Osasunak eta Athleticek aurrera egin dute; Amorebietak eta Eibarrek…
Euskal talde nagusiek Espainiako Kopako final-hamaseirenak dituzte gaur. Amorebieta izan da jokatzen lehenengoa, eta hainbat minutuz Lehen Mailako Celtaren aurretik joan bada ere, ezin izan dute irabazi bizkaitarrek (2-4). Osasunak, berriz, luzapenean 0-1 irabazi du Castellonen (Herrialde Katalanak). Eibarrek eta Athleticek elkarren aurka jokatu dute, eta zuri-gorriek bolada ezin hobean daudela erakutsi dute Ipuruan (0-3). Realak itxiko du jardunaldia: Malagari egingo dio bisita (21:00). Alavesek Betis kanporatu zuen atzo (1-0), eta final-zortzirenetako zozketan izango da bihar. Amorebieta 2-4 Celta Amorebietako eta Celtako jokalariak lehian, gaur, Urritxen. Ligan, Bigarren Mailan, ez da denboraldi samurra izaten ari Amorebietarentzat. Talde bizkaitarrak 15 puntu soilik poltsikoratu ditu, eta azken bigarren postuan da sailkapenean. Jokalariak, ordea, joerari buelta emateko asmoz zelairatu dira gaur Urritxera, Celtaren aurka. Eta hainbat minutuz ametsa errealitate izan da, zaleen gozamenerako. Bi entrenatzaileek aldaketa ugari egin dituzte hamaikakoetan, eta ez ohiko jokalariak izan dira protagonista gaur. Lehen minutuetan hobea izan da Celta, eta saria ere azkar heldu zaio: bosgarren minutuan sartu du gola Miguelek. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Amorebietak hobera egin du, eta markagailua iraultzea lortu du atsedenaldia baino lehen Jauregiren eta Raycoren golei esker. Bost minututan heldu dira biak, 29.ean eta 34.ean. Bigarren zatian beste jarrera batekin zelairatu dira bisitariak, eta zazpi minutu soilik behar izan dituzte berriz ere aurrea hartzeko (2-3). Jailsonek eta Douvykasek egin dituzte golak. Aurrelari greziarrak izan ditu aukera gehiago ere, eta neurketa amaitzeko ordu laurden falta zela, sartu du Celtaren laugarrena. Amorebietak egin ditu ahaleginak azken minutuetan, baina Kopako ametsak ihes egin du Urritxetik. Castellon 0-1 Osasuna Jose Arnaiz Osasunaren gola ospatzen, gaur, Castellonen (Herrialde Katalanak). Espainiako Kopako txapeldunordea da Osasuna, baina gisa horretako lehiaketetan ezer gutxirako balio du horrek. Jagoba Arrasateren taldeak bizirik jarraitzen du, baina gogotik egin behar izan du lan Lehen Federazioko Castellon kanporatzeko (0-1). Iazko emaitzari esker, gaurkoa izan da aurtengo Kopan jokatu duten lehen partida. Luzapenean, Jose Arnaiz izan da heroia. Nafarrak egin du garaipenaren gola, Aresoren jokaldi on bat baliatuta. 108. minutua zen. Partidan zehar gehiago izan da Osasuna, eta izan ditu gola egiteko aukera mordoa. Argienak, Raul Garcia aurrelariak. Ez ditu baliatu, ordea, eta luzapeneraino heldu da norgehiagoka. Azken minutu horietan agerikoa izan da nafarrak fisikoki hobeto zeudela eta, golaz gain, beste bi jaurtiketa egin dituzte zutoinera. Datozen orduetan Saudi Arabiara bidaiatuko du taldeak Espainiako Superkopa jokatzeko. Eibar 0-3 Athletic Athleticeko jokalariak Villalibreren bigarren gola ospatzen, Athleticen hirugarrena, Ipuruan (Eibar, Gipuzkoa). Jardunaldiko euskal derbi bakarra ez da uste zen bezain lehiatua izan. Athleticek izan dituen aukera guztiak baliatu ditu lehen zatian, eta hiru zutoinen artera egin dituen hiru erremateek sareetan amaitu dute. Bi gol sartu ditu Villalibrek eta bat Muniainek. Bolada onari jarraipena eman diote zuri-gorriek, eta final-zortzirenetan izango dira (0-3). Dena den, partidako lehen aukera argia Eibarrena izan da. Bautista bakarrik geratu da Agirrezabalaren aurrean, baina buruz burukoan hobea izan da Athleticeko atezaina. Armaginek barkatu dute, baina ez bizkaitarrek. Izan duten lehen aukera argian, 17. minutuan, Villalibrek errematatu du Nico Williamsen erdiraketa bikaina. Etxekoek erasoan jarraitu dute, baina berriz ere Williamsen jokaldi bat baliatuta, Muniainek egin du bigarrena. Ikusgarria izan da kapitainaren ezkerkada. Villalibrek 40. minutuan egin du hirugarrena, kontraeraso batean. Bigarren zatian gertuago izan da Athleticen laugarren gola Eibarren lehenengoa baino, eta bisitariek arazorik gabe eutsi diote abantailari.



