Esnea, arrautzak eta haragia dira erosketa-saskian gehien garestitu diren elikagaiak. Elikagaien kontsumoko prezioen indizea % 18 eta % 50 artean igo zen Euskadin 2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean, baina Lehiaren Euskal Agintaritzak ez du “lehiaren kontrako jokaerarik” atzeman.
Javier Milei Argentinako presidente berriaren motozerrak lehen enbor gogorrarekin egin du topo. 2023ko abenduaren 20an onartu zuen Mileik Beharraren eta Larrialdiaren Dekretua (70/2023), hirurehun neurri baino gehiago bilduta. Garrantzitsuenetako bat lan erreforma izan zen: lege berriak greba eskubidea mugatzen du, langileen probaldia luzatu, eta kalte ordainak murriztu. Bada, Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Mileiren erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker. Abenduaren 20an iragarri zuen Mileik neurria, telebistan, eta handik bederatzi egunera sartu zen indarrean, abenduaren 29an. Astebete baino gutxiago egin du beraz lan erreformak, Andrea Garcia Vior eta Alejandro Suadera epaileek atzera bota baitute Mileik onartutakoa. Hala ere, epaia behin-behinekoa da, eta dekretua indarrean egongo da behin betiko ebazpen bat egin arte. Lan erreforma eta dekretua Mileiren kanpaina presidentzialak aldaketa ekonomiko sakonak izan zituen ardatz, eta motozerra bat erabili zuen zer egingo zuen irudikatzeko. Boterea hartu bezain laster, martxan jarri zuen: sektore publikoan murrizketak egin, ministerioak gutxitu, enpresa publikoak pribatizatu, eta babes sozialerako hainbat lege bertan behera utzi ditu. Horietako asko abenduaren 20an aurkeztutako 70/2023 dekretuan egin zituen. Dekretuaren laugarren tituluak egiten dio erreferentzia lan erreformari. Lan epaiketetan aldaketak egin nahi zituen Mileik, kontratuen hasierako probaldiak luzatu, haurdunaldi baimenak murriztu eta kotizazioak gutxitu. CGT herrialdeko sindikatu nagusia da, eta lan erreformaren eta 70/2023 dekretuaren aurka mobilizatu zen Mileik iragarri bezain laster. La Rioja probintziako gobernadoreak ere Justizia Gorte Gorenari eskatu zion erreforma konstituzioaren aurkakotzat jotzeko. Zuzenbide publikoko hainbat adituk ere gogor kritikatu dituzte Mileiren neurriak, Argentinako 1853ko Konstituzioaren aurkakoak direlakoan. Daniel Sabsay, Felix Lonigro eta Vilma Ibarra dira neurrien aurka agertu diren konstituzionalistetako batzuk. Hainbat mobilizazio jendetsu egin dira Mileiren aurka hark boterea hartu zuenetik, eta horietako hainbatetan kaleak moztu dituzte manifestariek. Giza Kapitaleko ministroak, Sandra Petovellok, mehatxu egin zien manifestariei, esanez errepideak mozten dituenak ez duela langabezia kobratuko.
EH Bildurekin eginiko akordio bat tarteko, Espainiako Gobernuak 600.000 euroko funts bat onartu zuen 2023ko aurrekontuetan, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentro bilakatzeko. Orain, baina, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak azaldu du funts hori ezingo dutela erabili eliza eraberritzeko, argudiatuta Eusko Jaurlaritza, diru funtsa jaso beharko lukeen erakundea, ez dela eraikinaren jabea edo onuraduna. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuaga mintzatu zaio Melgosari, eta memoria zentroa kudeatzeko eratu beharreko fundazioaren nondik norakoez eta Espainiako Gobernuaren diru funtsaren exekuzioaz galdetu dio. Izan ere, azaldu du 600.000 euroko funtsa «galtzeko» arriskua dagoela proiektuari ekiten ez bazaio. Galderari erantzunez, Melgosak azaldu du Jaurlaritza ez dela elizaren jabe eta ez dela izango etorkizunean ere, haren lagapena memoria gunearen ardura hartuko duen fundazioaren esku geratuko delakoan, «behin hura eratzen denean». Fundazio hori datozen asteetan eratuko da, sailburuaren hitzetan; izan ere, gaineratu du haren parte izango diren erakundeen arteko negoziazioak «aurreratuta» doazela. Zehazki, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Gasteizko elizbarrutia, eta Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek osatuko dute. Melgosak azaldu du eliza uzteko prozesua martxan dela, baina ezingo dutela erabili 600.000 euroko funtsa, ez direlako eraikinaren jabeak. Argudiatu du behin fundazioa eratuta elizbarrutiak hari egingo diola lagapena, eta ez Eusko Jaurlaritzari; EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren akordioaren arabera, funtsa kudeatu beharko lukeenari. Era berean, udal eta foru hauteskundeak erabili ditu lanak atzeratzeko arrazoi gisa: «Zentzuduna zirudien aldundia eta udala ordezkatuko dituzten kideak maiatzeko hauteskundeetatik ateratako gobernuek izendatzea». Arzuagak, baina, X sare sozialean salatu du Elizak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarri egozten diotela egin beharreko lanen ardura, hura eta hura zuzentzeko fundazioa osatzeko lan egin beharrean. Arzuagaren esanetan, San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeko ardura hiru erakunde horiena da, baina «pixkanaka erortzen» ari da, ez dutelako esku hartzen.
Israelek Gazako setioa hasi zuenean, urriaren 7an, nazioarteko eragile nagusiek kezka nagusi bat plazaratu zuten: gatazka eskualdera hedatzea, arrazoi historikoak eta geopolitikoak zirela medio. Orain areagotu egin da kezka, are beldur hori, Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Aruriren eta organizazio islamistako beste sei goi kargudunen hilketaren ondorioz. Libanoko hiriburuan gertatu zen, atzo iluntzean, Hezbollahren kontrolpeko eremu batean, eta milizia xiita horrek jakinarazi du, hilketa hori ez dela «zigorrik gabe» gabe geratuko, ohar batean gaur goizean nabarmendu duenez. Hamasek, PAN Palestinako Aginte Nazionalak, Libanok eta Iranek Israelgo armadari egotzi diote Beiruteko erasoa, eta Israelek iradoki du baietz, bera dela egilea, eta armadak atzo ohartarazi zuen «edozein jokalekutarako» prest dagoela. Hezbollahren idazkari nagusi Hassan Nasrallah gaur arratsaldean mintzatu da, eta ohartarazi du ez diotela «beldurrik» Israelen kontrako gerra bati. Libanoko Gobernua, esaterako, azken orduetan ahaleginak egiten ari da egoera baretu ahal izateko. Abdala Bu Habib Atzerri ministroak adierazi du Hezbollahko buruekin elkarrizketak hasi dituztela, haiek «konbentzitzeko» Israeli leporatutako erasoari erantzun ez diezaioten. «Oso kezkatuta gaude. Libanoarrok ez dugu nahi gerra batera bultza gaitzaten», adierazi dio Erresuma Batuko BBC 4 irrati kateari. Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen bozeramaile Kandice Ardielek ere azpimarratu du «oso kezkatuta» daudela. Reuters berri agentziak jaso duenez, «neurritasunez» jokatzeko eskatu die alde guztiei, iritzita gatazka koska bat estutzeak «ondorio suntsitzaileak» edukiko lituzkeela «bi aldeetako herritarrentzat». Nasrallahk esan du etzi beste hitzaldi bat emango duela Gazako gerrari buruz. Aintzat hartu behar da urriaren 7az geroztik areagotu egin direla Israelek eta Hezbollahk elkarri egindako erasoak, baina bi herrialdeen arteko mugan gertatu direla erasook. Era berean, ugaritu egin dira Iranen inguruko milizia islamistek AEBek eskualdean dituzten posizioei egindako erasoak; azken asteetan, gainera, Yemengo matxino huthiak misilak eta droneak jaurtitzen hasi zaizkie Itsaso Gorritik barrena Israelerantz doazen ontziei. [articles:2118675] Tel Avivek ez du ez baieztatu, ez ukatu, erantzukizun konturik Al-Aruriren hilketan, baina Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bozeramaile Mark Regevek nabarmendu du Israelek «terroristak» hil izan dituela atzerrian, iradokiz erasoaren atzean dagoela. «Urriaren 7ko sarraskiarekin lotura duten buruzagiak helburu zilegiak dira», gehitu du, AEBetako MSNBC telebista katean egin dioten elkarrizketa batean. Urriaren 7ko erasoan, 1.200 lagun inguru hil zituzten Gazako miliziek Israelen; ondorengo ia hiru hilabeteetan, 22.000 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek Gazan. Teheranen kritika Gazako milizia horiek eta Hezbollahk, hain zuzen, loturak dituzte Iranekin, Ekialde Hurbileko potentzia xiita nagusiarekin, Israelen —eta AEBen— etsaiarekin, eta hango Atzerri ministro Hosein Amirabdollahianek adierazi du, X sare sozialean idatzitako mezu batean, Beiruteko erasoak erakusten duela «erregimen sionistak» ez duela lortu «helburu bakar bat ere» Gazan, «Etxe Zuriaren laguntzarekin» egiten ari den «genozidioan». Horrekin lotuta, Teheranek joan den astean adierazi zuen mendekua hartuko duela Razi Moussaviren hilketarengatik. Irango Guardia Iraultzailearen buruzagietako bat izandakoa Siriako hiriburu Damaskon hil zuten, abenduaren 25eko bonbardaketa batean, eta Israeli egotzi diote erasoaren egilea izatea. Hain zuzen, Iranen gutxienez ehun pertsona hil dira eta dozenaka zauritu, gaur, Kerman hirian gertatutako eraso batean. Hango hedabideen arabera, bi leherketa izan dira hilerri batean; hain zuzen, Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen buruzagiaren heriotzaren laugarren urteurrena gogoratzeko ekitaldi bat ari ziren egiten han. AEBek hil zuten 2020ko urtarrilaren 3an, drone batekin. Inork ez du gaurko erasoaren egiletza bere gain hartu, eta agintariek jakinarazi dute gertatutakoa ikertzen ari direla. Ahmad Vahidi Barne ministro eta Irango Guardia Iraultzailearen komandanteak esan dio herrialdeko telebista kate publikoari leherketei buruzko «informazio garrantzitsua» daukatela, baina ez dutela plazaratuko egiaztatua izan arte. «Etsaiari» leporatu dio, bide batez, «operazio psikologikoak» egitea. Irango Gurutze Gorriko kide batek nabarmendu du, telebista kate berean, «segurtasun neurri guztiak» hartuak izanagatik gertatu dela erasoa. Bestalde, Hamaseko buruzagiaren hilketa salatu nahian, Zisjordanian greba orokorrerako deia egin dute gaur, eta, Al-Jazeera Qatarko telebistak jaso duenez, mendekua eskatzen ari dira hango herritarrak. Urriaren 7az geroztik, ohi baino ohikoagoak bihurtu dira Israelgo armadak lurralde okupatuetan egindako sarekadak, eta horietako bitan bost palestinar hil zituzten atzo goizaldean, tiroz. Urriaren 7tik 325 hil dituzte. Gazatarrak Kongora eramateaz Israelgo larrialdi gobernua hizketan ari da Kongorekin eta beste herrialde batzuekin, erasoaldia amaitu ondoren Gazako herritarrak hara eramateko aukera aztertzeko. Hala kaleratu du The Times of Israel egunkariak gaur, gobernuko iturriak aipaturik. Gila Gamliel Inteligentzia ministroaren adierazpen bat argitaratu du, erabakia justifikatuz: «Gerra bukatzean… Ez da lanik egongo, eta Gazan nekazaritzarako erabiltzen den lurraren %60 segurtasun eremu bilakatuko da». Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa palestinarrak Gazatik kanporatzearen alde agertu izan da, eta, hori dela eta, AEBek belarrietatik tira egin diote azken orduetan, iritzita adierazpen horiek «arduragabeak» direla. Eskuin muturreko agintariak X sare sozialean idatzitako mezu batekin erantzun dio Washingtoni: «Ez gara beste izar bat AEBetako banderan. Gure lagunik onenak AEBak dira, bai, baina, lehenik eta behin, Israelentzat onena zer den, huraxe egingo dugu».
Barik txartel guztiei % 50eko deskontua aplikatuko zaie Bizkaiko garraio publikoan. EITBk jakin ahal izan duenez, % 50eko deskontua aplikatuko da Barik ez pertsonalizatuetan eta baita aldi baterako abonuetan ere.
Osakidetzak baimena eman du 55 espezialitate defizitariotan EBz kanpoko langileak kontratatzeko. Aldi baterako kontratazioetan, ez da nazionalitate betekizunik bete beharko “defizitariok edo betetzeko zailak” diren espezialitateetan.
Urteko lehen derbia jokatu dute Realak eta Alavesek. Bolada eta helburu desberdineko bi talde, baina garaipen beharrean zeudenak ere bai. Remirok jaso duen txartel gorriak markatu du norgehiagoka, eta ondoren Merinok egindako penaltia. Alavesen gola Riojak egin du, hamaika metroetatik, debuta egin duen Marreroren atean. Baina Realak ez du etsi, eta luzapenean berdinketa lortu du Zubimendiren golarekin. Ondo landutako bi talde dira Reala eta Alaves. Bakoitza berean, baina emaitzetatik haratago konbentzitu egiten duten bi talde dira. Ordea, azken aldian ez dute zortea alde izan. Alavesek Ligako azken hiru partidak galdu ditu, eta azken lauetan ez zuen golik sartu. Realak ere ez zuen modu onenean amaitu urtea: Hiru berdinketa Inter Milanen partida kontuan hartuta, eta golik sartu gabe abendu hasieratik. Intentsitate handiarekin hasi da norgehiagoka. Hainbesteraino, non jokoak izan zezakeen erritmo guztia kendu dioten bi taldeek, joko zuzen eta zelai erdiko borrokekin. Hamahirugarren minutuan libratu da hori, lehen aukera argienarekin. Zelai erdian Guridik baloia ostu dio Zubimediri, eta Samu Omorodionek metro asko izan ditu baloia gidatzeko. Azken unean Guridiri pasea eman, eta honek jaurtiketa ere egin du, baina Zubeldiak aldaratzea lortu du mugimendu bikain batekin. Aukera bikoitza izan du Realak 30.minutuan, lehenik Oiartzabalen aukera argi batekin, eta ondoren Merinoren burukada batekin. Etxekoei kosta egin zaie ohiko jokoa sortzea, eta Luis Garcia Plazaren jokalariak adituak dira talde indartsuei zailtasunak jartzen. Reala hamar jokalarirekin Norgehiagoka modu normalean igarotzen ari zenean, Remirok berealdiko akatsa egin, eta partida aldatu du goitik behera. Bere areatik irten, eta pase luze bat mozteko ahaleginean txartel gorria ikusi du. Gaizki neurtu, eta goitik pasa zaio baloia. Bi aukera zituen: baloiari alde egiten utzi eta Abderi gola oparitu, edo eskua atera eta gorria jaso. Kaskantekoak bigarrena egin du, eta ezin izango du Athleticen aurkako derbia jokatu. Luze egin zaio Realari ordubete bat gutxiagorekin egitea, baina Alaves ez da aditua horrelako egoeretan. Txapelketako azken partidan, 10 jokalarien aurka jokatu zuen denbora luzez, Real Madrilen aurkako partida, baina ez zuen inolako abantailarik sumatu. Bigarren zatian aukera gutxi izan dituzte bi taldeek denbora luzez. Baina Realak beste akats bat egin, eta penaltia oparitu dio Alavesi. Gebarak lortutako penaltia Riojak jaurti du, eta garaipenerako izan zitekeen gola egin du. Baina Realak ez du amore eman. Luzapenean dena eman du Imanol Alguacilen taldeak, eta partida osoan izan ez dituen aukerak denbora tarte oso labur batean izan ditu. Lehenik Kubok izan du berdinketarako aukera, area kanpoko jaurtiketa batekin. Ondoren Sadiqek eta Zakharyanek. Baina azkenean Zubimendik lortu du berdinketako gola. Aldaratze baten ostean, jokalari gaztearen aurrean geratu da baloia, eta donostiarrak bikain jaurti du eskuin oinaren barrualdearekin Siveraren atean.
Libanoko hiriburuaren hegoaldea bonbardatu dute gaur arratsaldean, eta eraso horretan Saleh al-Aruri hil dute, Palestinako organizazio islamistak baieztatu duenez. Al-Aruri Hamasen goi kargudunetako bat zen, eta pisu eta eragin handia zuen talde horretan; besteak beste, adar politikoko buruzagiordea zen, eta Al-Qassam brigaden —adar militarraren— sorreran parte hartu zuen. Inork ez du bere gain hartu hilketa; Libanoko hedabideen arabera, Israelgo armadak egin du bonbardaketa, drone bat erabiliz. Militarrek uko egin diote ezer esateari. Erasoa Hamasen bulego baten kontra egin dute —leherketa bat eragin du—, Beiruteko Dahieh auzoan, Hezbollah talde xiitaren kontrolpeko eremuetako batean, eta, Al-Aruriz gain, beste bost lagun hil dituzte, Libanoko eta Israelgo hedabideek argitaratu dutenez. Beste hildakoak Hamaseko kideak dira; tartean, bi komandante. انفجار في #الضاحية_الجنوبية #بيروت pic.twitter.com/xhOYOWyH5M — Larissa Aoun (@LarissaAounSky) January 2, 2024 Al-Aruri pertsona ezaguna da Palestinan eta Israelen. Bitan egon zen preso denbora luzez —1985etik 1992ra, eta 1992tik 2007ra—, 2010ean aske utzi zuten arte; urte hartan Siriara deportatu zuen Israelek, eta, horren ondoren, erbestera joan zen —lehenik, Turkiara, eta, gero, Libanora—. Joan den urriaren 7an Israelgo armadaren eta Gazako milizia palestinarren arteko gerra hasi zen, eta, harrezkeroztik, geroz eta agerraldi gehiago egin zituen; azken asteotan, gainera, Hamasen bozeramaile gisa aritu da, batez ere zerrendan duen estrategiaz aritzeko. Iragan azaro amaierako bahituen eta presoen trukea negoziatu zuten ordezkarietako bat izan zen —horri buruzko elkarrizketa izaten ari dira asteotan ere—. Haren heriotza kolpe gogorra da Hamasentzat, baina Palestinako organizazio islamista horren adar politikoko kide Ezzat al-Rixqek gaur esan du «erresistentziak» ez duela «inoiz amore emango». Komunikatu baten bitartez, Al-Rixqek adierazi du «okupatzaile sionistaren hilketek» ez dutela «hautsiko herriaren borondatea eta erresistentzia»; hau da, Israelgo armadari bota dio errua. Saleh al-Aruri, artxiboko irudi batean. MOHAMED HOSSAM / EFE Bide beretik jo du Libanoko lehen ministro Najib Mikatek; harentzat, erasoa «israeldarren krimen bat» izan da, eta helburutzat du Libano «gatazkaren beste fase batera eramatea», komunikatu baten bitartez adierazi duenez. Gainera, azaldu du salaketa bat aurkeztuko dutela Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, «eraso lotsagabe» horrengatik. PAN Palestinako Aginte Nazionalaren kasuan ere, hango gobernuburu Mohammad Xtayyehk Israeli leporatu dio hilketa; «krimentzat» jo du Al-Aruriren heriotza, eta adierazi agerikoa dela nork egin duen. Eta Ekialde Hurbileko potentziei dagokionez, Iranek jarrera berbera izan du, adierazita heriotza horrek Israelen kontrako «borroka akuilatuko» duela eskualdean. Gatazka okertzea Litekeena da Hamaseko adar politikoaren buruzagiorde zena hiltzeak are gehiago gaiztotzea hilabeteotako gatazka. Israelgo armadak 2006an egin zion azkenekoz eraso Beiruti, eta, gaurkoaren egilea litzatekeela baieztatuz gero, baliteke Hezbollahren eta militarren arteko gerra bat piztea, berriz ere; edo, behintzat, elkarren kontrako erasoak nabarmen areagotzea. Joan den urriaren 7tik honako erasoak Israelen eta Libanoren arteko mugan izan dira. Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak joan den astean adierazi zuen, Israelgo Parlamentuan, herrialde horretako armada zazpi frontetan ari dela borrokan: «Fronte asko dituen gerra batean gaude: Gaza, Libano, Siria, Judea eta Samaria [Zisjordania], Irak, Yemen eta Iran». [articles:2118653]