. Eta lehenago ere egongo da zalaparta non eragin: bederatzi etapa bukatuko dira igoera batean, eta zortzik izango dute ibilbide menditsua. Ziklistak Covadongako aintziretara itzuliko dira berriro, eta Ancareseko eta Cuitu Negruko aldapetan ere hortzak estutu beharko dituzte. Gaur eman dituzte gizonezkoen Vueltaren xehetasunak, lasterketa antolatzen duen Unipublic enpresaren egoitzan. Tropela Portugalen lotuko zaio lanari, 1997an bezala, eta hiru egunez lehiatuko da han. Hasteko, hamabi kilometroko saio laburra jokatuko da Lisboa eta Oeiras artean. Lasterketan zehar lehiatuko duten bi erlojupekoetako bat izango da. Azken egunekoa da bestea. 34 kilometro eskas izango dira guztira, Giroan egingo dutenaren erdia, eta Tourrean baino 25 kilometro gutxiago. Horrez gain, ez da egongo 200 kilometrotik gorako etapa bat bera ere. Bost izango ditu Tourrak, eta lau Giroak. Vueltari zigilu propioa jarri nahi izan diote antolatzaileek. Tropela sartuko da Euskal Herrian, baina etapa bakarra egingo du bertan. 18.a izango da, zehazki. Gasteizetik irtengo dira txirrindulariak, eta 175 kilometro egingo dituzte, ia denak Arabako errepideetan –etaparen erdialdean Errioxan (Espainia) sartuko dira tarte labur batez–. Nahiko lan samurra izango du tropelak, eta zailtasun handiena Herrerako mendatea izango da. Hura igota, 45 kilometro geldituko dira helmugara iristeko. Maeztun aurkituko dute, Izkiko Parke Naturala zeharkatu ondoren. Trantsiziozko etapa izango da, azken txanpako mendate festaren erdian. Lehen astean ere izango dute zailtasunik. Kasurako, Pico de Villuercasen finituko da laugarren etapa. Bukaera ez ezik, hasiera ere gogorra izango du, bi igoera gainditu beharko baitituzte martxan jarri orduko. Faboritoen lehen azterketa izango da maldan gora. Bederatzigarren etapan izango dute indarrak neurtzeko hurrengo abagunea: Purche behin eta Hazallanas birritan igoko dute, eta azken 50 kilometroak maldan behera egin ostean, Granadako helmugara iritsiko dira. Biharamuneko atsedena ondo etorriko zaie txirrindulariei, zinez gorabeheratsua izango baita bigarren astea. Lehenik, muinoz jositako bi etapa jokatuko dituzte Galizian, eta hurrengo bi egunetan, mendatean egongo da helmuga: Manzanedan lehenik, eta Ancaresen hurrena. Ia zortzi kilometro ditu azken horrek, eta azken bost kilometroetan %12koa da bataz besteko pendiza. Maila apalagoko beste hiru mendate igoko dituzte hara iritsi aurretik. Egun bat geroago, lasterketako saiorik luzeena jokatuko da: 199 kilometro, tartean dela lehen mailako Leitariegos. Helmugatik hamasei kilometrora izango du gaina. Asturias, beti bezain malkartsu Azken atseden egunaren aurretik, hautagaiek neurria eman beharko dute Cuitu Negruko igoera luze eta gogorrean. Ia hogei kilometroko mendatea da, eta azken zatian %23rainoko aldapak dauzka. Aurrez bi bider igoko dute Colladiella, lehen mailakoa. Arnasa berritu, eta beste etapa gogor bat jokatuko da Asturiasen. Kasu horretan, Covadongako aintziretan egongo da helmuga. Lasaiagoak izango dira hurrengo bi etapak; horietako bat da Gasteiz eta Maeztu artean jokatuko dena. Hemeretzigarrena laua da oro har, baina Moncalvilloko mendatean izango du helmuga. Eta azken bi etapetan ezingo da inor ezkutatu. Lehenik, zazpi mendateko saioa izango dute. Hiru lehen mailakoak izango dira, horien artean dela amaierako Picon Blanco. Eta maillot gorriaren lehian dabiltzanek erlojuaren kontra egin beharko dute azken ahalegina.
Akusaziopean ezarri dute Patrick Poivre d’Arvor ‘PPDA’ kazetari frantses ezaguna. Florence Porcelek lehen salaketa ezarri zuenn PPDAren kontra, 2021eko otsailean, bortxaketagatik: 2004an eta 2009an jasan zituen ustezko bortxaketengatik, zehazkiago. Geroztik, Frantziako Me Too afera handienetakoa bilakatu da: gutxienez 24 emaztek ezarri dute haren kontrako salaketa -hamabik bortxaketagatik-, eta 50 dira haren kontrako lekukotasuna eman dutenak Polizia Etxean. Jazarpen sexualagatik ezarri zuen haren kontrako salaketa Nora Arbelbide BERRIAko kazetari izandakoak. Bada, Porcelen kasuko 2009ko bortxaketa kontuan hartuta, epaileak erabaki du akusaziopean ezartzea Poivre d’Arvor. “Azkenean”. Horiek izan dira haren kontrako salaketak ezarri dituzten emazteek sare sozialetan zabaldu dituzten lehen hitzak. Porcelek egun jakin du akusaziopean ezarri dutela, abokatuen bidez. 2004ko bortxaketa salaketarengatik, berriz, lekuko parte hartzaile gisa ezarri du PPDA epaileak -Frantziako zuzenbidean lekukoaren eta akusaziopean ezarria denaren arteko estatus berezi bat da-. Zehaztekoa da 2009ko kasuarentzat prokuradoreak ez zuela akusaziopean ezartzea beharrezkoa ikusten, baina, epaileak hala egitea erabaki du. Hala ere, ez du kontrol judizialpean egon beharko. Poliziak abiatutako ikerketak segituko du.
Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNko idazkari nagusi Maria Txibiteren ustez, Iruñeko zentsura mozioa «mugarri» bat da: «Mugarri bat da bide bat abiatzeko, Iruñea aktibatzeko bide bat». Iruñeko PSNk antolatutako ekitaldi batean esan ditu hitz horiek, hain justu, hiriko PSNko eledun Marina Curiel EH Bildurekin batzartu ostean. Izan ere, Zurekin-ek azaldu duenez, baliteke gobernua osatzeko akordioa «berehala» iristea. Txibiteren esanetan, aldaketak ez dira «errazak», baina, horiei esker, aurrera atera dira proiektu ugari, eta «gizarteak hartutako bidea irakurtzeko eta garaietara moldatzeko gaitasuna» izan dute horiek ezaugarri. Bide horretatik, nabarmendu du politikak, «baliagarria» izateko, «ausarta» izan behar duela: «Arriskurik hartzen ez duenak ez du galtzen, baina ez du irabazten sekula, eta Iruñeari irabazteko modua emango dion udal bat nahi dugu sozialistek». Ekitaldi berean, Maite Esporrin Iruñeko PSNren idazkari nagusiak adierazi du alderdiarentzat «aldi oso garrantzitsua» dela oraingoa, eta batasunerako deia egin du. Curielek, berriz, «erronka handi bati» ekingo diotela azaldu du. Hain zuzen, Curiel bera EH Bilduko eledun eta alkatetzarako hautagai Joseba Asironek elkartu da, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin adosten ari diren gobernu programaz aritzeko, baieztatzeko bat egiten duela bi aldeek adostu zuten itunarekin. Hala, biek iritzi diote aldaketak helburu duela «UPNren gobernuak hiriari eragiten ari zaizkion blokeoari eta paralisiari» erantzutea. «Egiaztatzen dugu elkarrekiko konpromisoa dugula hiri hau paralisitik atera dadin lan egiteko, hori lehenbailehen gerta dadin eginahala egiteko, eta kontakizun komun baten bidean jartzeko», adierazi du Asironek. Bestalde, bi aldeek adostutakoa berresteko baliatu dute bilera: «oroimena, justizia eta erreparazioa» gauzatzeko ekinaldiak sustatzeko konpromisoa, «hiria hobetzeko» lehentasunak zehaztea, eta horiek aurrera eramateko mekanismoak adostea. Hala, Curielek azaldu duenez, bilkuran Iruñea «suspertzeko» eta hiriak «aurrera egiteko» proiektuak izan dituzte hizpide: etxebizitza eskuragarrien udal plan bat onartzea, Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarria, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa eta Erorien Monumentuari beste esanahi bat ematea. Era berean, lehentasunen artean sartu du Iruñeko lehen bizikidetza plana osatzea ere. Horretarako, bi udal taldeek beharrezkotzat jo dute 2024rako aurrekontuak «ahalik eta lasterren» onartzea. «Asebeteta» EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin udal taldeekin ari da negoziatzen abenduaren 28ko udal bilkuratik aurrerako udal gobernua, eta azken talde horrek azaldu duenez, baliteke akordioa «berehala» iristea. Ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, Zurekin taldeak garraio, etxebizitza eta bizikidetza gaietan egin du indar, eta «asebete» du adostutakoak. «Iruñea bere zentralismotik ateratzeko eta begirada hiriko auzo guztietan jartzeko ordua da».
Gaur, Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek bilera egin dute EAEko garraio publikorako tarifa-sistema bakarra bultzatzeko. Deskontuak ezarri nahi dituzte, eta transbordoak Euskadi osoan doakoak izatea.
Gol-zaparrada jaso du Alavesek (3-0), Espainiako Lehen Mailako liderra den Gironaren aurka. Michel Sanchezek gidatzen duen taldeak menderaezin jarraitzen du, eta hasieratik bukaerara arte erraztasun handiak izan ditu Alavesekin nahi zuena egiteko. Dovbyken bi golek, eta Porturen gol batek eman diote garaipena etxeko taldeari. Jokatutako 51 puntuetatik 44 lortu ditu Gironak, eta Alavesek etxetik kanpo ez du garaipen bat ere lortu, beraz, emaitzak bi taldeen boladak berretsi ditu. Lehen zatia zuri-gorrien bakarrizketa bat izan da hasieratik, Michelen apustu oso erasokorrarekin: Yan Couto eta Miguel Gutiérrez, lanbidez eskuin alboko defentsak, Ivan Martinen eta Aleix Garciaren parean aritu dira, baita gorago ere. Horrek, Alavesen bi hegalen altuerak jaistera behartu ditu, eta Gorosabel eta Rioja defentsa lanetan aritu dira. Nagusitasuna erabatekoa eta ukaezina izan da, Gironaren baloi jabetza % 75eraino iritsi den punturaino. Alaves, baloia borrokatzeko aukerarik gabe, Samu Omorodionen indarra aprobetxatzeko zain zegoen, kontraerasoan min egiteko. Baina baloiak segundo gutxi batzuk besterik ez dio iraun, eta burua bakarrik defentsan zuten Luis Garcia Plazaren jokalariek. Lehenik eman zuen abisua Dobyk aurrelariak zortzigarren minutuan, baina bigarrenean ez du huts egin. 23. minutuan, Antonio Siverak Coutoren jaurtiketa aldaratu du, baina Dovbykek aldaratzea area txikian bakarrik harrapatu, eta buruz sartu du baloia atean. Alaves aurrerapausoa ematen saiatu da Omorodionen burukada batekin, baina ez du arrisku gehiago sortzea lortu jokaldi horretatik haratago. Partida Gironaren eskuetan zen, eta intentsitate eta erritmoa jaitsi duten arren, 42.minutuan partida bideratzeko gola egin dute. Berriro Coutok hasitako jokaldia, Porturen oinetan bukatu du baloiak, eta Realeko jokalari ohiak eskuin zutoinean jarri du baloia jaurtiketa bikain batekin. Atsedenalditik berdegunera itzuli, eta partida kontrolatzen jarraitzeko borondatearekin hasi da berriro Girona. Alavesek, hala ere, gertu izan du 2 eta 1ekoa, Rafa Marinen burukada batekin eta Ander Guevararen jaurtiketa batekin. Baina Gasteizko taldearen une onenean, penaltia iritsi zaie etxekoei. Berriro Coutok egin du eraso jokaldia, eta Javi Lopezen penaltia eragin du. Gola, Dobykek berriro, ate erditik sartuta. Ostegunean pentsatuz Partida amaituta zegoen zentzu askotan, nahiz eta 30 minutu geratzen ziren. Alavesek, osteguneko Real Madrilen aurkako partidan pentsatuz, lau aldaketa egin ditu hamar minutu eskasean. Gironak ere hainbat aldaketa egin ditu minutu kargak egokitzeko. Azken minutuetan, Alaves ohorearen gola sartzen saiatu da, eta ez du urrun izan. Ruben Duartek urruneko misil batekin Gazzanigaren langan jo zuen, partidako azken jokaldi esanguratsua.
Ekaina arteko epea dute. Gero, legez kanpokoak izanen dira. Beskoitzeko herriko etxeak ikastolarekin zuen hitzarmena bertan behera uztea erabaki du. Beste hitzarmenik lortu ezean, sei hilabeteren buruan ez dute gehiago herriko lurrak erabiltzeko baimenik izanen. Hamalau hautetsik bozkatu dute Fabienne Ayensa auzapezak proposatutako deliberoaren alde; lauk kontra. Arrapaladan, dimisioa aurkeztu du Anne Marie Jocou hautetsiak. «Ez ditugu herriaren aitzinean hartutako engaiamenduak bete, ez dut gehiago egiteko manera hau onartzen ahal», erran du hunkitua. «Herritarrei gezurra erran diogu, gehiegi da niretzat. Herriarentzat lan egiteko engaiatu nintzen. Etsitua naiz». Herriko etxe aitzinean bildu dira gurasoak, zurbil, haserre, harriturik. «Ikastola ehorztea erabaki dute», salatu du Julen Jauregik. «Duela hilabete bat bitartekaritza bat eskatu genuelarik erantzun zuten alde zirela. Gaur deliberatu dute gure ikastola hil nahi dutela, ez da beste hitzik». Lur kontratua bertan behera utzita, uztailean ikastola itxi beharko dutela erran du. «Afrusa da», mindu da Cyril Fesquinne, «haurrak dira ikastolan». Haserre mintzatu da Clemence Labrouche: «Hartu duten erabakiarekin hautatu dute 50 haur kanporatzea. Eskola bat itxi dute. Non ikusten da halakorik?». Fesquinne: «Zerbait atzeman beharko dugu, eta laster. Epea eman digute: sei hilabete ditugu zerbait atzemateko» Pilota ikastolari Beskoitzeko ikastola 2013an sortu zen, prefetaren debeku mehatxuen pean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz, garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu orain. Eraikin prefabrikatuetan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremu batean. Azken urteetan gorabehera bat baino gehiago izan dituzte, Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak ikasle kopurua mugatu nahi duelako. Hala, urtarrilean, hiru urteko haur bati ukatu egin zioten bere ikaskideekin jatea eskola guztiek erabiltzen duten herriko jantegian. Baina ikastola egonkortzeko Seaskak egin gogo duen eraikinarekin sortu da gatazka handiena. Eraikitzeko baimena galdegin du Seaskak, baina baldintza teknikoak aipatzen dituzte etengabe ezezkoa emateko; baldintza «arbitrarioak». herriko etxeak eskatzen diena beteko balute, gaur egun duten eremu txikian sartu beharko lituzkete ikasgela, jantokia, kanpoko eremua eta aparkalekua. Ezinezkoa dela errepikatu dute behin baino gehiagotan. Haurren duintasuna aldarrikatuta, bosgarren prefabrikatu bat gehitu dute ikastolak erabiltzen duen eremuan, ikasleek nahikoa espazio izan dezaten. Hori da hain zuzen herriko etxeak hitzarmena bertan behera uzteko erabili duen argudioa. Ikastolari egotzi dio ardura guzia Ayensa auzapezak, eta erran eraikuntza baimen desegokia aurkeztu dutela: «nahi badute baimen eskaerari eman diogun ezezkoa errekurritu dezakete», baieztatu du. «Segurtasun arazoak» aipatu ditu beste hautetsi batek: ikastola inguruan «zirkulazio handia» dela, eta «arriskutsua» dela haurrentzat. Auzoentzat «desegokia» dela ere erran du. «Inork ez du nahi sei metroko eraiki bat bere etxe aitzinean», gaineratu du Ayensak. Baina denek azpimarratu dute ez dutela arazorik ikastolarekin eta euskararekin. Elkarrizketa ezinezkoa Badu bi urte Beskoitzeko ikastolako gurasoak herriko etxearekin adostasunetara iritsi nahian ari direla, alferrik. Pirinio Atlantikoetako prefetari bitartekaritza lanak egiteko eskatu zioten urrian, eta hau prest agertu zen «elkarrizketa bideratzeko», lehentasuna «haurren interesa» zela azpimarratuta. Baina prentsaren aitzinean egindako adierazpenez harago, bilkura bat antolatzeari uko egin ziola deituratu zuen Seaskak orain dela aste batzuk. Herriko etxearekin zuten blokeoa manifestazio nazionala egin zuten azaroaren 18an: 2.500 pertsonak agertu zieten babesa ikastolako gurasoei. Azaro bukaeran eman zuen berri ona Seaskak, 2024ko Herri Urratsen aurkezpenean: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria prest zen bitartekaritza lanak egiteko, Patrick Elizagoien auzapezordeak ontzat emana zuen. Baina azken asteetan ez da bilkurarik antolatu. Hautetsi batek baino gehiagok deitoratu du elkarrizketa onartu ondotik halako erabakia hartzea. «Baionako auzapezaren bitartekaritzak ez du ezer eman», trenkatu du Ayensak. Azken hilabeteetan kargutik aparte egon da, osasun arazoengatik: «geldialditik atera naiz, erabaki hau asumitzeko».
Haserrea eta ezinegona eragin dute Gernika-Lumon (Bizkaia) neska batek, artean adin txikikoa zelarik, 1998tik 2001era pairatutako sexu abusuei buruzko informazioek. Herriko taberna eta plazetan horixe izan da gaur hizpide nagusia. Neskak salatutako erasoen arbuioarekin batera, Lointek Gernika saskibaloi taldeko zuzendaritzak afera honetan izandako jarrerari buruzko kritikak ere nagusitu dira gernikarren artean. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Sare Feministak manifestaziora deitu du iluntzean, eta «erasotzailearen inpunitatea» mahai gainean jarri dute. Protesta hasi baino lehen, mezu irmoa bota du Arlette Apraiz Sare Feministako kideak: «Gaur kalera atera gara inpunitatea eta konplizitatea salatzeko: inpunitatea, erasotzaileak 20 urtez izandakoa, eta konplizitatea, kirol taldeak erakutsi duena». Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak zituen oraindik, eta taldeko kirol arduraduna izan da atzo kargugabetu zuten arte. Klubaren hitzetan, prestatzaile kargua osasun arazoengatik utzi zuen, iaz. El País egunkariak argitaratu duenaren arabera, egozten diote 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea hiru urtez. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago. Klubak esan du igandera arte ez zuela ezagutzen erasoaren «edukia eta neurria», baina mugimendu feministak argi esan du berak jakinarazi ziola, beraz bazekitela. Sarearen eta klubaren bertsioa ez datoz bat. Feministek atzo argitaratutako oharrean azaldu zutenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri, eta informazioa jaso bezain pronto hartu zuten lehen erabakia: biktimari sinestea. Udan zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu diola». Azkenean, feministei helarazi zieten ezen zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori egingo zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea. «Gure hitza, irizpidea edota pertzepzioa zalantzan jartzen dutenen aurrean, guk sinesten zaitugu». GERNIKAKO SARE FEMINISTA Gaurko manifestazioa amaitu eta denbora gutxira atera du oharra Lointek Gernikak, eta berriz ere ukatu du ez duela salaketaren berririk izan orain arte. Hiru bider idatzi dute oharrean: «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin salaketa zela adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik». Taldeak berretsi du kargutik kendu dutela Lopez, eta barkamena eskatu du gaiaren kudeaketan egindako akatsengatik. Akats horiek gaiaren inguruko informazioa faltari egotzi dizkio. Edozein esparrutan emandako erasoak gaitzetsi ditu klubak, eta adierazi du neurriak hartuko dituztela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, bilera ezohikora deituko dute, «beharrezkoak diren azalpenak» emateko. Milaka herritar 3000 lagun bildu ziren gaur Gernikako Pasealekuan. Lointek Gernikako jokalari batzuk protestara hurbildu dira, baita Lucas Fernandez egungo entrenatzailea ere. Txalo artean abiatu dute manifestazioa, Guk sinisten zaitzugu lelopean. Eta saskibaloi taldeak erabili ohi duen Maloste kiroldegira arteko bidea oihu artean egin dute: Erasorik ez erantzunik gabe, edota Lointek hartu zure ardurak izan dira herrian ozen gailendutako oihuetako batzuk. Amaieran, oharra irakurri dute feministek. «Guk sinesten zaitugu», nabarmendu dute. «Indarkeria mota guztien aurrean, erasoei garrantzia kendu edo atxikitzeko saiakeren aurrean, gure hitza, irizpidea edota pertzepzioa zalantzan jartzen dutenen aurrean, guk sinesten zaitugu». Kirol taldeko zuzendaritzak erakutsitako konplizitatea ere salatu dute. «Eraso berrien prebentzioa eta biktimari zor zaion erreparazio maldan gora jartzen ditu». Eta klubaren hipokrisia kritikatu dute: «Harritzekoa da, tankera horretako erabakiak hartu ostean, klubak azaroaren 25aren harira egin duen kanpaina publikoa». Lopez prestigiozko kargu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi dute, eta Lointek Gernikak sarearekin izandako «jarrera maltzurra» azaleratu ere bai, eurekin gezurretan ibili direlako. Izan ere, esan dute Lopezek klubean jarraitzeko ustezko adostasuna ez zela benetakoa: «Gaur badakigu adostasun hori ez zela existitu, eta, gainera, kide batzuek taldea uztea ekarri duela». Eraso matxisten aurrean «autodefentsa feminista» beharrezkotzat jo dute manifestazioan; hori baita «bide bakarra». Nabarmendu dute «isiltasuna» eta «inpunitatea» bukatu behar direla, «emakumeenganako indarkeriaren katea» eteteko. «Instituzioak erakusten ari diren arduragabekeriaren aurrean, emakumeoi antolatzea, elkar defendatzea eta erantzutea dagokigu». Emakumeena ez ezik, gizonen ardura ere bada eraso matxistek duten konplizitatea bukatzea: «Lagun edo senide izan edo ez, erasotzaile bat erasotzaile bat delako, Gernikan eta edonon». «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin salaketa zela hainbat urtez adingabe bati sexu abusuak egiteagatik».LOINTEK GERNIKA Gernikako Allende Salazar ikastetxeko eskola komunitateak ere elkarretaratzea egin du gaur, eta gaitzetsi egin ditu «umeen kontrako edozein eraso, eta erasotzaileak babesten dituztenak». Adingabea zelarik Lopezek hiru urtez sexu abusuak egin zizkiola salatu duen neska ikastetxe hartako ikaslea izandakoa da, eta horregatik egin dute elkarretaratzea ikastetxeko atarian. Are, Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen emakumea, lehenik Allende Salazar ikastetxean eta geroago Lointek Gernikan. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Iazko ekainean Gernikako (Bizkaia) epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta bere gaineko kontrola ere. Lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, Lopezek biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta bularrean eskua sartu zionean. Hortik aurrera, jarraituak izan ziren abusuak. Salaketak dio bortxatu egin zuela, eta felazioak egitera behartu. Haurren kontrako erasorik ez leloa idatzita zeukan pankarta baten azpian elkartu dira ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoak. Aritz Zearra zuzendariak, Borja Agirre ikasketa buruak eta Nahia Idoiaga eta Naia Odriozola Guraso Elkarteko kideek irakurri dute agiria. Elkartasuna adierazi diote salaketa egin duen ikasle ohiari, eta edozein eraso, eta bereziki sexu abusuak, jasan dituzten guztiei. «Gure helburua da haurrak babestea, bereziki zaurgarrienak», azaldu dute. Halaber, bat egin dute Gernikan egitekoak diren gainerako mobilizazioekin, bereziki Sare Feministak antolatutakoekin. Txalo zaparrada batez amaitu dute ekitaldia. Federazioen gaitzespena Gernikatik kanpo ere harrabotsa sortu du auziak. Euskal zein Bizkaiko Federazioek kirol esparruan gertatzen diren sexu erasoak gaitzetsi dituzte, eta horiek pairatu dituzten pertsonei babesa helarazi diete. Bizkaiko Federazioak adierazi du horrelako gertakariak «onartezinak» direla, eta «defendatzen» dituzten «balioen aurkakoak». Euskal Selekzioak «mezu argia eta irmoa» bidali du, eta Espainiako Saskibaloi Federazioak igorritako oharra babestu du. Azken horrek «aringarririk gabe» gaitzetsi ditu erasoak. Plazaratu duen oharrak dioenez, «kasuaren parte bat» urriaren 29an jakin zuen, Gernikaren aurkako salaketa bat jaso zuenean. Federazioak berehala zabaldu zuen ikerketa txosten bat, eta hala jakinarazi zien Gernikari, Lopezi eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari. Ordutik, lehiaketetan parte hartzea debekatua izan du Lopezek. Izan ere, Euskal Selekzioak adierazi du azaroaren 3an jakin zuela Espainiako Saskibaloi Federazioak espedientea ireki ziola Gernika KESBri.