Korrikaren helburuekin bat egiten duten eragileei omenaldia egitea izaten da euskararen aldeko ekinbide horren asmoetako bat, eta, aurten, Ipar Euskal Herrira begira jarri dira horretarako. Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu dute. Hunkiduraz betea izan da omenaldia; Hondarribian (Gipuzkoa) egin dute, Itsas Etxean, eta aretoa bete egin da. Ekitaldiaren hasierako bertsoan, Haira Aizpurua bertsolariak berak lotu ditu Ipar Euskal Herrian hezkuntza sistemak ezartzen dituen derrigorrezko etsaminak euskaraz egin ahal izateko mobilizazioa eta aurtengo Korrikaren leloa: Harro herri. Erabateko zentzua izan du; debekuen gainetik ikasketa prozesua euskaraz osatzearen alde ari diren ikasleei, haien familiei eta irakasle «harroei» egin diete omenaldia, aski ederra. Bestela ere, Ipar Euskal Herriko errealitateari begiratzeko aparteko era emango du 23. Korrikak, amaitu ere hantxe amaituko baita, Baionan, martxoaren 24an, aurreko hamar egunetan Euskal Herri osoa zeharkatu eta gero. Aspaldiko borroka da azterketak euskaraz egitea Ipar Euskal Herrian; brebeta eta baxoa ikasleek egin beharreko azterketak dira, ikasketa prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak, eta, aitzinamenduak izan badira ere, traba ugari daude oraindik. Seaskak usu salatu du era horretan auzitan jartzen dela murgiltze ereduaren funtsa bera: euskarazko irakaskuntzarena. «Mundu guztiak jakin dezala gazte hauek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu bat beren hizkuntzan egin, eta, bidegabekeria horren aurka, pausoak ematen jarraituko dutela». ANE ELORDI Korrikako arduraduna Korrikak lehen lerroan jarri nahi izan du Ipar Euskal Herrian urteotan etsaminak euskaraz egitearen alde aritu den kolektiboa, eta goretsi egin du kolektibo horretako partaideen jarrera. Borroka bizia da haiena: atzo bertan berritu zuten Ipar Euskal Herriko hainbat ordezkarik azterketak tokiko hizkuntzetan ere egitearen aldeko aldarria, beste hainbat hizkuntza gutxituren ordezkariekin batera. Korrikako arduradun Ane Elordik propio goratu du Azterketak Euskaraz taldearen ahalegina. «Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin, eta, bidegabekeria horren aurka, pausoak ematen jarraituko dutela». Gazteak lehen lerroan Erakusketa bat ere paratu dute omenaldian. Azterketak Euskaraz kolektiboak egin duen bidea dago jasota: hastapenak, okupazioak, askotariko mobilizazioak. Ekitaldiko aurkezleak berak, Joanes Etxebeste aktore gazteak, bertatik bertara ezagutua du egoeraren bidegabekeria: «Iparraldean azterketak ezin dira euskaraz pasatu». Nerabezaroa atzean utzi berria da, eta ondo daki debekua zer traba den ikasleentzat; iaz bukatu zuen ikasketa prozesua Seaskan. Beste gazte asko ere izan dira omenaldian, berez duten indarrarekin, pozarekin. Etxapare Lizeoko ikasleen bandak eman dio amaiera omenaldiari, festa giroan. Pozik begiratu dituzte Seaskako buruek: «Oso motibatuta daude». AEK-k oroigarri bana eman die Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, bai eta Bernat Etxepare lizeokoei ere. «Egiten ari zareten borroka gogorra izan da, eta hala da oraindik ere. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza». Seaskaren izenean, Peio Jorajuria lehendakaria ere izan da omenaldian. Ekitaldian, halaber, Oihaletxea dokumentala aurkeztu da; Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien lekukotasunekin eginda dago. Lander Garrok zuzendu du. Korrika eta euskarazko etsaminen aldeko borroka lotu ditu. «Biak sortu dira anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko». Dokumentalean, eta ekitaldian bertan, hainbat gazteren hitzak aski adierazgarriak dira; euskaraz «natural» egiten dute, euskaraz «pentsatzen» dute, eta horregatik nahi dituzte etsaminak ere euskaraz.
Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota ditu Immigrazio Lege berriaren artikulurik esanguratsuenak. Orotara, 37 artikulu indargabetu ditu, osorik edo partzialki: lege osoaren herena baino gehiago, gutxi gorabehera. Atzera botatako artikuluen artean daude neurririk polemikoenak. Adibidez, lege berrian traba gehiago jartzen zioten migratzaileek familia batzeko aukerari. Frantziaren menpeko lurraldeetan legez kanpo bizitzea delitu bilakatzen zuen, eta gogortu egiten zituen atzerritarrek bete beharreko baldintzak gizarte laguntzak jaso ahal izateko. Kuota batzuk ezartzen zituen eraikuntzan, ostalaritzan eta, oro har, langileak behar dituzten arloetan aritzeko, eta gobernuari ahalmena ematen zion urtean atzerritar kopuru jakin bat onartzeko, betiere langileen behar gorria duten sektore horietan jarduteko baldin bazen. Ikasle atzerritarren egonaldiei ere zenbait oztopo jartzen zizkien arautegi berriak. Neurri horiek guztiak indargabeturik gelditu dira Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioz. Konstituzio Kontseilua osatzen duten bederatzi kideek 32 artikulu ezetsi dituzte, «legearen funtsarekin zerikusirik» ez dutelakoan. Izan ere, lege egitasmoa onartzeko prozesua oso gorabeheratsua izan zen, eta zenbait neurri Senatuaren eta Asanblea Nazionalaren arteko batzorde misto batek gehitu zizkion jatorrizko testuari. Orain, Konstituzio Kontseiluak ebatzi du amarru bat erabili dela legearen jatorrizko asmoarekin zerikusirik ez zuten zenbait neurri atzeko atetik sartzeko, eta artikulu horiek guztiak atzera bota ditu. Horrez gain, beste hiru artikulu osorik edo partzialki indargabetu ditu, haien edukia Frantziako konstituzioarekin bat ez datorrelakoan, eta «erreserba» agertu du beste bi artikuluren gainean. Legea abenduan onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak, eta lurrikara politiko handia eragin zuen, gobernua sostengatzen duten alderdiek ez ezik, LR alderdiko kontserbadoreek eta RN ultraeskuindarrek ere aldeko botoa eman zuten eta. Emmanuel Macron presidentea buru duen gobernuaren alderik progresistenean ezinegon handia piztu zuen horrek, eta, urtarril hasieran, Macronek aldaketak sartu behar izan zituen gobernuan. Kalean ere protesta handiak eragin zituen lege berriak, eta zenbait eragilek iragarri zuten Konstituzio Kontseilura joko zutela, legea indargabetzen saiatzeko. Darmanin, «pozik» Gerald Darmanin Barne ministroak sare sozialetako mezu baten bidez esan du «aintzat» hartuko dutela Konstituzio Kontseiluaren ebazpena, baina, hala ere, «pozik» agertu da, uste baitu Kontseiluak «Gobernuaren testuaren osotasuna» babestu duela bere erabakiarekin, eta atzera botatako artikuluak «prozedura parlamentarioa ez errespetatzeagatik» indargabetu dituela: «Orain arte lege batek ez du inoiz horrenbeste bitarteko aurreikusi gaizkileak kanporatzeko», erantsi du. Eskuin muturra, ordea, ez da iritzi berekoa, uste baitu Macron eta gobernua osatzen duten indarrak ez zeudela eroso legearen azken bertsioarekin, eta Konstituzio Kontseiluak mesede egin diela neurririk polemikoenak indargabetuta. RN Batasun Nazionalaren bozeramaile Jordan Bardellak «epaileek emandako kolpetzat» jo du Konstituzio Kontseiluaren erabakia, eta esan du Macron dela gertatutakoaren erruduna; gainera, tamalgarria iritzi dio «neurririk irmoenak» indargabetu izanari: «Immigrazio Legea hilda jaio zen. Galdeketa bat egitea da irtenbide bakarra». Eric Ciotti LR Errepublikanoak alderdiaren presidenteak ere deitoratu egin du Kontseiluaren ebazpena, eta esan epaileek gehiago erreparatu diotela «politikari zuzenbideari baino». Hark ere Macron eta ezkerreko indarrak egin ditu gertatutakoaren erantzule, eta konstituzioa erreformatzeko eskatu du, «Frantziaren etorkizuna babestu ahal izateko». Euskal Herrian ere izan da erreakziorik. Bizi mugimenduak esan du «arranguraturik» dagoela oraindik ere, Konstituzio Kontseiluak «askatasunaren kontrako artikulu anitz zentsuraturik ere», uste baitu legeak «Frantziako Estatuko instantzia gorenetan ageri den arrazakeriaren eta xenofobiaren normalizazioa» islatzen duela: «Gelditu den bezala ere, lege horrek ondorio lazgarriak izanen ditu etorkizun hobe baten esperantzan dena gibelean utzi duten emazteen eta gizonen bizitzetan». Bizi mugimenduaren iritziz, Macronen gobernuak, Darmanin ministroak eta legea sustatu duten alderdiek «tatxa ezabaezina» atxikiko dute, «RN alderdiaren jarrera historikoekin bat datorren lege bat onartzen lagundu baitute».
dFeria Donostiako arte eszenikoen jaialdiak finkatu ditu datak: martxoaren 11tik 14ra iraganen da, utopia izango du gai nagusia, eta Italian jarriko du arreta, herrialde gonbidatua izango denez. Zenbakitan esanda, 2024ko dFerian 25 konpainiak hartuko dute parte, eta 25 lan eskainiko dituzte guztira: 11 dantza ikuskizun, hamahiru antzerki obra eta zirku emanaldi bat. Funtzioak, berriz, 34 izango dira. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan nahiz webgunean. Deskontu bereziak agindu dituzte otsailaren 11 baino lehen erosten diren sarreretan. Ofizialki martxoaren 11n hasiko bada ere, bezperan izango du inaugurazio ekitaldia, hain zuzen ere, herrialde gonbidatuari ohore eginez, eta, zehatzago, Italiako Aterballetto zentro koreografiko nazionalaren eskutik. Hamasei dantzari bakarlariz osaturiko talde honek hiru koreografia eskainiko ditu: Yeled, Shoot Me eta Rapsody in blue. Eyal Dadon koreografoak sortua da Yeled (ume, hebreeraz), eta haurtzaroko tolesgabetasuna galtzeari buruzko hausnarketa du oinarri. Bigarrenak balleta eta kontzertua uztartzen ditu, Spiritualized rock talde britainiarraren musika eta Jim Morrisonen grabazioak nahiz askatasunari buruzko poemak eskaintzearekin batera. Aterballetto konpainiak ez du koreografo finkorik izaten, komeni zaiona kolaborazio bidez lotzen du aldiko, eta hirugarren obrarako, Iratxe Ansa eta Igor Bacovichengana jo zuten. Bi koreografoek Aterballettoko hamasei partaideak jarriko dituzte dantzan, Gershwinen Rhapsody in blue musikaren konpasean, Viktoria Eugenia antzokian. «dFeriaren lan nagusietako bat euskal dantza garaikidearen etorkizuna diren horiei ikusgarritasuna ematea da». NORKA CHIAPUSSO dFeriako zuzendaria Bestelako lanik ere helduko da Italiatik. Fabiana Lacozzillik, esate baterako, hezur-haragizko aktoreak eta txotxongiloak nahastu eta narrazio tradizionalaren mugak gainditu dituen lan dokumental bat ondu du, La Classe izenburupean. Karidadeko Ahizpak institutuan bizi izandako esperientziak dakartza, eta oroitzapenen artetik bat gailenduko da: Lacozzilliri, eskolan, antzerkiko eszena bat zuzentzeko aukera eman ziotenekoa. BlucinQue konpainiak, berriz, Gelsomina Dreams eskainiko du. Zirku garaikide moduan definitua, Federico Fellini zinema zuzendariaren iruditeriari egiten dio gorazarre, eta zuzeneko musika eta dantzaren eta antzerkiaren lengoaiak fusionatzen ditu, Caterina Mochi Sismondiren zuzendaritzapean. Estreinaldiak Artean inon estrenatu gabeko bi antzezlan programatu ditu dFeriak, biak ala biak martxoaren 14an. Bata Vernos izango da, Imanol Lartzabal aretoan. Jaume Perez eta Juli Disla valentziarrek sortua da, eta adiskidantzaren gainean egiten dute gogoeta. Bigarren estreinaldia, berriz, Vaiven producciones konpainiaren El patio de las moreras izango da, eta Viktoria Eugenian estreinatuko dute. Gaurko egunetik iragana ulertzeko saio moduko bat da. Norka Chiapusso dFeriako zuzendariak azaldu duenez, ahalegin berezia egin da aurten «espazio bakoitzak bere koherentzia gorde dezan», obren formatuek eta konpainiei komeni zazkien datak «koherentzia horrekin bat etortzea zaila izaten den arren». Alde horretatik, Principal antzokian egile antzerkia eskainiko dute nagusiki; Gazteszenan, dantza garaikidea, eta Intxaurrondon, Euskal Herrian sortutako antzerkia. Chiapussok, berriz, Txalaparta nabarmendu du, Kukai dantza konpainiak eta Jesus Rubio Gamok landutako ikuskizuna. Rubio Gamo Donostiara Bolero obrarekin etorri zela gogoratu du dFeriako zuzendariak, eta haren lana goraipatu eta gero, «fusio interesgarritzat» jo du bien arteko elkarlana. Euskal Herriko sorkuntzari begira, Gazteszenako bi ekitaldiri jarri die azpimarra. Batetik, Akira Yoshida eta Lali Ayguade nafarren Together to Get There dantza ikuskizuna aipatu du; eta, bestetik, Olaia Valle eta Rocio Tejada bizkaitarren Bitartean gertatzen dena. «dFeriaren lan nagusietako bat euskal dantza garaikidearen etorkizuna diren horiei ikusgarritasuna ematea da», esan du Chiapussok. Egitarau osoa www.dferia.eus webgunean dago kontsultagai.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bide eman dio hipoteken gastuak erreklamatzeko epeak luzatzeari. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak dio hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea mugatzen duen Espainiako jurisprudentzia Europako Zuzenbidearen aurkakoa dela.
Abenduaren 10ean Javier Milei Argentinako presidente izendatu zutenean argi geratu zen legegintzaldia ez zela ohikoa izango. Anarkokapitalismoa banderatzat daukan politikariak erreforma andana plazaratu zuen hautagai zenean, eta presidente izendatu eta gutxira hasi da horiek martxan jartzen. Abenduaren 27an aurkeztu zuen Omnibus Legea izan da hautsak gehien harrotu dituena, Mileiren esku uzten baititu Kongresuarenak ziren eskumen asko. Horren aurka agertu dira milaka pertsona gaur Buenos Airesko kaleetan, Mileiren gobernuaren aurkako lehen lanuztean. CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak deitu du lanuztera, Argentinan babesik handiena duen sindikatuak. Hainbat sindikatu, alderdi politiko eta erakundek bat egin dute deialdiarekin; goizetik «ehunka mila» manifestari elkartu dira, antolatzaileen arabera, eta Buenos Airesko Kongresu plazara abiatu dira eguerdian —Euskal Herrian 16:00ak zirenean—. 2019tik ez da lanuzte orokorrik izan Argentinan. Ez da istilurik egon manifestarien eta poliziaren artean, Patricia Bullrich Segurtasun ministroak atzo piketeen aurkako protokoloa martxan jartzeko mehatxua egin zuen arren. Halere, tentsioak izan dira. Retiroko tren geltokian, esaterako, manifestariek bengalak piztu dituzte. Manifestarien aurreneko ziztada Luis Caputo Ekonomia ministroak jaso du. Manifestarien zutabeak Konstituzio Plazara heldu direnean Pablo Moyano CGTko kideak hartu du hitza. Caputok aurrera eraman nahi dituen politika ekonomikoak txalotzeko asmoz, Mileik aurrekoan esan zuen herritarrek Caputo «bizkarrean eraman» beharko luketela. Presidentearen hitzak hartuta egin dio kritika Caputori Moyanok: «Ministroak doitze ekonomikoekin eta kaleratze politikekin jarraitzen badu, langileek eta erretiratuek bizkarrean eramango dute, bai, baina ibaira botatzeko». Bestalde, Moyanok «historikotzat» jo du mobilizazioa: «Mileik kargua hartu eta 45 egunera jendetza bildu gara haren aurka egiteko. Argentinarrak haien iritzia plazaratzen hasi dira». Gobernuak erantzun Mileiren Gobernua ez da oldarraldiaren aurrean isilik geratu. Axel Kicillofek, presidentearen bozeramaileak, esan du manifestazioa «demokraziaren eta errepublikaren aurkako ekitaldia» dela. Caputok, bestalde, bere aurka esandakoei erantzuteko eskatu dio justiziari X sare sozialean. CGTk bi arrazoi nagusi plazaratu ditu argentinarrak grebara jo dezaten. Batetik, Omnibus Legea, eta, bestetik, Premiaren eta Larrialdiaren dekretua. Bi neurri horiek presidentearen esku uzten dituzte orain arte Kongresuarenak izandako eskumen batzuk. Horiei esker, Mileik erabakimen handiagoa izango luke ekonomiari, segurtasunari, arlo sozialari eta osasunari dagozkien politiketan. Omnibus Legeak eragingo liekeen arloen artean daude manifestazioak. Mileik hasieran proposatutako legeak gogor egiten du protesten aurka, urtebete eta sei urte bitarteko kartzela zigorrak aurreikusten baititu. Are gehiago, Mileik «hiru pertsona edo gehiago dituen edozein bilkura» manifestaziotzat hartzea nahi du; betiere, «kalean ibiltzeko askatasuna oztopatuz gero». Sindikatuak hasieratik agertu dira neurri horren aurka. Erabaki horren aurka egin du manifestazioak ere. Konstituzio Plazan egindako ekitaldian, sindikatuko buruzagietako batek, Hector Daerrek, Mileiri ohartarazi dio ez egiteko manifestarien aurkako ekintzarik: «Ez dezatela protesta kriminalizatu; bestela, mundu osoan eta Argentinan garesti ordainduko dute».
Errusiako armadaren hegazkin bat erori da gaur Belgorod eskualdean, herrialdearen mendebaldean, Ukrainako mugan —50 bat kilometrora dago—. Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram bidez jakinarazi duenez, 65 gerra preso ukrainar, tripulazioko sei kide eta hiru militar errusiar zihoazen abioian. Iturri ofizialen arabera, denak hil dira. Moskuk Iliushin Il-76 abioi hori eroraraztea egotzi dio Kievi, Tass Errusiako berri agentziaren arabera. Ukrainako iturri ofizialek, baina, ez dute gertatutakoari buruzko adierazpen ofizialik egin. Errusiak azaldu du Ukrainak gatibu dituen soldadu errusiarren truke utzi behar zituztela aske preso horiek. Aintzat hartu behar da Ukrainako indarrek eskualde hori maiz bonbardatu dutela azkeneko hilabeteetan. Kremlinek esan du zer gertatu den ikertzen ari dela. Eskualdeko gobernadore Viatxeslav Gladkovek Telegramen esan du Belgorod hiriburuaren iparraldean erori dela hegazkina lurrera. AP Associated Press AEBetako berria agentziak argitaratu du Euskal Herrian 10:25 inguru zirenean erori dela. Eta, hain zuzen, Ukrainskaya Pravda egunkariak Ukrainako Estatu Goreneko iturriak aipatuz argitaratu duenez, Ukrainako armadaren eraso batek erorarazi du abioia, argudiatuta S-300 misilak garraiatzen ari zela. Minutu batzuk geroago, ordea, baieztapen hori ezabatu du, eta gehitu iturriek ez zutela «adierazten» Ukrainaren parte hartzea, Misil horiek baliatu zituen Errusiak, atzo, Kiev eta Kharkiv bonbardatzeko; 18 zibil hil ziren eraso horietan. Errusiako behe ganberako kide eta jeneral erretiratu Andrei Kartapolovek Ukraina egin du erasoaren erantzule. Reuters AEBetako berri agentziak haren hitzak jasoz kaleratu duenez, Mendebaldeak eman dizkion hiru misil erabiliz eraso egin dio hegazkinari; ez du jakinarazi, ordea, hori nork baieztatu dion. Aliatuek errezeloak agertu izan ohi dituzte Ukrainak beraiek emandako armak erabili izan dituenean Errusiako lurretan baliatzeko.