Bederatzi pertsona hil dira Valentzian izandako sute batean
Sute handi bat gertatu zen atzo Valentzian (Herrialde Katalanak). 2007an amaitutako etxebizitza bloke bi ziren, 138 apartamentu zeuden horietan, eta kiskalita geratu ziren. Etxe bakan batean piztu ziren garrak, baina haizea zakar ibili zen arratsalde osoan, eta oso bizkor zabaldu zen fatxada guztian sua, era bortitzean. Gaur arratsaldean agintariek jakinarazi dute sutearen ondorioz hildako bederatzi pertsona aurkitu dituztela. Goizean zehar, dudak izan dira nagusi. Goizerako esana zuten lau zirela hildakoak, baina desagertuta-eta bazeuden hainbat bizilagun ere, eta haien berri izan artean kopuruan gorabeherak izan zitezkeela onartu dute tokiko agintariek. Gero, arratsaldean, Poliziak baieztatu du bederatzi direla hildakoak, eta oraindik ere desagertu baten bila jarraitzen dutela. Hamabost zauritu ere eragin ditu suteak, baina denak onerako bidean daudela jakinarazi dute. «Kalitate goreneko materialekin» eginda zeudela esanez saldu ziren etxebizitza horiek. Orain dudak zabaldu dira fatxadaren materialaren inguruan. Guztiak su zer azkar hartu zuen ikusita, material suharberarekin eginda zegoen susmoa dago. Gertatutakoa argitze aldera, ikerketa bat abiatu du Valentziako epaitegi batek. Sekretupean dago sumarioa.





