Zailtasunekin hasitako urtea ongi amaitzea lortu du CAFek. Gipuzkoako industria enpresarik handienak azken hamar urteetako irabazirik handienekin eta inoizko eskari zorrorik handienarekin bukatu zuen 2023. urtea, eta 2024a are hobeto joango dela espero du, salmentak %10-15 handituko dituelakoan baitago. 2023an, taldearen mozkinak %71 handitu ditu Beasaingo konpainiak, eta 89 milioi euroraino iritsi da. 2008-2013ko epea izan zen mozkinen aldetik oparoena CAFentzat —2011n 146 milioi irabazi zituen—, baina orduz geroztik negozioaren errentagarritasuna asko apaldu da. Urte horretan, esaterako, 1.725 milioi euro fakturatu zituen CAFek, eta halako bi baino gehiago egin behar izan du aurten (3.825 milioi) diru gutxiago irabazteko. Edonola ere, enpresak nabarmendu du 2023an pixka bat hobetu zuela bere errentagarritasuna, emaitza operatiboaren %4,7raino. Kontratazioetan, ordea, beherakada izan du CAFek: 4.775 milioi euroren kontratuak lortu zituen iaz, aurreko urtean baino %23 gutxiago. Urtearen lehen erdia motel joan zitzaion, baina bigarrenean proiektu berri gehiago eskuratu ditu konpainiak. Horien artean handiena izan da Erresuma Batuko LNER operadorearekin lotutakoa, Londres eta Edinburgo lotzen dituen trenbiderako hamar tren egiteko, 500 milioi euroren truke. Urtearen bigarren erdi horretan ere egin du akordioa Eusko Trenekin, lau bagoiko bost tren egiteko, 60 milioi euroren truke. Gainera, CAFek nabarmendu du Coradia Polyvalent plataformaren lehen eskaria jaso duela. 2021ean erosi zion hura Alstomi, Reichshoffeneko fabrikarekin batera (Alsazia, Frantzia), hark Bombardier erostean aktibo batzuk alde batera uztera behartu baitzuen Europako Batzordeak. Solarisen lidergoa Trenak izan dira CAFek egindako salmenten %79, eta gora egin dute urteak aurrera egin ahala, baina hobekuntza izan du autobusen adarrak ere. 2018an erosi zuen Poloniako Solaris autobus egilea, eta bere negozioaren laugarren hanka bat bilakatu da; beste hirurak trenen eraikuntza, haien mantentzea eta seinaleztatzea dira. Marka arrakastatsua zen orduan Solaris, eta hala da orain ere: liderra da Europan hidrogeno bidezko hiri autobusetan —merkatuaren %45 dauka, eta %20 haren lehiakide nagusiak—, eta lehen postuetan dago elektrikoetan ere. Hurrengo urteetan asko espero du CAFek alde horretatik, 2035erako hirietako autobus berri guztiek zero emisiokoak izan behar baitute, eta jada %83 baitira horiek bere eskarietan. Solarisek, baina, arazoak izan zituen 2022 amaieran eta 2023 hasieran, hornidura katea eten baitzen, eta Ukrainako gerrak ekarritako kostuen handitzeak eragin baitzuen kontratu batzuekin dirurik ez irabaztea. Baina kostuen eragina jaso zuten proiektuak atera dira jada eskari zorrotik, eta, proiektu errentagarriagoak sartu direnez, atal horrek ere dirua ekarri dio CAFi. Iazko azken hiruhilekoan 320 milioi euroren kontratuak lortu zituen autobusen adarrean, Italiarako batik bat (Venezia, Milan, Catania, Bologna), baina baita Berlinerako eta Madrilerako ere. %71 Europa da CAFen jokaleku nagusia (zorroaren %71 dauka kontinentean, Euskal Herria eta Espainia kontuan hartuz gero), baina 2023an pisua hartu du Amerikak, Brasilen eta Mexikon egindako kontratuen ondorioz. Trenen eta autobusen eskaera handitu ahala handitu da CAFen eskari zorroa ere: 14.200 milioi euroren kontratuak ditu betetzeko, 2022aren amaieran baino ia mila milioi euro gehiago. Horietatik 4.000 milioi aurten bukatu behar ditu, eta, hortaz, beste 10.000 milioi geratuko zaizkio hurrengo urteetan kobratzeko. Gainera, enpresak nabarmendu du beste 8.000 milioi euroren kontratuak lortzeko lehian dagoela gaur egun. lehengaien garestitzea konpentsatuko du renfek Inflazio handiak arazoak eragiten ditu enkante bidezko kontratazioetan, litekeena baita lehengaien garestitzeak kontratu bat lortzeko eskainitako prezioa errentagarri ez bilakatzea ekoizlearentzat. Hori gertatu zaie tren egileei ere, eta, horren harira, Renfek erabaki du 2019az geroztik egindako enkargu batzuen truke diru gehiago jartzea. Alstomek, Stadlerrek eta CAFek jasoko dute konpentsazioa. 4.000 milioi euroren kontratuak dira, eta enpresek eskatu dute %20 gehiago jasotzea, baina Renfek ez du argitu zenbat gehiago jarriko duen.
Espainiako Kongresuak bide emango dio gaur 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko proposamenari, inbestidurako blokeko alderdien babesarekin. EAJk aurkeztu zuen proposamena, legealdiari hasiera ematearekin batera, hau da, abuztuan, eta orain bere bideari ekingo dio Batzorde Konstituzionalean. Halere, tramitazioaren alde aritu diren alderdi gehienak zalantzati azaldu dira, PSOEk zer jarrera izango ote duen. Izan ere, ez da sozialistek tramitazioaren alde egiten duten lehen aldia, baina orain arte ez dute beste urratsik egiten utzi. Mikel Legarda jeltzalearen ardura izan da proposamena aurkeztea. Berriz aurkeztea; 2016tik legealdi bati ekin dioten aldiro eraman baitu proposamena EAJk Kongresura; azkena, 2020an, baina bertan behera geratu zen iazko maiatzean ─oraindik ere zuzenketak aurkezteko epea itxi gabe─, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek bozetara deitu ostean. Hark azaldu du ezinbestekoa dela «erregimen autoritario baten» pean onartutako lege bat atzean uztea, halakoek ez dutelako lekurik «zuzenbide estatu sozial eta demokratiko batean». EAJko diputatuak salatu du «borroka antiterroristarekin» eta 1981eko otsailaren 23an estatu kolpea emateko egindako saiakerarekin lotutako informazioa ezkutatuta dagoela oraindik ere, baina baita XV. mendetik aurrerako artxibo historiko ugari ere: «Historialariek beste herrialde batzuetako artxiboetara jo behar dute». Horrek, haren ustez, Memoria Demokratikoaren Legearen kontra egiten du, eta herritarren informaziorako eskubidearen kontra ere bai. Legardak hizpide izan du 2022an Espainiako Gobernuak aferaren inguruan plazaratutako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua ere; hain zuzen, Pegasus auziak eztanda egin ostean jarri zuen aldaketa proposamena mahai gainean. Zehazki, jeltzaleak adierazi du badituztela zalantzak, Moncloak zer «intentzio» ote dituen aferaren inguruan: «Baliteke gobernuak erreforma hiltzen uztea». Hartara, sozialistei eskatu die EAJren erreformaren inguruan eztabaidatzeko. «Aldaketak egiteko prest gaude», gehitu du. Proposamenari baiezkoa emateko orduan zalantzarik ez dute egin EH Bilduk, Sumarrek, JxCk, ERCk, Podemosek eta BNGk. Halere, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak nabarmendu du ez duela ez hanka ez buru eztabaida bera planteatzeak legealdi guztietan, eta, PSOEri erreferentzia eginez, «zentzugabekeriatzat» jo du proposamena tramiterako onartu bai baina gero aurrera egin dezan eragoztea: «Praktikan jarri behar denean, argi dago ez dagoela prest; beldurrengatik, presioengatik edo mehatxuengatik». EH Bilduko kideak gehitu du egungo legediak «inpunitateari» bide ematen diola, eta Euskal Herriko gatazkarekin lotutako zenbait adibide jarri ditu; besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia, 1978ko sanferminetako gertakariak, eta Naparraren, Mikel Zabalzaren eta Perturren desagertzeak. «Egia, justizia eta erreparazioa» eskatu ditu kasu horietarako, eta horretarako beharrezkotzat jo Sekretu Ofizialen Legea Europako beste demokrazia batzuetako araudiekin parekatzea. Bide beretik, Sumarreko Enrique Santiagok esan du «indarkeria» dela Francisco Franco diktadoreak sinatutako lege bat indarrean egotea oraindik ere, eta ERCko Francesc-Marc Alvarok «frankismoaren hondakin toxikotzat» jo du. Biek bat datoz legea aldatzea «urgentea» dela, besteak beste herritarren informaziorako eskubidea ere urratzen duelako. JxCko eledun Miriam Noguerasek, bestalde, Sekretu Ofizialen Legea soilik ez, CNIren Kontrol Judizialerako Lege Organikoa, Auzitegi Nazionala, Gorena eta Konstituzionala eta Zigor Kodea ere moldatu behar direla esan du, argudiatuta frankismoak instituzio asko «bustitzen» dituela oraindik ere: «Norbaitek azaldu beharko luke zertarako balio duen ustezko bloke aurrerakoak». Bloke horretatik deia egin diote PSOEri, hain zuzen: BNGko Nestor Regok adierazi du gobernuari «lotsa» eman beharko liokeela egoera ez aldatzeak. Podemoseko Martina Velardek, berriz, espero du sozialistek ez dutela berriz egingo aurreko legealdian eginikoa; hau da, EAJren proposamena baztertu eta Espainiako Gobernutik beste lege proiektu «urardotu» bat sustatzea. PSOEko Juan Carlos Jerezek erantzun behar izan die horiei, eta hain zuzen, 2022an Espainiako Gobernuak aurkeztutako lege aurreproiektua «aurrerapausotzat» jo du. EAJren proposamenari buruz, azaldu du babestu egingo dutela, baina hura «hobetzen» saiatuko direla tramitazioan, helburu gisa jarrita «informaziorako eskubidea eta erakundeen gardentasuna». Kontrara, PPk eta Voxek EAJren proposamenaren aurka egin dute, baina bakoitzak bere argudioak erabilita. Popularren izenean, Jose Maria Sanchez diputatuak adierazi du eztabaida jorratu beharrekoa dela, baina «segurtasuna hobetzea» elementu zentraltzat jarrita, eta ez du uste hori egiteko modua dagoenik egungo gobernuarekin eta haren inbestidura babestu zutenekin. Voxeko Jose Maria Sanchezek, berriz, argudiatu du «gerra zikin edo estatu terrorismo deitutakoa» argitzea dagoela proposamenaren oinarrian, eta xede horrexek bultzatu ditu kontra egitera. 25 urte Sekretu gisa klasifikatutako informazioak desklasifikatzeko epeak dira EAJk aurkeztutako lege proposamenaren gakoetako bat. Egungo legediak ez du inolako epemugarik ezartzen, baina jeltzaleek proposatzen dute gehienez 25 urtez ezkutatzeko parada izatea sekretu gisa klasifikatuen kasuan, eta hamar urtez ezkutukoenean. Lehenengoetan, baina, epea hamar urtez luzatzeko aukera egongo litzateke. Horrek, besteak beste, frankismoarekin, trantsizioarekin eta gerra zikinarekin lotutako informazioa argitaratzea ekarriko luke. Era berean, Espainiako Ministroen Kontseiluaren ardura izango litzateke informazio hori sailkatzea, eta Espainiako Gorteek eskura izango lukete. Espainiako Gobernuak, hain zuzen ere, Kataluniako buruzagi independentisten espioitza kasuak eragindako harrabotsaren ondorioz egin zituen urratsak. Pegasus auziak eztabaida politikoaren erdigunean jarri zituen CNI Espainiako zerbitzu sekretuak eta sekretu ofizialak, eta egoera horri erantzuteko prestatu zuten Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua. Alabaina, gaur EAJren proposamenaren alde egin duten zenbait taldek kritikak egin zizkioten aurreproiektu horri. Izan ere, bestelako sailkapen bat egiten du epeak ezartzeko, eta «goi mailako sekretuei» dagokienez, 50 urteko epemuga ezarri desklasifikatzeko; epe hori hamabost urtez luzatzeko aukera ere jasotzen du. Hau da, posible litzateke informazioa 65 urtez ezkutuan edukitzea.
24 orduko greba eguna dute gaur Bilbobuseko beharginek. Bestalde, enpresa batzordeak aurreikusi du martxoan ere 24 orduko hiru greba egun egitea: hilaren 20an, 25ean eta 27an, hain zuzen ere. Protesta horiekin salatu nahi dute Bilboko Udalak eta enpresak gatazka konpontzeko pausorik eman ez dutela.
Euria erruz ari du Euskal Herrian. Erakundeak neurriak hartzen ari dira, uholde arriskua baitago. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du. Gaurko eta biharko da. Metro koadroko 80-40 litro euri pilatu daitezkeela ohartarazi dute, eta arazoak eragin ditzakeela horrek. Arabako urtegietan, besteak beste, neurriak hartzen hasi dira. Nafarroako Babes Zibilerako eta Larrialdietarako Zerbitzuak ere larrialdietarako plan berezia ezarri du, uholdeak egon daitezkeelakoan. Meteorologoen iragarpenen arabera, 100-120 litro ere pilatu ahal izango dira zenbait tokitan. Getxon (Bizkaia), bestalde, propio erakunde arteko mahai bat jarri dute martxan egoerari tentuz erreparatzeko, eta udalak aholku eman die herritarrei: aire zabaleko kirol jarduerak ez egiteko, eta muinoen gainetan-eta badabiltza kontuz ibiltzeko. Adaxkak-eta ere eror daitezkeela ohartarazi dute, eta eskatu dute erretiratzeko badaezpada urak eraman ditzakeen objektu eta antzekoak eraikinen kanpoaldeetatik. Nafarroan, bereziki, Aragoi, Arakil, Larraun, Ultzama eta Arga ibaien arroetara begira egongo dira larrialdi zerbitzuak. Iruñean, zer gerta ere, uholdeak izaten diren toki ohikoenetatik ibilgailuak erretiratzeko eskea egin diete udaltzainek herritarrei. Bereziki kezka eragin du Aragoi arroak. Azken egunetan izandako euriteen ondorioz, Esa urtegiaren betetze maila %94.6koa da. Nahiz eta azken egunetan hustu egin den, igande gauean 14 hektometro kubiko jaso ditu, oso kopuru handia. Bere ur maila 424 hektometrora heldu da eguerdian. Eguraldi iragarpenarekin batera, adi ibiltzeko abisua eman du Frantziako Gobernuak ere Ipar Euskal Herrian, itsasoa zakar ibiliko delakoan. Elurra eta haizea Elurra ere ari du, gainetan. Nafarroako Gobernuak alerta laranja ezarri du, 1.100 metroan elurra naro egitea espero baita: baliteke 30 zentimetroko geruza osatzea. Errepideetan adi ibiltzeko eskea egin du. Abisu horia eman du Jaurlaritzak. Araban espero dira elur prezipitazio jorienak: 700-800 metroan elurra egin dezakeela iragarri dute. Haizea ere zakar dabil, eta toki haizetsuenetarako ere abisu horia eman dute. Itsasora begira ere, ohartarazpenak. Abisu horia eman dute kostan nabigatzea arriskutsua izango delako, eta alerta laranja olatu handiengatik. Apurka, bihar egunak aurrera egin ahala arrisku horiek apaltzea espero da. Eguraldi zakarraren ondorioz gorabeherak izan dira gaur Loiuko aireportuan (Bizkaia). Frankfurtetik heldu zen hegaldi bat Madrilera bideratu behar izan dute, eta hainbat atzerapen izan dira.
Wallapopen egiten ditudan salmentak aitortu behar ditut? Euskal ogasunak zergapetzen hasi dira merkatu birtualetan bigarren eskuko produktuak saltzeagatik lortzen dituzten irabaziak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, arratsaldean,16:30 aldera, lan istripu bat izan da Arrasaten. Galizia kalean eraikuntzako kutxatila baten barruan lanean ari zela, langile bat hil da. Suhitzaileek kutxatila horretatik atera dute langilea. Hiru metro sakon zegoen. Nahiz eta osasun zerbitzuak ahalegindu diren langilea bere onera ekartzen, ezin izan dute ezer egin. Oraindik ez da argitu istripuaren arrazoia. Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa. Urtea hasi denetik, gutxienez hamasei langile hil dira lan istripuan, Hego Euskal Herrian.
Astelehen gogorra Christian Bruchentzat. Siemens Energyko buruzagiak epelak entzun ditu konpainiako buruzagitzak gaur akziodunekin izan duen bilkura birtualean. Ez da harritzekoa, Alemaniako taldearen azken denboraldia oso gorabeheratsua izaten ari baita, batez ere Siemens Gamesarengatik. Aurtengo lehen lau hileko fiskalean Siemens Gamesa filialak 434 milioi euroren galerak pilatu ditu, eta urtea 2.000 milioi euroren galerekin bukatuko duela aurreikusten da. Akziodunen errieta espero zuen erakusle, Bruch joan den ostiralean jada hasia zen bere buruaren defentsan, arazoaren gainean dagoela iradoki nahian. Esan zuen, gaur bertan errepikatu dituen hitzez, «Espainiako unitateak» ez badu 2026rako joera hausten, Siemens Energy ez dela izango «jabe egokia» lurreko haize erroten unitatearentzat. «Haize negozioan izandako galerak eta arazoak onartezinak dira», esan zuen. «Ez ditugu toleratuko, baina ez dugu haietatik ihes egingo ere». Akziodunen ordezkarien hitz gogorrak entzun behar izan ditu gaur Bruchek, batez ere Gamesarekin gertatutakoari lotuta: merkatuetan berreskuratzea oso zaila izango den konfiantza galdu izana aipatu dute gehienek; ekitaldi penagarriaren erantzukizunari buruz aritu da baten bat, akziodunen frustrazioa azpimarratuz. Gamesa erosi izanaren esplikazioak ere eskatu dituzte askok; nolatan ez zuten hobeto begiratu erosi behar zuten konpainia; nondik datozen turbinen kalitate arazoak, noiz konponduko diren… «Denbora behar da, ulertu behar duzue, gauza konplexua da, arazoak toki eta baldintza jakin batzuetan dabiltzan turbinetan soilik agertzen ari baitira»». CHRISTIAN BRUCH Siemens Energyko buruzagi exekutiboa Bruchen azaldu du 2022an Gamesaren %100 hartu zuenerako Siemens Energyk euskal konpainiari buruzko informazio guztia zuela, haren akziodun nagusia baitzen. Horri lotuta, esplikatu du 4X eta 5X turbinen arazoak ez zirela agertu 2023ko udaberrira arte, beraz, Gamesa osoa bereganatu eta gero. Aurretik ez zegoen jakiterik hori gerta zitekeenik, gaineratu du; «kalitate arazoak instalazioa egin eta baldintza jakin batzuetan denbora pasatu ostean agertu dira osagaietan». Turbinen arazoak oraindik ikertzen ari direla erantzun die Bruchek akziodunen ordezkariei. «Horretarako, denbora behar da, ulertu behar duzue, gauza konplexua da, arazoak toki eta baldintza jakin batzuetan dabiltzan turbinetan soilik agertzen ari baitira». Turbinen kalitate arazoek hiru alderdi dituztela ere azaldu dute.«Batetik, diseinuan, ez baita nahikoa sendoa izan haize baldintza jakin batzuetarako. Eta, gero, manufakturan eta instalazioan ere arazoak izan dira». Edonola ere, aurtengoa izango da turbinen kalitateari buruz «erabakitzeko urtea», esan du Bruchek, eta, galdetu diotenean, ez du baztertu turbina arazotsu horien osagaien hornitzaileak auzitara eramatea. «Oraindik ikerketa zabalik dago, eta ezin du horrelako adierazpen ofizialik egin horri buruz».
Bilbobusek 24 orduko grebak areagotzea proposatu du martxoaren 20, 25 eta 27eko lanuzteetan. Bilboko Udalak eta enpresak gatazka konpontzeko duten “gelditasunaren” aurrean hartu du erabakia batzordeak.